Pasaiako portuko sutea datutan

jendartea — 2018-08-03
Irakurri Offline:

Atzo Pasaiako portuan, Lezoko aldean piztutako suteak, aire kalitatean zuzenean eragin zuen, bereziki Pasaian, Lezon, Oreretan eta baita Donostian ere. Goizeko 11:00k aldera, Pasaiako portuan biltzen den txatarra zama batek su hartu zuenean hasi ziren arazoak. Erakundeetatik lasaitasuna transmititu bazuten ere, leihoak ixteko gomendioa ere zabaldu zuten.

Ez naiz gai hauetan aditua, beraz hauek datu gordinak, interpretazio gehiegirik gabe; erakundeek beraiek egindako irizpideak erabiliz ez bada. Hau da, aire kalitatearen txosten ofizialeko datuak baliatuko ditut honetarako eta bertan esaten direnetan oinarritu.

Aireko partikula kopurua (PM10) faktorea eta Lezoko estazioa bakarrik hartuko ditugu kontutan. PM10 partikulak atmosferan barreiatuta dauden 2,5 eta 10 µm bitarteko diametroko partikula solido edo likidoak dira. Osagai nagusiak konposatu ez-organikoak (silikatoak, aluminatoak, metal astunak, etab.) eta karbono partikulekin lotutako konposatu organikoak (kedarra) dira.

Jarraian, orduko batezbesteko balioekin (urteko batez bestekoa) eta PM10-en eguneko batez besteko balioekin egindako kalkuluak Lezorako. (Iturria: EAE-ko airearen kalitatearen urteko txostena).

2016 urtea – Kasuen prozesamenduaren laburpena (orduk balioak): 16,4μg/m³ (batezbestekoa).

2016 urtea – Kasuen prozesamenduaren laburpena (eguneko balioak): 24μg/m³ (90,4P*) [Maximoa: 83 μg/m³]

Hauek, 2016ko azken datuak Lezoko estazioari dagokionez, esan bezala orduen media, eguneko datuetan 90,4P faktorea eta maximoa. Bada atzoko datuak hauek izan ziren (Iturria: Euskadiko airearen kalitateari buruzko informazioa – Orduko batezbestekoen datuak). [Deskargatu datuak]

Orduka (eguneko batezbestekoa): 40,08 μg/m³

Orduko garapena ikusten badugu aldiz, sutea hasi zen momentua 11:00k aldera izan zela eta 18:00etan kontrolatzen hasi zirela kontsideratuz, batezbestekoa 75,88 μg/m³ litzateke. 2016ko urteko datuekin alderatuz, datuek guztiz gainditzen dute ohikoa dena.

Denbora horretan onargarriak diren neurketak behin baino gehiagotan zeharkatu ziren (40 μg/m³ arte kontsideratzen da onargarria).

Eguneko batezbestekoa kontsideratuz gero eta hau 40,08 μg/m³ izanik justu ibiliko litzateke. Sutea eman zen momentukoa hartuz gero 75,88 μg/m³ argi pasako luke langa.

Horretaz gain, hainbat momentuan maximoak apurtu zituen, onargarria denetik oso gainetik kokatuz.

Ordua 13 14 16 17 18
P10 (μg/m³) 88 98 112 90 135

 

Datuei dagokionez, ni baino hobeagoak badira larritasunaren tamaina neurtzeko, baina alarmarik sortu gabe, argi dago badirela kontutan hartzeko zenbait datu. Argi dago aldiz, atzo ez zela egun normal bat izan Oarsoaldean, edo bai, kexa asko hortik ere etorri baitziren. Hau zerbait puntuala izan bada ere, urteetako utzikeria eta zonalde oso baten bizitza esperantza txikitu eta gaixotasun tasa handitzea, finean, bizitza duin bat izateko aukerarik ez edukitzea, ez da gertaera puntual bat, arazo estruktural bat baizik.

* PM10-erako, urteko eguneko maximoaz eta 50eko eguneko balioa gainditzen den kopuruaz gainera, urteko 90,4 pertzentila (P90,4) kalkulatzen da eguneko batez besteko balioetarako, eta hori urteko 36. balio altuenaren baliokidea da.

Irakurri Offline: