Bego Zuza: “Erraustegiarekin hemendik urte batzuetara gertatuko da amiantoarekin gertatu dena”

Etzi eta Pitz XIII: Bego Zuza.

Bego Zuza Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1960an. Bertan bizi da eta herriko gizarte mugimenduetan inplikatutako emakumea da. Zero Zabor taldeko kidea da. Argia aldizkariko lehendakaria da, baina ez dio karguari garrantzirik ematen. Ikusten dituen bidegabekeriei ematen die garrantzia gehiago. Halakoen aurrean, ez da hitz soiletan edo geldirik geratzen den horietakoa.

Argia-k zuzendaririk ez izatea erabaki du. Baina badu lehendakaria. Zein da zure karguak bere gainean dituen ardurak eta betekizunak?

Argia SL bat da, eta behartuta gaude administrazio kontseilu bat izatera. Nire figura erabat sinbolikoa da, ez besterik. Baina zerbait gertatzen bada, ardura nire gainera etorriko da. Administrazio kontseilu bat dago eta orain niri egokitu zait lehendakaria izatea. Baina hurrengoan beste bat izango da. Bestetik, gaiaren arabera langile bat edo bestea joaten da tokietara Argia ordezkatzera.

Berria Taldeko lehendakaria emakumea da, Nafarroako Gobernuko lehendakaria ere bai. Non eskertuko zenuke emakume bat lehendakari?

Ona bada, edozein erakundetan. Eusko Jaurlaritzak ez du inoiz izan emakume bat lehendakari. Gipuzkoako ahaldun nagusia ere ez da inoiz emakumea izan, eta hor gustura ikusiko nuke andre bat. Beste moduko harreman bat sortzen da emakumeen artean. Harreman instituzionaletan ikusi dut hori, aldatzen da gizonak ala emakumeak izan.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Ehun urte bete ditu Argia-k. Ondo doaz ospakizunak?

Hasi besterik ez gara egin. Argia sariekin hasi ginen. Iruñeko otsailaren 23ko ibilbidea oso ederra izan zen, talde majoa bildu ginen, gozatua. Maila handiko buelta eman genuen. Hau bizitzea opari bat izaten da.

Urteurrenaz gain, ehun urteko ondarea digitalizatuko da aurten. Altxor horren balioaz jabetzen al dira inguruko norbanakoak, kazetariak eta eragileak?

Bai, gure inguruko jendeak asko baloratzen du. Ehun urteko ondare hori Argia-k baino ez du. Jaurlaritzako Kultura sailarekin elkarlanean ari gara. Gure helburua da argazki artxibo osoa urte amaierarako sarean egotea. Edukiei dagokienez, parte handi bat abenduaren 3rako egongo da. Dena erakusteko moduan egotea kostatuko da. Aurreko asteko zenbakiko artikuluak ere hemeroteka da, eta sistema bat nahi dugu izan eduki guztiak ondo bilatzeko. Lizentzia librea izango dute edukiek, gure filosofiarekin bat.

Azal historiko batzuk ari zarete banatzen. Atzeko aldean Koldo Izagirreren testuak dituzte. Nolako harrera izaten ari dira?

Oso harrera ona. Euskal Herriaren historia hor dago. Zaila izan da 46 azal aukeratzea. Izagirrerekin hau egiteak asko lagundu du. Azalek kokapen historiko bat behar zuten. Atzeko testu zoragarri horiek izatea luxu bat da.

Lander Arbelaitzen auzia dela eta, 400 norbanakok eta eragilek baino gehiagok elkartasuna adierazi dute. Kazetaritza ez dela delitua nabarmendu dute. Baina zenbaitek kazetaritza delitu bilakatu nahi dutela iruditzen zaizu?

Bai, ez dute nahi deseroso egingo zaien ezer inguruan. Hizkuntzak oraindik ere herri honetan gatazka izaten jarraitzen du. Gatazka zeinekin, eta funtzionarioekin…

Baina ez guardia zibilekin?

Ez, Ertzaintzarekin izan da. Askori gertukoa iruditu zaigu egoera. Edozein tokira joan, kontrol bat egon, eta ezin harremana euskaraz izan ertzainekin. Larria da, berez. Eta are larriagoa da kazetari batek gertatzen ari dena kontatzeagatik salaketa jasotzea. Ez dakit noraino iritsiko garen…

Hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegitik, ez da sintoma ona.

Oso sintoma kaskarra. Lan handia dago egin beharra. Ez dakit nola konponduko duten. Oposizioetan ez dute hizkuntza eskakizunik aintzat hartu, eta ondorioak hauek dira.

Zer dio Arbelaitzek auziaz fokuetatik aparte?

Arbelaitz kezkatuta dago. Joan den asteko inpresioa txarra izan zen. Epaileak erabakiko du auziak aurrera jarraitzen duen ala ez. Haren esku dago. Bideoa hor dago, jende askok ikusi du. Kazetari batek informatu egin behar du, ez dago besterik.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Argia-ko kontuak albo batera utzita, zerk bultzatuta hasi zinen Hernaniko Zero Zabor taldean?

2007. urtea zen, eta organikoarekin zerbait egiteko asmoz bildu ginen kuadrillatxo bat. Lehenbizi, konpostatzen ikasteko. Hondakin organikoari beste irtenbide bat emateko helburuarekin. Beste bizitza bat ematen genion hondakin horri, zer gauza ederra: platano azala botatzen duzu, eta lurra bihurtzen da. Erraustegiaren mamua ere hortxe zebilen. Hondakinen gaiak kateatu egiten du; duela hamabi urte zabor guztia poltsa berean ateratzen genuen, eta ez zegoen besterik. Bigarren eta hirugarren bizitzak daudela ikusten dituzunean, eta ez direla teknologia oso berriak behar, ederra da eta pertsonari ardura ematen dio.

Zer moduz joan da atez ateko bilketa Hernanin urteotan?

Ondo, hobeto egin daiteke, noski. Gipuzkoako gai izarra izan da hondakinen bilketa urteotan. Orain gutxiago hitz egiten da, baina gaia hor dago. Bataila ez da ea bilketa sistema garbia ala zikina den, ez ordutegia… Engainatu gaituzte horrekin, zeharo. Helburua erraustegia da. Eta erraustegiak ez badu zer jana, alferrik ari gara erraustegiak egiten.

EAJ eta PSE-EE daude Gipuzkoako Diputazioan agintean. Eta errauste planta ia-ia amaituta dago. Zer onura eta zer kalte ekarriko dizkio Gipuzkoari?

Onurak ez ditut ikusten, inondik inora. 200.000 tona erretzea ikaragarria da. Jendea engainatzen ari dira. Medikuen arabera, berriz, osasun kalteak hor egongo dira. Mediku horiek ez dute ezer ateratzen hortik. Hemendik urte batzuetara erraustegiarekin gertatuko da amiantoarekin gertatu dena. Espero dudana da ondo gogoratzea zeintzuk izan diren erraustegia martxan jarri dutenak. Inguru zabal bati eragingo dio erraustegiak: gizakiei ez ezik, baratzeei eta animaliei ere bai.

Agintariek ingurumen gune berria deitu diote erraustegiari. Halaber, komunikazio plan garesti bat jarri dute martxan hori sustatzeko. Zein helbururekin?

Surrealista da ingurumen gune berria deitzea. Haiek ere ez diote bere izenarekin deitzen, ba pentsa. Erraustegiari erraustegia deitu! Baina badakite horrek kontrako iritziak sortzen dituela. Inork ez du nahi errauste planta bat bere etxe ondoan. Komunikazio plan garesti horren dirua soilik inbertituko balute beste alternatiba batean… Gipuzkoa osoan atez atekoa jarriko balute, beste alternatiba bat legoke. Gipuzkoa mundu mailan eredu bat izan zitekeen, eta aukera bat galdu da. Beldurtu egin ziren ikusi zutenean atez atekoak nolako birziklatze ehunekoak zituen.

Abiadura Handiko Trena ere garesti doa. Horrek ere izango al du komunikazio planen bat, porrota eta iruzurrak estaltzeko?

Edozein azpiegiturak du komunikazio plan garesti bat. Jakin nahiko nuke zer dirutza mugitzen den hor. AHTarekin gauza bera egingo dute. Gizartean gai asko daude lantzeko eta laguntzeko, baina erabakia hartua dute: azpiegitura handiak egitea da kontua.

Urko Apaolazak Zuloak, Bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena liburua idatzi zuen duela bi urte. Beste herrialde batean, Europako iparraldean edo, ondorio politikoak izango lituzke horrelako lan batek?

Hemen ez da ezer gertatzen. Material asko dago gaiaz, ikusteko zer gertatzen ari den herri honetan. Ahoztar Zelaietak argitaratzen dituen lanak ere hor daude. Osakidetzaren oposizioen azken auzia hor dago, eta ematen du Osasun sailburuak ez duela dimititu horregatik. Zintzotasun pixka bat beharko litzateke.

Alvaro Carmona artista andaluziarrak kontatu zidan gustura egingo lukeela fikzio bat Gurtel auzia-rekin. Deigarria egiten zaio nola PPk Valentzian behin eta berriz hauteskundeak irabazten zituen, nahiz eta agerian egon alderdi oso ustela zela. Euskal Herrian norbait ausartuko al litzateke fikzio bat egitera EAJren ustelkeria auziekin?

Zaila ikusten dut, zaila. Ateratzen ari dira gauzak. Baina herri txikia da, lotura asko daude… Egongo litzateke zer kontatua, jarriz gero. Ainhoa Intxaurrandietari entzun dizkiodanekin bakarrik egongo litzateke telesail baterako.

Hezkuntzarekin kezkatutako pertsona zara. Nola ikusten duzu hezkuntza sistema?

Zenbat borroka… Ez da hezkuntza nahi adina indartzen. Ez da lehentasuntzat hartzen. Baina niretzat, hortik abiatzen da dena. Irakasleek eman dezaketen guztia ematen dute, baina… Bestalde, familietan egiten dugun lana ere oso garrantzitsua da.

Gaur egungo gaztetxoak nola ikusten dituzu, genero eta feminismo gaiei dagokienez?

Bi semeren ama naiz. Aldaketa handiak egin ditugu. Kultura eta gizarte batean bizi gara, baina aldaketak badatoz. Gazteak jarrera desberdin batekin ikusten ditut, oso indartsu. Mutilak beste modu batean ikusten ditut.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Hamar urte barru nola irudikatzen duzu Euskal Herria?

Euskaldunagoa eta ezkertiarragoa. Teknologia berriekin, pertsona indibidualistagoa bilakatzen ari dela diote. Baina jende oso desberdina gaude. Eta solidarioagoak izatea espero dut.

Eta zure burua hamar urte barru?

Ofizialki erretiroa hartuta, lantokira joan gabe, baina ez erretiratuta. Gauza asko egiten, osasunak laguntzen badu.

Hamar urte barru elkarrizketa errepikatzen badugu, non egingo genuke?

Hemen bertan, elkarrizketa hau egin dugun tokian: Hernaniko Plaza Berrin. Espero dut umeak kalean gehiago ikustea. Gaur egun ez dakit non sartzen diren umeak. Hezkuntzan ere aldaketak etortzea espero dut.

Zabaldu: