Urtzi Urkizu

1995. urtetik euskarazko komunikabideetan kazetari lanak egiten. Etzi egingo dugu topo/topa euskal errepublikan.

Etzi eta Pitz (XIV): Oier Aranzabal.

Kazetaria eta musikaria da Oier Aranzabal (Bilbo, 1988). Zuzeu orainkari digitaleko koordinatzailea. Iaz Donostiako Zinemaldian Margolaria film dokumentala estreinatu zuen, eta herriz herriko proiekzioak egiten ari dira orain. Baditu beste hainbat proiektu, baditu beste hainbat kezka. Lou Topet musika taldearekin ere aritzen da. Eta Zarauzko Adarretatik musika jaialdiaren sustatzaileetako bat da. Larunbat honetan Zarautzen ikusi ahalko da Margolaria, Literaturia-ren barnean.

Martxoaren 22an iritsi zen zinema areto komertzialetara zure lehen filma: Margolaria. Nola joan dira asteotako proiekzioak eta aurkezpenak?

Oso ondo. Pelikula bat zinema aretoetan estreinatzea ez da erraza. Banatzaile bat lortzea ez da erraza. Areto komertzialek zure filma onartzea ere ez da batere erraza. Lorpen bat izan da, pozgarria. Herriz herri oso ondo ari da mugitzen pelikula. Donostian bi aste egin zituen, Gasteizen bi aste eta asteburu bat gehiago, Bilbon aste bat eta ordutegi txarrarekin, eta orain erronka Nafarroan estreinatzea da. Oraindik ere zabalik dugu atzerriko jaialdiren batera joateko aukera.

Margolaria izan da kontatu nahi izan duzun istorio bat, musikari baten sormenaz. Mikel Urdangarin da musikari hori. Nolakoa izan zen dokumentalaren sormen prozesu bera?

Sormen prozesu irekia izan zen, errealitatetik abiatutako une eta gertakizunak izan dituelako. Urdangarin aurkeztu nahi genuen, bera ezagutzen ez duen norbaitentzat. Urdangarin artista eta bere ingurukoen zabalpena erakargarri egin nahi genuen Hernanin, baina baita Euskal Herritik kanpo ere. Pelikulaz gozatzeko aukera eman nahi genuen, Urdangarin ezagutzen ez dutenentzat ere. Beste jomuga bat genuen. Gidoirik gabe hasi ginen; gidoia urte eta erdira idatzi genuen, baina ez fikzio baten moduan. Gehiago gertakizunak harilkatuz. Gidoi horrek muntaia erraztu zuen.

Zer da asteotako proiekzioetan pozik handiena eman dizuna?

Asko kostatzen ari zait disfrutatzea emaitzarekin. Hiru urte luze izan dira. Zinemaldian askatu genuenean eta gero etorri direnekin, kostatu egin zait pozak digeritzea.

Filmak kritika onak izan ditu prentsan, baina kostatu zait irribarre bat ateratzea. Errazen digeritu dudan poza izan da jendearen erantzuna herrietan. Herritarren amaierako txaloak eta aurpegiak izan dira onena.

Badituzu buruan eta esku artean beste bizpahiru proiektu, gutxienez. Zer kontatu dezakezu?

Goiz da zerbait esateko. Alain Urrutia artistarekin proiektu bat mamitzen ari gara, esperimentala, eta anbizio handikoa. Ez da ohiko ikus-entzunezko bat izango. Hamar urtean zehar egingo dugun esperimentu bat da. Bestetik, Zamorako apaiz-kartzelaren inguruko dokumental batean ari naiz lanean. Nahiko ondo doala dirudi. Hori izango da estreinatuko dugun hurrengoa.

Birraitona baten inguruko zerbaitekin bazabiltza, ezta?

Bai. Antonio de Gezala margolariaren inguruko dokumental bat izango da; erronka izango da birraitonaren bitartez kontatzea garai hura. XX. Mendeko lehen hamarkadetako loraldia kontatu nahi dut, 36ko gerraren aurreko urteetakoa. Euskal artearen loraldia jaso nahi dut. Euskal artisten elkargoa sortu zuten, eta nire birraitona elkargo horren presidentea izan zen urte luzez. Interesgarria da garai hura, hor murgilduko naiz. Dokumentatzen ari naiz. Erronka polita da, hobeto ezagutuko dudalako nire amamaren aita. Proiektuari denbora eskaini nahi diot, patxadaz arituko naiz.

Alain Urrutia aipatu duzu. Duela egun batzuk Berlinen elkarrizketatu zenuen Zuzeu Podcast-erako. Barruan gaude podcast-erako elkarrizketak egiten ari zara azkeneko asteetan. Gogotsu?

Bai, asko disfrutatzen dut. Kazetaritzarekin asko gozatzen dut. Kazetaritza da nire ogibidea. Baina kazetaritzaz bizitzea zaila da, eta euskarazko kazetaritzaz duintasunez bizitzea, are zailagoa. Elkarrizketak egiteko modu eder bat aurkitu dut Barruan gaude podcast-arekin: elkarrizketatuen etxeetara sartuz. Mikrofonoak etxe batean sartzen ditugu, eta audioarekin kontatzen dugu pertsona hori nor den. Pertsonak ez du berdin hitz egiten etxean eta etxetik kanpo. Etxean konfiantza bat sortzen da. Gu izatea gonbidatuak haien etxera… ikuspuntua aldatzen du.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Zuzeuk podcasten alde egin duen apustua ez da kasualitatea. Sarrerako audio batean ondo azaldu zenuten. Baina zergatik apustua orain?

Audioaren aldeko apustua da. Audioa gaur egun tendentzia da sarean, podcasten bitartez. AEBetan lehertu egin da, mainstream da. Milioika herritarrek entzuten dituzte podcastak egunero. Eta gai askoren inguruan daude podcastak. Miren Arzalluzek modari buruzko AEBetako podcast batean parte hartu zuen Balentziagari buruz hitz egiten, eta bost milioi entzule inguru izan zituen. Han lehertu bada, hemen ere lehertu daiteke. Audiogintzak Euskal Herrian publiko gatibu bat du. Audioa euskaraz asko entzuten da; orain arte Euskadi Irratiaren bitartez, baita Gaztearen bitartez eta beste herri batzuen bitartez ere.

Behategiaren urtekarian jasoa dago datua: euskaldunen artean, gehien entzuten den irratia Euskadi Irratia da. Eta bigarrena Gaztea da. Hori ez da gertatzen beste hedabideetan, ez beste edozein formatutan ere. Euskararentzat garrantzitsua da irratiaren datua, ezta?

Ikaragarria iruditzen zait hori. Eta hori aintzat hartuta, egingo dugun saiakera epe luzekoa izango da. Podcasten alde egin dugu apustu. Madrilen ere saiatzen ari dira. Zuzeu podcasten kate bat izatea nahi dugu, podcast sare bat. Orain astean hiru ari gara egiten. Eta udazkenetik aurrera, astean bost izango dira. Podcast berrietako bat euskal gaizkileen ingurukoa izango da, Hasier Etxeberria zenak idatzi zuen artikulu sortan oinarrituta. AEBetan gaizkileen inguruko podcast batek lehertu zuen panorama. Musikaren inguruko beste podcast bat ere egingo dugu.

Hamar urte bete ditu Zuzeuk. Zer lortu du urteotan eta zer falta zaio?

Lortu du audientzia konstante bat. Badago jende bat Zuzeu-n sartzen dena, eduki batzuen bila. Lortu du komunitate bat idazten duena. Plaza bat sortu zen, eta bada plaza bat. Erronka da jende gehiagok parte hartzea. Nahiko genuke aniztasuna egotea, eta guk bezala pentsatzen ez duen jende gehiagok idaztea. Lortu dugu erredakzio txiki bat izatea.

Erredakzio fisikorik baduzue?

Bulego bat daukagu Donostiako Igara auzoan. Bertan podcasten estudioa dugu. Eta erredakzioko bilerak bertan egiten ditugu. Baina hedabide digital natibo gehienetan bezala, kazetariak bere etxetik egiten du erredakzio lana. Zuzeu berria jarri dugu martxan. Erredakzioak idazten dituen artikuluek bereizgarri bat dute diseinu aldetik, kanpotik idazten direnekin alderatuta. Aurpegien balorazio sistema Il Corriere de la Sera egunkaritik hartu genuen, eta orain horretan oinarritutako menu bat jarri dugu. Balorazio sistemari balioa eman diogu. Logoa ere aldatu dugu, lehen aldiz hamar urtean.

Zer falta zaigun? Ziur aski, hobeto kudeatu behar dugu parte hartzea.

Parte-hartzeari dagokionez, sare sozialetan irakurri izan dut iruzkin oso matxistak eta arrazistak agertu direla Zuzeun. Zer duzu esateko?

Gure lanaren parte da Zuzeuko baldintzak betetzen ez dituzten iruzkinak ezabatzea. Baina askotan, idazten denetik ezabatzen denera denbora bat pasatzen da. Izango bagenu erredakzio bat 30 lagunekin, askoz kontrolatuagoa izango genuke. Sistema berriak aztertzen ari gara. Baina ez dugu uste soluzioa denik aldez aurreko zentsura sistemak jartzea. Giza eskubideak dira Zuzeuren baldintzak; xehetasun gehiagorekin webgunean bertan ikus daitezke. Ezin da irainik jarri, are gutxiago anonimotasunetik. Zenbait jendek lotzen du irakurritako iruzkin bat gurekin. Ulerkortasun pixka bat eskatzen dugu. Iruzkin arrazista edo matxista bat ikusten denean, irakurleei eskatuko genieke guri pribatutik idazteko, eta ez zabaltzeko. Eskertzen dugu jendearen laguntza. Gu ez gara iristen dena ondo kontrolatzera.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Hedabide digital bat euskaraz errentagarria izan daiteke?

Hedabide digital bat euskaraz ez da negozio bat. Inor ez da aberastuko hortik, baina bideragarria da. Zuzeu bideragarria da. Baina diru laguntza publikorik ez bagenu, ez genuke gaur egungo euskarazko komunikabide sarea izango. Ezta dagoen kalitatea ere. Diru laguntzarik gabe ezingo ginateke iritsi gaztelaniazko eskaintzari kontrapisurik egitera. Argi dago desoreka handia dagoela. Gero eta euskaldun gehiago dago, eta gero eta herritar gehiagok kontsumitu ditzakete euskarazko hedabideak, baina pentsatu behar dugu haiengana nola iritsi. Kontaktuan egon behar dugu tendentzia berriekin. Ezin gara erosotasun batean lokartu.

Behategian agertu den beste datu bat: Hego Euskal Herrian, 34 urtetik beherakoen %39k Netflix kontsumitzen du. Ez al ditu horrek gauza asko baldintzatzen?

Horrek erakusten du tendentzia bat dagoela, plataformen aldekoa. Zer pentsatua eman beharko luke ETBren norabidea finkatzeko, adibidez. ETBren terrenoa da hori. Hausnarketa bat egin behar da Eusko Legebiltzarraren eta EITBren aldetik. Lehengo telebista eredua aldatzen ari da. Atresmediaren Atresplayer plataforma hor dago. NPR AEBetako irrati publikoak ekoizten ditu AEBetako lehen 100 podcast entzunenen arteko 20 inguru. Gehien entzuten dena NPRtik sortutako bat da. Aplikazio bat ere erosi zuen irrati publikoak, podcastak entzuteko; hori erabiltzen dut nik. Puntan egon daiteke hedabide publiko bat. EITBk bizkortasun bat lortu behar du: lortu behar du aurrea hartzea, zeren orain atzetik dabil. EITBk, gainera, Youtuberen alde ez du apusturik egin. Saioek audientzia handiagoa izango lukete Youtubeko apustuarekin. Izan ere, ikastoletako gazteak non daude? Youtuben. Jendea dagoen tokietara joan beharko da. Ezin baduzu borrokatu beraren kontra, batu zaitez. Ezin baduzu borrokatu, galbidean geldituko zara. Netflixi dagokionez, Jaurlaritzak ez al du gaitasunik Netflix Españarekin hitz egin eta akordio baten bitartez euskarazko azpidatziak jartzeko? Edo urtean euskarazko ekoizpen bat egiteko?

Kezkatzen zaitu euskarazko produktuen kontsumo kopuruak? Telebistan, prentsan, musikan, literaturan…?

Bai, zalantzarik gabe. Kontua da ingurua aldatu dela, eta gu ez gara aldatu oraindik. Hori da gure arazoa. 1990eko hamarkadan erreferentziak ETB eta Gaztea ziren, eta bertan entzuten ziren euskal musikako taldeak. Gaur egun erreferentziazko tokiak ez dira horiek; egun gazteek ez dute ETB ikusten guay-a zer den jakiteko. Gaztea irratiak ere ez du euskal musika jartzen, lehen bezala. Erreferentziak aldatu dira. Edo erreferentzia berriak sortzen ditugu, eta gai gara gazteak horietara erakartzeko. Edo gazteentzat erreferentziak diren plataformetan eraginkorrak izatea da beste aukera. Bestela, diluituta geldituko gara. Lehen, azken tendentzia euskaraz geneukan. Orain ez daukagu gaitasun hori.

Badok musika atariaz zer iritzi duzu?

Badok oso apustu polita izan da, egin den gauzarik interesgarrienetakoa euskal musikaren alde. Baina Badok-ek ezin du gelditu biltegi batean; Jon Eskisabel koordinatzailearekin hitz egin dut horretaz. Apustu sendoago bat behar da. Ezin du pertsona bakar batek eraman. Badok-ek gauza askotan asmatu du, gazteen taldeek ere hor egin nahi dutelako. Euskadi Irratiak ere begiratzen du. Sare horiek elikatu behar dira. Baina ez dakit badagoen muskulua Badok indartzeko.

Zarauzko Adarretatik musika jaialdiaren sarreran parte hartu zenuen iaz. Zein da asmoa?

Aurten berriz egingo dugu, uztailaren 19tik 21era. Euskal Herriko eta nazioarteko taldeek joko dute Zarautzen. Lotuta dago dena.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Zu bizi izan zara Madrilen, Bilbon, Eibarren, Zarautzen, eta orain Aian. Bat jaiotzen den tokikoa edo bizi den tokikoa da?

Ni zarauztarra naiz, ezin dut ukatu hori. Nire hizkera zarauztarra da. Bilbora eta Eibarrera asko joan izan naiz. Edonola ere, ez dut batere gogoko probintzialismoa. Borroka antzu horiek ez dute askorako balio.

Jule alaba, behintzat, Aiakoa da.

Bai, hori ziur.

Aitatasuna nola bizi duzu?

Poz handiz, gustura. Juleren etorrera gauza ederra izan da. Ama galdu genuen duela hamar urte. Eta Juleren etorrerak pozez bete digu etxea. Ikasten ari gara, etengabe.

Hamar urte barru nola ikusten dituzu Zuzeu eta Euskal Herria?

Gustatuko litzaidake Zuzeu duinagoa izatea soldatetan, eta jende gehiagori lana ematea. Gustatuko litzaidake Zuzeu Podcast-ek entzuleak irabaztea. Gustatuko litzaidake euskarazko hedabideek bilakaera ona izatea. Mundua kontatu behar dugu, hori da erronka. Interesgarriak izango bagara, mundua kontatu behar dugu.

Euskal Herriari dagokionez, gauzak ez dira asko aldatuko. Ikusiko dugu. Esprint batean ez da dena konponduko. Espainiako Gorteetarako hauteskundetan ikusi da Euskal Herrian beste pentsaera bat dagoela, beste lehengai ideologiko bat. Bi mundu dira Euskal Herria eta Espainia. PPk ordezkaririk atera ez izana esanguratsua da.

Hamar urte barru, elkarrizketa errepikatzen badugu non egin nahiko zenuke?

Bilboko Artxandan. Handik Bilbo osoa ikusten da, eta ikusiko dugu nola aldatu den Bilbo.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *