Startup eredua ez da eredugarria

jendartea — 2016-01-10
Irakurri Offline:

Garapen ekonomikoaren inguruko ekimenetan aritzean edo irakurtzean, askotan ateratzen da startup enpresei buruzko informazioa, erreferente moduan, denok jarraitu beharko genuken eredu moduan, beraiek lortu badute guk ere lortu dezakegu etab. Baina zer da startup bat? Definizio klasikoa hartuta [1] esango dugu, askotan teknologiari lotutako edo negozio eredu/zerbitzu/produktu berritzaileak eskaintzen dituzten enpresa emergenteak direla. Baina definizioari analisi kritiko minimo bat eginez esango dugu, kapital metaketa azeleratzeko asmoz, negozio eredu/zerbitzu/produktuaren inguruko aukerak komunikazio eta marketing teknika bidez puztu eta finantzaketa aukerak handituz, etekin azkarrak lortzera bideratutako enpresa eredua dela.

Asko eztabaidatu dezakegu aurretik idatzitakoez, berez eztabaida falta dago, eta behar genuke, zeren eztabaidarik gabe diskurtsoa markatu nahi dutenen markoetan blokeaturik geratu gaitezke [2] Baina bada arazo bat erreala, eta da startup formula eredua dela gure hiri eta eskualdetako garapen ekonomikorako egitura publikoetan. Bide horretan, talentuaren, hoberenen, arrakasta eredu indibidualen aldeko apostua egiten da, berrikuntzaren aitzakian, eredu enpresarial kapitalista erreplikatuz. Jende prestatuaren eskuetan utzi behar da territorioen garapen ekonomikoa, baina Hedoi Etxartek abisua pasa zigun ‘Neoliberalek kontzeptu askorekin markatzen dute beren partida egunero. Kontzeptu horietako bat da jende prestatuarena’ [3] Horretarako nola ez, gaur egungo kolaborazioaren kultura erabiltzen da, sareak, espazioak, partekatze ekonomiaren (Sharing Economy) ideia, baina modu estetikoan.

Baina edozein kritika arrazoitu behar da, eta aurretik egindakoak baditu oinarrizko arrazoiak. Beste toki batzuetan ere esan dugu jendartean eta ekonomian gertatzen diren tentsio handienak Bizitza vs Kapitalaren arteko konfrontazioan gertatzen direla, eta kasu honetan ere hor dago gakoa. Startup ereduak finantziarizazio behar handia du, proiektua inbertsoreei erakargarri egiteko, kapitala du helburu eta tresna beraz. Finantza erakunde tradizionalek ez dute inguruarekin harremanik, beraz berdin zaie proiektuak ingurunean duen eragin ekonomiko eta soziala, are eta gehiago, inbertsoreentzat erakargarriago egiteko proiektua hauentzat erakargarriago den eremuetara eramango dute, hirietara lehenik, world class enpresa gune eta herrialdeetara ondoren, finantziarizazioan pausoak ematearekin batera. Eta finantziarizazio hau nola gertatzen da proiektuaren sortzaileek oinarrizko kapitalik ez badute? Ba enpresaren zatiak edo kontrola salduz, kasu askotan %100ean. Esan daiteke Startup askorentzat hori dela helburu nagusia, errenta edo kapitalaren truke proiektua ahalik eta garestien saltzea. Eta zer ikusteko du horrek tokiko garapenarekin, edo ingurune sozialarekin errespetua izango duen proiektu batekin? Aberastasuna sortzen du baina norentzat? Eredu eta garapen bide honen kontrajarriak diren eta komunitate errealei autonomia ekonomikoa eskeintzen dieten Bizitza proiektuak vs Metaketa proiektuak konfrontazioarekin aurkitzen gara beraz. Bideo honetan gai honetan sakontzen saiatzen naiz [4] Ereduak kontrajarriak dira, aukeratu beharra dago.

Eta kritikaren ondoren proposamenak egiteko gai bagara askoz hobe. Kasu honetan aipatu bezala garapen ekonomikorako badago langileen bizi proiektuetan oinarritutako eredua lantzerik. Ekintzailetza kolektiboan oinarritutako proiektuekin, Olatukoopeko kide den Nagore Vegak artikulu honetan proposatzen duen moduan [5] Baina horretarako beharrezkoa da Ekintzailetza Kolektiboa lantzea proposatzen duen Ekonomia Sozial Eraldatzailea aintzat hartzea. Garapen ekonomikoa lurraldearekin eta jendartearen beharrekin lotzeko, proiektu erresilientez osatutako sare ekonomikoa sortzeko, pertsona eta kolektiboei garapen eta autonomia aukerak eskeintzeko, ingurunearekiko errespetua bermatzeko, aberastasunaren banaketa hobea egiteko. Eta horretarako nahitaezkoa da Ekonomia sozial Eraldatzaileko eragileen eta Udal eta Tokiko Garapen Ekonomikorako egituren arteko aliantza bat. Badago nondik hasi eredu berriak zabaltzeko, ez ditzagun eredu txarrak erreplikatu. [6]

[1] StartUp definizio klasikoa https://en.wikipedia.org/wiki/Startup_company

[2] ADEGIko Foro de Emprendedoresen proposamena http://adegi.es/foroemprendedores/blog/2012/12/26/propuesta-abierta-para-el-desarrollo-de-una-gipuzkoa-emprendedora/

[3] Jende prestatuari buruz Hedoi Etxarte http://www.berria.eus/paperekoa/1922/019/002/2015-07-18/jende_prestatua.htm

[4] Beñat Irasuegi Gure Bazka https://youtu.be/sDCCy7lLFfw

[5] Ekintzailetza kolektiboaz Olatukoopeko Nagore Vega http://www.berria.eus/paperekoa/1870/026/1863/2015-12-13/ekintzailetza_kolektiboa.htm

[6] Ekonomia Sozial Eraldatzailea herrietan bultzatzeko proposamena (10 neurri) http://olatukoop.net/ekonomia-sozial-eraldatzailea-herrietan-bultzatzeko-proposamena/

Irudia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Bundesarchiv_Bild_183-R90251,_Rehfelde,_Traktoristin.jpg#/media/File:Bundesarchiv_Bild_183-R90251,_Rehfelde,_Traktoristin.jpg

Irakurri Offline: