Gutxi aipatu dugu ZiFi txoko hauetan orain arte Issac Asimov. Eta pena bat da, ospe eta izen handiko figura batzuek, itzalaz eta oihartzunaz gain pisua eta ahotsa ere badaukatelako.

Halakoak ez dira aurreko belaunaldien ahotik behin eta berriz entzundako erreferentzia lauso baina memorian ondo trinkotutako horiek, noiz edo noiz alferkeria eta kuriositatearen arteko egoera intelektual horretan herabe hurbildu ostean zuretzako ezer ez daukatenaz konbentzituta berriro bisitatzen ez dituzunak. Alderantziz gertatzen zaie: hurbildu eta -batzuetan berehala, besteetan tarte batera- bi norantzako esangura bat sortzen dute: zure aurrekoen zirrara berriro bizitzearena batetik, eta zirrara horrek zu bizi zaituenarena bestetik, esanahi, esanbehar berriak hartzen dituelarik testuak, margolanak, filmak, antzezlanak, jaiak, herriak, borrokak, pertsonaiak, lanak, tokiak. Zerbait aurkitzen duzu, eta zerbaitek zu aurkitzen zaitu.

Asimovekin (eta XX. mende erdialdeko zientzia fikzioarekin orohar) niri horrelako zerbait gertatu izan zait.

Asimov bera aski ezaguna izaki (ziurrenez ZiFiaz ezer ez dakienak bere izena entzuna izango du) Isaac Asimoven erroboten liburu saila da agian ezagunena, eta are ezagunagoa da urteetan trilogia izan den Fundazioa saila. Hasiera batetan hiru liburu (Fundazioa, Fundazioa eta Inperioa, Bigarren Fundazioa) gerora zazpikotea bihurtu zen autorearen eskutik. Eta bizi ditugun transmediaren garaietan auskalo zein beste garapen izango dituen oraindik Hari Seldon eta psikohistoriagileen munduak, HBOren telesail, bideojoko, komiki, MMORPG, animazio eta abarretan. Enderren Jokoa zinemara eramana ikusi dugu, eta ez da desastre erabatekoa izan. Auskalo Asimoven Fundazioaren sustraietatik zein beste adar ikusiko ditugun oraindik. Batzuk mereziko dute akaso.

fundazioa 1Kontuz: ordena ez da dirudiena.

Edozelan ere, Fundazioaren mundu fikziozkoan (OHARRA: liburuak irakurri ez badituzu, irakurle, hona gomendioa: irakurri. Edozelan ere lasai, ez dut spoilerrik egingo) badago zentrala den figura bat, psikohistoriaren zientziarekin lotutakoa, baina gaur egungo Euskal Herriarekin eta Etzi Portu Maritimoarekin lotura intimoa duela uste dudana: Fundazioen ideia.

Izan ere, Hari Seldonek bi fundazio sortu zituenean (bakoitza galaxiaren ertz batean) arrazoi osoa zuela uste dut.

hari-seldon_thediagonal_comTelesforo Monzon, Psikohistoria asmatzen.

Eta ez naiz Sabino Arana Fundazioaz edo Iratzar Fundazioaz, edo are Ipar Hegoa Fundazioaz edo Manu Robles Arangiz Fundazioaz ari. Fundazioak sortzea ondo iruditzen zait noski, Francisco Francok bat baldin badu nola ez ditugu ba guk geureak eraikiko; baina ez bere horretan, bi fundazio elementalki aurrez-aurreko sortzearen ideiaz ari naiz, fundazio bakoitzean.

Pentsa dezagun Euskaltzaindian adibidez. Duela gutxi kalean (Bilbokoetan behintzat) eta etxean sarri erabiltzen dugun “kotxea” berba (automobila, berebila, zalgurdia) eliminatzea erabaki omen dute, twitterriaren deskojono orokorrerako. Erabaki ondo informatua izan omen da. Pentsatua. Eztabaidatua. Arrazoitua. Baina horrek ez du kale-sareko euskararekin nolabaiteko disonantzia psikohistoriko bat sortzea ekidin.Nolabait esatearren, Euskaltzaindiaren denbora beti dago euskal gizartearen denboren atzetik. Normala ere bada, hizkuntzaren arloan ibilita, hiztunen dinamikotasuna eta hizkuntzarena ezberdinak baitira, geologiaren erritmoak eta begetazioarenak ezberdinak diren bezalaxe.

Baina hor aukera bat irekitzen zaigu: zergatik ez fundatu bi euskaltzaindi: bata, daukagunaren antzekoa, atzera begirakoa, Euskaltzaindia. Bestea, oraindik sortzeko daukaguna, aurrera begirakoa: Euskaltzailetza. Batak, klasikoak irakurriko ditu. Tradizioa orraztu, egina dagoena ehun, zutoinak ezarri, orainaldiari proposamenak egiteko. Besteak oraina esploratuko du, bere forma guztietan: garapen berriak, irekitzen diren aukerak, gerta litezkeenak, orainaldia etor litekeenaren argitan irakurtzeko. Batak, orain arte bezala, aukerak itxi egingo lituzke (edo daudenen artean aukeratu), eta besteak nolabait esatearren, ireki (edo zalantza berriak planteatu).

Esango didazue, eta arrazoiz, erraza dela Euskal Telebistari eta Euskaltzaindiari buruz halakoak esatea, baina nire bi fundazioen hipotesia egungo beste herri eta gizarte erakunde guztietara zabalduko nuke: unibertsitateko sail eta institutuetara, irrati-telebistetara, alderdi politikoetara, sindikatuetara, lan lekuetara, egunkarietara… Eta bereziki egingo nuke nik parte hartzen ditudan egitura eta antolaketetan, noski. Nostalgia bikoitza behar dugu: iraganaren nostalgia (palangadaka daukaguna gurean, barkatuko didazue) eta etorkizunaren nostalgia (askosaz eskasago darabilguna baina askoz potentzialtasun interesgarriagoa duena, Talaioseko lagunek esan ohi duten bezala).

Etziak biak behar ditu, biharra eta atzoa. Ez da nahikoa orain arteko esperientziatik eratorritako kalkulu eta autoritatearekin, eta ez da nahikoa izan litekeenaren (baina oraindik ez den) irudimena eta asmoa. Bi noranzkoak behar ditugulakoan nago, bakoitza gure mugimendu eta antolamenduen bihotz bakoitzaren ertz diferentean. Janoren aurpegi bikoitza bezala, bata atzera begira dagoena, eta aurrera begira dagoena bestea.

Hori orohar horrela dela iruditzen zait 2016ko Euskal Herrian. Ebidente samarra zaigula jada.

Agian interesgarriagoa da pentsatzen hastea bi aurpegiek nola entzun eta hitzegin diezaioketen elkarri. Nola komunikatu atzeranzko eta aurreranzko logiken artean. Komunikazio hori aurreko mendeen irratizaleen antzekoa izan daitekeen, “alda” eta “itxi” eta “alda eta itxi” bezalako agindu-gramatikak sortuz norbera isiltzeko eta besteari hitza emateko, edo netiquette forma berriak garatu beharko diren berez arrazoi berak baina bektore ezberdinez mugitzen diren indar/arrazoiek elkar ulertu dezaten. Fundazioa liburu sailean ere zailtasun ebidenteak zeuden, Lehenengo eta Bigarren Fundazioaren artean: hain ziren logika ezberdinak, biek ala biek helburu bera zuten arren…

Baina gure herri-ezagutzaren eta gizarte-ekintzaren etorkizuna hortik doala uste dut: bien arteko uztardura konponezin eta emankor horretan.

fundazioa 2“Beste Ez Dok Amairu bat behar da egun, zerbait apurtzailea”

Zabaldu: