Katixa Agirre: “Filmin-en euskarazko bertsio bat egiteko proiektua egon zen, baina ez zen atera”

jendartea — 2019-10-14
Irakurri Offline:

Etzi eta Pitz (XVIII): Katixa Agirre

Katixa Agirre (Gasteiz, 1981) ikus-entzunezko komunikazioan doktorea da, eta irakaslea EHUn. Baita idazlea ere. Atzerriko hainbat unibertsitatetan ibili da ikerlari. Egun, Bilbon bizi da. 2007an argitaratu zuen bere lehen liburua, Sua falta zaigu, istorio laburrek osatutakoa. 2015ean bere lehen eleberria argitaratu zuen: Atertu Arte Itxaron (danierara itzuli berri dute). Iaz, Amek ez dute eleberria plazaratu zuen. Streaming bidezko plataformekin lotutako hainbat hitzaldi eman ditu azkenaldian.

Danimarkan izan berri zara, Atertu arte, itxaron eleberria danierara itzuli dutelako. Zer sentimendu sortzen zaizu euskaraz idatzi duzun liburu bat beste hizkuntza batean argitaratu dela ikusten duzunean?
Ezustekoa izan da danieraz liburua ateratzea. Poza sentitu dut. Jakin-mina ere badut ea norbaitek irakurriko duen danieraz, eta irakurtzen dutenek zer irakurketa egiten duten. Hango lagun baten iritzia, behintzat, espero dut.

Amek ez dute eleberria gaztelaniaz ere atera da. Nabaritzen duzu halakoak gertatzen direnean, Euskal Herrian dauden gaztelaniazko komunikabideek arreta gehiago jartzen dutela euskal idazleengan?
Argi dago hedabide batzuk euskal literaturari bizkarra emanda bizi direla. Argi dago hori horrela dela.

Yurre Ugartek egindako elkarrizketa batean, Hegats aldizkarian. hala esan zenuen emakumeen sorkuntzaz galdetu zizunean: “Badago euskal literaturan, gizartean bezala, halako paternalismo bat, gizonei suertatzen ez zaiena. Eta kasurik txarrenean misoginia dena”. Ez al da halakoak desterratzeko garaia?
Bai, eta poliki-poliki bagoaz. Aldea ikusten dut duela 12-13 urteko egoeraren eta gaur egungoaren artean. Gauzak hobetu dira. Ziurtasuna daukat hemendik urte batzuetara are hobeto egongo garela.

Euskal Herrian idazle gutxi daude soilik literatura idazteaz bizi direnak. Zuk EHUko irakasle lana duzu. Pentsatu izan duzu irakasle lanak utzi eta literaturaz bizitzeko saiakera egitea?
Bai, pentsatu izan dut, idazle gehienen fantasia da. Baina bide hori hartzeak ez du esan nahi soilik idazteaz bizitzea, baizik eta boloak eta kolaborazioak egiten ibili beharko duzula. Eta, azkenean, zalantzazkoa da ea denbora asko izango duzun nahi duzuna idazteko. Neure lanak, zorionez, aukera ematen dit tarteka eszedentziak hartzeko, eta nahiago dut horrela jarraitu.

EHUn ikus-entzunezko ikasketak egiten ari diren gazteengan zer kontsumo joera ikusten dituzu?
Telebista tradizionala ez dute apenas ikusten. Gurasoekin daudenean ikusten dute, baina gutxi. Haiek telefonoan egiten dute kontsumoa. Arraroa egiten zait hain pantaila txiki batekin konformatzea, baina horrela da. Telefonoa da haien zentroa.

Duela lau urte Berriarako egin nizun elkarrizketa batean esan zenuen helduek ez dutela ideiarik gaztetxoek zer ikus-entzunezko eduki ikusten dituzten. Lau urteotan, hori aldatu egin da ala areagotu?
Pentsatzen dut joera hori handitu egin dela, arrakala zabaldu dela. Niri gero eta gehiago kostatzen zait ulertzea gaztetxoek zer duten gogoko eta zer ikusten duten. Modak aldatzen dira, oso bizkor: lehen youtuberrak ziren nagusi, eta orain Instagrameko izarrak gailendu dira. Etengabe eguneratzen ibiltzeak eskatzen dizu kontuak.

Kontsumo datuek argi uzten dutenez, gazteek Youtube eta Netflix kontsumitzen dute masiboki. Baita Instagrameko bideoak ere. Egoera horren aurrean, euskarazko ekosistema zer egoeratan ikusten duzu?
Oso egoera txarrean. Baikorra izan nahiko nuke, baina ez dakit nola. Gure korporazio publikoaren (EITB) lehentasunak izan beharko luke gaztetxoak bereganatzea, baina apenas ez du ezer egiten. Gazteak beste nonbaitera doaz, eta euskarazko edukiak basamortua dira. Txarto ikusten dut kontua. 2deo laborategian, Finlandiako telebistako ordezkari batek esan zigun Instagram bidez ari direla fikzioak egiten.

Frisiako Leeuwarden hirian, Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Konferentzian, Netflix, Handia filma eta euskararen gaiaz hitzaldia eman zenuen. Esan zenuen euskara ezagutarazteko kanal pribilegiatua dela Netflix. Aipatu zenuen baita ere unea aprobetxatu beharko litzatekeela telesailak euskaraz egiteko.
Telebista izan beharko litzateke edukien probeedore bat. Are gehiago jakinda eduki horiek gero urrunera bidaiatu dezaketela. Ez dut esaten edukiak soilik Netflixentzat egin behar direnik, baina ate hori hor dago. Mentalitate globalago batekin jokatu behar da.

Europako herrialde nagusietan ere aliantzak egiten ari dira plataformei aurre egiteko: Frantzian Salto, Errasuma Batuan Brit Box… Euskararen munduak ere ez al luke aliantzaren bat beharko eragile publikoen eta herri ekimenekoen artean?
Erresuma Batuan arriskuak ikusten badituzte, nola ez dugu guk edukiko aliantzen beharra. FORTA federazioan kate autonomikoak daude. Baina bestelako aliantzak behar dira. Kontua da ETBren lehentasuna ez dagoela euskarazko edukietan.

Miren Maniasek duela aste batzuk euskal Filmin bat eskatu zuen bere zutabean. Halako atari batek arrakastarik izan dezake?
Ezkerraberri jardunaldian egon nintzen Filmineko arduradunarekin. Filmin.cat plataforman eduki guztiak daude katalanez. Esan zigun garai batean egon zela proiektu bat Filmin-en bertsio bat egiteko euskarazko edukiekin. Baina bertan behera gelditu zen.

Zergatik ez zen martxan jarri?
Jaume Ripollek esan zigunez, Eusko Jaurlaritzaren interes faltagatik. Gaiaz gehiago galdetu nion, baina ez zuen besterik kontatu.

Azaroan Apple eta Disney erraldoien plataforma berriak iritsiko dira. Testuinguru horretan, zer egin dezakegu euskaldunok?
Etxetik hasi beharra dago. Plataforma horiek ez digute mesederik egingo, eta hizkuntza aniztasunaren alde ez dute ezer egingo. Baina ikusten badute gurean zerbait arrakastatsua egon daitekeela eta dirua emango diela, haien arreta deituko dugu. Gure baliabideekin, edukiak euskaraz egin beharko genituzke. Eta gero, gerokoak.

Bilbon bizi zara duela hamalau urtetik hona. Euskararen erabilera Bilboko kaleetan txikia da. Badago aukerarik horri buelta emateko?
Hitz egin dugun gaiarekin lotura du kontuak. Gazteek ikus-entzunezko edukiak kontsumitzen dituzte, baina euskaraz daudenak ikusiak dituzte. Hizketan erabiltzen dituzten esamoldeak pantailan ikusitakoak dira; eta ez dira euskarazkoak, noski. Pentsatu genuen eskolarekin dena konponduko zela, baina ez da horrela.

Eskolan euskaraz ikasten duten gazteek aisialdian euskarazko edukiak kontsumitzeko aukera izatea zein neurritan da garrantzitsua?
Erabat garrantzitsua da. Utzi behar al dugu dena hiltzen? Eskolak bakarrik ezin du, eta dirua inbertitu beharko da edukietan.

Hamar urte barru nola ikusten duzu zure burua? Eta hamar urte barru, nolakoa izango da Euskal Herriaren egoera?
Nik hamar urte neure burua ondo ikusten dut. Haurrak koskortuta egongo dira, eta idazten ikusten dut neure burua. Euskal Herriko egoera irudikatzea zailago egiten zait. Baina bidegurutzean gaude: gauzek hobera egin dezakete, edo okerrera.

Hamar urte barru elkarrizketa hau errepikatzen badugu, non gustatuko litzaizuke egitea?
Habana Viejan.

Irakurri Offline: