Twitterren alde (eta kontra)

jendartea — 2017-06-22
Irakurri Offline:

Azken aldian bi gai gailendu zaizkit pantailaren nire aldean Twitterriko bakar/elkar hizketaldietan: Euskal Herriak bizi duen egunotako beroa (norbaitek aztertu behar luke nola igaro garen eguraldiaz igogailuan hitz egitetik sare sozialetan aipatzera, eta ea igogailuetako hizkuntzaren funtzio fatikoaren masa-aldaera den hau dena ala ez) eta Twitterren egoera bera.

https://twitter.com/josu_goiko/status/876809495942488067

Bi gaiak kanpo fenomenoei lotuta daude: ekaineko 40 Celsius gradu inguruko tenperatura atseginak, batetik (diotenez bereziki disfrutagarriak, gure hirietako asfaltoan); eta Kaliforniako mikroblogintza plataformaren enegarren itxura aldaketa, bestetik. Hala ere, azalari azkura eginda bi ardura sakonago sumatzen dizkiet: aldaketa klimatikoaren itzala (no pun intended), eta Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) (1999) liburuxka zoragarri hura gogora ekarri didan Twitterriaren eta twitterritarron osasunaren ingurukoa.

Nire profilean begiratuta antza hamar urte eta hiru hilabete daramatzat Twitterren, eta agian momentu aproposa izan daiteke alde argi eta ilunenei errepaso bat egiteko. Ondokoa zerrenda guztiz subjektibo eta ideografikoa da, orokortzeko inolako asmorik gabekoa beraz, eta ziurrenez nire esperientziaz aparte beste aplikagarritasunik izango ez duena. Baina tira, hor doa:

  •  (ALDE): Pantailen aurrean egunaren ordu asko ematen dugunontzat Twitter igerigailu moduko bat izan daiteke: lan burokratiko eta alienatzaileenari puntua (puntu absurdoa, lotsagabea, kritikoa, librea…) jar diezaiokeen murmurio anitz, kakofoniko eta zoragarria.
  •  (KONTRA): Prokastinazioaren maila berri eta sekula probatu gabeak erdietsi daitezke Twitterri erruz, edo Twitterren esker, eta azkenean Joxe Rojasek Telelana? artikuluan aipatu legez prokastinatutako lana etxera eramaten amaitu. Eta nago aho biko laban honekin gehiagotan amaitzen dugula gure atzamarra mozten hamaiketako ogitartekoa erdibitzen baino.
  •  (ALDE): Jende zoragarria dago Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Twitterrek asko errazten du hauetariko askorekin harreman esanguratsu, sortzaile eta dibertigarriak sortu eta mantentzea. UEUko ikastaroak, Eremuz Kanpoko Sotoak, irratsaioen remix-ak, Otxarkoagako Auzoviet-a, hauteskundeetako bertso-zumba ebento inprobableak, liburu aurkezpenak, Wikipediari buruzko klaseak unibertsitatean edota ikerketarako party und borroka dispositibo are inprobableagoak egin ditugu… Twitterri esker (baita ere). Gosari, bazkari, afari eta parranda gogoangarriez ez dut ezer esango 😉

https://twitter.com/UrkoArraun/status/835834523283681280

  •  (KONTRA): Jende zoragarria egoteak ez du esan nahi elkarrekin zoragarri jokatzen dugunik. Forma kontuez arduratuta gabiltzala, iruditzen zait formak (gureak) aspalditik direla itsusiak gurean. Iritziak gogorrak, hertsiak sektarioak eta hooliganistikoak dira sarriegi. Maskulinikoak, hipertrofiatuak, anabolizatuak. Nire belaunaldiko buru argienak ikusi ditut egoaren kulturista bihurtuta, gihar ideologikoak kontu handiz koipeztatzen eta beltzarantzen, eta ulertzen dut, euskarazko Twitterren oraindik ere gehiago balio baitu NORK esaten duenak ZER esaten duenak baino. Agian horregatik kritika falta dugula entzuten dudanean beti datorkit gogora Elbiria Zipitriaren aditzaren paradigma. Edozelan ere erraz hartu eta eman daiteke min Twitterren, eta batzuetan ez digu ardura (besarkada bat berriro, Ignazio).
  •  (ALDE) Twitterrek telebistako albistegiak anakroniko bihurtu ditu. Eguerdirako Euskal Erdian ikus daitezkeen “informatiboak” baino informatuago gaude: zabalago, sakonago, kontraste eta testuinguru gehiagorekin, eta gainera eztabaidarako aukerarekin. Gaur Egun eta Teleberri oraindik ikusten ditut tarteka, baina normalean Twitter pizteko gogoa sortzen didate (badakizue zertarako).
  • (KONTRA) Informatuago bai, baina nola? Kulturismoaren ego-barianteaz nioena errepikatzen da informazio iturriekin ere. Hainbeste iturri, hainbeste arlo, etengabe gertatzen: nola aukeratu? Zer banatu? Irakurtzen duguna txiokatzen dugu, ala txiokatzen duguna txiokatzen dugu? Norentzat eta zergatik? Ikusi ditut arditasun zahar-berriak sentsibilitate politiko guztietan antzeratsu errepikatzen, eta sarri halako misantropia batek hartu nau, angry mobtasun hori gugan dagoela behin eta berriro berrestean.
  •  (ALDE) Euskara bada Twitterrian. Ez euskara hutsez ziurrenez (jarraitzen dituzun kontuen kirurgia operazio delikatu eta etengabekoen bidez agian posible litzatekeen arren), baina ederto batean bizi zaitezke euskaraz Twitterren. Toki zoro, dibertigarri eta esnagarria da, egunero dozenaka, ehunka irakurgai, entzungai, ikusgai eskainiko dizkizuna euskaraz. Ziurrenez sekula euskaraz izan dugun plataformarik interesanteena da.
  •  (KONTRA) Post bakarrean mikroblogintza, angry mobtasun eta hooliganistiko hitzak sartu ditut, nik ere oso ondo kontra edo ados ote nagoen ez dakidan bulkada edo joera (?) bati jarraituz. Ez dakit euskara den. Ez dit gehiegi axola, egia esan. Horrela da nire “ahozko” euskara testu bidezko plataforma digitaletan. Eta kezkatzen nau ez garela arreta handirik jartzen ari benetan eleaniztunak diren territorio berri hauetan ematen ari diren dinamika soziolinguistikoei. Aukeren aldetik diot, batez ere, ez asuntoa normatibizatzeko, baizik eta ikusteko zertan ari garen eta zergatik. Ze fruitu arraro emango dituen guzti honek gerora ere.
  •  (ALDEKONTRA) Amaitzeko. Asko aipatzen da gainbehera Twitterren. Gazteak Instagramen daude. Sarrionandia eta Cano ez dira sartu. Kau Kori Kuraren bideoek beste bisita dituzte Arkitektoeen Biltzarrekoek (metrika hau asmatu egin dut). Podemosen 578 Twitter kontuetariko bat bera ere ez dut ikusi oraindik euskaraz ondo egiten (tira, ez da egia, hobetu dute azken aldian). EAJren txiorik onena Beranduegik atera zuen Pedro Aspiazuren desaleresasioarekin. EH Bilduk aurrekoan “Eskerrik” esan zuen txio batean. Orreagak jada ez du jokorik ematen… Eta Osaba Sabin ez da itzuli tabako bila joan zenetik. Gure dekadentziaren onenean gaude, baina tira, gainbeherari buruz hitz egitera ohitutako herria gara. Tabernako barran luze, edo 140 karakteretan labur (edo hari deritzegun monologoetan).

Izan ere, finean, Euskal Herri izaten jarraitzen dugu Twitterren ere.

Ez dakit iraungo duen, baina badu bere grazia.

Goiburuko irudiaren iturria: Wired.

Irakurri Offline: