Etorkizuneko nostalgia sortzeko artefaktoa

1977. urtean Madisonen (Wisconsin, AEB) egin zuten zientzia fikzio eta fantasia feministaren gaineko lehen konbentzioa. Garai hartan zaila zen “emakumeak eta zientzia fikzioa” gaiari buruzko ponentziak topatzea ohiko jaialdietan. WisCon-en lehen aldian 200 pertsonek parte hartu zuten. 4 hamarkada beranduago, AnsibleFest-ek espiritu hori ekarriko du Bilbora. Mota horretako lehen jaialdia izango da Espainiako Estatuan.

Antolatzaileek, lau emakume profesional eta genero hori gustuko dutenek, oraindik ez dute bilera fisikorik eduki, hiri ezberdinetan bizi baitira (Bilbo, Elche eta Madril). Telematikoki, kudeaketa lanak egin dituzte eta erabaki guztiak hartu. Omenaldi polit eta xume bat tituluak aipatzen duten ansiblearen helburuei. Ansiblea Ursula K. Le Guin idazleak imajinatutako dispositiboa da: komunikazioa ahalbidetzeko izarrarteko distantzietan.

Azkenaldian eztabaidak izaten ari dira sare sozialetan eta espezializatutako hedabideetan zientzia fikzio feminista, queer eta dekolonialari buruz. AnsibleFest-ek eztabaida horietako batzuk partekatu nahi ditu. Joera edo moden gainetik, egileak, pertsonaiak, ikuspuntuak… ikusarazi eta aintzat hartu nahi ditugu; horiek beti egon baitira presente generoan, eta imajina dezakegunaren mugak zabaltzen lagundu baitigute.

Jaialdia doakoa izango da, eta irailaren 21ean eta 22an egingo dugu La Moradan, Bilbon (Bailen Kalea, 1, sarrera Naja-tik). Hitzaldiak izango dira, tailerrak, proiekzioak, azoka editoriala, haurrentzako jarduerak, eta gehiago.

Euskarazko programazioak ostiral arratsalde osoa hartuko du. Hasteko, mahai ingurua egingo dugu zientzia fikzio idazleak diren emakume euskaldunekin: gehiago zergatik ez dauden eta egoera aldatzeko zer egin daitekeen, horiek jorratuko dituzten bi gaiak. Josune Muñoz eta Ana Morales izango dira parte-hartzaileak. Itxaro Bordak baieztatzearen zain ere bagaude. Bordak, 1980. hamarkadan, Mayi Pelot-en zientzia fikziozko bi bildumak publikatu zituen Maiatz-en. Azkenaldian, Zientzia Fikzio Feminista Zarautzen (ZFFZ!) irakurketa taldearen idolo bihurtu da Pelot. Bordak eta Josu Landak elkarrekin elkarrizketatu zuten Susarentzat, zientzia fikzioari buruzko gehiagrri baterako.

Mahai inguruaren bukaeran, Muñozek eta Moralesek irakurketa dramatizatua egingo dute. Hori bai, kontakizuna sorpresa izango da.

Gero, Garazi Albizuak tailer bat zuzenduko du, pare bat orduz: zientzia fikzio feminista euskaraz idazketa tailerra.

Larunbatean, gainera, ipuin kontalari bat izango da haurrentzat, hori ere gai feministei buruzkoa.

Hasieratik, jaialdiaren ideia otu zitzaigunetik, argi genuen garrantzitsua zela elkarrizketa hauek deszentralizatzea (aktibismoari begiratzen diotenak, eta etorkizuneko sormen artistikoari eta literarioari ere bai), dena Madrilen kontzentratzea saihestea… Eta influentzia eta konexio sareak sortzea dentsifikatutako hiriguneetatik harago. Bilbo ez da herri bat, egia esan! Baina sarea hedatzen jarraitzea espero dugu.

Horregatik iruditu zitzaigun ezinbestekoa jaialdia ahalik eta elebidunena izatea. Eta aurten euskararen presentzia nahi bezainbestekoa ez den, uste dugu dagoena kalitate handia dela, eta oso garrantzitsua datozen urteetarako. Espero dugu datorren jendeak datozen urteetarako euskarazko proposamenak egitea. Euskarazko zientzia fikzio feminista eta queer askoz ere gehiago publikatzea nahi dugu. Ea AnsibleFestetik bultzadatxo bat eman diezaiokegun gaiari.

Gaztelaniazko solasaldiei dagokienez, denetariko gaiak izango ditugu: zientzia fikzioaren emakume aitzindariak; afrofuturismoa; sexualitatea, erreprodukzioa, rol eta identitate femenino eta maskulinoak bideo-jokoetan, zinean edo komikian…

Gainera, Laura Ponce argentinarrak, Maielis Gonzalez kubatarrak eta Ariadna Castellarnau argentinartutako kataluniarrak Latinoamerikako zientzia fikzioa gerturatuko digute.

Tailerretan kaleko artea ikasiko dugu, kolektiboan idazten, edo rol partida bat jokatuko dugu. 5-8 urteko publikoak asko gozatu ahal izango du beraien heroi emakumea sortzeko tailerrean.

Jaialdi osoan zehar Andrea Alonso artistak egindako erakusketa egongo da, eta azoka editorial eta artistiko bat ere bai. Gainera, lehen aldiz gaztelaniaz azpititulatuta, Worlds of Ursula K. Le Guin dokumentala ikusteko aukera izango dugu, Arwen Curry-k zuzendutakoa. Oso pozik gaude, izan ere, zuzendariak gure proposamena onartu zuen bere filma proiektatzeko. Guztira 10 urte eman ditu lan horretan.

Gogoz gaude elkarrekin Le Guin omentzeko. Eta, noski, larunbat gauean dantzatzeko aukera izango dugu eure DJ lagun pare baten eskutik, eta Raquel Meyers-en bisualek lagunduta.

Han espero zaituztegu!

AnsibleFest Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude