Burujabetza eraikitzen: Publikoa, Komuna, Komunitarioa, Kooperatiboa.

almanaka — 2017-12-29
Irakurri Offline:

Ongietorriak garai interesgarrietara esaten zigun Zizekek, konbultsio geopolitiko uneetan bizitzeko zalantzazko zortea izan dugunoi. Historia dialektikoki aztertuz gero, ordea, egonkortasuna konbultsio eta konbultsio arteko tentsioak metatzen diren denbora tartea da. Beraz, egonkortasun aroak indar korrelazio eta bizi-baldintza material batzuek denboran sostengatu diren tartea besterik ez dira, gizarte segmentu bakoitzaren onura edo kalterako.

Hain zuzen ere, egonkortasunaren kontzeptua da eliteek edonolako aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoren aurka erabiltzen duten lubaki diskurtsiboa, gaur egun ere. Edo alderantziz, ordenari eusteko beharrezkoak diren aldaketak erraz egin izan dira egonkortasunaren izenean, Espainiako Konstituzioko 135. artikuluaren erreformarekin gertatu zen bezala. Aurrekontu egonkortasuna izan zen orduan. Enpresek Catalunyiatik alde egitea ere egonkortasun ekonomikoari zor omen zaio.

Konbultsioetan zabaltzen diren pitzaduretan jasotzen ditugun seinaleei adi eraiki behar dira estrategia eraldatzaileak. Horretarako ezinbestekoa da ofentsiba egiturak eta praktikak barneratuta izatea, unean-unean aurkezten diren aukerak identifikatu eta norabide egokian bultzatzeko. Neoliberalismoaren eta “austeritate espantsiboaren1” biharamunek utzi diguten agertokian, instituzionalitate berriak sortu edota zaharrak berrasmatzeak paretako pitzadura zabaltzen lagun diezaguke. Krisi anizkoitzak elkarri gainjartzen zaizkion eta elkar-elikatzen duten koiuntura honetan, beste testuinguru eta aldaketa une historikoetan bezala, jendartearen zaurgarritasunek osatzen dute izaera kolektiboen aurrean autoeraketarako energia. Hau da, norbanakoen ahuleziak dira erresistentzia eta emantzipazio estrategia kolektiboei itxura emango dietenak.

Baieztapen hauek lehen begiratuan orakulu edo teorizazio plano batean geratzearen itxura har badezakete ere, errealitate materialetan errotuta daude. Azaldu nahi dugunerako adibiderik aproposena, beharbada, diskurtso politikotik kanpo denbora luzez izan dugun kontzeptuen zentraltasun berria da: komuna.

Komunaren ulerkera ezberdinak izan daitezkeenez, bereziki bi landuko dira lerro hauetan: komun historikoak eta komun berriak esaten diegunak.

Komun historikoak

Ekonomia instituzional berriaren ikuspegitik, zenbait ezaugarri betetzen dituzten elementuak dira: baliabide mugatuak izan ohi dira eta norbanako erabiltzaile gehigarriek baliabidearen ustiapenerako elkarren artean “lehiatu” egin beharra izaten dute edo, beste era batera esateko, erabilera indibiduala mugarik gabe erabiliz, gainustiakuntzarako, narriadurarako eta baliabidea amaitzeko arriskua dago. Arrisku honi komunen tragedia deitu izan zaio.

Aipamen berezia merezi du komun gehienen desagerpena historikoki baliabidearen kudeaketaren desegokitasunagatik ez izanak. Komunen tragediarik izan bada, horiek kapital metaketaren zerbitzura jartzeko egindako eraso militar eta politikoak izan dira. Komunen desagerpenak historiako prozesu ekonomiko eta sozial planifikatuen emaitza izan dira. Komunaren eta komunitateen zaintza eta sostengua genero dimentsio handiko esparruak izanik, Silvia Federicik bikain aztertu zituen komunen desagerpenaren, lurren eta emakumeen gorputzen kolonizazioaren eta jatorrizko kapital metaketaren prozesu sakonki traumatikoak, baita euskal Herrian ere.

Horrez gain, erabiltzaile komunitateentzako baliabidearen erabilera hertsiki lotuta dago komunitatearen bizitza edo jarduera zentral bati eustearekin, hau da, behar edo dependentzia baten inguruan eraikitako antolaketak dira. Lehen aipatu dugun dimentsio kolektiboko zaurgarritasuna. Baliabide komun hauen adibiderik hurbilena, beharbada, bazka lurrak dira. Jabetza komun aitortzaz gain, kudeaketa komunerako antolaketa sozial iraunkorrak2 eraiki dituzten baliabideak dira, pribatizazio edo publifikazio subjektu izandakoak, kasu askotan. Euskal Herrian paradoxikoa dirudi herri lurren erabilera tragediara kondenatzea begirada sakonagorik gabe. Izan ere, gaurdaino iraun duen oparotasun kolektibo adibide dira.

By John Sutton, CC BY-SA 2.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=14202717

Ezaugarri horiek betetzen dituzten baliabideen adibide asko etor dakizkiguke burua: ura, basoak, arrain populazioak, zenbait lur… Baliabide natural berriztagarri eta ez berriztagarriak izan dira tradizionalki eskema honetan kokatu direnak. Ingurumen problematika hartzen ari den dimentsioa dela eta, pentsamendu ekonomiko eta politiko hegemonikotik kanpo utzi eta “gainditutzat” eman den kontzeptua berriro ere mahai gainean jarri da, hein handi batean Elinor Ostrom Ekonomiako Nobel Saridunak egindako lanari esker.

Komun berriak

Historikoki jabetza eta kudeaketa komunari lotzen zaizkion baliabideez gain, badira baldintza horiek betetzen dituzten elementu asko, etengabe agertzen jarraitzen dutenak. Esaterako, Interneterako sarbide azpiegitura bat kolektiboki finantzatu, eraiki eta erabiltzen dituzten komunitateak, edota software libre garatzaile komunitateak. Komun berri hauen kasuan, baliabidearen izaera komuna bera maiz zalantzan jartzen da. Hau da, izaera komuna duen berezko baliabiderik ez dagoela, kudeaketa publiko, pribatu edo komuna duten baliabideak baizik.

Eztabaida teorikoetan sartu gabe, historikoki maiz komuna kontzeptua baliabideari berari deitzeko erabili izan den arren, ulerkera zabalago honek instituzionalitate berriak eraiki eta eraldaketarako espazioa zabaltzen du egitura instituzional eta kudeaketa komunaren logikan eraikitako egitura sozial-instituzionalak esploratze aldera.

Baliabide komunen ikuspegi hertsiagotik ere, Ostromen ekarpenaren arabera, gakoa ez da baliabide komunalen izaera eta horrek berez ekarriko lukeen tragedia gaindiezina. Baliabide komunak, ekosistemen kasuan horiek beharrezko dituzten mugen baitan ustiatzeko kudeaketa ereduan datza gakoa. Beste baliabideei ere logika bera aplikatu dakieke, baliabideen kudeaketa aproposena bilatzeko sistema baliagarri bezala.

Pentsamendu neoliberalak, eta ezkerraren zati batek, pribatu-publiko ardatzetan kokatu du jabetza eta kudeaketaren eztabaida. Binomio horren arabera publikotasuna Estatuari zuzenki atxikitzen zaio, jendartearen interes kolektiboen berme eta ordezkari goren bezala, baina ikuspegi erredukzionista honek emantzipaziorako eta eraldaketarako kasuistika asko bazter uzten ditu.

Planteamendua errotik erredukzionista bada ere, Estatuen subiranotasuna eta eragiteko gaitasuna etengabe ezbaian ikusten dugun honetan3, Estatua ez da (ez da inoiz izan) langile klasearen interesak defendatzeko tresna nahikoa. Koiuntura hau Estaturik gabeko nazioentzat bereziki kezkagarria da, ez badugu antizipazio politikoz jokatzen. Izan ere, ibilbide gero eta murritzagoa badu ere, burujabetza espazio propio hori ere ez dugu.

Historikoki Estatu propioaren beharra aldarrikatu dugunok Estatuen erabilgarritasuna zalantzan jartzeak kontraesankorra badirudi ere, koiuntura irakurtzen jakinez gero, subiranotzaren ildoan sakontzeko aukera ematen digu. Estatua ez bada euskal langile klasearen eta hau osatzen duten emakumeen, migranteen eta sistemak atzean uzten dituen kolektiboen interesak defendatzeko nahikoa, subiranotza eta proiektu politikoaren motorra birkokatu egin behar da, ukigarri egin behar da. Erabakigune propio, erradikalki demokratiko eta burujabeen beharra esperientziatik eraikitzera igaro gaitezke, bizitzea merezi duten bizitzen gainean erabakitzen jarraitzeko Euskal Estatu propioa behar dugula agerian utziz. Era berean, eraiki nahi dugun Estatu horren nolakotasunak egiteko era konkretuetara ekartzea ahalbidetuko luke.

Birkokapen honetan paper garrantzitsua joka dezake komunaren kontzeptua zentroan jartzeak. Izan ere, bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren baliabide naturalez gain, ez al dira komunak eta ezinbestekoak zaintza edo hiri eta herrietako espazioak? Are gehiago, desagertzera kondenatutako eredua izatetik, internet sarea eta software librearen sorrerak erakutsi zuten komuna espontaneoki, behin eta berriro agertzen zen egitura dela. Esan genezake egonkortasun harrigarria erakutsi duela, egonkortasun hegemonikoa ez izan arren. Eppur si muove. Komunitateek biziraupenerako eraikitako egitura, praktika eta kudeaketa eredu bakun bezala irudikatzetik, mundua eraldatu duten teknologien zutabe izatera igarotzeak, berriro ere egitura hauen inguruko interesa berpiztu behar du ezkerrean.

Euskal Herria komunean

Euskal Herrian ere praktika komunitarioen historia oparoa da. Gaurdaino iraun duen auzolanaren kontzeptuan oinarrituta, garai bateko praktika esparrua gainditu eta euskalgintzara, autogestiora eta beste hamaika eratako herrigintza iniziatibatara ekartzen jakin da. Bereziki interesgarriak dira auzolanaren ideian inspiratuta loratu diren eta bide ezberdinak aztertzen loratu diren elikadura, energia eta teknologia subiranotzako esperientziak. Auzolana eta autoeraketa konbinatuz kontsumo agroekologiko elkarte eta kooperatibak, haien arteko interkooperazio sareak, garatzaile komunitateak, azpiegitura teknologiko komunitarioetarako sareak, energia berriztagarrien merkaturatze kooperatibak etab. Agertu dira azken hamarkadetan. Behar indibidual bezala barneratzera iritsi garenak merkatuaren logikan asebete ordez, beharrak asetzeko komunitateak sortu dira. Logika berean kokatzen dira aurrerantzean loratzen jarraituko dutela diruditen beste eratako kontsumo eta lan elkartuko kooperatibak, zaintza komunitateak, etxebizitza kooperatiboak…

Iniziatiba hartu beharra duela ulertzen duen gizarte batean bizi garen arren, datorren hamarkadarako erronka zirraragarria da ezker soberanistarena: nola elikatu estrategia komunitario eta kooperatibo guzti hauek, subiranotza nazionalaren ideiarekin lerratu ditzakeen diskurtsoa eraikitzeko? Nola uztartu egitasmo burujabe hauen sustapena eta publikotasunaren defentsa elkar topatzen duten espazioetan? Non kokatzen da publikotasunaren izaera komunitatearen interesen delegatutako ordezkari bezala, autoeraketaren aldeko apustuan? Zein espazio politiko dira egun erabilgarriak aliantza publiko-komunitario-kooperatiboentzako? Zeintzuk asmatu behar dira?

Instituzionalitate berriak, edo zaharberrituak, berrasmatuak behar dira. Galdera konplexu guzti horientzako erantzun sinpleegia, zalantzarik gabe. Beharbada erantzunak topatzen hasteko interesgarria litzateke gure tokiko komunitate hurbiletan dauden behar kolektiboak identifikatzea, materialenetatik hasita. Beharren subjektuek autoeraketarako dituzten aukerak aztertu eta horretarako premiazkoak diren baliabideak eskaintzeko tokiko herri eragileek eta instituzioek eskaini ditzaketen aukeren analisia egitea.

Autoeraketa eta eraldaketa prozesua aurrera eramango duen komunitatea dagoenean, instituzioek egitura hauek sortzeko bitartekoak nahiz helburuak betetzen direla egiaztatzeko jarraipen mekanismoak jar ditzakete. Zenbait kasutan, ordea, komunitateek ez dute ekimena autonomiaz martxan jartzeko baldintzarik. Kasu horietan interesgarria litzateke publikoki behar horiek asetzearen zerbitzura jar daitezken baliabideak eskaintzea, planean bertan komunitateen inplikazio eta ahalduntzerako programa progresiboak ezarriz.

Bide honetan esperientzia biziki interesgarriak izaten ari dira etxebizitza komunitarioen egitasmoak. Alde batetik, erabileraren lagapenean oinarritutako etxebizitza kooperatiben eredua legoke, La Borda kooperatibaren eredua. Eredu honetan ekimen osoa komunitateak hartzen du bere gain, instituzio publikoen inplikazioa behar sozial bati ekimen autonomoz erantzungo dion komunitatearen eskakizun konkretuak negoziatuz, esaterako lur publikoen erabilera. Instituzio publikoen inplikazioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta unibertsalizagarriagoa izango da etxebizitza kooperatiba eredua.

Beste aldetik, Orereta-Errenteriako Udalak bere jabetzako eraikinean gazte emantzipaziorako etxebizitza komunitarioa proiektua legoke. Ekimen publikotik abiatutako proiektua izanik, etxebizitza egokitzea bera gazteen parte-hartze eta inplikazio sakoneko programa batekin bateratu da. Hala, etxebizitzaren kudeaketa eraginkorki autonomoa izan dadila ahalbidetuko duen ahalduntze prozesu sendoa jarri du martxan.

Aurrerabideak

Publiko-komunitario-kooperatiboen hibridazio espazioen sorreran sakontzen hasteko lehen urrats bat publikotasunaren kontzepzio estatal soiletik urruntzea da. Estrategia hauetarako askoz ere interesgarriagoak dira lurraldeetan eta proiektu konkretuetan hurbiletik eragiteko gaitasuna duten instituzioak, espazio komunitarioekin lanean aritzeko eragile naturalagoak baitira. Apustu estrategiko horretarako klabe eta proposamen batzuk, orain arte esandakoa laburbiltzeko, honakoak izan litezke:

  • Publiko-estatal ulerkera automatikoa disoziatzeko aukerak esploratu ahal izateko, publikotasunaren dimentsio kolektiboa sustatu behar da, kolektibotasun material eta esperientzialak eraiki behar dira. Jaiotzez mugatuak diren parte-hartze kanal burokratizatuak irekitzetik, erabakiak hartzeko espazio hibridoak irekitzera igarotzeko bidean has gintezke.
  • Zorrak eta horren inguruko mekanismoek, ezkerreko gobernuen esku egonagatik, herrien subiranotasuna jokoz kanpo uzteko gaitasuna dute. Hortaz, ezinbestekoa da finantzen gaineko kontrol publikoaren inguruan eztabaida sakona egitea. Egungo marko legalak, Estatuaren edo beste maila bateko instituzio publikoek kontrolatutako finantza-jarduera asko zailtzen du. Ez ezinezkoa delako, instituzioen konposizio politikoak ez dituelako horretarako beharrezkoak diren adostasunak ahalbidetzen baizik. Ondorioz, aurrezki kolektiboa demokratikoki eta gardentasunez kudeatzen dituzten finantza etikoetako instituzioekin elkarlanean, finantza publikoen ulerkera berriak lantzen has gintezke. Jabetza estataleko banku publikoaren figuratik harago, mundu oso bat existitzen da. Finantzak komunitatearen elkartasun tresna bezala gorpuzteko plaza bezala pentsatzen eta diseinatzen hasi behar gara.
  • Komun berriak izan daitezkeen horiek detektatu eta horien aldeko apustuak sustatzea: zaintza lanak kolektibizatzeko estrategia komunitario eta kooperatiboak; herrigintza proiektuak; kontsumo sare, elkarte eta kooperatibak; egun jabetza jabetza publiko/estatalekoak diren elementu komunen kudeaketa (espazioak, ibaiak, urak, lurrak, eraikinak…); komunikaziorako azpiegitura teknologikoen sare komunitario eta kooperatiboak… Aliantza publiko-komunitarioen espazio interesgarriak elikatzearen aldeko apustuak komunitateen burujabetza materializatzeko baliabideak eskaintzea lekarke. Halako esperientziak existitzen ez direnean behar sozialak detektatu eta politika publikoen bitartez hornitu edo zerbitzua eskaintzetik hasita, komunitateak ahalduntzeko estrategiak sustatzea ere interesgarria izan daiteke, kasuan kasu. Behar hauek asetzeak jarduera ekonomiko edo profesionalen beharra duenean, parte hartze demokratikoa sustatuko duten kooperatiba eredu ezberdinak sustatu litezke, edota gure beharren araberako kooperatiba formak pentsatzen hasi.

Goiz da oraindik honek emango duena ikusteko, baina uzta hori biziki ezberdina izango da albotik begira geratuz gero edo indar eraldatzailez eragiten badiegu. Praktika ezerosoa da. Ezezagunera bultzatzen gaitu; kontraesanik gabeko diskurtso eroso baina galtzailetik ateratzen gaitu, eta horrek liburu teorikoetan kontenplatu gabeko agertokietara garamatza. (Ber)asmatzeke dagoen bide batean murgildu beharko gara, indar korrelazioak mugitzen ari dira, baina ezin uka garai interesgarria badela, bereziki gure alde jartzen asmatzen badugu.

Irakurgai interesgarri batzuk

Ostrom, E.,, Governing the Commons: The Evolution of Institutions for Collective Action, Cambridge University Press, 1990.

Ostrom, E.; Dolsak, N., The Commons in the New Millennium. Challenges and Adaptation, MIT Press, 2003.

Angus, I. , The myth of the tragedy of the commons, Socialist Voice (2008-08-24).

Garrett Hardin, The Tragedy of the Commons, Science, 162. bol, 3859 zkia (1968-12-13), 1243-1248 orriak.

Federici, S. ; Calibán y la bruja. Mujeres, cuerpo y acumulación originaria, Traficantes de Sueños, 2004.

Bromley, D. The Commons, Common Property, and Environmental Policy; Environmental and Resource Economics, 2; (1992) 1-17 orriak.

Kostakis V. Eta Stavroulakis, S., La parodia de los Comunes; En Defensa del Software Libre, 2; (2014-02-01 jatorrizkoa, 2017-11-23 azken egokitzapenak).

Etzi.pm hedabide digitaleko egiletza kolektiboa, Komunismo banatuahttps://etzi.pm/komunismo-banatua/

Irasuegi, B. eta Julio, G.; Herrigintza bizia komun berriak sortzekohttps://etzi.pm/2017/04/herrigintza-bizia-komun-berriak-sortzeko/

Porro, A.; Zer dira ekonomia eraldatzaileak? https://etzi.pm/2016/11/zer-dira-ekonomia-eraldatzaileak/

1Politika ekonomiko murriztaileak aplikatuz hazkunde ekonomikoa sustatzeko politika neoliberala.

2Ostromen ikerketen emaitzetan zenbait oinarrizko diseinu printzipio planteatzen dira baliabide komunen kudeaketarako. Hala nola, taldearen eta baliabidearen mugak argiak eta esplizituak izan behar dira; erabilera komunaren arauak tokiko baldintza eta beharrei dagokienez aproposak izan behar dira; arauen menpeko erabiltzaileek arauak ezarri eta aldatzeko gaitasuna izatea; komunitatearen baitan arauak jartzeko prozesuak kanpoko autoritateen aitortza izatea; komunitateko parte-hartzaileen jokaera monitorizazioa partaideen artean egiteko sistemak ezartzea; arau-hausteei begirako zigor sistema graduala izatea; gatazken kudeaketarako baliabideak kostu txikiarekin eta eskuratzeko errazak izatea eta, azkenik, baliabidearen kudeaketarako behetik gora mailakatutako erabakiguneak sortzea.

3Nazioarteko Merkataritza Akordioen aurrean Estatuek korporazioekiko dituzten betebehar lotesleak dira honen adierazle kezkagarria. Nazioarteko zuzenbidetik at, arbitraje sistemen bitartez Estatu eta korporazioen arteko gatazketan Estatuak interes pribatua ordezkatzen dituzten jendartearen interesen kontrako neurriak hartzera derrigortu dira; Nazioarteko Moneta Funtsak zorraren bitartez Estatuen politikak kontrolatzen ditu; Europar Batasunean moneta politika eta politika ekonomikoaren zati handi bat ez dago Estatuen esku; Grezian erreferendum bidez hartutako erabakiak atzera botatzeko presio izugarria egin zuen Troikak, Italian gobernu teknokrata ezarri zen erreskate finantzarioaren ostean etab.

Irakurri Offline: