Oarsoaldeko Lankidetza Ekonomikorako Sarea - OLES #6

jendartea — 2017-07-27
Irakurri Offline:

Elkarlana oinarri duen ideia multzo honek, lurraldeari begira lan prospektibo bat egitea dakar. Nolakoa izan nahi du Oarsoaldeak etorkizunean? Zein dira bere erronka, aukerak, nahiak, helburuak? Hori guztia pentsatu eta ekimen zehatzak martxan jartzeko jarduera ekonomikoa duten agenteak oso garrantzitsuak dira, politika sozial onena, lanaren inguruan eraikitzen dena dela baieztatu arren, hortik harago doa eta erakundetzeak ere erronka honi erantzun behar dio.

Zein behar izango ditugu jendarte moduan 2025. urtean? Zein aukera aurreikus ditzakegu, eta beharrezko ekimenak martxan jarri jada? Aurrera gaitezke, adibidez, gure jendarteak izango dituen formazio, antolaketa ekonomiko, zaintza beharretara? Galdera horiei guztiei erantzun egokia eman ahal izateko lanketak ezin du soilik alor ekonomikotik etorri.

Arlo ekonomikora mugatzen bagara ere, Europako beste lurraldetan egiten diren dinamiketara begiratu beharko genuke. CRISES egiturek, adibidez, alor ekonomiko, zein bestelako eragile ezberdinen arteko bateratzea eta elkarlana ahalbidetzen dute: sindikatuak, jendarte antolatua, ekonomia sozialeko eragileak, elkarteak, enpresak eta erakunde publikoak.

Lurraldeko beharren azterketan lagundu, balio kateen eraikitzean erraztasunak eman eta berehala inplementa daitezken ideia kutxak garatzeko ere balio dezakete egitura horiek. Martxan dauden enpresen izaera eta tamainari begira, askorentzat saretzeko eremu aproposa ere izan liteke; bereziki kluster moduko egituretan sarbidea ez duten gehiengoarentzat.

Horrek guztiak, arlo soziokonomikoak garatuko lituzkeen lurralde mailako antolaketa berri bat eskatzen du: herriek plan orokorraren barnean autonomia maila ezberdinak izatez gain, denak koordinazio eremu komun zabalak onartu eta jendarteak ere bere egiteko.

Eskualde garapenerako CRISES ereduan oinarritutako gobernantza moldea izango duen sare anitz eta konprometitua [OLES] sortzea proposatzen dugu, Oarsoaldea Lankidetzaren Lurraldea izateko seigarren eta (oraingoz) azken ideia moduan.

Egileak: Gorka Julio eta Beñat Irasuegi

Argazkia: Herri Bizia

Irakurri Offline: