[Txostena] α zero: 2017an datorrena

Aurreko urteetan egin bezala aurten ere etziko egiak eta egitateak ekartzera etorri gara. Prospektiba eta azterketarako garai aproposa da urte berriaren hasiera. Janok ateak itxi eta irekitzen dituen momentua, gerra eta bakearen arteko muga ere bada. 2017 horrelakoa izango da, oraindik hil ez den mundu zaharraren eta jaiotzen ari denaren arteko trantsizioa.

Muturreko futurologia soziala praktikatzen jarraitzen dugu, prospektiba ariketak baino auto-betetzen diren profeziak plazaratzeko bokazioz ere bai. Hori dela eta, diogu estreinatu berri dugun 2017 honetan eta hemendik aurrera ondorengoak gertatuko direla edo/eta gertatzea nahi dugula:

0- IoT edo Gauzen Internetaren segurtasunean aurrerapenak ikusiko ditugu 2017an zehar. Gero eta eraso ugariagoen aurrean bi aukera egongo dira: segurtasun arloan aurrera pausoak eman edo 2017a Interneten azken urtea izango da, ezagutzen dugun bezala. Let’s encrypt bezalakoen sinplifikazioari esker, webguneetan informazioa seguruago gordetzeko aukera dagoen arren e-mailetan aurrerapenak nahi ditugu, eta etorriko direla uste dugu. Ordu batzuetan behintzat Internet ia osoari eragingo dion gertakari bat egongo da.

1-IoTko gailuak kapitalismoaren pausoan doaz aurrera, eta erabilera nahiz jabetza sozialera nola ekarri jarduna areagotuko dela uste dugu. Orain arteko aplikazio komertzialetatik atera eta giza nahiz gizarte baldintzak hobetzeko eztabaida mahai gainean jarriko den urtea izango da. Txikientzako aukera berriak, baina betiko handien monopolizazio eta kontrol saiakerak baldintzaturik. Azpiegituraren alorrean CISCO (AEB) Siemens (Europa/Alemania) eta operadoreak dira gainditu beharreko munstroak. Datuen jabetzaren ikuspuntuan Uber bezalakoek, alor honetan ere, beren baliabideak azpiegitura bezala baliatzen hasiko diren urtea da.

2- Copyright legeak gogortzearekin batera, segurtasunaren izenean egingo diren kontrol saiakera gehiago etorriko dira. Kontrara, antolatutako esperientziek indarra hartuko dute; teknologiaren alorrean kooperatiba plataforma zaharren indartzea helduko da, baita berrien sorrera ere. Teknologia banatuen esperantzaren urtea ere izango da.

3- Gailu jantzigarri askok, aldiz, arrakasta izango dute, denak txikiak eta gehienak sakelakoari lotuak, material berriak ere agertuko dira ikerketa mailan oraingoz. Orain arte ezagutzen ez genituen sentsoreak ikusiko ditugu, dena aldatu duten sakelakoetan. Errealitate areagotuaren urtea igaro dugu eta aurten errealitate birtualaren lehen aplikazio popularrak ikusiko ditugu, mistorako esperimentu interesgarri gutxi batzuekin batera. Sakelakoen eta jantzigarrien alorrean, Huaweik eta Xiaomik Txinatik kanpo dituzten aliantzek markatuko dute urtea.

4- Lan bezala ulertzen dugunaren birformulazioari buruzko eztabaidak hasiko dira serio adimen artifizialaren garapenarekin. Adimen artifiziala inplementatzen hasiko da gutxi bada ere. Leku eta tresna batzutan erabiltzen hasiko badira ere, prototipo moduan askotan. Erabilera batzuk zentzudunak izango dira, baina goiztiarrak, eta gehienak espektatiben azpitikoak.

Eztabaida garrantzitsuenetakoak, oinarrizko errentaren eztabaiden ingurukoak izango dira, Europako iparraldean egiten ari diren esperimentazioaren haritik. Gurean, honi buruzko eztabaida nondik eta nola etorriko den itxaron baino, proposamenak egiteko urtea beharko luke izan.

Algoritmo eta automatizaizo prozesu berrien aplikazioari dagokionez bakarrik bada ere, aipatutakoarekin lotutako beste eztabaida hua ere ematen ari da. Lan prozesu automatizatu hauei zerga karga ezarriz, aberastasunaren birbanaketa politiken formulazio berri bati bide emateko aukera mahai gainean jarriz. Ekoizpen modu berriekin lanbide asko desagerraraziko dituzte eta ez dira lanbide berriak erritmo berean sortuko. Sindikatu eta ezkerreko ikuspuntuko agenteek lana eta bizitza erdian jarriz erantzuteko garaia da, lan jardunaldia murrizketak bezalako proposamenak mahaiean jarriz adibidez, 6 ordu edo ostiralak libre. Urrun badirudi ere, beharrezkoa da, gaur ez bada etzi honi heltzea.

5- Aurreko puntuetan aurkezten den argazkia iraultzearren, honen inguruan pentsatzeko beste era bat dugu. Automatizazio horietan lan egingo dutenen lana oso ongi baloratua egongo da. Pertsona horiek makina biologiko bezala ulertuta, bizitza horien sostenguak berebiziko garrantzia izango luke. Ondorioz bizitza horien sostengurako egingo diren lanen balorizazioa eta hori egiten duten pertsonen balorizazioa heldu beharko da. Ekonomia feministak dioen antzera, bizitzaren sostenguaren inguruko lanen errekonozimendua ekarriko luke. Ez badugu sozialki antolatzen, sistemak emango dio erantzuna, lan gutxiago egitearen truke irabaziak genituen hainbat eskubide sozial galduz; proposamenak badaude, baliabideen faltan. Ez da politika publikoetatik alor honetako inolako ildorik ikusten, baina agertu beharko luke.

6- Gipuzkoan egin nahi duten erraustegiaren eraikuntzako gainkostuak publiko egiten hasiko dira, lehen hiruhilekoan. Lehian dauden agenteek bata bestearen kontra egingo dute, batzuek finantza arazoak argitara atereaz eta besteei aurretik egindako obretako iruzurrak zabalduz. Hala ere, hasi igual, baina ez dugu uste eraikuntza bukatuko denik eta zelai edo eraikin horrekin zer egin pentsatu beharko dugu, hasi pentsatzen beraz.

7- Alvaro Garcia Linerak esan bezala, globalizazioa hil da. 2017an globalizazio neoliberalaren heriotzaren urtea izango da. Elite politiko-ekonomikoek haien neurrirako beste globalizazio eredu bat garatuko duten urtea izango da eta guk alternatiben diseinuan aurrera egin behar dugun urtea. Etorkizuna ez pentsatzearen porrota begi bistan geratu da. Globalizazioa hil da eta beste mundu bat nahi dugunek ez dugu zer izan nahi dugun bisualizatuta.

Hiru alternatiba eta alternatiba ez den beste bat:  burujabetza autoritarioen bidea (Europa ipar eta mendebaldea), Europar keynesiar berritzaile baten PlanBa (Europako hego eta erdialdea) edo burujabetza askatzaileentzako aukera (Mediterraneoa eta periferiak). Hiru aukera alternatibo horien ondoan beste aukera bat, jarraipenarena litzateke. Oraindik indar hegemonikoak direnak (liberal demokratak, demokrata kristauak eta sozialdemokrazia azpiratua) beraiek neoliberalismoaren porrota deklaratu eta egitura globaletatik salbatzaile bezala aurkeztuko zaigun kapitalismo berritu baten eskaintza egitea litzateke; burujabetza autoritarioekin uztargarria litzatekeena. Burujabetza askatzaileei, lokala bakarrik ez den dimentsio planetarioa emango dion PlanB moduko batekin uztartzea, aukera askatzaile bakarra dirudi. Gurean eragin berezia izango du Kataluniak hartuko dezakeen bideak.

8- Aznarrek bere bide orri propioa garatzen hasteko urtea. FAESek PPren gaineko eragina galdu ostean eta noizbait Euskal prozesuarekin presoekiko Espainiar gobernuaren jarrera aldaketak emango lioken abantaila itxaroteaz aspertu da Aznar. Hauspo hori gabe ere, konplexurik gabeko Uribe estiloko ildo bat jarri nahiko du martxan, alderdi forma hartzeko goiz, baina hori ere deskartatu gabe.

9- 2017an Putinek esperpento publikoak oparituko dizkigu, Trumpen laguntzarekin. Teknologia berriei eta sareei esker honek sormen kolektiboa xaxatuko du eta material komiko ugariko urtea izango da. Putin eta Trumpen arteko muxua ez dugu deskartatzen. Europako hauteskunde olatuek ere eskainiko dizkigute une interesgarriak, bereziki adi Italian gertatuko denari, bertan ekaitz perfektu bat prestatzen ari da eta.

10- Hedabide berritzaileei begira, pasadan urtean RT eta bere inguruko medioek sareko dinamikak hobekien ulertu dituztenak izan badira, aurten Jacobin aldizkari digitalaren bueltan AEBetako ezkerraren inguruko gauza interesgarriak ikusi ditzakegu. Trump-en aurkako mugimendua egituratzen hasiko da, alderdi edo mugimendu alternatibo bat sortuz. Stablishment-ak baina, AEBetako RT parekoren bat sortu edo indartzea espero behar dugu, ikusiko dugu zein izen eta forma hartuko ditzaken horrek. Bruce Sterling-en Distraction nobela gomendatzen dizuegu etorriko dena ulertzeko.

11- Jokoak diruditen arren, eragin soziala izango duten jolasak agertuko dira, eremu fisikoetan eragina izango dutenak eta jendea zerbait egitera bultzatuko dutenak. Zenbait kasutan azpiegitura oinarrizkoak zalantzaz jarriz, trafikoa kasu. Jokoek misio bat eman eta jokalariek plano fisikoan aurrera eraman beharko dituzte. Joko erreal horiek, jende masak mugitzeko gaitasuna badute, gatazka berrietan funtzio bat bete dezaketela ere uste dugu.

12- Twitter eta sare sozialek aldaketa garrantzitsuak izango dituzten urtea. Batzuk —Facebook— dena harrapatzen saiatuko dira; beste batzuk —Twitter— erosiak edo inbertsio handien ondorioz baldintzatuak. Beste batzuetan —Snapchat—, Spectacles betaurrekoekin, oraindik jendartean onargarriak ez diren proposamenen porrota ikusiko dugu.

13- Pribatutasunaren kezka handiagoa izango bada ere, jendarteko parte handi bat prest egongo da horri zuzenean uko egiteko, horretarako prestatu baitute. Biometria, hatz marken erabilera eta aurpegi bidezko identifikazioa askok arbuiatuko badute ere, beste askok zuzenean erabiltzeari ekingo diote. Aurpegi detekzioa positibotzat hartuko den urtea.

14- Running-ari lotutako joerek jendartean eragina izango dute. Runner mistikaz ari gara, ez gara betiko korrikalariez ari, Taberna berezietan elkartuko dira,  modan ere eragingo izango dute… Hipsterrak berrituko dira edo izen propiodun hiri tribu berri bat sortuko dute?

15- Teknofobia edo teknologiaren desplazamendua proposatuko dutenak ere egongo dira: batzuk zentzudunak, beste batzuk ez hainbeste. Sakelako gailuen erabilerak atentzio berezia izango du eta honen erabilera mugatuko duten espazioak sortuko dira.

16- 2017an euskarazko lehen zientzia fikzio argitaletxea sortuko da.

17- Benetako ekintzailetza soziala: kolektiboa, kooperatiboa, tokikoa eta soziala berdintasun mailan start up ereduari konfrontatuko zaion urtea izango da eta orokorrean ESE, Ekonomia Sozial Erandatzailearentzako garapen eta zentraltasun urtea izango da edozein garapen ekonomikoko estrategian, bereziki posizioak irabazten tokiko garapenean.

18- Finantza sozialen kreditu operazio garrantzitsuen urtea. Jendeak benetako apustu bezala ikusiko du. Banka komertzial masibo eta banka kontzientearen arteko gero eta bereizketa handiagoa. Kondizio ekonomikoak gaindituz bestelako proiektuak elikatuko dituzten fondoetan jarri nahiko du dirua jendeak.

19- Espainiako Estatuko Gizarte Segurantza sistemak kiebra begi aurrean dugu. Agian disimulatu eta makilatu egingo dute porrot hori, baina praktikan deuseztu egingo da. Gure esparruko burujabetza minimoa martxan jartzeko arrazoia beharko luke izan, baina presio sozialak baldintzatzen ez badu… Honen aurrean Neguko Palazioa hartzea da aukera bat (ez dugu horretarako baldintzarik ikusten); eta beste aukera bat mutualismo tresnen garapena izango da. Elkartasun estrukturen bitartez ongizatea kolektiboki antolatzen hasteko inpultso eta tresnak azaleratzen hasiko dira. Euskal Herrian benetako burujabetzarako apustu bat egongo balitz, haien gain hartuko lukete, baina egun gobernuan daudenak banka eta aseguru etxeen aldeko apustua egitearen aldekoagoak dira, beti ere esan bezala presio sozialak baldintzatzen ez badu.

20- 1917ko iraultzaren efemeridearen bueltan Komunismoaren berrindartze urtea izango da. Gure esku egongo da etorkizunerako tresna edo nostalgiarako parapeto bihurtzea.

Hau da 2016ko azken egunetan egiten dugun aurreikuspena. Zuen esku uzten dugu Etzi.pm atarian etzi izan nahi dugunaz gaur aritzeko atarian. Etorkizunera arte!

Zabaldu: