Urtzi Urkizu

1995. urtetik euskarazko komunikabideetan kazetari lanak egiten. Etzi egingo dugu topo/topa euskal errepublikan.

Etzi eta Pitz (XII): Lorea Agirre

Kazetaria eta antropologoa da Lorea Agirre (Beasain, Gipuzkoa, 1968). Argian, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian lan egindakoa, Jakin aldizkariko zuzendaria da gaur egun. Zortzi liburu idatzi ditu. Berriki Dabilen pentsamendua bilduma aurkeztu du Jakinek, EHUrekin batera. Gehiago irakurtzeko denbora hartuko luke. Eta iruditzen zaio ez dela aintzat hartzen irakurketaz eta jakintzaz bustitzen den jendearen ahalegina.

Otsailaren 20an hamasei urte bete ziren Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Itxieraren kronika idatzi zenuen: Gezurra ari du. Pasarte batek Aro hitsetako poesia du izenburutzat, eta bertan Jon Benitoren olerki bat jasotzen da: “…zer dira arook non eta eguneroko berriak gure hizkuntzan ematea ia delitu bihurtu zen…”. Itxiera eta zazpi urtera absoluzioa iritsi zen. Zer sentitu zen Egunkaria-ren absoluzioarekin?

Absoluzioarekin sentitzen duzu, alde batetik, poza. Denok espero edo genekien hori azaleratu zen: Gezurra ari du. Gezurra zela dena, eta Espainiako justiziak hori esan zuen. Justizia injustu horrek. Aldi berean, sekulako amorrua ematen dizu, inpunitate osoz funtzionatzen dutelako Espainiako Estatu indarrek. Txikitzen zaituzte, difamatzen zaituzte, kalean uzten zaituzte, torturatzen zaituzte… eta horrek izan lezakeen paraderorik onena Espainiako justizian da haiek esatea ez zegoela deliturik. Baina hortik aurrera ez dago erreparaziorik edo egia zabalago bat. Kalte ordainik ere ez. Etsigarria izan zen dena, oso gogorra izan zelako.

Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran ere bazinen. Gaur irekiko ditu ateak dokumentalean, hainbat lagun hitz egiten agertzen zarete. Anekdota polita da Txillardegi erredakziora agertu zenekoa xanpain botila batekin, egunkariaren sorrera ospatzera. Ez al genituzke euskaldunok lorpen batzuk gehiago ospatu behar?

Garrantzitsua da jakitea helmuga orokorrak zeintzuk ditugun, iparrorratza non dagoen. Eta, gero, gure esfortzuz, lanez eta kontzientziaz lortzen ditugun lorpenak ospatu egin behar dira. Garrantzitsuak dira erritoak. Eta garrantzitsua da ondo egin izanaren kontzientzia izatea. Txillardegik beste ikuspegi historiko bat zuen, eta bere belaunaldiarentzat ikaragarria zen kioskoan euskarazko egunkari bat erosi ahal izatea. Gure belaunaldiarentzat ere handia zen, baina gure kontzientzia zen bidea ez zela erraza izan eta ez zela erraza izango. Egoera ez samurrean jaio zen Egunkaria. Tartean, boikot instituzionala…

Txillardegirekin jarraituz, Txillardegiri eskaini diozue Jakin-ek eta EHUk Dabilen pentsamendua liburu bildumako lehen sorta. Zerk bultzatuta ekin diozue liburu bilduma berri horri?

Motibazio nagusia da transmisioa. Pentsamendua sortu, eragin, plaza bat eman, eztabaidatu… 1956an sortu zen Jakin. Urte berean, Txillardegik proposatutako euskara batuaren lehen arauak agertu ziren, Ekin sortu zen, gauza asko gertatu ziren, Agirre lehendakariak hitzaldia eman zuen Parisen… Hor hasten da aldaketa filosofiko handi bat, Joxe Azurmendik esaten duen moduan. Hizkuntza gure herriaren eta komunitatearen ardatz nagusi aurkezten hasi zen. Ordura arte, abertzaletasun klasikoa arrazarekin zetorren. Eztabaida handiak sortu ziren 1956 hartan. Euskalduntasun berri bat ere sortu zuen. Alaitz Aizpuruk askotan aipatzen du, eta balio digu: 1956ko belaunaldiak hizkuntzaren zentralitatea jarri zuela, existentzialismoaren ideiak euskarara ekarri zituela; ez gara esentzia, baizik eta existentzia gara. Gauden garai horretan egin behar dugu, daukagun horrekin. Horrek pentsamendu erlatibista bat dakar baita ere. Pentsamendu ez dogmatiko bat ere iritsi zen, pentsamendu bat eztabaidara ekartzen dena. Euskalduna da egiten den zerbait. Kontzeptu berria zen herria eta jendea euskaldundu daitekeela. Euskalduna eraikuntza bat da. Orduko pentsamendu lerro horrek lotzen gaitu gaur egun baita ere pentsamendu ez dogmatikoak, kritikoak eta eraldatzaileak lortzeko.

Miren Rubiok Txillardegiri buruz idatzi duen biografiaz zerk harritu zaitu gehien?

Gauza asko ez nekizkien. Txillardegiren bizitza abentura bat da, 28 etxe pasatu zituen. Txillardegik, Jone Forcada bere emazteak eta haien haurrek bizi zuten guztia… Bizitzaren aurrean nola kokatu ziren. Txillardegi asko ezagutzen dugu soziolinguistikatik eta politikatik. Baina horrez gain, pentsalari handi bat da eremu asko, asko eta askotan. Idatzi zuen gai askoren inguruan: drogez, abortuaz, astronomiaz, existentzialismoaren gai sakonenez, nazioaz, sozialismoaz, internazionalismoaz… Bestetik, ez zen teoria hutsean gelditzen. Ekintzailea zen. Intuizio handikoa zen, aldi berean, oso gaztetik. Pertsona oso inportantea izan da Txillardegi.

Joxe Azurmendiren lan hautatuak Jakinen webgunean dituzue bilduak. Hari eskainia izan al daiteke Dabilen pentsamendua bildumako hurrengoa?

Bai, hurrengoa Azurmendi izango da. Interesgarriak zaizkigun autoreak zirkulazioan jarri nahi ditugu. Baina bildumako autore guztiek ez dute biografia bat eramango, gehiago izango da testu antologiak plazaratzea. Azurmendiren ostean, gaur egunera arte iristea gustatuko litzaiguke. Azkeneko 60 urteetan egin diren proposamenak, pentsatu den guztia bilduma batean jaso nahiko genuke. EHU hor egotea ere garrantzitsua da guretzat, proiektuari sustengu bat ematen diolako.

Gaur egun ere badago jendea pentsatzen, idazten… Jakin aldizkarian ari dira sinadura berriak iristen. Nolako sentsazioak dituzu gaur egun sortzen eta idazten aritzen diren gazteen inguruan?

Oso jende interesgarria dago gazteen artean. Gazte belaunaldi oso prestatua daukagu. Asko irakurri duena, ongi formatu dena, eta hori nabaritzen da. Egoera globala asko aldatu da, gaur eguneko gure bizitza ere bai. Galderak beste modu batean formulatzen dira, eta erantzunak ere bestelakoak dira. Gazte intelektual interesgarri asko dago.

Iaz, azaroaren 22tik abenduaren 3ra Euskaraldian parte hartu genuen milaka euskaldunok. Nola ikusi zenuen jendea egitasmo horretan?

Bakoitzaren ingurua inguru zehatz bat da, baina ezin da orokortu. Edonola ere, nire inguruko jendea motibatua ikusi nuen. Euskaraldiak proposatzen zuen esperimentu soziologiko performatiboa aintzat hartzekoa da. Feminismotik ere asko du ideia horrek, aipatzen duelako hiztunak eta hiztun komunitateak ahaldundu behar horretan, ahalduntze ariketa bezala. Dena den, lanketa handia eskatzen da gerora: hizkuntza politika ausartagoak beharko genituzke. Hizkuntzaren prestigio publikoa funtsezkoa da. Kultur sormenari bere lekua eta erakusleiho handiak jarri behar zaizkio. Ekosistema bat jarri behar da, gero eta erosoagoa izan dadin ahalduntze hori. Herritarren ariketaren ostean, orain tokatzen da erakundeek ematea eurena.

Nolako ariketa egin daiteke feminismotik, nolako ariketa performatiboa? Martxoaren 8a adibide ona al da feminismoaren aldetik zer egin daitekeen ikusteko?

Ahalduntze ariketan, feminismoak urrats handiak eman ditu. Antolatu delako maila desberdinetan, eta mugimendu irekia delako. Martxoaren 8a azkeneko urteetan oso garrantzitsua bihurtu da, bereziki egin den lan horregatik. Feminismoak, halaber, oso ondo egitea lortu duen zerbait interpelazioa da. Badago gatazka bat sexu genero sisteman, menderakuntza bat. Hizkuntzan ere menderakuntza sistema bat dago. Menderakuntza horiek oso ideia kapitalistak dira. Feminismoa eta hizkuntzak gizartean egoera oso paretsuan daude; Joxe Azurmendik eta enparauek 1967an ere esaten zuten euskararen alde egitea justizia sozialezko ekintza bat dela. Azurmendiren esaldia da: “Nik eskubideak ez baditut, norbaitek pribilegioak ditu”. Hizkuntzarekin hori gertatzen da, eta feminismoarekin ere bai. Interpelazioa toki guztietara eraman du feminismoak, etxeko komuneraino. Une honetan, euskalgintzak gutxi egiten du interpelazio hori.

Emakume askoren egoera gogorra da oso. Zaintzaile eta garbitzaile andreen prekarietate gorria adibide bat da. Norbait akordatzen al da emakume horiek bizi duten egoeraz?

Feministak gogoratzen dira. Borroka oso latza da hori. Guri zuzenean eragiten digu. Emakume horiek denontzat ari dira lanean: adineko pertsonak zaintzen ari dira, guk azpikontratatzen edo kontraturik gabe lanean jartzen ditugu… Horrek eskatzen dio norberari planteatzea bizitzaren alor batzuk. Eta ez elikatzen jarraitzea sistema patriarkal eta kapitalistak esaten diguna: zerbitzu guztiak merkaturatu daitezkeela, edozein baldintzatan. Guregandik puskatu behar dugu hori guztia. Feminismoa horretan ari da lanean. Politika publiko justuak ere behar dira: menperatuak daudenei aukera gehiago eman behar zaie, sistema aldatzea lortzen dugun arte.

Apirilean eta maiatzean hauteskundeak egongo dira Hego Euskal Herrian. Zer esango zenuke ultraeskuinaren oldarraldiaz?

Topiko bat esango dut, baina hori oso Espainia da. Indarrean dagoen Espainiaren irudi batekin lotua dago: Espainia monolinguista, monokultural, monogenero… Ez dut uste orain inork argia ikusi duenik. Espainiaren barnean lehendik dago hori. Niri, bestalde, asko interesatzen zait euskalduntasuna nola eraikitzen den, zer balio, zer den euskalduna izatea eta nola kokatzen garen munduaren aurrean. Espainian, espainiartasuna zera da: ‘Espainiarra naizen hau zerbait izango naiz, baldin eta beste norbait txikitzen baldin badut’. Oso ideia patriarkala eta matxista da hori. Indarkeria matxistaren adibideak ere hala dira: “Ni ondo egongo banaiz, emakume bat menperatuta izan behar dut”. Oso sustraituta daude ideia horiek.

Euskal Herrian ere badira horrela pentsatzen dutenak.

Bai, egongo dira, eta agian euskaldun peto-petoak dira. Ba al dago Euskal Herri euskaldun ultrakontserbadorea eta erlijiosoa? Bai. Ba al dago euskalduntasun bat oso-oso maskulinoa, eta asko goraipatzen duguna? Bai. Kezkatzen nau euskaldunaren estereotipoak, eta indartu egiten dugu gainera: gizon euskaldun, indartsua, ez oso eskolatua, gaztelaniaz gaizki moldatzen dena, indarraren bidez funtzionatzen duena… Balio matxistetan eraikitzen dugu euskalduntasun hori.

2012an, EH Bilduko zerrendatan hamargarren joan zinen Eusko Legebiltzarreko bozetan. Tentatu al zaituzte berriro politikan buru belarri murgiltzeko? Tentatua sentitu zara?

Zerbait tentatu naute, baina ez dut jauzi hori eman beste toki batean nagoelako. Politika eremu oso interesgarria iruditzen zait, baina iruditzen zait politika toki askotatik egin daitekeela. Eskertza eta admirazioa sentitzen dut politika instituzionalera jauzia ematen duten pertsonekiko, herriari zerbitzu bat eman nahi diotenak. Ez alderdi aparatuetan hezi eta hazi diren horiek. Erakundeak, bestalde, nahiko leku frustranteak iruditzen zaizkit.

Urtarrilean ehun urte bete ziren Rosa Luxemburg hil zenetik. 2019. urtean, zer ekarriko zenuke Luxemburgen ideietatik eta ekintzetatik?

Ekarriko nituzke gauza dezente: emakume bezala bera nola autodeterminatu eta ahaldundu den, horrek zer zigor politiko eta soziala ekarri zion. Gaur egun emakume bat nabarmentzen baldin bada, beti bere zigor soziala iristen zaio. Txiste moduan, kritika moduan…beti jasotzen du. Nik ere sentitzen dut hori askotan emakume bezala. Luxemburg gizonen erdian nabarmendu zen, bere tokia egitea lortu zuen inteligentzia handi batekin, ez erraz, ez doan. Ez zen batere emakume dogmatikoa bere praktiketan. Gauza oso interesgarriak esan zituen emakumeen eta langileen kontuen inguruan. Zer den alderdi bat eta zer den herria, gai horretaz ere hausnarketak egin zituen. Ehun urte geroago, Podemosen eta ezker abertzalean ere hausnarketak horiek daude. Luxemburg oso kritikoa zen aparatuarekin, eta esaten zuen masak-herriak eman dezakeen urrats oker batek alderdi ofizialista aparatuak eman dezakeen urrats on bat baino hobea dela. Herriaren espontaneotasuna aldarrikatzen zuen. Ikaragarri interesgarria da Luxemburg.

Gure bazka saioan esan zenuen errepublika txikien errepublika handi bat egin behar dugula, elkarlanean. Errepublika txikien oinarrietan, katalanak aurretik doaz gai askotan. Zertan liluratzen zaituzte gehien katalanek?

Eredutzat ditudan katalanak oso katalanistak dira, hizkuntzaren eta kulturaren zentzuan. Hori funtsezkoa da; katalanismo ireki bat. Hizkuntzaren bitartez sortzen dute errepublika berdinen errepublika hori egitea. Hori Katalunian badute, eta Euskal Herrian oraindik ez daukagu. Pentsamenduari eta kulturari ematen dioten garrantzia handia da, eta hemen ez dago halakorik. Oso herrialde irakurzalea, formatua da katalana. Ikasia eta irakurria izatea gaur egun ere ez da ondo tratatzen Euskal Herrian: liburu bat irakurtzen ikusten zaituzte, eta esaten dizute ea aspertuta bizi zaren. Hemen baloratu dugu indarra, indarra eta ekintza. Katalunia herrialde kultua eta irekia da, une historiko indartsu batean daude. Euskal Herrian uste genuen emango genituela lezioak, subiranotasun prozesuetan maisu, baina iruditzen zait katalanak direla. Elkartasun gehiago adierazi beharko genieke, Katalunian jokatzen dena ez baita soilik Kataluniaren independentzia eta etorkizuna. Jokatzen da partekatzen dugun estatu espainol horrek har lezakeen jite autoritarioak, faxismo arterainokoak. Euskaldunoi ikaragarri eragiten digu. Kataluniarren borroka gure borroka da, erabat.

Zer gai hartuko zenuke gustura liburu bat edo ikerketa bat egiteko?

Gustura hartuko nuke denbora pentsatzeko bakarrik. Pentsatu esan nahi dudanean, da irakurri, irakurri eta irakurri. Gustatuko litzaidake baita ere idatziak ditudan gauzak hartu, begiratu zer esan dudan eta zer ez, eta nolabait neure burua ordenatu. Liburu bat idatziko nuke nire egunerokotasunetik helburu orokorragoetara joango litzatekeena, pentsamendu liburu bat. Urte bat hartuko nuke horretarako.

Lorea Agirreren hitzaldia, Utopia 68/18. Iruditeria berrien bila jardunaldietan:

Nola ikusten duzu zure burua hamar urte barru? Eta Euskal Herria?

Ez dakit nola egongo den Euskal Herria, baina gustatuko litzaidake Euskal Herri bizi eta bere etorkizuna plano guztietan borrokatzeko prest egongo den Euskal Herri bat. Euskal Herri kontziente, aktibo eta jakintsu bat, fronteak irekiak izango dituena, eta konformismoan eroriko ez dena. Neure burua hor egotea gustatuko litzaidake.

Hamar urte barru elkarrizketa hau errepikatzen badugu, non egingo genuke?

Gaien aldetik ez oso toki diferenteetan. Fisikoki, Zarautzen egingo genuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude