Erraustu dituzte galdetegiak

bitakora — 2015-06-01
Irakurri Offline:

#M24ko hauteskundeen osteko egun hauetan, partidu guztiak entzun ditugu emaitzen irakurketa, autokritika zein  autolaudorioak eginaz (kasuan kasukoa). Gutxi ordea, martxan jarri nahi dituzten proiektuen inguruan hitz egiten. Hauek, ohikoa den bezala, paktuen ostean ezagutuko ditu herritarrak. Baina gutxi izan arren, bada proiektu konkretuen inguruan aritu denik. Horietako bat Markel Olano izan da. Aurreko astean lehenik eta atzo bertan bigarrenez, Euskadi Irratiari eskainitako bi elkarrizketatan argi utzi du Gipuzkoak errauskailua izango duela. Non egingo zen, noizko eta ze dimentsiotakoa ez zuen argitu, egin egingo zela, ez besterik. Tira, bada gauza bat esan gabe esan zuena, jadanik joan zaiela herriari hain gai garrantzitsu baten inguruan duen iritzia galdetzeko gogoa. Gaiarekin bat datozen kontzeptuak erabiliz, beraien politika egiteko era ez dela birziklatu eta erraustu dituztela duela gutxi arte hain garrantzitsua zen herritarren iritzia jakiteko bideratuak ziren galdetegiak. Antza denez, beraiei bozkatu izana aski da bapatean proiektuarekin aurrera jarraitzeko. Berdin gertatu zen AHT, Super Sur, Pasaiako kanpo portua eta irakurleak buruan izan ditzakeen beste hainbat proiekturekin. Beraiei bozkatzea nahikoa zen beraiek erabakitzeko zer, non, noiz eta nola egin.

Olanoren adierazpenen aurrean Tolosa Zero Zabor taldekoek ohar bat publikatu zuten. Bertan, errauskailuaren gaia nola argitu planteatzen diote Markel Olanoren lan taldeari. Gizpukoar guztien iritzia jakiteko galdeketa bat egin honako bi aukerak eskainiaz:

A) Errauskailua nahi dut edo B) Birziklatu nahi dut

Errauskailuaren aldeko bozka gehien ateratzen dituen herrian Errauste planta eraiki eta bigarrenean Zepa Toxikoen zabortegia.

Eta Gipuzkoak etzi izango duen balizko errauskailua aipatzen hasita, diotenez, Denis Itxaso bera da errauskailu horren kudeatzaile izateko hobekien kokatua dagoen pertsona. Hau egia bada hemeroteka ere erraustu nahian ikusiko dugu bateren bat.

Irakurri Offline: