Teknologien Faroa #9

portada — 2019-01-31
Irakurri Offline:

2018 bukaera iritsi da eta trantsizio urte bat izan dela esan dezakegu, zertara goazen ez dakigun arren. Datorrenak, Black Mirror Bandersnatch Netflixeko seriearen kapitulu interaktiboaren antza handia izan dezake. Etorkizuna aukeratu dezakegu, etorkizuna sortu egiten baita, baina ematen zaizkigun aukerak ez dirudite oso positiboak; aukera onak egiten asmatu beharko dugu, etorkizun gabeko begizta batean ez murgiltzeko.

Ikus-entzunezkoekin hasi garela, narrazio berritzaileak esperimentatzeko gero eta aukera gehiago ditugu Datu kazetaritzak, bisualizazioari lotuta, emaitza ederrak sor ditzake adibidez. Gero eta hibridazio gehiago dago komunikazio moten artean, ez irrati eta ez telebista diren produktuak edota transmedia izatera igarotzen ari diren hedabideak. Harpidetzan oinarritutako ereduak ere zabaltzen ari dira, podcast plataformak edota hedabide berezituak adibide bezala. Liburuari ere iritsi zaio, izen hori merezi badu, mutatzeko garaia, baina ez espero genuen eran.

Online espazio «publikoak», pribatuki gestionatu eta ustiatuak izatea gero eta zalantza gehiago sortzen ditu. Hala ere, espektatiba handiekin sortu genituen makina sozial hauek, guk sortu genituen, beraz oraindik ere alda ditzakegu eta hori ere ulertzea garrantzitsua da.

Algoritmoen jendartean, sortuko dituen aukeren eta arriskuen artean, lanaren gainean duen eraginean enfasi asko jarri dugu. Hala ere, lana eta bizitza, erdigunean jartzerik ere bada eta horretara bideratu beharko genituzke berrikuntza horiek guztiak. Bestela, orain arte zentroa izan den soldatapeko lanak ere ez dio eutsiko, jendarte kohesiorako tresna bezala.

Aplikazio eta algoritmoetan oinarritutako zenbait enpresen aurrean, sabotajeak eta lapurretak ere ikusiko ditugu, bereziki denbora batean ahalik eta eskubide gehien alboratzen dituen estrategia martxan jarri, hasierako errentagarritasuna hortik lortu eta, gero legea egokitzen denean, ospa egitea erabakitzen duten Enpresapp horien aurka.

Kontziente izan behar dugu Europak zuen pisu espezifikoa ere asko jaitsi dela. Orain dela 100 urte, populazioaren %25a zen europarra; orain aldiz %12 inguru eta oso denbora gutxian %9 izan daiteke. Europa gauzak mugitzen ari dira eta ez dakigu nola bukatu duen ere. Txinak bitartean, bere proiektu geopolitikoa hedatzeko prestatzen ari da, bere historia eta eragina zabaltzeko plan handiekin.

Datorrena, gure esku ez dagoela sinistea erraza den garaiotan, posible dela adierazteko beharra dugu. Oteizak, hilerri bati, ikuspuntu herritarra eta bizitzaz betekoa irudikatzea lortu bazuen, gure jendarteak bere etorkizuna desiragarriak asmatu beharko ditu eta horretarako herrigintzarako etorkizuneko tresna berriak lantzea.

Iturri originala: http://www.azkuefundazioarenegunkaria.eus/teknologien-faroa-9/

Irakurri Offline: