Maite Berriozabal gai jartzaileak puntua: “Etorkizunak dakar hainbeste sorpresa”. Maialen Lujanbioren erantzuna: “batzuetan arrosa besteetan beltza / nahiz eta zilegi den denontzat ametsa / etorkizun txarrena etorkizun eza”. Etorkizunari begiratzen dio etzi.pm atari digitalak, Etzi Portu Maritimoak. Baina nahi du bizi unea. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izan da Etzi, eta gozatu du zortzi bertsolari aparten kantuarekin. Gai gartzaileak puntua: “Unea bizitzea genuke onena”. Lujanbiok: “adibidez gaur eta hementxe gaudena / gozatu lagunak ta ahaztu zure pena / gero etorriko da gero datorrena”.

Igor Estankonaren testu bat, Hegats aldizkariaren zenbaki berrian. Poesiaz. “Gaur eguneko -eta etorkizuneko- poesia izango da, nik uste, gure alde eta kontra idatzitako ariketa biderkatzaile hori, ez duena ahazten munduaren kristal guztia norbere kristaletik begiratzean”.

Lujanbio, txapelduna. “Lan gogor baten emaitza”, esan du prentsaurreko laburrean. Esther Lopez Epelde itzultzaileak txio batean ondo laburbildu duen moduan: “Transexualitatea, drogazaletasuna, prostituzioa, amatasuna… Gai horiek lantzen dituen eran landuz ate berriak irekitzen eta kate zaharrak hausten laguntzen ari da Maialen, gizartearen, emakumeen eta hizkuntzaren kateak”. Estankonaren aipura itzuliz, munduaren kristal guztia norbere kristaletik begiratzen. Mamiz eta azalez, bertso liluragarriak kantatuz. Edertasunetik. Heroinak zimeldutako lore batekin, Barakaldoko BEC zutik jarriz. Hasierako agurrean: “Gure buruaren kontra, gure munduaren alde”. Eta sentipena, Etzik BECeko giroan sentitu duena: “Trinko, baina ez artalde”.

Goizeko lehen bertsoalditatik aritu da Lujanbio koska bat gorago. Saio biziak. Beste zazpi bertsolariak ere bertso ederrak kantatuz. Sustrai Colinak oroitu digu: “Pertsona da zinezko aberastasuna”. Aberastasun pertsonaletik asko, BECen, bai antolatzaileen eta boluntarioen partetik. Entzuleen artetik ere bai.

13:53ean ikusi dugu entzuleen lehen olatua. Aurretik, Unai Agirre Carles Puigdemonten tokian jarri da. San Tomas egunean datorrena azaldu du kantuz: “Orduan jakingo det etxera joan edo neurean segi”. Beñat Gaztelumendi Marokotik iritsitako 12 urteko mutikoaren rolean, eta ikaskideei esan die: “Jar gaitezen aurrez aurre, eta hitz egin dezagun”. Esaldiak balio lezake Kataluniarako, baina Madrilek errepresioa baino ez du aukeratu. Gainontzean egunerokotasunean dauzkagun arazoekin ere hala beharko genuke: “Jar gaitezen aurrez aurre, eta hitz egin dezagun”. Sarri ez dugu nahi. Sarri ez, Sarriegi bere azkeneko txapelketan kantuan. Nonbait ikusten badugu, doinu honekin oroituko gara, noski: http://bdb.bertsozale.eus/web/doinutegia/view/3483-irun-badaukazu-zerbait

“Zapore onarekin” doala esan du Sarriegik prentsaurrekoan. Eta agurrean kantatu: “Aurkituko dugu elkar Euskal Herriko plazetan”. Azkeneko txapelketa Igor Elortzak. “Agur esaten jakin behar da. Aurrera bolie”. Edozein plazatan ere gozamena izango da Elortzaren kantaera fina entzutea.

Arratsaldeko saioan, zaletuak beroago. Olatuak sinkronizatuagoak. Bertsolariak taula gainean, gai guztiak ederki surfeatzen. Nahiz eta bakarkakoak iruditu zaizkigun, gehienak, dramara oso joak, irribarre txikiren bat atera da. Adibidez, Colinak Iñigo (Urkullu izango zela pentsatu dugu) lehendakariaren tokia hartu duenean. “Nahiz eta ordaindik mintzatzen naizen makinen gisara / klaseko tontoa zena, orain lehendakaria da”.

Ez zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Parisko manifestazioan azaldu. Aitor Mendiluzek buruz burukoan gogoratu zuenez: “Bidea ez da amaitzen Parisen”. Ez zen nolanahikoa izan Pariskoa, eta ez zen nolanahikoa izan bakearen artisauen lana. Artisauak, hitzaren artisauak BECeko zortzi finalistak. Bat-bateko bertsoan, diskurtsoa Lujanbiorena: “Bakea ez da inoiz helduko, bakea joatea da”. Joatea. “Saiatzen ez dena, ez da inora iristen”, kantatu du Mendiluzek beste une batean, gaztetan ikasi ez eta orain saiatzen ari denean. Asko daukagu guk ikasteko bertsolariez. Ez bakarrik zortzi finalistez. Eider Rodriguezek berriki idatzi zuen finalaren aurretik entzundako gaiez: “Aspaldi honetan bertso munduan duela gutxira arte isilduta egon diren gorputzak ari dira azaleratzen: emakumeak, gizon-ez-gizonak, ubeldutakoak, homosexualak, haurdunak, itsuak, down sindromedunak, zaintzaileak, zaharrak, harrerako haurrak, minbizidunak, etorkinak, ezinduak, hil hurren daudenak, erekzioa galdu dutenak, Frida Kahloak eta Mohamedak...”. Gizartean dagoena, bat-bateko bertso borobiletan -beno, agian, baten bat ez da izan hain borobila-. Baina ziur naiz Euskal Herritik kanpo iritsitako inork finala ikusten badu, eta bertsolariek egiten dutenaz jabetzen bada, ez dela epel etxera itzuliko.

Amets Arzallusek duela lau urte bertso hobeak egin zituela nabari da, baina bertsotan aritzeko jarrera, txalotzekoa. Hala esan du Argia-n: “Uste dut bertso bakoitzak bizi garen garaiaren lekukotasuna ematea zor duela, eta nik, bizi dugun momentu honekiko nire kezka eta niri zer pentsatua eman didaten gaietatik zer pentsatu pixka bat eragin nahi dudala“. Kazetaritzaren ikuspegitik ere txapelketari adi egotea interesgarria izan dela esango nuke. Hitzen artisauen esaldiengatik eta ikuspuntuetatik, batetik. Eta, bestetik, egon direlako telebista saio ederrak, proposamen iradokitzaileekin: Txapelpekoak, Aulki-jokoa eta Zautela, besteak beste.

Azkenik, Iñaki Muruak esan bezala, “denek egin dute lan aipagarriren bat finalean”. Aipagarriak eta nabarmentzeko modukoak asko. Eta bizi dugun hori guztia Bertsozale elkarteari esker izan da. Kontatu digutenez, 72 lagun daude Bertsozale elkarterako lanean. Ez dago halako egiturarik euskal kulturan, ez literaturan, ez antzerkian, ez zineman, ez arte plastikoetan. Muruak erreleboa emango dio hilabete batzuk barru elkarteko lehendakari berriari. 2005etik aritu da zeregin horretan, eta hunkituta mintzatu da final osteko prentsaurrekoan.

Zorte ona opa diogu iristen den lehendakari berriari. Zorte ona bertsogintzari. Bertsolaritza ez dadila izan erkin. Nahiz eta txapeldunak kantatu duen, sare sozialetatik hartuz, eta bere buruari barre eginez: “erkin eta jarrai”. Opa diogu bertsoari etorkizun bat goxoa eta beroa. Euskal kulturan dena ez da bertsoa, baina BECen ikusitakoak eman digu indarra. Oihana Iguaranek Iruñeko finalerdian kantatu zuen moduan: “Irautea ez da dena, ospa dezagun garena”. Jarrai dezagun, luzaroan ospatzen. Eta oroitu Mendiluzek esana: “Ni ez baldin banaiz mugitzen dena, beste norbait izango da!”.

Maialen Lujanbioren agurra horra, gerokoentzat:

Herri hau herri egin al dugu
ze eman du bizikidetzak?
Zenbat eman du euskalduntzeak
ez behar beste guretzat.
40 urte eta garaia da
egurasteko ametsak
Akaso hortan bertsolaritza ona da adibidetzat
Beti ez du goitik behera egiten
transmisioaren trentzak
Guk behetik gora ikasi dugu
ta zabaldu muga ertzak
Lehengoekin ta gaurkoengandik
txapel hau gerokoentzat.

Zabaldu: