Etzi eta Pitz elkarrizketa sorta II: Maddi Ane Txoperena.

Maddi Ane Txoperena (Hendaia, Lapurdi, 1994) Blai gazte telebistan koordinatzaile lanetan ari da. Berrian zutabegile, Topatu.eus atarian buru belarri. Hainbat saltsatan murgilduta dago. Bardoak Nafarroako taldekako bertso txapelketan ere parte hartzen ari da.

Irun eta Hendaia arteko muga egunerokotasunean zeharkatu izan dudan muga bat izan da, baina pertsonalki ez da izan muga bat. Oso harreman erraza izan dut beti Hendaia (Lapurdi), Irun (Gipuzkoa) eta Lesaka (Nafarroa) artean.

Bai, halakoak egunero entzuten dira. Guk familian askotan entzun izan diegu batzuei “zuek Frantzian bizi zarete!” esaten. Niri halakoek beti txokatu eta haserretu izan naute. Hori esaten dutenei beti erantzun izan diet: “Eta zu zer bizi zara Espainian?”. Orokorrean jendeak muga politiko-administratibo horri muga psikologiko asko gehitzen dizkio, eta horrek egiten du muga are gehiago indartzea. Hego Euskal Herriko jendea Hegoaldera eta Espainiara begira bizi da, eta Ipar Euskal Herriko jendea ez hainbeste. Iruditzen zait orokorrean Ipar Euskal Herriko jendeak gehiago begiratzen diola Hego Euskal Herrira, alderantziz baino.

Politikarekiko interesa duen jendearekiko, bai. Baina harremanei eta egunerokotasunari dagokienez, ez hainbeste. Iparraldeko jendea errazago joaten da Donostiara edo Bilbora egun pasa edo ikastera. Hegoaldetik Iparraldera, zailago. Zenbaitek esaten dute: “Iparraldera noa oporretara”. Iparraldea gune homogeneo balitz moduan, gauza bera balitz bezala Zuberoara joatea edo Lapurdiko kostaldera joatea.

Bai, bai, muga psikologikoa bi aldetan dago. Hori, ziur.

Ongi. Bigarren eta hirugarren mailaren artean nago. Hasi eta utzi ibili naiz, baina oso gai interesgarria da. Antropologiak mundua eta gizartea begiratzeko tresna interesgarriak ematen dizkizu. Beste gizarte batzuetan gertatzen dena ikertzen da, baita gure gizartean gertatzen direnak beste ikuspegi ezberdin batzuetatik ere. Gizarteari begiratzeko prisma interesgarria ematen du. Eta baliagarria izan daiteke beste edozein esparrutarako.

Bai, oraintxe hasi gara Nafarroako taldekako txapelketan. Lehengusuak, ahizpak, anaiak eta laurok osatu dugu taldea. Txikitan eskolartekotan ibili nintzen, eta plaza batzuetan aritzeko aukera izan nuen. Baina gero saturatu nintzen, eta bigarren maila batean utzi nuen bertsolaritza. Baina beti mantentzen dut lotura bertsoarekiko.

Gaur egun dudanarekin, pozik nago. Bertsozalea naiz. Bertsotan, gogoaren arabera aritzen naiz. Modu serioago batean aritzeak asko lantzea eskatzen dizu, eta egunak 24 ordu dauzka, aukeratu egin behar da, eta denarekin ezin da. Hitzarekin jolasteko modu polita da bertsoa. Esango nuke txikitan asko ikasi nuela bertsoari esker, baina ez plazetan kantatzeagatik. Sortutako harremanak garrantzitsuak izan dira. Bertso udalekuetan eta beste saio batzuetan lagun asko egin ditut. Bestetik, antropologiarekin esan dudan bezala, bertsoa gizartearekin oso lotuta dagoen zerbait da. Bertso saioetan kantatzen diren gaiak gizartean daudenak dira.

Kosta zaigu hastea, baina hasi gara eta pozik gaude. Lantaldea koordinatzen nabil beste batzuekin batera, eta Mahai gainera saioan parte hartzen dut. 2016ko abenduan sortu zen telebista egiteko ideia, eta urte bateko prozesua izan da. Lehen saioak estreinatu ostean, presioa kendu dugu gainetik, eta gurpila martxan da. Uste dugu hobetzeko aukerak badauzkagula.

Asmoa webserie bat egitea da, baina ez da izango atal batetik bestera haria mantenduko duena. Atal bakoitza independentea izango da.

Bai. Hasieratik argi genuen Kanalduderekin eta Hamaikarekin elkarlanean aritu nahi genuela. Haiekin harremanetan jarri ginen, eta prestutasuna azaldu zuten gure saioak emititzeko. Beraiek ere ilusioz hartu dute proiektua.

Urteen poderioz heldutasun eta sinesgarritasun bat hartu du euskal komunikazio esparruan. Gazte mugimenduari ahotsa ematen dion proiektua da.

Garai oso interesgarrian dago. Mugarri bezala, 2016an Barañainen (Nafarroa) egin ziren Gazteraiki topaketak jarriko nituzke. Gazte ugari elkartu ginen hiru egunez, eta ildo ezberdinetan banatuta, proiektu ugari proposatu ziren. Batzuk aurrera doaz, eta beste proiektu berri batzuk sortu dira. Txip aldaketa ekarri zuen. Lehen erantzun logika batean zegoen mugimendua, eta aldarrikapenera lotzen zen asko. Edonola ere, ñabardurak daude…. Gazteraikitik aurrera, ikusi dugu alternatiben eraikuntzan jarri behar dugula indarra. Azken finean, nahi dugun gizarte eredua eraiki nahi badugu, ez da nahikoa aldarrikatzea. Guk nahi dugun gizarte eredua eraikitzeko proiektuak sortu behar ditugu. Logika horretan sartuta ikusten dut gazte mugimendua. Pauso gehiago eman nahi dira. Komunikazioaren alorrean, Blai telebista da horren adibide.

Egia da gazte batzuk saltsa askotan gabiltzala, eta berehala enteratuko gara Blairen modukoez. Baina badaude gazte asko beste gauza batzuetan dabiltzanak. Arrakala dago gazte mugimenduan gabiltzanon eta ez daudenen artean. Blai telebistaren bitartez helburua da beste gazte espektro zabal batera iristea, baina zailtasunak ditugu horretarako. Asmatu behar dugu gaietan zabaltzen. Musikari gazteen saio bat egingo dugu Kanalduderekin, eta horrek proiekzioa izan dezake. Webseriearekin ere lor dezakegu.

Azkeneko urteetan indar handia lortu du mugimendu feministak. Talde asko sortu dira toki pila batean. Hegemoniko bihurtzeko bidean ikusten dut. Egoera interesgarria da.

Oso ondo iruditzen zait deialdia. Ea jendeak erantzuten duen. Topatu-n zalantzan gaude zer egin: greba egin nahi dugu, baina ez dugu utzi nahi greba kubritu gabe. Ikusiko dugu zer egin, baina alde batean ala bestean, mobilizazioetan egongo gara.

Mugimendu feministaren protagonismoa emakumeok hartu behar dugu, eta lehen lerroan emakumeok egon behar dugu, zapalduak garen heinean. Baina horrek ez du esan nahi gizonek ezin dutenik ezer egin. Gizonek ere kontzientziatzeko lana egin behar dute. Badaude gizon taldeak gogoetak egiten ari direnak, zentzu horretan. Gizarte osoa parekide bihurtzea izatea nahi badugu, gizonen parte-hartzea ere ezinbestekoa izan beharko du. Gizonek gune batzuetan bigarren maila batean jarri beharko duten euren burua, emakumeei lehen lerroa uzteko.

Argi dago parekidetasuna ez dela lortu oraindik. Horregatik egin behar da borroka, eta horregatik da hain garrantzitsua mugimendu feminista. Etxeko langileen adibidearena bezala, gazteen artean oso errotuta dago egun prekarietatea, eta emakume gazteena da sektorerik prekariezatuena. Inguruan ikusten dut gazteek ikasketak amaitu ostean ez dutela lana aurkitzen edo aurkitzen duten lana oso prekarioa dela, soldata oso kaskarrekin. Alternatibak ere sortu beharko dira. Esate baterako, langile gazteen sarea sortzen ari da, prekarietate egoeretan erantzuteko. Ekonomia sozial eraldatzailean ere badaude gazte batzuk proiektu propioak sortzen ari direnak. Etxebizitzari dagokionez, badaude proiektu batzuk. Errenterian (Gipuzkoa), adibidez, etxebizitza komunitarioko proiektu bat sortzen ari dira gazteentzat, udalaren laguntzaz. Horiek are gehiago sustatu behar ditugu.

Euskal Herriaren independentzia behar dugu, bestak beste. Frantziaren eta Espainiaren menpe bizi garen heinean, horrek ez digu uzten herri bezala aurrera egiten, ez ikuspegi nazionaletik ez beste esparru batzuetan ere. Aurrerapausoak eman nahi ditugun bakoitzean, Espainiatik eta Frantziatik bidea mozten digute. Zentzu horretan interesgarria da independentzia lortzea, gure proiektu propioa eraiki ahal izateko.

Baina katalanek aurrerapauso handiak eman dituzte. Bidean pixka bat ataskatuta daude, eta pena da. Baina sekulako pausoak eman dituzte. Kataluniatik badugu zer ikasi. Euskal Herrian ere ezin gara beti zain egon; hasi behar dugu nahi dugun herria eraikitzen, independentziaren eguna iristen denean herri ahalik eta aurreratuena izateko. Ez dadila independentzia formal hutsa. Gizartea ere aldatu nahi dugu.

Bai. Lan handia daukagu egiteko, baina pixkanaka proiektu ezberdinen bitartez, eta antolakuntzaren bitartez, lor daiteke. Baina herri guztiarekin batera egin beharko dugu, ez da soilik gazteok egin behar dugun zerbait.

Borondate politikoaren esku dago neurri batean gizartea euskalduntzea. Euskal Herrian Euskarazek esan du ereduen sistemak —A, B, D— porrot egin duela. Katalunian katalana de facto erakusten da eskola guztietan. Hemen zergatik ez da hori egiten?

Bai, bertan are gehiago. Egun Ipar Euskal Herrian ezin duzu eskola publikoan euskaraz ikasi, eta hori sekulako oztopoa da. Gainera, Frantziak ez du sekula euskararen ofizialtasuna onartuko. Frantzia oso zentralista eta jakobinoa da zentzu horretan. Korsikarekin gertatzen ari dena horren erakusle.

Euskalduna, feminista… Baina Euskal Herria, noiz?

Burujabetzari dagokionez, independentea ez dakit, baina prozesu independentista indartsu batean murgilduta, bai, behintzat. Gizarteari dagokionez, ikusten da gero eta prekarioago eta lan baldintza kaskarragoekin gaudela. Hori aldatzen den ala ez, egiten den borrokaren araberakoa ere izango da. Ea hamar urte barru proiektu kooperatibo pila bat dauden. Egun baino gehiago egongo direla iruditzen zait. Aldaketa teknologikoei dagokienez, beldur pixka bat ematen du. Abiadura handian doaz aldaketa teknologikoak. Lesakako amatxirekin harreman handia daukat, eta hark ez ditu ulertzen gaur egun dauden gauza asko. Belaunaldi horrek ez du Internet eta beste gauza batzuk izan, adibidez. Aurreko batean, tailer bat eman genien 12-15 urte arteko neska-mutiko batzuei. Sakelako telefonorik gabeko mundu bat irudikatu eta film labur bat egin behar zuten. Oso zaila egiten zitzaien irudikatzea mundua sakelakorik gabe. Harrituta gelditu ginen. Teknologia ez badugu modu kontzientean erabiltzen, tresna arriskutsuak bihur daitezke eta indibidualizaziora eramango gaituzte, gero eta gehiago.

Egin dezakegu Xabier Alegriarekin batera, Hernanin bertan? Plana ondo iruditzen zait. Hamar urte barru ez naiz hain gaztea izango, eta gazte mugimenduaz ez didazu galdetuko. Euskal errepublikaz hitz egin ahalko dugu agian, Alegriarekin batera.

Zabaldu: