Etzi.pm sortzea pentsatzen ari ginela, behin baino gehiagotan atera zen gure eztabaidetan autopredikzioaren gaia. Autopredikzioa momentu historiko askotan helburu oso ezberdinekin erabili izan den tresna da, lortu nahi diren helburuak egingarriago ikustarazteko, estrategiak bideratzeko edo kontrarioaren jokamoldeak aldatzeko.

Autobetetzen den profezia estrategiaraino iritsi gabe, guk Etzi.pm-tik 2015 urterako gertatuko diren, gertatu daitezkeen edo gertatzea nahi dugun hainbat gairen autopredikzio ariketa egin dugu. 2015 amaieran solstizioarekin batera gaur idatzitakoak aztertu eta kritikatuko ditugu. Komunikazio honen iruzketan, 2015erako zuen autopredikzioak jasotzea gustatuko litzaiguke, gureak osatzeko, eta urte amaieran ere zuenak  gureekin batera aztertzeko.

Horretaz gain,  2015, Aiert Goenaga (@aiertgoenaga) Etzi.pm-ko koordinatzaile nagusi berria izango den urtea izango da. Oso pozik gaude, gurekin batera abentura honetan parte hartzeko eskaintza onartu izanagatik. Ziur berarekin etorkizuneko gaiak jorratu nahi dituen hedabide gazte honek, oraindik ere urrunagoko begirada izango duela.

2015 urte eraldatzaile on!

Ekonomia

Partekatze Ekonomiatik Ekonomia Partekatura

Azken urtean ikusi dugu Partekatze ekonomia agenda publikoan ezarri dela, zeresan handia eman duten Uber edo Airbnb bezalako zerbitzuekin. Sektore berria izanik Espainiar Estatuan lobby bezala ere antolatu dira, eta eredu ekonomiko honek aurrera egingo du, naiz eta estatu batzuren aldetik interes ekonomiko konkretuak defendatzeko trabak izango diren, eta eremu ezberdinetatik kritikak jaso, bereziki interesgarria esaten duena Partekatze ekonomiaren atzean Errenten ekonomia gordetzen dela.

Horregatik, eta guretik abiatuta, baina baita mundu mailan, lantzen ari diren eredu post-kapitalistetan jarri beharko genuke atentzioa, eskeintzen zaigun harreman ekonomiko berri asimetrikoak baztertu eta Partekatze ekonomiatik Ekonomia partekatura pasatuz, martxan dauden hainbat proiektu finkatzen ikusiko ditugularik: Coop57, Fiare, Som Conexio, i-Ener, Goiener etab. Kooperatibismoak proposatzen duen demokrazia ekonomikotik, harreman eredu berriak ikusiko ditugu, jabetza eta kontrola partekatu eta komuna erdian jartzen dutenak.

Eredu ekonomiko partekatuak zabaltzen ari diren momentuan, 2015 urtean eremu publiko eta komunaren aliantza berriak ikusiko ditugu, orain arteko publiko pribatu dikotomia puskatu eta demokrazia ekonomikoari dimentsio berria emango diotenak

Energia berrriztagarriak eta sortze eredu banatuak

Eta energiarekin zer? Eredu energetikoa da edozein sistema ekonomikoren oinarri nagusietako bat, eta teknologikoki aurrerapen handiak egin badira ere energia berriztagarrien teknologietan, eredua XX. Mendekoa dugu, bai mundu mailan eta bai Euskal herrian ere. Azken urtean atzerapausoak nabarmenak izan dira Espainiar Estatuko legislazioan, eta pesimista izateko arrazoiak badauden arren, guk uste Tesla handiak irudikatu zuen etorkizuna gero eta hurbilago dago.
Badaude zantzuak erakusten digutenak mundu mailan energia sortu eta banatzeko ereduen demokratizazioa hurbilago dugula, eta enpresa handiak ere hasi dira bide horretarako prestatzen, gainera epe oso motzean zenbait aurrerapen teknologikoek, grafenoaren bidetik, etorkizuneko eredu berria bertan dugula erakusten digute. 2015ean ikusiko dugu? Norbaitek esan zuen: “paradigma eta eredu berriak gure artean ditugu, baina oraindik nagusitu ez direnez ez ditugu ikusten”
Eta bide horretan euskal Herrian izugarrizko aukerak irekiko dira, eta gure kasuan estrategia izango da garrantzitsua, energia burujabetzarako estrategia. Gainera pixkanaka tresnak baditugu, horiek bultzatzea eta egonkortzea guztion lana.

Kooperatibismoa eta komunitate ekonomikoen indarra

Eta guzti hau aurrera eramateko zein ekonomia eta egitura ekonomiko eredu dugu? Datorren urtean ere hainbat “startup” jaiotzen ikusiko dugu, han eta hemen eraldaketa edo berrikuntza eskaintzera datozela erakutsiz, baina “startup” eredua al da benetako ekonomia eraldatzaile sortzeko bidea? Hemendik ikusita eta benetan jendarte justuago bat eraikiko duen ekonomia landu nahi badugu argi dago fokoa beste nonbait jarri behar dugula, jendartea kontuan izango duen ekonomia ereduak ere sortzen ari dira eta 2015ean sendotzen ikusiko ditugu.

Ekonomia eta enpresan pertsonen parte hartzea modan jarri da eta datorren urteko gai zentraletako bat izango da, baina zer da benetako partehartzea enpresan? Kooperatibismoa eta enpresan langileen parte hartzea berriro agendara bueltatuko dira, eta produkzio medioen jabetzaren inguruko eztabaida zentrala bihurtuko da. Hor ikusiko da ere, ekonomia sozialaren baitan eredu ezberdinak daudela: Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta  Olatukoop, REAS, Ner Group, Mondragon, Economia del bien Comun. Eztabaida, aliantza posibleak eta izpiritu kritikoa garrantzitsuak izango dira, eredu ekonomiko berriak etorkizuneko tresna eraldatzaile bihurtzeko.

Eredu talken urtea izango da datorren hau, mundu mailan baina baita beste ekonomia justuago bat sortu nahi dugunon artean. Gure esku dago zeinetan parte hartu, zein indartu, baina egitea izango da giltza, egitura eta komunitate ekonomikoak sortu eta burujabetzaren bidea egitea.

 

Teknologia

Big Data eta OpenData

Erabilera ezagunenak marketing alorrean badira ere, mende honetako Big Brother fenomenoaren tresna garrantzitsuenetakoa dugu. Datu kopuru itzelez betetako datu-base hauek jatorri anitzetatik hartu dezakete informazioa. Interneteko web nabigazio soilean ikus dezakegu gure gainean zenbat begi ditugun. Meta-datu biltzaile erraldoiek etorkizuna asmatzen eta kontrolpean izaten saiatzen jarraituko dute, baina denon eskura dauden Big Data irekiek zientzietan eta beste esparruetan ere lagunduko dute.

OpenData heldutasun puntu garrantzitsu batera iritsi da, esperientzia asko egon ondoren, hurrengo urteetan datu hauen arteko integrazioa, estandarrak, kalitate neurgailuak… martxan jarri beharko dira. Orain arteko datu ireki semantikoen adibiderik hoberena Linked Open Data proiektuak grafo batean erakusten digu.

Euskal Herriak, bere izaeragatik, arazoak izan ditu zazpi lurraldeak barnean hartzen dituen datu biltegi normalizatu bat izateko. Hala ere, badira informazio interesgarri partzialak ematen dituzten atariak Nafarroan eta baita EAEn ere. Estatuek ere badituzte biltegi propioak Frantzian eta Espainian. Euskal Herria oso-osorik kontuan hartuko zuen datu bildumarik ez genuen orain arte, baina Gaindegiak, Udalbiltzaren laguntzarekin, datuak.net ataria sortu zuen. Euskal Herriari buruzko datu fitxategiak modu irekian eta berrerabilgarrian eskaintzeko. Datu biltegi bakarrean ez bada ere, biltegi hauek guztiak bateragarriak egin eta pausoz pauso bada ere estandar irekietan oinarritutako sistemetan sakontzeko ordua ere bada.

Teknologia banatuak

Internetek balio behar badigu, P2P teknologiek aurrera egin beharko dute. Teknologia banatuek izango duten garrantzia Google ekosistemaren garapena aztertuz ikus genezake. Informazioa lortzeko, bere teknologia: poltsikoan, edukien kontsumorako, diru-zorroan, webgune guztietan, komunikazio formatu anitzetan, gure begietan, zeruan, espazioan, errepideetan… edukitzea lortu nahi du.

Horren aurrean bada berri baten aztarnak erakusten dituen eta hau eraldatzeko indar handia izan dezaketen hiru teknologia: Mesh sareak (sare banatuak), Block chain teknologiak (transakzio banatuak) eta agente autonomoek (erabaki hartze banatua). Orain arten fitxategi elkartrukerako BiTorrent bezalako tekonologiak ezagunagoak, Maelstrom bezalako proiektu berriekin datoz. Hauekin, Bitcoin ezagunaz gain, AgoraNamecoin, MaidsafeStorj, Monegraph, BitMessage, Twister ere badaude.

Software librearen filosofiaren kutxatze ahalmen agortezina

Software librearen filosofia eta mugimendua zabaltzen hasi zirenek, softwarearen askatasuna mantentzea zuten helburu eta zioa. Seguruenik ez zuten espero, beraien erreferentziak mundu horretatik kulturaren mundura salto egitea. Orain jarrerak, egitero erak, eztabaidak, erabakitzeko moduak… beste arlo batzuetara igaro dira, Flock Society bezalako herrialde baten ereduari buruzko eztabaidak gidatzeraino. Seguru hemendik aurrera ere filosofia honek kutsatu eta eragina izango duela beste leku askoetan ere.

Jendartea

Harreman ereduen krisia, berrien sorrera eta batzuen egonkortzea

Harreman eredu askoren krisia nabaria da eta horrek zenbait harreman eredu berriren sorrera eta batzuen egonkortzea ekarriko du. Pertsona arteko harreman emozionalak eta sexualak, harreman eredu berriak, lotutako eztabaidak eta kritikak adibide argiak dira.

Partaidetza politikoaren alorrean ere, Syriza eta Podemos fenomeno berrien sorrera, EH Bildu eta CUP bezalakoen egonkortzea emango da. Harremanen intermediazioarekin lotutako parametroak: zentralizazioa-deszentralizazioa, behartua-ez behartua, harreman zuzena-bitartekari bidezkoak, erabakiak hartzeko bideak eta algoritmoak orain arteko ezker/eskuin (eta beheko/goiko eufemismoari) indar berriarekin batuko zaizkio, jendarte egituraketari buruzko eztabaidetan.

Sentsore jantzigarriak eta ingurunearekiko elkarrekintza

Jantzigarriak diren teknologiek gure egunerokotasuna sentsore konektatuez beteko dute, kirola, osasuna eta modatik hasita. Mugikorretan eta gailu berri hauetan dauden sentsoreek, gure ingurunearekin, bereziki hirietako azpiegiturekin duten elkarrekintza eta datuen analisia garrantzitsua izango dira.

Datu eta metadatu berri horiek, pribatutasunaren alorrean erronka berriak ere eragingo dituzte, izaki areagotua eta izaki osoaren arteko eztabaidan kokatuz; teknologiak gizakitik gertuago dauden eredu biologikoekin antzekotasun gero eta handiagoak dituenean.

Hezkuntza eredu tradizionalen porrota, eredu berrien emaitza argien faltan, esperimentaziorako ordua

Online irakaskuntzak heldutasuna lortu du eta MOOC ikastaroen eztandaren ondoren, fenomenoa neurria hartzen joango da. Eredu hibridoak, bakoitzaren berezitasun propioak lantzen dituztenak eta libre dagoen ezagutzan oinarritutako ereduak gero eta ohikoagoak izango dira, esperientzia presentziala oraindik ordezkaezina bada ere. Garrantzitsua horretarako, ezagutza librean oinarritutako hezkuntza baliabide publiko eta komunen benetako puntu neutroak sortzea.

Erabili beharreko gailuen eztabaidan eta datu fidagarrien faltan, iPad-ak geletan sartzeak ez dirudi ideia ona. Irakasleen ezagutza eta rola egokitze fasean dagoela kontutan hartuta are gehiago. Muga argiak dituen gailu baten ordez, edozeinen eskura egon daitekeen gailu libre batek irakaskuntzarako balio handiagoa izan dezake. Aldiz, honekin lotuta, gero eta argiagoa da irakaskuntza gaien artean programazioa, beste zientzia batzuek duten mailara egokitzearen beharra hezkuntza ereduetan.

Extra

Eta noski, ezin genuen bukatu azken autopredikzio garrantzitsu bat egin gabe: 2015. urtea berriro ere errusiarrak Hollywod-eko gaiztoak izatera pasako diren urtea izango da salbuespenak salbuespen. Kontuan izana.

Zabaldu: