Ikerlaria edo. ZiFizalea eta optimista diagnostikatua. Izango garelako gara.

Ez dakit gertatzen zaizuen abesti edo disko batekin seko liluratzea eta behin eta berriz, obsesiboki entzutea.

Niri bai, gertatzen zait noiz behinka, eta azken asteotan The Knife talde Suediarrarekin ibili naiz gora eta behera. Konkretuki Live at Terminal 5 ikuskizunarekin, baina baita bere disko eta bideoklipekin ere.

Bereziki gustuko dut arrarotasunaren eta askatasunaren arteko jokoan marrazten duten joko zelaia, etorkizunari bide egingo dioten arrakalak irekiz bezala, anbiguotasun eta abstraktotasuna mailu poetiko eta politiko bezala erabiliz “erreal” deritzogun hori eraisteko eta erauzteko; eritzeko eta erditzeko.

Har dezagun Pass this on abestiaren bideoklipa adibidez. The Knife osatzen duten neba-arrebak, Karin eta Olof Dreijer bertan daude, klase galtzaileetako pertsona(ia)z inguratuta. Bingo arratsaldea izan liteke Twin Peaks herriko sheriffaren bulegoan edo zoroetxe adeitsu baina degradatu samarreko arratsaldeko aktibitatea. Bideoklipa hasteaz bat esku hezurtsuek anplifikadore merkea konektatzen duelarik hasten da dena. Errealaren burrunba eta irrealitatearen fluxua. Dantza hasten da.

Uste dut sekuentziak bereziki liluratzen nauela bai esaten duenagatik (pertsonaiak, lekua, doinua, dantza, begiradak…), baita esaten ez duen baina gogoratzen didan beste testuengatik. Bi gogoratzearren, Grant Morrisonen The Invisibles-eko Jack Frost (Olof Dreijer?) eta Lord Fannyk (bideoan Rickard Engfors drag artista, argi eta garbi) Harlequinade-arentzat egiten duen dantza eta Nick Cave eta Hazi Txarren Hamabost Oin Elur Zuri Huts bideoklipa:

Dantza eta askapena Grant Morrisonen The Invisibles-en.

Kontua, nire ustez, arrarotasun eta askatasunaren binomio horretaz gain “ausartzera ausartzea” ideian dago. Izan Nick bera, Harlequinadea edo gure ustez bizi-okerreko emakume trans hezurtsua, dantzarako gonbita “kanpotik” dator, norbaiten, zerbaiten bidez heltzen zaie zoro-etxe edo sheriff-etxeko bizilagunei. Baina berehala argi gelditzen da ideiaren potentzialitatea ideia bera dantzariek haragitzean gauzatzen dela. Ausartzera ausartzean esplizitatzen da benetan ideia (utopiaren, iraultzaren ideia, etorkizun bestelako baten ideia izan litekeena). Beti dago lehen jarraitzaile bat (kasu hontan Olof, bere arreba Karinen begirada aluzinatuaren aurrean) ideia aurrera daramana, lehenengoz gorpuzten duena.

Hortik aurrera hasten da historia.

Karinek bideokliparen baitan dauka guk daukagun aurpegia.

Bideoklip hauek eta Etzin aurretik ere komentatu dugun komikia hona badakartzat Catalunyan ikusten ari garen errebolta demokratikoarekin lotzen ditut, ezin bestela, bizi ditugun egunotan.

Eta iruditzen zait The Knife-ekoek musika politikoki egiteko duten jarreran asmatu dutela zentroa buruzagitzan edo liderretan jarri beharrean parte-hartzaileen (“turba tumultusa” gaztelaniazko espresioa ze polita, ze potentzialitatez betea den) bizipen eta ausartzeko-ausardian jartzerakoan. New York Cityko 5. Terminaleko kontzertuan bezala (ikus Bonus trackak), heltzen da une bat non jada ez dakigun zuzenekoa, playbacka, dantza, antzerkia, poesia, performance edo zertan murgildu garen. Denok bihurtu gara ezinbestekoak, eta beraz elkarrekin ordezkagarriak. Ausartzeko, aurrera egiten.

Hortik doa asuntoa. Hor sortzen da Leonard Cohenek  “there is a crack in everything, that’s how the light gets in” hartan aipatzen zuen arrakala. Hortik ari zaigu kolatzen etorkizunaren posibilitatea, etengabeko orainaldi gris, kuestionaezin, granitiko eta beruntsu honetatik harago.

Etorkizuna arraroa zaigu orainalditik, definizioz. Arrarotze hori funtsezkoa zaigu, argia sartu dadin.

Bonus trackak:

  •  A tooth for an Eye edo iraultza-dantzaren hipotesiaren beste bariante bat:

  • Live at Terminal 5 kontzertu/ikuskizuna osorik:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude