Atzo Jule Goikoetxeak [@JuleGoi], Maite Asensioren [@MAsensioLozano] laguntzaz Euskal Estatugintza Feminista izenarekin hitzaldi bat eman zuen Martin Ugalde Foroan. Internetez jarraitu ahal izan bazen ere, bertan ginenetako batzuk ondoren ere berarekin egoteko aukera eta plazerra izan genuen afari proposamen ero baten ondorioz.

Potentea izan zen Juleren hitzaldia. kontzeptu elkarlotu segida azkar batez, eskailera moduko batean taktika eta estrategia batzutan, galderak beste askotan bota zituen airera. Herrigintza eta estatugintzaren arteko loturaz botatakoak eta “berdintasuna inposatu egiten da” bezalako esaldi indartsuak ere egon ziren tarteko. Denok lortu nahi dugun hegemonia ditxosozko hori lortzeko, feminismoaren arlo propositibo eta integratzaileena azpimarratu zuen. Nola begirada feministak, bizitzaren alor guztiak kontenplatzen ditu eta gainera, leku ezberdinetatik era propositiboan ari da lanean.Bertaratzeko aukera izan ez bazenuten, bideoa ikusteko aukera duzue. Egongo dira ere bertan egon ziren blogari eta sarelari batzuen benetako kronikak  ia ziur, baina hau ez da kronika bat izango.

Aitortu behar dut, oraindik ere foro hauetan hitz egiteko lotsa edo beldurra dudala. Galdera bat nuen buruan, baina bost aldiz birformulatzen duzunean galdera bat, gauzak hobeto pentsatu behar nituela pentsatu nuen eta ez nuen galdera egin. Batzuk, esango dute – eskerrak! — eta ados nago horrekin ere 😉

Feminismoa ez da izan nire “borroka arloa”, nahiz eta interesa aspalditik izan dudan. Hor daude, orain kooperatibako apaletan, nire liburutegiko “literatura marxista feministaren klasikoak” bere orri horiztatuekin; Kolontai eta Zetkin maiteak hortxe.

Nire borroka arloa, teknologia eta jendartea uztartzen duen horretan kokatu izan dut beti. Hor praktika eta teoria uztartzen saiatu naiz. Marxismoa eta demokrazia ekonomikoa ere beti izan ditut buruan eta orain ekintzak uzten dizkidan tarteetan, beste batzuekin batera ere teoria apur bat garatzen saiatzen gara. Azken aldian, Ekonomia Sozial Eraldatzailea deitu izan dugunaren bueltan, baina aurretik Komunismo banatua deitu genion zerbaitekin.

Esparru guzti horiek, nolabait landuz azken aldian aldiz gauza berezi bat gertatu zait, zaigu ere esan nezakeen, Beñat Irasuegi [@birasuegi] eta Unai Gorrotxategi [@ishikawa_], Talaiosen, ondoan baititut. Sare eta komunitateen analisitik garatu izan ditugun aspaldiko hausnarketan neologismo batzuk sartu behar izan ditugunean, feminismoak erabiltzen duen hizkuntzarekin egin dugu topo. Ea azaltzerik dudan.

Komunitateen eta meta-komunitateen (honek beste kapitulu bat merezi du), definizioan, harremanen bitartekaritza ereduak, pertsonen arteko lotura motak, komunikazio mota ezberdinak, komunitate proiektuarekiko konpromiso maila, komunitatearen osaketa aztertzen ditugu. Horiek guztiak artikulu honetan eta bideo honetan ere azalduak daude nolabait, erakundeekin harremanetara loturik bada ere,  beraz ez ditut berriro azalduko.

Bada, horretan ari ginela azken bi urteko espazioan edo, bitartekaritza ereduetan eta konpromisoaren piramidean azaldu nahi genituen bi termino, feminismoan erabiltzen diren oso antzekoak direla topatu genuen. Alegia, “parekidea” eta “zaintza” topatu ditugula begi aurrean.

Parekide hitza, komunitateetan p2p (peer to peer), pareen arteko harremanetako bitartekaritza ereduari izena jartzeko erabili genuen. Parekidearen adiera apur bat zabaltzen dugu, bitartekaritzarik gabeko berdinen arteko harremanak adierazteko. Kasu honetan, aspaldi erabiltzen genuen, p2p sareetatik eratorritako adierari beste era batera izendatzeko erabiltzen dugu.

bitartekaritza-eredua

Zaintza aldiz komunitateek proiektu batekiko duten konpromisoa adierazteko erabiltzen dugun Konpromisoaren piramidean agertzen da. Konpromiso piramidean, komunitatearen proiektuarekiko pertsonek duten konpromiso mailak adierazteko balio du. Behetik gora, konpromiso mailak: ezagutza, atxikimendua, partaidetza, elkarrekintza eta orain zaintza dira.

konpromisoaren-piramidea

Urte askotan azken konpromiso maila horri ez diogu izena jarri, behar hori agertu zitzaigun arte. Elkarrekintzatik gorako konpromiso maila guretzat, komunitatean elkarrekintzan aritzeaz gain, komunitatearen izaera berean eta mantenuan lan egiten duten horien konpromiso maila da. Bereziki estimatua eta komunitateen iraupenerako berebizikoa.

Helburu batekin jaiotako komunitateetan edo Software libre komunitateetan pertsona hauek oso estimatuak dira. Ikusgarritasuna, sinesgarritasuna, prestigioa… bezalako balioak atxikita izaten dituzte. Hau da, beren lana baloratua eta estimatua da komunitatean.

Gure artean, hitz hauek gaizki erabiltzeko beldurra behin baino gehiagotan agertu zaigu, baina hala ere aurrera egin genuen eta erabiltzea erabaki. Aldi berean, uste dut ez dela kasualitatea feminismoak erabiltzen dituen antzekoak/berdinak izatea; “Badago hor zerbait….” dion ahots batek hitz egingo baligu bezala, feminismoarekin hibridazio bat eman behar dela pentsatzen hasiak gara batzuk.

Zabaldu: