Ni Naiz?!

portada — 2018-12-11
Irakurri Offline:

… erreka zikinen iturri garbiak / aurkitu nahi dituen poeta tristea?!

Aurtengo Durangoko Azokako azkenengo egunean, Kabi@-n aurkeztu genuen jendaurrean Ustaritze Betelu artistak eta biok “Ni Naiz?!” proiektu xumea. Prozesua erraza: Ustaritzeren poema sail batekin sare-neuronala entrenatu (Torch-RNN) eta inteligentzia artifizialaren emaitzekin artista berrelikatu. Prozesuaren ostean etorri dira hari muturrak eta gogoetak, bereziki interesgarria izan da Ustaritzerenak ezagutzea:

  •  Prozesuak emandako hasierako beldurra: inteligentzia artifizialak hurrengo poema berak idatzi aurretik igarriko balu, non utziko lukeen horrek artista eta beldur horrekiko bere ardura aitortu digu Ustaritzek. Baita nola gainditu duen beldur hori sare-neuronalak sortutakoak emaitza bezala baino, inspirazio iturri legez ulertuta. Izan ere, folio zuriaren sindromearen aurkako botika ona izan daiteke teknologia hau.
  •  Bere obra hobeto ezagutzeko erreminta: makinak botatako hitzetan bereak identifikatu ditu poetak, zuzenean edo sortutako hitz berrien erroetan.
  •  Makinaren emaitzak ez dira oso koherenteak, baina bai iradokitzaileak: euskarazko hitzak ikasi ditu eta berriak sortu, baina makinak oraindik ez dauka zentzu argiko piezak sortzeko gaitasun handirik. Edonola, poesia bezalako arte iradokitzailean interesgarriak izan dira emaitzetako batzuk: protoeuskara gogorarazten diote Ustaritzeri hitzetako batzuek, erritmo desberdin eta berezituarekin.
  •  Porlan berezizko toroide formako eskultura: artelana ere sortu du Ustaritzek, energia zirkulatzen duen toroidea ekarri dio burura honek guztiak, nola berak emandakoak makinaren bitartez itzuli diren infinitua izan daitekeen hartu-emanean. Horrekin gutxi ez, eta Ustaritzek berak hautatutako poema sintetikoen erakusketa bat ere ikusi eta irakurri izan ahal genuen: makinak berak sortutakoak bere horretan, itxuran moldatutakoak edo bere esaldiak eta inteligentzia artifizialarenak tartekatzen dituztenak.

Galderen txandarekin amaitu genuen saioa. Publikotik Aiorak poema berrien jabetza intelektualaren gainean galdetu zigun eta hemen utzi nahiko nituzke ordutik bueltaka izan ditudan hiru gogoeta (batere oinarri legalik gabe):

(Baga) Ezinezkoa dela (eta izango dela) esango nuke poema sintetiko bat idazle edo testu-datu-base zehatz batean oinarrituta sortu den jakitea: prozesu estatistikoa da sare-neuronalena eta beti esan genezake (aurkakoa aitortu ezean) zerbaitetan inspiratuta, baina norberak sortua dela. (Biga) Sare-neuronal baten emaitzen jabetza erreklamatzea absurdoa dela uste dut: nik Bernardo Atxaga irakurri nezake etengabe, baina horren ostean nik idatzitako zerbait Bernardok erreklamatzea (ohore) estupidoa izango litzateke. (Higa) Inteligentzia artifizialak jabetza intelektualaren zentzu eza azaleratzen du eta zenbait espresio artistikoren negozio ereduaren aldaketa beharra: teknologia honek aurrera egingo balu (beste zenbait sarrera eta prestaketarekin batera) Shakespeareren testuetatik ikasi eta obra berria proposatzeraino, gizakiaren diferentziala jarri beharko genuke balioan: irakurle taldeetan egiten den bezala, bertsolaritzan zuzenekoetan gisan edo asmatzeko dauden moduetan gure barruak eta kanpoak erakutsi eta azaldu.

Horregatik, garrantzitsua gai hauekin esperimentatu eta ikertzea.

P.D.: Hemen makinak “Ni naiz?!” proiektuan sortutako adibide batzuk:
http://zibergara.net/Uztaritz_17Kb_Olerki_temp_0_3_2000char.txt
http://zibergara.net/Uztaritz_17Kb_Olerki_temp_0_5_2000char.txt
http://zibergara.net/Uztaritz_17Kb_Olerki_temp_0_7_2000char.txt

Irakurri Offline: