Garai onak dira telebistan ZiFia ikusteko. Une honetan ni maitasun-karratu bizarro batean sartuta nago Westworld, The Expanse eta Legion telesailekin. Bikainak hirurak, berezia bakoitza, eta ezin aukeratu bata bestearen gainetik jartzeko (baditut nire iritziak, baina aldatuz noa denborarekin).

Edozelan ere atzo Legion telesailaren bigarren denboraldia ikusten amaitu nuen 19. atalarekin. Eta hain izan da anti-klimatikoa (epikoki klimatikoa den arren aldi berean), desatsegina (baina beharrezkoa) eta gogorra (baina helduleku moral argi eta definitiborik gabea), ezen merezi duen tarte bat hartzeak.

SPOILERREKIN HASIKO NAIZ. Abisatuta zaudete.

Has gaitezen amaieratik: Marvel unibertsoko superheroi telesail bateko protagonistak bere neska-laguna bortxatzen du 19. atalean. Horretarako bere botere psikikoak erabiltzen ditu Sydney Barretten memoria borratu eta harreman sexualak izateko.

Ekintza honek ondorio diegetikoak ditu istorioan, inguruko pertsonaiek harrapatu egiten dutelako (Syd-ek berak azalduko dio zer egin duen, atalaren amaieran David Haller protagonistari: “Drogatu egin nauzu, eta sexua izan duzu gero nirekin”), baina extradiegetikoki ere pertsonaiaren heroi/bilau izaeraren eta bortxaren (baita sexualaren ere) inguruko lurrikara bat eragiten duela iruditzen zait. Ez dut uste telesailak bortxaketaren gaia tribializatu edo gainetik kendu nahi duenik, alderantziz, 2. denboraldi osoa bortxaketaren eta boterearen inguruko ikus-entzunezko saiakera bat izan dela iruditzen zait.

Ez dakigu zer gertatuko den Davidekin hemendik aurrera. Aukera asko zabaltzen ditu serieak. Baina badakigu ez dela ezer berdin izango. HAU GERTATU EGIN DA, Tori Amosen (bortxaketaren biktima izandakoa bera) Cornflake girl abestiaren bertsioarekin amaierako kredituek azpimarratzen diguten bezala:

This is not really, this, a-this
This is not really happening

You bet your life it is
You bet your life it is

Narratiboki oso erabaki ausarta iruditu zait, telesailaren pretentsio artistiko-intelektualoideetatik askoz harago “kuestio” politiko bat mahai gainean jartzeraino: ze harreman daukagu boterearen eta bortxaketaren artean? Bortxa fisiko elegantera ohitu egin gara, eta MTV erritmora bizi ditugu superheroien borroka emozionanteak: muturrekoak, ezpatak, arma automatikoak, izpi hilgarriak eta kamehameak. No problem. Baina Legion-eko bortxa beste bat da. Ez da elegantea. Ez da heroikoa. Biolentzia hutsa da, boteredunek besteengan egikaritzen duten|dugun bortxa hori.

David Haller da noski une honetan susmagarri nagusia, baina egin dezagun errepaso bat: telesail osoa bortxatzailez josita dago.

Pertsonaia nagusiak bortxatzaile ditugu orduan, modu batean edo bestean. Kontua, noski, gure heroiak bortxatzaileak direla konturatzean datza. Bilauengan ondo daramagu bortxarena. Bortxatzaileak “besteak” baitira, ez gu. Baina Legion-ek argi jartzen du asuntoa mahai gainean: ez dira besteak, gu gara.

Momentuz horixe. Asko esan liteke telesail honen inguruan, eta espero dut 19. atal honek ekarriko duela zeresana aurrerago ere. Apustu inportante bat egin dutela iruditzen zait, telesail batekin eta pertsonaia batekin zerbait egiteko apustua. Ikusiko dugu 3. denboraldian zer egiten duten honekin.

Hala ere denetarik irakurri daiteke sarean perspektiba feminista ezberdinetatik irakurrita. Zuek zer deritzozue? Apustu ausarta izan da ala hanka-sartze izugarria? Zabaltzen digu biderik, ala alderantziz?

Zabaldu: