Ingurura begiratzen zuen bakoitzean iraganeko Hoxha guztiak Khrustxev bilakatzen zitzaizkion. Borroka sektorialak. Ezker identitarioa. Fronte zabala. Aiztoa nola irensten zuen listua ortodoxiaren tamainako perbertsioak irakurri behar zituenean aspaldiko partez testu osasuntsuki dogmatikoen zurruntasun halabeharrezkoa galdua zuten SBAKeko txostenetan.

Baina heltzen da puntu bat zeinetan dizipina zerekikoa eta norekikoa den galdetu behar diozun zure buruari. Gimnasia iraultzailea.

Eta Egiazko Marxialista baten pazientziak bere mugak ditu.

Urak gainezka egin dezan eragin baitezake tanta bakar batek. Eta tanta hura Komsomoleko batukada-lipdubaren bideoa izan zen. Pioleta bilatzea, hor lehen bulkada. Institutuko atarira joatea, eta, Brezhnevek Honeckerri nola, musuak banatzen hastea, bigarrena. Keinuon karga sinbolikoa gaizki ulertua izango zela konprenitu, eta oraindik XX. mendearen lurrin zital bezain etxekoa zerion taberna apurretakora zuzendu zen, gizalegezko kamaradak horditzen ziren modura horditzera. Itzulingururik gabe. Errealismosozialistaki.

68 madarikatu hura.

Osaba Josif bizirik balego.

Bizirik

balego.

Edalontzia atoan hustu eta zigizagaka baina determinazioaren dirdira begietan egin zuen etxerako bidea. Bazen itxaropenik.

Aral lehortu zuten ingeniariak, Katiusha jaurtigailuen sortzaileak, Soyuzen diseinatzaileak. Berdin zion nondik hasi, haritik tiraka hastea beste erremediorik ez zuen, halakoxea da patu iraultzailea.

Izango da fidatzeko moduko zientzialaririk oraindik. Leninen momia GIF bilakatu baitute, baina Osabaren hilotzaren profanazioa parasitoen erauzketa purifikatzailea bilakatuko du barregai, gutarra izango da.

Harro legoke. Harro egongo da.

Heldu da berpizteko ordua. Materialistaki berpizteko. Heretikoak, Batzorde Zentralak ez du barkatuko.

Irudia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Partisans_in_Tirana.jpg

Oharra: F Gordailuak azken 17 bosturtekoetan egindako jasoketa eta dokumentazio lan numeriko eta automatizatuari esker, etorkizunetik (edo iraganetik) berreskuratutako dokumentu giltzarri bezain kriptikoa da hau. Honen inguruan informazio gehiago ematerik duen pertsona* interesatu oro gurekin harremanetan jartzera gonbidatzen dugu. Iruzkinen bidez mesedez.

F Gordailua

Zabaldu: