KONFIDENTZIALA/KONFIDENTZIALA/KONFIDENTZIALA/KONFIDENTZIALA

Gasteiz-Durango hyperloop putzuaren zundaketan, gure sistemak honako audioa eskuratu zuen. Pasarte batzuk ezabatu dira, beste batzuk ezin izan dira ondo transkribatu, interferentziak eta entzumen eskasa zela eta. Gaiaren garrantzia dela eta, ikerketa gehiago egiteko beharra dagoela uste du Segurtasun eta Informazio Agentzia honek:

“Lurkideok, azkenean iritsi da mende luze honetan egindako proiektua argitzeko unea. Izena duena, bada. Horregatik izenik gabe mantendu duzu proiektu hau, ez izateko, inork ez zezan ezagutu. [Entzunezina] bizi zenetik amestutako ideia izan da, Euskal Herriko kobazuloak lotzea, hain zuzen ere. Lurkideok! Badakizue instalazio ezberdinak egin ditugula lur azpian. Badakizue zenbat sufritu dugun. Badakizue nola aritu diren lurra irentsi nahi duten horiek gure herria zulatzen, gure sekretua aurkitu nahian. Saiatu dira tunelekin, saiatu dira akuiferoak suntsitzen, saiatu dira frackingarekin, eta saiatzen jarraitzen dute. Ez gaituzte aurkitu.

Argiak izan gara. ██████████ lurkidea STMAn bertan izan dugu sartuta, euren zulaketak desbideratuz, euren proiektuak saboteatuz. Jakin izan balute zein zen gure benetako asmoa Mairulegorretan; jakin izan balute ██████████████ nola aritu zen Zugarramurdin. [Entzunezina] espeleologian ere eman ditugu aurrerapenak. Margo ederrak egin ditugu, kobazulo kritikoen sarrerak ixtera derrigortuz. Jokaldi ona, lurkideok, jokaldi ona Bizkaiko Espeleologia taldearena [Txaloak entzuten dira]. Txaloak ere, noski, Ekainberri diseinatu zutenentzat! Eurek gabe ezingo genuke makinaren instalazio guztia Ekainen egin! [Txalo zaparrada]

Lurkideok! Makina prest dugu, sarea osoa prest dugu! Larratik Torca del Carlistara, Ekainetik Anbotora… nahi dugunean lurpean izkutatu, nahi dugunean kanpora atera gaitezke. Makina prest dago! Iritsi da Aita Barandiaranek amestutako unea.

[Zati entzunezin luzea, gure zulaketa makinen zarataren ondorioz]

Gutxien espero dutenean egingo diegu aurre, gutxien espero duten lekuan, eta espero ez duten bezala.

Izenik ez duena ez da. Izena emateko unea da. Bagarelako. Gora Barandiaran Proiektua!”

Agentzia honek ez du gomendatzen ██████████ funtzionarioaren aurkako neurririk, behin bere lana ezagututa. Beraren bidez Lur4a makina horren ezagutza lortzea proposatzen dugu. Kontraespioitza bideak irekiko ditugu. Kode izena: Munibe operazioa.

Irudiaren jatorria

Zabaldu: