Denbora da

jendartea — 2018-11-08
Irakurri Offline:

Denboraren kontzeptua zirraragarria da. Dimentsio fisikoa, kulturala, pragmatikoa, politikoa, klase dimentsioa, genero dimentsioa… hamaika ardatz ditu. Zigor neurria da. Sei urteko kartzela zigorra. Astebete postrerik gabe. Edo truke mekanismoa. Denbora bankua. Gure bizitzaren ibilgua daraman erraila da. Denbora mugimenduan dago. Iragana eta etorkizuna. Iragan eta etorri egiten da. Denborak hartzaileak ditu. Niretzako denbora behar dut. Edo jabeak. Zure denbora kudeatu behar duzu.

Puntualtasunaren talibanentzat, guztionak balio bera duela esatea aldarrikapen betierekoa da. Puntualtasuna kapitalismoaren asmakizuna dela esanez berandu heltzeko eskubidea politizatzen dutenentzat, errealitate asimetrikoa. Haien berandutzeko eskubidearen atzean ezkutatzen den logika hierarkikoa dela sentitzen dute puntualek.  Norbaitek berandu iristeko eskubidea izan dezan, beste norbaiti bere denbora zain emateko betebeharra sortzen dio.

Denbora eskaini egin dezakegu. Baduzu minutu bat niri eskaintzeko? Edo hartu. Ez dut inoiz horretarako denborarik hartzen. Eta ematen den guztia bezala, ken dezakegu. Honek ez dizu denbora askorik kenduko. Denbora da sendagairik fidagarriena, dena sendatzen baitu. Eta justizia egile gorena ere omen da, bakoitza bere lekuan uzteko gaitasuna ei duelako.

Pepe Mujicak esan zigun zerbait erosten dugunean bizitzarekin ordaintzen ari garela, ondasun hori eskuratu ahal izateko diruaren truke lanean joan zaigun denbora dela prezioa. Berri Txarraken esanetan poligrafo bakarra da.

Denboraren dimentsio kulturala da, ordea, gaur-gaurkoz zeharo liluratuta naukana. Mandarin hizkuntzan, esaterako, iragandako gertakari bati edo hurrenkeran lehenago jazo den zerbaiti erreferentzia egiteko qián terminoa erabiltzen da, aurrez aurre ere esan nahi duena, kasu batzuetan. Hurrengo datorren zerbaiti edo etorkizunean gertatuko den zerbaiti buruz aritzeko berriz, hòu erabiltzen da. Hizki honek, era berean, atzealdeari erreferentzia egiten dio beste testuinguru batzuetan.

Gure iruditeria kolektiboan, gure kosmobisioan, iragana atzean uzten dugula irudikatzen dugu. Etorkizunera begiratzen dugu, aurrean dago eta harantz mugitzen gara. Mandarinerak erakusten duen kosmobisioan ordea, etorkizuna atzean dago. Ikusi dezakegun bakarra, ezagutu dezakeguna, iragana da. Hari begira atzerantz ibiltzen goaz, etorkizunera, ikusi ezin ditugun gertakarietara.

Kontzeptu eta hitzen arteko josketa honek bizi esperientzia kolektiboan izan dezakeen eragina ezezaguna zait, baina egon, badago. Bistan da guk egun denborarekin dugun borroka. Guda zelaia da. Hartu, kendu, nori eman, zenbaten truke, zeri eskaini, nork eskaini, kalitatezkoa, bi gertakariren artean baliorik gabe igarotzen dena, galdu egiten da, aurreztu… Mundu ikuskera bat (edo asko) gorpuzten dituen zutabe honetan egiarik bada, bakar hau dela esatera ausartuko nintzateke: denbora da. Gu ohartu ala ez. Hartu ala ez. Eskaini ala ez. Lapurtu ala ez. Eta guk egin dezakegun bakarra denbora den bitartean zer egin erabakitzea da.

 

Irakurri Offline: