Teknologia zirkuitu laburreko merkatuetan II

ekonomia — 2017-10-30
Irakurri Offline:

Sarrera

Aurreko txostenean, zirkuitu laburreko merkatuetan teknologiaren erabilera estrategikoa, jardueraren profesionalizazioa eta komunitatearen inplikazio aldagaiak kontuan hartu genituen, etorkizuneko hiru agertoki posible marrazteko. Esperientzia horien artean, teknologiaren erabilera integratuen daukan proiektua dago, Lakari Kooperatiba, hain zuzen ere. Oraingoan, sakonago aztertu eta apustu estrategiko hori egitera eraman dituzten faktoreak eta erabilera-esparruak aztertuko ditugu. Horrez gain, aurrera begira, proiektu zehatzetarako detektatutako beharrak eta garapen posibleak ere aztertuko ditugu.

Lakari Kooperatiba Elkarte Txikia lau bazkide-langileko lan-elkartuko kooperatiba da. Hortaz, proiektu parte-hartzaileen paradigmen inguruan baino, ingurunearekin eta komunitatearekin saretuta, lanaren burujabetzan eta demokrazia ekonomikoan oinarritzen den proiektua dugu, aurrera begira, parte-hartze mekanismoetan sakontzeko estrategia duen arren. Laurek elikaduraren eta agroekologiaren inguruko esperientzia zabala dute, eta tokiko ekoizpen agroekologikoa sustatzeko dendaz gain, catering zerbitzuak, etxera eramateko otorduak, elikadura osasungarriaren gaineko formazioa, norbanakoentzako nahiz beste eragileentzako elikagai-segurtasun ikastaroak, aholkularitza eta nekazaritza zerbitzu teknikoak… eskaintzen dituzte.

Burujabetza laukoitza

Kontsumo jasangarria elikadura burujabetzaren bidean lerratzeko sortutako proiektua izanik, burujabetza antolaketa-eremu guztietan dago presente:

  • Finantza burujabetza. Maileguak eta banku-zerbitzuak kontsumitzeko unean, Lakariko bazkide-langileek Banka Etikoaren zerbitzuetara jo zuten, Fiare Banku Etikoaren zerbitzuetara, hain zuzen. Zerbitzu horien berezitasuna, besteak beste, finantza baliabideen erabileraren gaineko informazio eta kontrol kolektiboaren aldeko mekanismoak ezartzean dago.
  • Lanaren burujabetza. Proiektuaren jatorria lan-elkartuko kooperatiba izanik, jabetza eta erabakitzeko burujabetza subjektu berberen esku dago. Lan emantzipatu eta burujabearen motibazioak garrantzia handia izan zuen proiektua martxan jartzeko unean. Ikuspegi hau biziki garatu dutenez, Lakari sorreratik izan da OlatuKoop interkooperazioa eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarearen partaide. Sarearen bitartez proiektua aurrera ateratzeko sostengua eta babesa jasotzeak interkooperazio praktikak garatzen jarraitzearen aldeko apustua sendotu du.
  • Elikadura burujabetza. Hurbileko ekoizpen agroekologikoan oinarritutako elikadura-sistema burujabea sustatzeko beharra da proiektuaren muina, zentzua ematen diona eta mugimendu estrategiko guztien iparra markatzen duen elementua.
  • Burujabetza teknologikoa. Tresna eta software libreen aldeko hautua ere lehen pausoetan egin zuten. Elikagaien industriako esperientzietan oinarrituta, lanak, haien osotasunean, tresna informatiko eta azpiegitura bateratu eta libre baten bitartez kudeatzearen aldeko apustua egin zuten. Gainera, tresna libreetan euskaraz aritzeko aukera zabalagoa dago, proiektuarentzako beste oinarrizko printzipioetako bat.

Proiektuaren azken helburua elikadura burujabetzaren aldeko apustua egitea izanik (agroekologiaren ikuspegi txertatua), haien eguneroko jardunean bizi dute sektoreen arteko aliantza beharra, guztion artean elkar elikatuko diren esparru subiranoak sortzeko. Subiranotasuna efektibo egiteko, ezinbesteko baldintza da sektore guztietan informazioa publikoa izatea, librea eta modu errazean eskuratzekoa: elikagaien jatorritik eta ekoizpen-ekarpenetatik hasita, bazkideen jardun demokratikorako datuetaraino, edota enpresaren kudeaketa osoa integratzen duen ERP software tresnaren koderaino.

Informazio behar horiek guztiak kudeatzeko, egitasmoaren lehen unetik egin zuten software libreko Odoo tresna instalatzeko hautua. ERP horren abantaila, beste sistema batzuekin alderatuta, esparru guztiak barneratzeko aukera da, garapen eta egokitzapen aukera ia mugagabeekin: dendako erosketak, biltegia, kontabilitatea, plan komertzialak, ustiapen-datuak, ordutegi eta opor egunen kudeaketa, zerbitzuen proiektuen jarraipena, logistikako aspektuak, produktuen trazabilitatea, dendako salmenta terminala, ekoizpen-prozesuen monitorizazioa, kostuen egituraren azterketa, txosten informatiboen sorkuntza automatizatua, etab.

Tresna teknologikoen barneratzea hasieratik ezinbestekoa eta garrantzia estrategikokoa delako, gradualki eta beharrak behatu ahala egin duten prozesua izan da.

Ezarpen teknologikorako faseak

0. Denda eta oinarrizko jarduna martxan jartzea

Lokalaren egokitzapen-lanak amaituta, dendako ekipamenduetarako ordenagailu, balantza, ordainketa-azpiegitura eta gainerako hardware ekipamendua jarri zuten. Odoo ERParekin komunikatutako Raspberry pi plakak erabili zituzten balantzetarako. ERParen denda, biltegi eta kudeaketa konfigurazioari esker, hurrengo betebeharrak asetzeko oinarriak ezarri zituzten, baita proiektuaren webgunea egin eta online marketin tresnen garapen txiki bat gauzatzeko ere:

  • Produktuen trazabilitatea, osasun-betebeharrak, produktu galgarrien jarraipena.
  • Biltegiaren eta stockaren kudeaketa. Produktu galgarrien gaineko kontrolaz gain, eskarien kudeaketarako informazioa.
  • Salmenta puntuko terminala, erosketen ordainketak eskudirutan nahiz banku txartel bidez egiteko.
  • Oinarrizko salmenta eta fakturazio-datuak bistaratu eta behatzeko programa.
  • WordPress tresnak erabiliz garatutako webgunearen sorrera, proiektuaren zerbitzuak azaltzeko, bertan antolatutako jardueren berri emateko edota produktu zehatz batzuekin osatutako saskiak saltzeko online dendan. Azken horretarako WooCommerce WordPressen online dendetarako plugina erabili zuten. Oinarrizko komunikazio beharrak asetzeko tresna gisa planteatu zuten hasieran.
  • Sare sozialen sorrera eta proiektuaren inguruko komunikazio digitala denda bera ireki baino lehenago egin zuten.

1. Dendako jarduna egonkortu eta gainerako zerbitzuak garatzea

Jarduerarekin aurrera egin ahala, eguneroko behar zehatzak eta jardueraren bilakaera estrategikorako garapenen-teknologikoen premia azaleratuz joan ziren. Horien artean aipagarrienak:

  • Altxortegirako aurreikuspenak errazteko aukera. ERPak salmenta, kobrantza eta ordainketak bankuko kontuarekin sinkronizatzeko aukera eskaintzen du, baita aurreikuspen fiskalak egiteko aukera ere.
  • Salmenta-datuen analisia egiteko aukera eskainiko zuen softwarearen beharra areagotu zen. Produktu bakoitzaren erosketa eta salmenta arteko prezio marjina esplizituki azaltzeko garapena eskatu zuten, emaitza ekonomikoaren eta altxortegiaren artean sor zitezkeen pertzepzio distortsioak ekiditeko.
  • Sukaldeko jardunean, elikagaien eraldaketa-prozesuen kostu-egitura eta inputen erabileraren optimizazioa ahalbidetzeko tresna.
  • Jarduera ekonomikoaren monitorizazio egoki, erraz eta doi bat izanik, erabaki estrategikoetarako informazio osoa, zehatza, eguneratua eta lortzeko erraztasunak eskaintzen zituen tresna erabiltzeko trebatzean energia-inbertsio handia egin zuten.
  • Burujabetza oinarri duten proiektu guztietan bezala, elikagaien inguruko informazioa ERPan argi sailkatu eta produktuen nolakotasunak eta berezitasunak estandarizatuta azaltzeko aukera ematen duten datu-baseen kudeaketa-beharrak zituzten. Era berean, informazioa bezeroei bistaratzeko automatizatutako bideak behar zituzten. Eskuz egiteko lanak balio erantsia edo eraldatzailea zuten jardueretara bideratze aldera, etiketatua eta informazioaren sistematizazioa automatizatzeko apustua egin zuten.

Aurreko puntuari lotuta, teknologiaren erabilera estrategiko eta eraldatzailea lantzeko beste ikuspegi kualitatiboa garatu zuten fase honetan. Izan ere, lanaren hautapen horien bitartez, potentzial eraldatzailerako gakoa den ekoizleekiko zuzeneko harremana lantzea edota sektoreko beste eragileekin saretuz, proiektu berriei bide emateko aukera ahalbidetzen da. Horrez gain, Lakariren gainerako zerbitzuak eskaintzeko esparruak eta abaguneak sortzea nahitaezkoa bilakatu zen fase honetan, proiektuari epe luzeko bideragarritasun ekonomikoa emateko.

2. Dendaz gaindiko jarduera eraldatzailean sakontzea

Behin proiektua martxan, oinarrizko jarduna egonkortuta eta lan-prozesu batzuk fintzeko eta hobetzeko bidean izanda, lana “automatizatutako” zereginetatik liberatu eta potentzial eraldatzailean sakontzeko aukera nabarmendu da. Bide horretan teknologia, berriz ere, aspektu estrategiko bezala landuz, pauso zehatzak eman dituzte. Azpiegitura teknologikoa Lakarirekin batera ari da eboluzionatzen. Prozesu ebolutibo eta dinamiko hori teknologia libreen garapen, malgutasun eta finantziagarritasun aukerengatik baizik ezin da ulertu.

Fase honetan bi pauso konkretu aipatuko ditugu.

Alde batetik, cloud computing sistema libre bat ezarri dute. Meta zerbitzu hau Nextcloud, Openstack eta Docker tresnetan oinarrituta garatu dute, software enpresa handien azpiegituren eskemetatik guztiz kanpo. Tresna honekin elikatuko dituzten aspektuak:

  • Zerbitzuen garapenean, aurrera egiteko dokumentuak gorde, lan-talde osoarekin partekatu eta azken bertsioak denon eskuragarri gordetzeko aukera ematen du, proiektuen jarraipena egin ahal izateko. Zerbitzu horien artean honakoak nabarmen daitezke:

-Elikadura-zerbitzuak: dieten diseinua, elikadura behar berezien identifikazioa, produktu-bilaketaren pertsonalizazioa eta erosketa-planen diseinua.

-Laborantza-zerbitzu teknikoak: peritazio-txostenak; nekazaritza-balorazioak; kudeaketa integralerako, elikagaien eraldaketarako eta elikadura-segurtasunerako aholkularitza lanak.

  • Proiektuaren eskaintza anitza hedatuz, bideragarritasuna lantzeaz gain, proiektuaren bizigarritasunean sakontzeko aukera ematen duen tresna teknologikoa da. Dendako zerbitzuen nahitaezko presentzia kenduta, lanak Interneterako sarbidea dagoen edozein lekutan egiteko aukera eskaintzen du. Hala, aholkularitza lanetarako desplazamenduetara eta lan-taldearen behar pertsonaletara hobeto egokitzeko aurrerapausoa da. Kasu honetan, ezarpen teknologikoek proiektuen ibilbideaz gain, lan-taldeek haien ibilbideetan esperimentatzen dituzten beharrei erantzuteko ere balio du.

Bestalde, bigarren pauso bezala, ekoizpen eredu agroekologikoa sustatzeko hainbat eragileren arteko aliantzak erein dituzte urte hauetan. Horren adibide da aurreko txosten teknosozialean aipatutako saretze-esperientzia. Hori gutxi balitz, eskualde eskalan, teknologia erabakigarria izan daiteken beste proiektu eraldatzaile eta interesgarri bat abiatzear dago: tokiko ekoizleen eta tokiko kontsumitzaile kolektiboen (zerbitzu publikoetako jantokien, eskola jantokien, transformatzaile txikien etab.) arteko biltegi komunaren kudeaketa eta salerosketa ahalbidetuko duen esperientzia pilotua.

Teknologia libreen ezarpenerako korapiloak

Esperimentazio-fase batean halako proiektuetako eragileen arteko elkarlanak emaitza interesgarriak eman ditzakeen arren, era iraunkorrean harreman horiek sostengatuko dituen azpiegitura teknologiko partekatuen garapena izan daiteke iraupena bermatuko duen elementua. Aipatutako Odoo tresnak parte-hartze ezaugarri horiek izango lituzkeen lanabes bat sortzeko garapen-aukerak ematen ditu. Hala, buruhaustea edo korapiloa banatzaile handiak ezabatzera edo produktuen eskuragarritasunera baino, plataforma teknologiko horien garapen eta mantenu-kostuak finantzatzeko egitura kooperatiboetara igaroko litzateke.

Aipamen berezia merezi du, askatu beharreko korapiloen desplazamendua aipatu dugunean, banaketaren eta produktuen eskuragarritasunaren garrantzia erlatibo-tenporala minimizatzeak. Izan ere, informazio guztia zentralizatzeko gai den plataforma batek, egun, ekoizpen, kontsumo eta erosketa doitu bat egiteko eskuragarri ez dagoen errealitate material berri bat sortuko luke. Horretan oinarrituta, Odoo tresnak berak logistikarako garapenen bitartez banaketa ibilbide optimoak, stock hausturak etab. automatikoki detektatzeko aukera ematen du. Hori dela eta, korapilo horiek gainditzeko tresna gisa edo, gutxienez, aurrerapauso bezala planteatzen dugu plataforma teknologiko kooperatiboa.

Beraz, teknologia libreak proiektuaren estrategian txertatzea “egin nahi den hura egin ahal izateko beharrezko inbertsio” bezala defini litezke. Aipatutako eskualdeko esperientzia pilotuaren kasuan, sukalde zerbitzuetako langileek sasoiko menu osasuntsuak planifikatu eta tokiko produktuekin hornitzeko aukera izango lukete; ekoizleek haien produktuak balioa emango dieten ingurune batean merkaturatu eta prezio onargarriagoak eskuratzeko aukera izango lukete, ekoizpenean energia gehiago zentratzeko aukera izanik. Azkenik, erosle txikiek, merkataritza-gune handiek eragindako banaketa kostuak lausotzeko gaitasuna balia dezakete, bolumen batzuetatik aurrera banaketak eskala ekonomia bateko logikan txertatuz.

Banatzaileen merkatu konbentzionalekiko ezberdintasuna plataforma kooperatibo teknosoziala bera litzateke: tresnaren garapen teknologikoa eta horren bitartez jarduera garatzeko giza antolaketa kooperatiboa.

Ekoizpen agroekologikoa, kontsumo-zirkuitu laburrak, tokiko eta sasoiko produktuen eskari eta eskaintza doitzea, lanaren burujabetza etab. ez dira joko-esparru xamurrak. Teknologia libreen garapenari dagokionean, zenbait problematika errepikakor identifikatu ditugu. Horietatik esanguratsuena, teknologiaren izaera librea dela eta, garapenen kostu monetarioa balioan ez jartzeko joera oso presente egotea da, doako tresna1 bezala identifikatzeraino.

Bereziki konplexua egiten da garatzaileen lana balioan jartzea software eta tresna teknologikoen inguruko irakurketa politikorik gabeko erabiltzaileen kasuan. Izan ere, hein handi batean, erabiltzaileek ez dute tresna teknologikoek eskaintzen dieten zerbitzuaren edo aurrezten duten lan-kostua kuantifikatzeko biderik, oinarrizko eta egunerokotasuneko jardueretarako ez bada.

Gainera, teknologia horien erabilera konplexua suerta liteke hasieran, beharrezko informazio-behar eta konfigurazio guztiak egokitu arte. Eta erabilerak, trebakuntzari behar bezala heldu eta tresnen erabateko potentzialitatea ustiatzera heltzeko, kasuaren arabera, denbora eta energia inbertsio handia eska lezake, formazio espezifikoen kostuaz gain. Alta, ezinbestekoa da tresna konplexuen erabileran trebatzea, errealitate konplexuei erantzuteko.

Proiektuak edozein sektoretakoak izanik ere, aliantza teknologiko estrategikoak lantzeko aukera dago, nahiz eta garapenen eta ezarpenen sakontasun-mailak ezberdinak izan. Baina bada nahitaezko baldintza bat proiektu kolektiboetan: lan-taldeen nahiz sareen apustuak konpartitua behar du izan, teknologiaren bitartez adabaki politikak betikotu nahi ez badira, behintzat.

Aurrerabideak

Lakariren kasua aztertuz, eta bere inguruko ekosistema osatzen duten eragileekin kontrastean, bi garapen-aldagai garrantzitsu gailentzen zaizkie gainerakoei: garapen sozial-kooperatiboa eta barneratutako garapen teknologikoa. Abiapuntu bezala Lakariren egungo egoera hartuz, aldagai horien garapen-neurri ezberdinen araberako agertokiak proposatuko ditugu.

1. Agertokia. Ikuspegi kontserbatzailea

Orain arteko garapen teknologikoen bidean pauso kualitatibo gehiago eman gabe, egungo zerbitzuen eskaintza ziurtatzea bermatzeko teknologiaren ezarpen agertokia genuke. Aurreikuspen kontserbatzaileena da, ibilbide kontinuista baten emaitza litzatekeena. Bide honetan bazkide-langile taldearen ongizate materialerako oinarriak ziurtatuko lirateke, proiektuaren jasangarritasun ekonomikoa bermatuz eta gaitasun profesionalen garapenaren bidez lanetik eskuratutako asebetetze pertsonala lortuz. Hori guztia, bizitza sostengatzeko beste beharrezko jarduerekin bateragarri eginik.

  • Jarduera profesional eta ekonomiko mugatu horren baitako ahalmen eraldatzailea garatzean jarriko litzateke fokua:
  • Bazkide-langileen aholkularitza-zerbitzuen jardunean.
  • Formazioen metodologia berritzailean (edukietan indarra jarriz).
  • Dendako salerosketa jardunean, ekoizleekin egindako harreman eta lanaren bitartez.
  • Ekimen, eragile eta kolektibo ezberdinen lankidetza- eta saretze-jardunean.

2. Agertokia. Saretze sozial-kooperatiboen ikuspegia

Garapen sozial eta kooperatiboan zentratutako estrategia batean, barne mailako nahiz sare ezberdinekiko elkarlanean jarriko litzateke indar eraldatzailea, proiektuaren ohiko jardunaz gain. Bide honetan, harreman pertsonal kolektiboen bitartez dinamizatuko lirateke proiektuak.

Inguruko komunitatearekin, sektoreko sareekin eta barne mailako boterea horizontalizatzeko, konpromiso-maila handiko proiektua garatuko litzateke. Konpromiso hori egikaritzeko, dendatik eta zerbitzuetatik eratorritako lanaren liberalizazioa erdietsi beharko litzateke, ahal den neurrian.

Garapen sozial eta kooperatiboan sakontzeko, bazkide laguntzaileen figura edo proiektuarekin hurbilagoko harremana lukeen komunitate bat sortuko litzateke. Hala, formazioa edota bestelako ekimen osagarriak jorratzea komunitate zabalago horren dinamizazioari esker garatzeko aukera legoke.

Maila honetan, teknologiaren garapen ezberdinak sartuko lirateke, estatus zentrala hartu gabe. Hein handi batean, teknologiak jardunean eta estrategian txertatzen jarraitzeko hautua sareen ibilbidearen esku legoke. Hala, interkooperazio-sareen artean, garapen teknologikoen (plataforma berrien sorrera, ezarpenak edota jada erabiltzen ari diren tresnen egokitzapenak) kostu monetarioak partekatzeko aukerek mugatuko lukete teknologiaren erabilera. Era berean, teknologia horiek ahalbidetuko lukete garapen sozial-kooperatibo horretara bidera litekeen lana, proiektuaren egonkortasun eta iraunkortasuna zalantzan jarri gabe.

3. Agertokia. IKTen zentralizazio ikuspegia

Garapen eraldatzaile sozial eta komunitarioan baino, enfasia teknologia libreen bitartezko estrategietara bideratuko litzateke kasu honetan. Hala, bere harreman-jarduna hein handi batean IKTetan oinarrituko litzateke. Gaur egun Lakarik dituen sareekin proiektuei eutsita ere, jarduera osagarria izango litzateke, garapen apustu estrategikoa beste bide batzuetatik joango bailitzateke:

-Online salmenta eta formazioen eskaintzaz jarduna zabalduko litzateke. Moodle estiloko edo garapen propioetan oinarritutako ikasketa-plataformek nahiz ikus-entzunezkoen zabalpenerako plataformek eskainiko lukete garapen bide honetarako garapen bide logikoa.

-Webgunean funtzionalitate ezberdinak gehituz joango lirateke:

  • Denda fisiko nahiz digitaletako salmententzako eskaera formularioak, stockaren katalogoak, zerbitzuen eskaintza xehatua, parte hartutako proiektuen zerrendak eta kanpo plataformetarako sarbidea webgunean sartuta egongo lirateke.
  • Webgunearen eta ERParen arteko lotura egoki eginez, proiektuen kudeaketarako canvas estiloko garapenak, jarraipen komertzialerako tresnak, marketin jardueretarako bezeroen kudeaketa eta beste hainbat tresna zentralizatu eta automatizatuko lirateke.
  • Dendako balantza eta ordainketa sistema automatizatuak ezarriko lirateke, autozerbitzu batek eskaintzen duen zerbitzuaren arintasuna, baina denda txiki bateko hurbiltasuna konbinatuz.
  • Ekoizleekin harremanak ezartzeko kanal anitzen eskaintza.

Garapen horien bidez, dendako lan asko liberatzeko aukera egongo balitz ere, beste hainbat sortuko lirateke: salmenta elektronikoaren eskariak kudeatzea, tresna elektronikoak elikatzea, irakurgaiak nahiz ikus-entzunezko materialak sortzea, etab.

Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoari bultzada eman badiezaioke ere, lanketa sozial eta kooperatiboan oinarririk ez duen garapen teknologikoak ez dio hasierako motibazio horri erantzuten. Hau da, “egin nahi den hura egin ahal izateko beharrezko inbertsioa” baino, proiektuaren jardueraren hedapenean, lana xurgatzeko fokuen desplazamendua litzateke. Zeresanik ez, kanal digitaletan guztiz oinarritutako estrategiek arrail garrantzitsuak irekiko lituzketela zenbait bezero eta hornitzailerekin, bereziki harreman informal eta zuzenetan eroso dauden tokiko ekoizle txikiekin.

4. Agertokia. Ikuspegi teknosoziala

Garapen teknosozialaren aldeko apustuaren agertokia da. Lanketa sozial eta kooperatiboan teknologiaren erabilera modu transbertsalean maila guztietako jarduerak eusten eta errazten presente legoke. Dendako autozerbitzuen garapena eta zenbait zerbitzu online eskaintzeko aukera egonagatik ere, jarduera horiek ez lukete zentraltasuna guztiz hartuko. Jarduerari egonkortasuna eta iraunkortasuna emanda, teknologia osagarri horiek lana klabe eraldatzaileetan aliantza bezala erabiliko lirateke.

Horrenbestez, lan horiek ekoizleekin nahiz gainerako sareekin harremanak elikatu eta sakontzera bideratuko lirateke. Hori horrela, sare horietan kolektiboki tresna teknologikoen ezarpena aktiboki sustatuko litzateke. Sustapen horren harreraren araberakoak lirateke sareen erabilera teknologikoak.

Aipatutako guztiaz gain, parte-hartze komunitariorako espazio, mekanismo eta figurei dagokienez, 2. agertokian aipaturiko formulei ere lekua emango litzaieke. Espazio eta mekanismo horietan zuzeneko parte hartzeaz gain, online tresnen bitartezko bide osagarriak eskainiko lirateke. Komunitateak berak ere izango luke zeresana unean-unean erabili nahi diren tresna eta azpiegitura teknologikoen gainean. Azpiegitura horiek zehazte aldera, programa osagarriak diseinatu eta eskaintzeko piratepad erako wikiez, Gitlab bezalako proiektuen kudeaketarako tresnez, erabakiak hartu eta eztabaida foroetarako Loomioren tankerako tresnez edo antzerako adibideez ari gara.

Aipamen berezia merezi du korapiloen atalean aipatutakoa bezalako plataforma teknologikoen potentzialak. Izan ere, teknologiaren bitartezko lan berrien sorrera testuinguru horietako bat izan liteke. Are gehiago, merkatu distortsioak eragin eta merkatuko politikak “bahitzen” dituzten banatzaile handien figurei buelta emateko aukera eskain dezakete. Hau da, zerbitzu eskaintza potentzial bat dago ekoizle eta erosle kolektiboen arteko plataforma sortzeko prozesuaren eta harreman ereduaren autoeraketa prozesuaren diseinuan eta dinamizazioan.

Prozesu horretatik ateratako subjektuak (edo subjektuek) hala hautatuz gero, ondorengo dinamizazio eta koordinazioan ere zerbitzu berri bat egon liteke. Zerbitzu horretan bete beharreko koordinazio funtzioak prozesu eratzailearen emaitzaren araberakoak izango dira. Hala ere, aurreikusgarriak dira hainbat forma: esaterako, bigarren mailako kooperatiba baten eskemari jarrai diezaioketen hainbat antolaketa-egitura, edota kontsumo edo lan elkartuko kooperatiba integralak.

Ondorioak

Lakariko proiektuaren garapena ezin da ulertu teknologiaren aldeko apustu sistematikorik gabe. Halako proiektu gehienen oinarri funtsezkoenetakoak auzolana eta borondatezko lana izanik, aurrekari garrantzitsua izan da Lakariren kasua. Teknologia libreen aliantzarekin, elikadura burujabetzaren aldeko proiektu hau autoeraketaren, burujabetzaren eta profesionalizazio kooperatibo eraldatzailearen bitartez garatu da.

Garapen bide interesgarriena, gure irudiz, 4. agertokiranzko hurbilketa litzateke, eskaintzen duen potentzial eraldatzailea bi foku biziki esanguratsuetara bideratuko lukeelako: saretze eredu komunitario eta kooperatiboetan sakontzera, batetik, eta saretze horien inpaktua gorpuzteko azpiegitura teknologikoak ekoizleen esku jartzera, bestetik.

1https://static.fsf.org/nosvn/faif-2.0.pdf – Williams, S., (2010), Free as in Freedom (2.0): Richard Stallman and the Free Software Revolution, (2. edizioa), Free Software Foundation, Boston.

 

Irakurri Offline: