Etzi eta Pitz (XI): Asier Garaialde.

Euskal Herriko lehen telekomunikazio operadore kooperatiboa sortu zuen Asier Garaialdek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1971), 2017an: Izarkom. Talde eragileko kidea da, Aitor Garcia Uralde, Arkaitz Sudupe, eta Gari Garaialde eta Iker Garaialde anaiekin batera. Elektronika ikasketak egin zituen, Martuteneko lanbide heziketako zentroan. Hondarribian,”hazi, bizi eta sufritu”. Urteak daramatza berdintasunaren alde lanean Jaizkibel konpainia mistoan. Argitasunez hitz egiten du Garaialdek.

Nola bururatu zitzaizuen Izarkom sortzea?

Ez zitzaigun derrepentean bururatu. Denborarekin lantzen joan ginen proiektu bat izan zen. Oso teknologia zalea izan naiz beti, eta kezka izan dut herri komunikazioa lantzeko. Gogoan dut nola duela urte pilo bat antenak egiten aritzen ginen. Nire helburua izan da beti telekomunikazio burujabetza sustatzea, herritar sare bat egitea. Kataluniako Guifinet proiektua ezagutu nuen duela 11 urte inguru. Euskal Herrian behar genuenerako baliagarria ikusi genuen: herritik herriarentzat sortutako sarea. Haiengandik ikasiz eta gure esperimentuak eginez, duela zazpi urte inguru sortu genuen lehen Guifinet sarea. Azpiegitura herrikoi eta banatuen beharra ikusi genuen, enpresa transnazionalen hankapetik atera ahal izateko. Taldetxo bat aritu ginen urte batzuetan Euskal Herrian Guifinet sarea sustatu nahian, bereziki Gipuzkoako Tolosaldea eskualdean. Hogei udal baino gehiagoren inplikazioa lortu genuen. Internet zerbitzua iristen ez zen tokitara iristen saiatzen ginen modu horretan. Baina gure asmoa zen soilik azpiegitura sortzea, eta gero herritarrek beraiek zerbitzua kudeatzea. Ikusten genuen ez zuela inork operadore bat sortzen, eta zerbitzua guk ere eskaintzea pentsatu genuen. Eboluzio bat izan zen, horrenbestez. Sareak egiten urteak pasatu ostean, operadorea sortu eta zerbitzua eskaintzea izan zen hurrengo pausoa. Bide natural bat izan zen, telekomunikazio jabetzaren bila.

2017aren bukaeran aurkeztu zenuten Izarkom kooperatiba. Nolakoa izan zen sorrera?

Ideia urte bat lehenago bagenuen, baina denbora asko galdu genuen arlo burokratikoan. Argi genuen nolako antolakuntza nahi genuen: ahalik eta demokratikoena; kooperatibaren langileen, bazkideen eta kolaboratzaileen artean, ahalik eta demokratikoena. Nahiz eta Katalunian eredu hori zabalduta egon (kooperatiba integrala izenarekin), Euskal Herrian ez zegoen halakorik. Eta hutsetik sortu genuen eredua. Kataluniako kooperatibekin eta hemengo aholkulariekin hitz egin genuen, eta kostatu zitzaigun eredua lantzea. Kooperatiben erregistroan esan ziguten lehenengoak ginela Euskal Herrian eredu horrekin, eta harrituta gelditu ginen. Kooperatiba integralaren ereduarekin gaude inskribatuta.

Sakelako telefonoetarako zerbitzua eskaintzen duzue. Baina laster finkoa ere eskainiko duzue, ezta?

Bai, udaberrian hasiko gara zerbitzu finkoa eskaintzen, soilik sare libreen bidez, eskualdez eskualde. Sakelakoetarako eskaintzen dugun zerbitzuari dagokionez, ez dugu ezezko askorik jasotzen, gure proiektuko kideak izan nahi duten horiek argi dutelako nora eta zertarako datozen. Argi dute ez dela beste operadore bat, proiektu ezberdin bat dela. Hau ez da eskaintza komertzial bat. Herrigintza proiektu gisa aurkezten dugu hitzaldietan. Datorrena badaki zertara datorren.

Zer moduzko datuak lortu dituzue lehen hilabeteetan?

400 erabiltzaile baino gehiago ditugu jada. Bazkideak 500 inguru dira. Badago jendea zerbitzua oraindik jasotzen ez duena, baina bazkide dena proiektuaren helburuekin bat egiten duelako.

Bezero arreta duzue. Zuen sim txartela jasotzen duenak arazoak baditu, zenbat denboran konpontzen zaio arazoa?

Ahalik eta denbora laburrenean. Harreman estua dugu erabiltzaileekin, proiektu bereko kideen artekoa da. Oso denbora gutxian konpontzen ditugu arazoak. Alternatibak modu hurbilean eskaintzen ditugu. Larrialdi bat badu erabiltzaile batek, autoa hartu eta eskura txartela eraman izan dugu. Frantsesez eta gaztelaniaz ulertu eta hitz egiten dugu, baina gure zerbitzua, defektuz, euskaraz da. Euskalduna da zerbitzua.

Aipatu dituzu beste operadoreak. Movistar, Euskaltel, Vodafone… Handi horiek gardenak al dira fakturetan?

Ez. Ez dira gardenak. Arrazoi garrantzitsuena da, haien helburu bakarra dirua irabaztea dela. Ez dute inolako erreparorik edo lotsarik amarruak erabiltzeko, bezeroei ahalik eta diru gehien ateratzeko. Fakturak tranpekin iristen zaizkie erabiltzaile askori. Haien egituretan ere ez dira gardenak: oso eredu kapitalista dute.

Enpresa handi horien marketinaz eta publizitateaz zer esan dezakezu?

Bezeroak erakartzeko duten aukera zerbitzu eskaintza da. Abiadura handiagoko zerbitzua eskainiko dutela saltzen dute, zerbitzu ona dutela. Baina jendeak ez du abiadura hori erabiltzen, eta publizitatean saltzen duten abiadura ere ez dute eskaintzen. Jendeak 80-90 euro ordaintzen du konexio bategatik, eta erabilera berez horren hamarren bat da. Konexioaren hamarrena ordaindu beharko luke, ordea. Amuak botatzen dituzte, halaber: prezio ona hiru hilabeterako, eta gero dirutzak ordaindu behar izaten dira.

Argazkilaria: Gari Garaialde / Bostok Photo

Izarkomen, aldiz, baduzue aukera publizitatea egiteko?

Badugu aukera publizitatea egiteko, baina ez gaude ados publizitate eredu horrekin. Gure asmoa ez da beste operadore transnazional horiek bezala ahalik eta diru gehien irabaztea. Gure helburua da zerbitzua bermatzea eta herritar orok konexioa eskubidea izatea, aukera izatea. Gure proiektua zabaldu behar dugu, ezagutzera eman behar dugu, hori bai. Horretarako hitzaldiak ematen ditugu herriz herri. Eta azoka alternatiboetara joaten gara. Argi utzi nahi dugu zein den gure helburua. Herritarrei aukerak ematen ere saiatzen gara, eta dituzten erabileren berri ematen diegu. Proiektua da jendeari ulerrarazi nahi dioguna.

Nolako harremana duzue Goienerrekin eta antzeko beste kooperatibekin?

Oso harreman ona daukagu. Izarkom OlatuKoopeko partaide da. Gure proiektua lantzen aritu ginenean, Goienerreko bultzatzaile Joanes Maizak asko lagundu zigun. Harekin asko hitz egin genuen ereduaz. Goienerreko bulego soziala Ordizian dago, eta gurea ere bai haienaren alboan. Bulego operatiboa Irunen dugu, bestalde. Goienerrekoek gure proiektuaren berri ematen dute.

Herritarrek erabaki asko hartu behar dituzte. Nola definituko zenuke herritar batek argia eta telefonoa enpresa handi bati baino kooperatiba txiki bati ordaintzeko har dezakeen erabakiaren ekintza?

Gizarte justuago baten aldeko jarduera. Ez da produktu hobeago baten bila doan ekintza, baizik eta gizarte justuago baten aldekoa. Gizarte antolaketa eredu ezberdin baten alde egiten dute energian, telekomunikazioan edo elikaduran kooperatiben kide bihurtzen direnak.

Aukerak ikusten dituzu gaur egun herritar burujabeago izateko, nahiz eta bi estatu handiren menpe egon?

Bai, aukerak ikusten ditut. Horregatik lantzen ditugu proiektu hauek. Mugak daude, gure estatu propioa ez izateak bere mugak ditu. Gure lanketek blokeoa dute, bi estatu menperatzaile ditugulako gainean. Nahiz eta bi estatu menperatzaile horien menpe jarraitu, ordea, lekua dauzkagu burujabetzak lantzeko. Itxaropentsua naiz.

Ultraeskuineko indarrak Europan gero eta gehiago ari dira zabaltzen. Gero eta indartsuago daude. Aipatzen da Santiago Abascalen Vox alderdiak emakumeekiko duen jarrera. Baina hemen, aldameneko herrian (Irungo Izarkomeko bulegoan egin dugu elkarrizketa), Hondarribian EAJk alardearekin duen jarreraz zer esan dezakezu?

Gizartea beste eredu batera eraman behar denaren adibide bat gehiago da. Voxen politika matxistak hor daude. Eta Hondarribian, EAJk alarde matxista bat babesten du. Gure borroka esparruak landu behar ditugu. Ez da borrokatu behar ez den esparru bat, EAJ delako.

Hondarribian ezker abertzalea bitan zatitu eta bi zerrenda aurkeztu ziren azkeneko udal hauteskundeetan. Batu al daitezke biak epe laburrean?

Datozen hauteskundeetan ez dira batuko. Epe ertain-luzera? Denborak esango du. Alardearen arazoa konpontzen ez den bitartean, ez behintzat. EH Bilduk hasieratik esan zuen emakumeen parte hartzea alardean defendatu behar zela; aurretik ezker abertzaleak ere bai. Hautagai zirenek onartzen zuten borroka feminista babestuko zutela, eta ez zutela parte hartuko alarde matxistan. Zinegotzi batek proposatu zuen bere alaba kantinera alarde matxistan ateratzeko, eta bera ere alboan ateratzeko. EH Bildutik esan zioten kontraesan bat zegoela hor, eta ezin zirela bi gauzak egin: zinegotzi izan eta alarde matxistaren alde egin. Zinegotzi kargua utzi zuen, eta beste bi zinegotzik ere bai. Harrituta gelditu nintzen gertatu zenarekin. Eztabaida horretan, militante batzuk ere haien alde azaldu ziren. Hortik sortu zen ezker abertzaleko beste talde politikoa.

Gaiez aldatu dezagun. EITBko hartzaile gisa, EITBk ikuspegi euskaltzalea duela iruditzen al zaizu?

Gaur egun, ez. ETB produktu folkloriko hutsa izatera bideratu da. Albistegietan, adibidez, euskarazko Gaur egun kasik bakarrik da ikusteko Athleticek edo Realak zer egin duten ikusteko. Gaztelaniazko albistegiek dute pisu guztia, eta euskaraz ez dira analisiak egiten bizi dugun egoeraren inguruan. Iritzi saio guztiak gaztelaniaz egiten dira. Euskarazko produktua folklorikoa da.

Etorkizunari begira, zer garrantzi izan dezake Euskal Herrian OlatuKoopek indarra hartzeak? Katalunian aurreratuago daude, ezta?

Katalunian aurreratuago daude, bai. Katalunian kooperatiba demokratikoak askoz gehiago dira. Urte asko dira kooperatibekin lanean ari direnak. Oso aurreratuak daude gurekin alderatuta, eredu ekonomiko eraldatzailean. Euskal Herrian horrelako eredu bat garatzea nahita nahiezkoa da. Eredu sozioekonomiko eraldatzaileak gauzatzea behar beharrezkoa da. Harritzen nau zein garrantzia gutxi ematen dioten mundu politikotik horrelako ekimenei. Politikariek argi izan behar dute Euskal Herriaren berrantolaketa eta helburua sektore horietako burujabetzatik etorriko dela.

Hamar urte barru nola irudikatzen duzu zure burua eta Euskal Herria?

Neure burua orain bezala, hamar mila proiektutan sartuta. Helburu sozialen bilaketan, eraldaketa baten bila doazen proiektuetan sartuta. Euskal Herrian aurrerapauso garrantzitsuak emango ditugu datozen hamar urteetan. Ezin gara denbora-pasa ibili, zerbait gertatuko denaren zain. Itxaropentsua naiz, Jaizkibel konpainiaren etorkizunarekin ere bai. Baikorra izan nahi dut.

Argazkilaria: Gari Garaialde / Bostok Photo

Elkarrizketa hau hamar urte errepikatzen badugu, non egingo genuke eta zeri buruz hitz egiteko?

Hementxe bertan egingo genuke, Izarkomen bulegoan. Esango luke indarrean gaudela. Izarkom bezalako proiektuek izan duten arrakastaz hitz egingo genuke. Eta halakoak nola bihurtu diren beharrezkoak gizartearentzat.

Zabaldu: