Marx, burua eta eskua

ekonomia — 2018-04-04
Irakurri Offline:

Maiatzaren 5ean 200 urte beteko dira Treverisen, industria iraultzaren sorreraren erdigunean, Karl Marx jaio zela. Kapitalismoak historian izan duen desjabetze eta azelerazio momentu argienetakoan jaio zen, eta mundua eraldatuko zuen elementu ordura arte abstraktu hori, kapitala, deszifratu zuen. Hori izan zen Marxen ekarpen handiena, abstraktua zena material egitea.

Horregatik garrantzitsua da egunotan Bilbon burutu den Karl Marx 1818-2018 Ekonomia Politikoaren Kritika modukoak egin eta gure eguneroko eztabaida eta ekimenetan txertatzea. Antolatzaileek dioten bezala, «ekonomia politikoaren kritika ez dago hilda» ezta gutxiago ere, inoiz baino beharrezkoa dugu; «boterearen kritika gisa, kapitalaren metaketa, bere dinamikak eta krisiak aztertzen ditu».

Historia amaitu zela esan ziguten, baina hori ere gezurra zen. Izan ere, kapitalismoaren baitan berezkoak diren kontraesanek, ekonomia eta jendartea eraldatzen, suntsitzen, garatzen jarraitzen dute. Gero eta gehiago hitz egiten dugu Marxen ideien inguruan, nik esango nuke gero eta beharrezkoagoak ditugula Marxek eman zizkigun tresnak, baina orainean guk erabiltzeko. Non landu behar ditugu tresna horiek, ordea? Etengabeko meta-eztabaida eta errealitatea aztertzeko gaitasunik ez daukaten jarrera eta praktika dogmatikoetan, edo eguneroko lanarekin abiatutako proiektu sozial, ekonomiko eta politikoetan, hau da, kalean, etxean, lanean, gure eguneroko bizitzetan. Hor egin nahi dut nire ekarpena idatzi honen bitartez. Marx gaur egunera ekartzea oso inportantea da, baina bere osotasunean, akademizismorik gabe, pentsamendua eta ekintza batera landuz, pentsamenduaren historian giltza izan zen, eta aktibista politikoa ere izan zela gogoratuz. Ez da teoria eta praktika arteko eztabaida berritu beharrik ere, orain eta beti bi gauzak behar izan ditugu eta orain inoiz baino gehiago Marxen burua eta eskua behar ditugu.

Burua. Herrikide batzuekin duela aste batzuk abian jarri genuen Eskola Marxistan, lehen egunean landu genuen: Marxek ia denari buruz idatzi zuen, bizi zen garaiko gaiez, historiaz, momentuko gertakizun politiko eta geoestrategiakoez, etorkizunari buruz. Baina bereziki garaiko eztabaida politikoan murgildu zen, eta ekonomia politikoaren eta kapitalaren analisi eta kritika sakonenak egin zituen. Hortik ikasi behar dugu, denok. Bai, ekonomia politikoaz edo materialismo historikoaz, hau da, klase sozialei buruz, desjabetze prozesuez, kapital metaketaz, alienazioaz, emantzipazioaz denok ikasi eta eztabaidatu dezakegu. Baina horrek ez du esan nahi denok aditu izan behar dugunik, ez. Lortu behar dugu ezagutza ekonomiko eta politikoa zabaltzea, eta eztabaidarako interesa sortzea.

Parisko Komunako artisauek, hezkuntza eta pedagogia politikoa unibertsal egin nahi izan zutenek zioten bezala, ikasten den edozein gauza izan daiteke emantzipazioaren abiapuntua. Hau da, ez dugu dena ezagutu behar, interesatzen edo egunerokoan beharrezko zaigun ezagutza horretatik, zapata pare eder bat egiten ikastetik, hasi dezakegu emantzipaziorako bidea. Antolatu gaitezen beraz, gure eguneroko proiektu eta espazioetan ikasteko, baina egunero gaietatik landuz, batzuk abstrakzioan ez ulertzea nahi luketen hori materializatuz, zehatz eginez.

Eskua. Parisko Komuna, emantzipazioaren historian benetan gutxien ezagutzen dugun gertakarietako bat da seguruenik. Ez zen izan Frantziako Errepublikak asimilatu eta esplikatu nahi izan digun gertakari errepublikano espontaneoa. Ez eta boterea bere horretan hartzea helburu zuen iraultza ere. Komuna bera egitea eta komuna de facto existitzea izan zen benetako iraultza. Hori ulertu zuten gero Komuna errotik suntsitu zuten Thiers eta lagunek, baina Marxek ere ulertu zuen, Komunak iraun zuen hilabeteetan, mundu osoko langileek, Parisen etorkizun emantzipatua egin, pentsatu eta sentitu zutela. Eta horrek ez du atzera bueltarik. Kapitala izan zen, bukatu gabeko obra itzelean murgildurik, langileak Parisen mundu osoarentzako baliagarria izango zen errealitate emantzipatuak eraikitzen ari ziren, zer nolako irakaspena Marx berarentzat. Artisauak eta artistak denontzako lanaren etorkizuna nolakoa izan beharko litzatekeen praktikan jartzen, noski Internazionalaren ideiekin bustirik, baina egunerokoaren irakaspenekin, bizitzarako baldintza materialak sortzen. Komunako langile eta artisauek eskuekin gauzak sortzen zekiten.

Burua eta eskua. Alienazio kapitalistaren aurkako borroka da emantzipazioaren bidea. Marxek kapitalaren prozesuak identifikatu zituenean ere ulertu zuen ez zela nahikoa eta ekintza politikoa beharrezkoa zela. Parisko Komunako artisauek beren lana kolektibizatuz eta hari zentzua emanez, sorkuntzaren prozesu osoaren jabetza aldarrikatu eta lortu zuten, jabetza materiala eta ezagutza osoa, artisau lan on bat egiteko, barrikada baten edertasuna aldarrikatzeko, edo Errepublika Unibertsalak nolakoa izan behar zuen pentsatzeko denbora izateko. Gaur ere, gure bizitzak erdigunean jarriz, kooperatiba eraldatzaileak sortzean, Marxek esan zuen bezala, jendarte kapitalistan arrakala sortuz dihardugu. Orduan eta gaur ari gara emantzipazioaren bide hori egiten, burua eta eskua erabiliz.

Kapital metaketaren azelerazio garaia bizi dugu, industria iraultzatik hona izan dugun lanaren beraren izaera aldatzera doana, langileak eta hauen bizitzak baztergarri egingo dituena, ez badira kontsumitzaile. Alienazioa sentitu behar dugu, baina ez ikuspegi idealistatik, baizik eta materialetik, gorputzarekin, gertatzen ari dena ulertzeko eta aldatzen hasteko. Lana eta enplegua ez direla berdina ulertu, esparru produktibo eta erreproduktiboak integratuz, bizitzak erdigunean jarriz.

Marxek jendartean zerbait sortzeko gero eta lan gutxiago egin behar izatea aurreikusi zuen, langileen garapenerako denbora gehiago izateko, denon lanaren fruitua, denontzat izateko. Marxek eraldaketarako tresnak eman zizkigun, eta guk erabiltzen jarraitu behar dugu, beti ere burua eta eskuarekin, dena nahi dugulako.

Artikulu hau Berria egunkariko iritzi sailean argitaratu zen 2018ko martxoaren 3an.

Irudia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Nathan_%26_Eric_Benning.jpg.

Irakurri Offline: