Altzoko erraldoia baino handiagoa da Kataluniako herritarrek egunotan erakutsi duten duintasuna. Baina Kataluniako erreferendumaren inguruko hausnarketak idazten hura bertatik bertara bizi dutenei utziko diet. Visca Catalunya lliure! esatearekin nahikoa dut, oraingoz. Lanak —hain txarra ere ez da— Donostiako Zinemaldira eraman gaitu, irailaren 22tik 30era, eta han bizitakoa eta ikusitakoa jasoko dut ondorengo lerrootan.

Aurreneko egunean, adibidez, Jon Elizalde musikaria ezagutzeko aukera izan nuen. Bi txirula euskarazko film txiki baina ederreko protagonista bera. Meritu handiko zinta ondu du Iñigo Garcia arkitektoak, eta espero dut pelikulak bere bidea egitea. Merezi du. Elizaldek dituen ateraldiak etengabekoak dira, eta gustatu zitzaidan aurrekoan esan ziguna: “Bizitzan denetarik egin behar da”. Filosofia polita, eta umorez aurrera eramaten baduzu, are gehiago.

Ekoizpen askoz handiagoa da Elkarrekin-together dokumentala. Istorioak badu bere lilura: 1602. urtea. Espedizio ingeles bat iritsi zen egun AEBetakoa den kostaldera, Mainera. Bartholomew Gosnold zen taldearen buru, eta haren kronikariek bertako biztanleekin izandako lehen hartu-emanen berri jaso zuten. Euskal txalupa batean zihoazen, arropa europarrez jantzita, eta inguru haietan Donibane Lohizuneko arrantzale batzuk ere ibili zirela aipatu zuten bertakoek. Placentiatik zetozela azaldu zieten. Gosnoldek Placentia of Newfoundlandi buruz ari zirela interpretatu zuen, Ternuaz, alegia. Baina hori Maineko kostaldetik oso urrun zegoela iruditu zitzaion Xabier Agote Albaolako lehendakariari, eta ikertzeari ekin zioten. Agote bera eta Igor Otxoa dokumentaleko zuzendari eta ekoizlea Zurriolako butaka telebista saioan entzun ahal izan genituen:

Iparraldeko Non filmeko egileak ezagutzeko aukera ere izan dut Zinemaldian: Ximun Fuchs antzerkigilea eta bere lehengusu Eñaut Castagnet. Askatasun, kontzientzia sozial eta indar askoko pelikula da Non. Eta, gainera, barre algara ozenak egiteko aukera eman zidan. Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak Euskal Gidoi Onenaren saria eman dio pelikulari. Hurrengo filma euskaraz egingo du Fuchs klanak, eta irrikatan nago jakiteko zer prestatuko duten. Ezin da ezer txarrik espero haiengandik.

Sail Ofizialean lehian euskarazko film bat ere bazen: Handia. Lehendik ezagutzen nituen pertsonalki Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariak, eta aitortu behar dut plazer bat dela haiekin edozer gairen inguruan hitz egitea. Baita haien Moriartikide Jose Mari Goenagarekin eta Xabier Berzosarekin ere. Jendeak galdetzen dit Handia-z. “Ikusi duzu? Zer moduz? Noiz ikusi ahalko da aretoetan?” Galdetzen duenari ikustea gomendatzen diot —urriaren 20tik aurrera aretoetan—, baina nahiago dut pelikulaz hitz egin dagoeneko ikusi duenarekin. Pelikulak gai askoren inguruan hausnartzeko aukera ematen duelako. Eta ez dudalako balizko ikuslea gehiegi baldintzatu nahi. Goraipatu nuen pelikula #Basquewood zutabean, eta susmoa dut aurkituko dizkiodala goraipatzeko osagai gehiago Hernanin (Gipuzkoa) hemendik aste batzuetara bigarren aldiz ikusten dudanean. Epaimahaiaren sari berezia eraman zuen filmak, Emma Suarez epaimahaiaren ahotan: “Herri baten esentzia eta ezberdintasunaren balioa publikoari helaraztea lortu dutelako”. Esango nuke euskarazko zinemagintzan orain arte egin diren ekoizpenen artean ere, “ezberdintasun balio bat” duela pelikulak. Behar zuela euskarazko zinemak Handia, oraindik gehiago hazteko. Altzoko erraldoiaren hezurrak etengabe hazten ziren bezala, euskal kulturak —zinemak kasu honetan— hazten jarraitzeko bidea baduelako. Hazi behar duelako, euskararen mesedetan. Pelikula mimoz egin duten bezala, mimoz zabaldu behar da orain, hara eta hona. Euskal Herrian eta mundu zabalean. Ziur nago horrela egingo dutela, etorkizun laburrean.

Etorkizun laburrean garatzen joango diren proiektuen berri ere izan dut aurtengo Zinemaldian. Telmo Esnal aspaldi ari da lanean Dantza filmean, eta Glocal in Progress saria irabazi ostean, otsailerako amaitua egongo dela iragarri du. Beste proiektu oso interesgarri baten berri izan dut Zinemaldian: Maider Fernandez Iriarteren Las letras de Jordi. Ikusmira Berriak saria eraman du, nazioarteko beste 156 proiekturekin lehiatu ostean. Garuneko paralisia duen gizon baten istorioa kontatuko du Fernandez Iriartek, Bartzelona eta Lourdes (Frantzia) artean, eta dokumentala etorkizun hurbileko ezusteetako bat izan daiteke. Zurriolako butaka-n ere eseri zen zinemagile gaztea.

Dokumental bat aurrera eramateko sari bat eraman duen beste zinemagile bat Ander Iriarte da. Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren saria eraman du Iriartek —Echevarriatik Etxeberriara-ren egilea—. El sonido del crack dokumentala egingo du zuzendariak, torturaren inguruan, Pako Etxeberria auzi medikuarekin. Irusoinen laguntzarekin ekoitziko du. Lan hori iritsi bitartean, Echeverriatik Etxeberria-ra ikusi ez duen norbait badago, filma sarean ikusteko moduan da. Balio sozio-politiko handiko lana zen hura, eta torturarena hala izango dela irudikatzen dugu. Echevarriatik Etxeberriara osorik:

ECHEVARRIATIK_ETXEBERRIARA_(sub_esp) from MIROKUTANA on Vimeo.

Horrenbestez, Zinemaldian egoteko aukerarik izan ez baduzue, datozen asteetarako nire gomendioa: Ikusi Handia, Elkarrekin-together, Bi txirula eta Non filmak. Gozatuko duzue. Etorkizun urrunagoko filmak irudikatzen geldituko naiz ni: Telmo Esnalen Dantza, Maider Fernandez Iriarteren Las letras de Jordi eta Ander Iriarteren El sonido del crack lanen zain. Baita Fermin Muguruzak 2018ko Zinemaldian estreinatu nahi duen Black is beltza animaziozko filmaren zain.

Euskal Herritik kanpoko film gutxi batzuk ere ikusi ditut Zinemaldian. Ohiko moduan, batzuk beste batzuk baino hobeak. Guztien artetik, bizitzan gauza onak opa dizkiozun jendeari gomendatzeko, lan bat: Agnes Vardaren Visages, villages. Donostia Saria ondo merezita eraman zuen Vardak. Irribarrea atera zidan pelikulak, gizaki espeziarekin berradiskidetu. Jarrai dezala Flandriako zuzendariak 120 urte arte pelikulak egiten.

Jon Garañok saria jaso berritan hala esan zuen: “Zinemaldian ikasi genuen zinema ikusten”. Ez dakit halakorik esatera ausartzen naizen, baina oroitzen dut nerabe izanda ama zenarekin atzera begirako zikloetako zuri-beltzezko film zoragarriak ikustera joaten nintzela. Oroitzen dut gaztetxoa nintzela Zinemaldiko programazioari zenbat buelta ematen nizkion, sarrerak erosi aurretik. Aurten, oroitzen dut Alex eta Pilar jatorrekin Antzoki Zaharreko ilaretan filmeen inguruan izan ditudan solasaldi ederrak. Etorriko dira Zinemaldi gehiago. Osasunez eta umorez bizi ditzagula, eta ikus dezagula euskarazko zinemagintza hazten. Etengabe hazten, infinituraino.

Amaitzeko, Aitor Arregik Maialen Unanue kazetariari BERRIAn esandako hitz batzuk berreskuratu nahi ditut: “Kultura garestia da, baina are garestiagoa da inkultura. Herri baten historia daukagu kontatzeko: guk egiten ez badugu, beste batzuek egingo dute. Edo ez. Gizarte batek beti ibili behar du antenak irekita, bere historia kontatzeko eta bizi duen garaian egon daitezkeen istorioak kontatzeko, horrek egingo zaituelako, besteak beste, herri edo gizarte”. Ozenago esan daiteke. Argiago, ez. Ez dezagun ahaztu, beraz: “Garestiagoa da inkultura”.

Besterik gabe, datorren urteko Zinemaldira arte: Zorionak Jose Luis Rebordinos, Maialen Beloki eta konpainia! Eta zorionak euskal sortzaileei!

Zabaldu: