[Txostena] α zero: 2016ean datorrena

almanaka — 2016-01-05
Irakurri Offline:

Eta guzti hau azeleratuko begenu? Bizi garen jendartearen dekadentziaz ari gara, azeleratuko dugu dekadentzia soziala, kultura fosilizatua, ekonomia kapitalistaren suizidioa, zentralizazioa teknologikoa? Zertarako ordea azeleratu jada txarra dena; adibidez,

txikitik alternatiba berriak sortzen ditugun bitartean dekadentzian sortzen diren munstroei sortzeko denborarik ez emateko, alternatibak beharrezko egiteko.

Etzi.pm datorrenkariaren kontseilu editoriala osatzen dugun Aiert Goenaga, Unai Gorrotxategi, Gorka Julio eta Beñat Irasuegik 2016 urterako ere auto-predikzio ariketa egin dugu, uste dugulako ariketa ona izateaz gain, beharrezkoa dela epe ertain eta luzeko estrategiak osatzeko. Guk Talaios Kooperatiban gure estrategiak eta lan ildoak zehazteko erabiliko dugu autobetetzen den profezia moduan, baina nahi dugu edonork ere erabiltzea, kritikatzea, proposamen berriak egitea. Beste batzuek ere egin dituzte etorkizunari begirako ariketak, interesgarrienetako bat Commons Transition-ek eginiko hau. Gure metodologia, Txerrenek esan arte ez genekien arren, beti izan da baikortasun metodologikoa, mugarik jarri gabe, baina gertukotik hasita amore ematen dionari irribarre bat eskainiz. Metodologia hori bada idazten ari garen bidea aspaldi abiatu genuen eta oraindik ez dugu amaitu, lagunekin egin nahi baitugu azken bidea, komunismo banatuaren bidea.

Urtea hasi da, gauza batzuetan asmatuko dugu besteetan ez, baina eraldaketaren bidea egiten jarraituko dugu, hori baita gure bizi proiektuei zentzua ematen diena, komunitatea indartzea eta ingurua eraldatzea, denok hobe bizitzeko.
2016an egin nahihi duzuna pentsatu, baina batez ere egin!

[toc]

Jendartea

Aldaketak azkar ematen ari dira, postdigitalidadean bizi baikara, ziberkultura edo abangoardia zena gure kulturan txertatu da jada. Oraindik egongo da, “hori birtuala da…” dionik baina tira. Kultura berrien sorleku ere jarraituko du izaten sareak, ez baitago beste esparru libreagorik, baina egunerokotasunean inorrek ezingo du jarraitu esaten, hori birtuala eta hau benetakoa.

Kapitalismoak guztiz beharrezkoa izan duen indibidualismoaren errelatoaren porrotaren zantzuak begi aurrean ditugu. Internet eta sare sozialek gure behar sozialak agerian utzi ditu, orain arte hegemonikoa zen indibidualismoaren diskurtsoaren gainbehera azpimarratuz. Oraindik ere sare hauetan sortzen dena indibidualismoaren prismatik bakarrik ikusten duen asko dago, baina sistema bera konturatu da beste errelato bat behar duela. Errelato berri hori sortzeko saiakerak egunero ditugu, crowd, co, community… hitzen agerpena gero eta ohikoagoa da, baina bere balio eraldatzailea kenduta. Guri dagokigu, hitz horiei balio benetan eraldatzaile eta komunitarioa ematea, errelato kolektibo hegemoniko baten borrokaren atarian gaude.

Urteetan sistemak apurtutako harreman kolektiboak era berrietan berreraikitzean oinarrituta egon behar du kontakizun horrek. Gauza txikietatik hasita beti: kafea bukatu eta barrara katilua eramatean, euria ari duenean ondokoari aterkia eskaintzen diogunean, gatza edo laguntza eskatzen digunari ematen diogunean, eskatu gabe erronda ordaintzen dugunean… keinu txiki horiek, jendartearen kohesionatzeko gogoa erakusten dute eta horregatik bere txikitasunetik bada ere unibertsaltasun printzak dira.

Indibidualismoaren diskurtsoari aurre egiteko jendartea sozialki kohesionatzeko gogo horrez gain,  autonomia azpimarratuko duen kontakizuna gehitu beharko diogu. Autonomia, pertsona edo talde batek bere burua gobernatu eta garatzeko ahalmenari bada, autonomiarekin bakarrik eraiki daitezke beren etorkizunarekin zer egin erabaki dezaketen pertsona askeak. Autonomia baina, ez da prozesu indibidual bat, beraz kolektiboki bakarrik eraiki daiteke benetako autonomia; bata bestearen beharra dugula jabetuz, gure aniztasunak ekarpen bezala ulertuz, eraikitzen den autonomia horrek ere balio unibertsala dauka eta hori da eraiki behar duguna.

Feminismoak emandako aurrerapausoak gehiago sozializatzeko garaia ere izango da. Urgentziazko aldarrikapenak, jendarte osoarenak izatera pasatzeaz gain, horientzako soluzio errealak exijitzeko ordua da (zen). Horrekin batera egindako ekarpenak komunikatzeaz gain, jendarteratzeko eta herritarrengan atxikimendu zuzena lortuko duten praktikak jarri beharko dira martxan. Arlo sozialean, beste aldarrikapena batzuekin batera aliantzak eman beharko dira horretarako.

Eztabaidagai berriak ere agertuko dira urtean zehar: Harreman afektibo sexualen irekitasuna plaza publikoan agertzeak, hiru pertsona edo gehiagoren arteko harremanak, familia egituren aniztasuna eta haurrak edukitzeko garaian aukera berriak irekitzen dituzten teknologiak… aldaketa nabarmenak ekarriko dituzte. Eztabaida hauei arlo kolektiboan heldu beharko genioke, jendarte egituraketa berri bat suposatzen baitute, zaintza egituretatik hasita. Gurean dena doa mantso, aldaketa hauek behar duten kultura aldaketa iristeko zain sufritzen duten pertsonentzako bereziki.

Osasunaren alorrean ere aurrerapausoak handiak dira, telezaintzan errobotikaren erabilera (hobeak?), kantzerra sendatzeko aukera berriak, organoideek ematen dituzten aukeren mahaigaineratzea… Hauetako asko enpresa pribatuen bidetik etorriko dira, legislazio berriei ondorioz ateak irekitzeko bidea izan dezaketelarik. Beraz argi egon beharko dugu, lege horiei aurre egin eta eremu publikoan aurrerapen hauek guztiak kontutan hartzeko eta berau indartzeko. Hala ere aurkikuntza nabarmenena aurten, ADNa editatzeko aukera ematen duten CRISPR/Cas9 guraizeen aurkikuntza izan da. Honek irekitzen dituen ateak ikertzeko daude oraindik, baina eztabaidak martxan hasi beharko du, gizadi guztiari eragiten baitio.

Gailu eramangarrien bidez konektatuko gara gehien, batez ere sakelako telefonoetatik. Mezularitza zerbitzuak hobesten jarraituko dugu, ohiko sare sozialen aldean. snack moduko edukiekin batera (eduki iragankorra eta nonahi kontsumitu ahal dena), tamaina handiko eduki berezituak ere joera dira . Gazteek bereziki, sare sozial ohikoak utzi, eta komunikazio zehatzago bat eskaintzen duten plataforma berrietara pasatuko dira. Eredu deszentralizatu edo banatuentzako aukera berriak irekitzen dira; baliatzen saiatuko gara oraingoan? Komunitatea eraikitzeko tresna hauek eta beste asko beharko ditugu. Smart Citien inguruan eraiki nahi den eredu zentralizatzailearen aurrean ere beste eredu kolektiboagoak indartu nahi baditugu, sortzen ari diren neologismo hauen guztien irakurketa kritiko bat eginez.

Hezkuntzan eztabaida garrantzitsuei egin beharko zaio aurre, berrikuntza askoren artean. STEM Science Technology Engineering Mathematics gurean txertatu behar den edo ez den, emakumeen presentziak teknologiaren alorrean izan duen beherakadari nola buelta eman, ikasketa eta praktika eredu pertsonalizatuagoak martxan jartzearen aukerak, ikasteko eredu irauliak klasean… Eztabaidak asko dira eta erantzunak gutxi.

Gurean, euskal kurrikulumaren eztabaidak ematen jarraitu behar badu ere, zirt edo zart egiteko garaia ere iritsi da. Askok eztabaida hori baino, aldaketa sakonagoa behar dute, arlo publikoan, baina baita komunitarioan, eredugarri izan zirenek bereziki. Aldiz, UEU bezalako egiturek, akademia eta jendartea era formal eta informal batean aldi berean batzen dituztenek, etorkizun polita izan dezakete. Arlo presentziala eta birtuala proposatzen dituzten eredu hibridoak egingarria dira oso, baliabide asko gabe, balia ditzagun.

Politikoki Kataluniatik dator notizia, baina Europa mailako mugimendu sismikoak ere badira. Apurtutako Europa kohesiona dezakeen proposamen berrien zain, proposamen interesgarriak eta munstro zahar berrituak joko zelaian aurkituko dira. Bretainia Handian Europako erreferendumaren bueltan seguruenik Eskozian proiektu berritzaileak aurrera egin eta su txikiak ere piztu daitezke, baina agian Irlanda ere esnatzen da; 2016ean, 1916ko altxamenduaren urteurrenak aproposa dirudi horretarako. Gurean kartzeletatik datozen berrien zain, orain arteko hegemoniak borrokatuko dituzten aliantza politiko berrietan egongo da gakoa. Auzovietak pizten hasiko diren urtea ere izango da.

Pozgarria da independentzia eta burujabetzaren inguruan sortutako eztabaidak. Eztabaida horiek elkartu eta eztabaida foro banatu bat sortu bada ere, aukera ezberdinen arteko akordio batera iristeko aukerarik dagoen ere aztertzea ausartu beharko ginateke, edo bestela nola konplementatuko diren pentsatu. Ekarpen asko dago: Koldo Bizkarguenagak ikerketak eta ikerketa gunearen proposamenak, Ibai Esterbailandaren euskal inteligentzia zerbitzu nazionalaren sorrera?, Iñaki Sotok-k euskal diplomazia indartzeko ideia, Jule Goikoetxearen estatu feministaren aldarria edo Unai Apaolazaren aldebakartasunaren aldeko apustua… Proposamen asko idatziz izan dira, baina berrikuntzarik nabarmenean Gure Bazka eta Otorduak bezalako ikus-entzunezko ekimenek izan duten garrantzia ekarpen hauen difusioan. Agente asko ditugu aldi berean lanean ere: Jakin, Iratzar fundazioa, Norabidea hedabide, Ipar Hegoa fundazioa, Manu Robles fundazioa, Gaindegia behategia, Ekai Group, Prospektiker, Norabidea, Etzi.pm… Ea posible egiten dugun.

 

Kultura

Atalez atal joan aurretik, apunte bakarra egin nahi dugu bertoko kultur sorkuntzei buruz; beste urte osasuntsu bat aurreikusten dugu musika, literatura, ikus entzun zein arte eszenikoetan, izan ere, diziplina bakoitzaren industriaren gora behera eta errealitatetik haratago; sorkuntza ez dago krisian.

Musika

Azken aldian, Euskal eszenaren egoeraz edo bertoko taldeen lanez ahots disidenteren bat entzun bada ere, non bilatu dakienak ondo daki gurean badela zer entzun. Han eta hemengo txarteldegietan “sold out” afitxa zintzilikatzen dituzten taldeez gain bada bizitza, eta oparoa gainera. Honetarako baina, ohiko kanal komertzialenetatik kanpo bilatzen jakin edo saiatu behar da. Eta esfortzu gutxi eginda aurkituko dituzu,  Joseba B Lenoire, Audience, Joseba Irazoki, Glaukoma & Bad Sound System, Lou Topet, JPLohian, Keu Agirretxea, Voltaia eta beste hainbat eta hainbat talde; zalantzarik gabe, bertoko produktu freskoaren bila dabilen oro beraien melodiekin azkar asko konbentzituko dituztenak. Diska berriak aurkeztuta gehienen kasuan eta otsailean argitaratzear Keu Agirretxearena. Hasi ikasten taldeon abestiak ze 2016ko kartel askotan aurkituko dituzuela ziurtatzen dizuegu.

Euskarriei dagokienez biniloaren gorakadak eta mp formatuek CDaren defuntzioaren atarian gaudela argiago utziko digute 2016an. Soilik egile eskubideen kontuek eskatzen duten formalitatea da egun CDa existitzen jarraitzeko arrazoia; nahiz eta oraindik baden CD salmenta ondo doakion bateren bat (zehazki bi). Ediziorako teknologiaren estandarizazioari esker, autoekoizpenen portzentaiak ere goraka jarraituko duelaa baietzatzera ausartzen gara (bai hemen, Tokion zein Texasen) eta ondorioz, argitaletxeek egun duten merkatu politikak birplanteatzen hasi beharko dira (eta gurean bada premia).

Zuzenekoetan diru laguntza publiko zein patrozinio pribatu mardulak jasotzen dituzten ohiko makroekimenek emaitza onak izateaz betikoak arduratuko dela jakinda; gu, sortzaileak eta publikoaren arteko hartu eman desberdinak planteatzen dituzten formatuen gorakadaren aldeko apustua egingo dugu; Paperezko kontzertuak edo Redstone Soluk bezalako ekimenak kasu edo urte bukaeran Ahotsenea.

Bukatzeko esan Guns’n’Roses taldeak berriz ere zuzeneko bat eskainiko duen urtean konbentzituko garela Politikoki perreatzearen zilegitasunaz eta jendea bakarrik punk-rocka eta hip-hopa entzutera kondenatzearen okerraz.

Literatura – Paperezko eredutik digitalerako jauzia ez da egun batetik bestera emango den kontua. Paperaren belaunaldikoak asko dira oraindik merkatuari euskarri fisiko honen eskaera modu bortitzean egun batetik bestera aldatzeko. Hala ere, liburu elektronikoen abantailek (ekonomiko, ekologiko eta praktikoak) gero eta irakurle gehiago konbentzitzen dituzte eta gurean beste urtebetez Susa bezalako eredu baten indartzea suposatuko du; paperaren merkatuari eta digitalaren merkatuari era orekatuan eta prezio politika oso egokiaz erantzuna ematen dion eredua baita. Beste era batera esanda, musika alorrean gertatzen den bezala, argitaletxe nagusiek dituzten merkatu estrategien birplanteamendu urtea izan beharko luke 2016ak; baina aukera hau zailago ikusten dugu argitaletxeon egiturak kontutan hartuz gero.

Literaturak izango dituen plazei dagokienez udaberrian Literaturia izango dugu hitzordu nagusia eta aurten publikoaren jauzi kuantitatibo handia izango duela susmatzen dugu. Honetaz gain, urtean zehar sortzaile – irakurle kanala indartzen dituzten formatuek goraka jarraituko dutela uste dugu eta horren lekuko izango dira besteak beste Katakrak, Garoa edota Orrigorri moduko plazak eta urte bukaeran literaturaren zita nagusi den Durango (beste behin ere Ahotsenea derrigor aipatu behar).

Publikazioei dagokienez, goizegi dugu datozenekin pentsatzen jartzeko; Abenduan erositako nobedadeen laurdena irakurri ez dugunean!

Ikus entzun: Amaitu berri den urtearen hondarrean estreinatu  duten Star Wars sagaren atal berriak takilako marka guztiak hautsiko ditu inongo ezpairik gabe akzio eta zientzia fikzioz gainezka datorren 2016 honetan. Generoan estreinatuko direnen izenburuen artean nabarmenenak , Gareth Edwardsen “Rogue One: Star Wars Story” Star Wars-en “spin-off”a eta Paul WS Andersenen “Resident Evil: The Final Chapter” izango dira. Hauen atzetik, hor egongo dira txarteldegien emaitzei begira Anthony eta Joe Russoren Marvel familiako “Captain America: Civil War“, Zack Snyderren “Batman vs Superman” edo Bryan Singer-en “X-Men Apocalypse” bezalako filmak.

Pertsonaia literarioetan oinarritutako filmek ere emango dute zeresana, batez ere Paul McGiganen “Victor Frankenstein” eta James Bobinen “Alice through the looking glass“ek. Animazioaren alorrean John Lasseter eta Josh Cooelyren “Toy story 4” eta Jon Favreauren “The jungle book” izango dira ikusienak.

Hainbat izenburu gehiago izango dira baina atzerrikoei errepasoa bukatzeko batekin geratuko gara. Akzio gordinean estilo propio eta identifikaerraza duen  Quentin Tarantinoren “The hateful eight” filmarekin. Hauek dira ziur aski txarteldegietan 2016an diru gehien batuko dituzten superprodukzioak.

Gurera etorriz, Asiert Altunaren “Amama” Oscar sarietara izendatua izango denaren zalantza izpirik ez dugu; eta hau esatea aurreikuspen errazegia iruditzen zaigunez, hemen doa gure apustu bikoitza:

Oscar sarietara izendatua izateaz gain Oscar bat gutxienez zakuratuko du 2017ko sari banaketan. Hona, oraindik zinema aretoan arte lan hau ikusi ez duzuen pekatarioi hortzak luzatzeko trailerra.

Eta etxe barrura begiratuz, etzikide batzuen ikus entzunezkoetarako jauziari bonbo apurra emateko aprobetxatuko dugu. Zuzendari gisa lan bana sinatu duten Hedoi Etxarte eta Santi Leoné eta aktore bezala debutatu duen Gorka Juliok parte hartu duten EHren ABDak proiektuaren world tour-a ia milioi erdi ikuslerekin amaituko da (gutxi gora behera)  eta gabonen gaia aipatze hutsak nekatzen dituen horientzako (batez ere horientzako, baina gainontzekoentzat baita) estrenatuko da Aiert Goenagak zuzendutako OlentzEro film laburra. Teknologiaren demokratizazioaren ondorioz musikaren eta modu txikiagoan literaturan autoekoizpenekin gertatzen ari den bezala, zinema egin eta zabaltzeko hainbat modu daudela erakustera datoz bi proiektuok (besteak beste, ze barruko frikia ateratzeak ere ziur izan duela zerikusirik)

Donostia 2016: lau urteko itxaronaldi eta gora beheren ostean iritsi da Europako Kultur Hiriburutzaren urtea. Teloia jaistean ikusiko duguna aurreikustea zail xamarra da eta beronen balorazioa nolakoa izango den aurreikustea are zailago. Beste era batera esanda, hamabosteko kiniela igarri nahi badugu hobe dugu Donostia 2016ri buruz ezer ez esan, kritikoak eta kontrakoak behintzat egongo direla seguru, hori bai. Osotasuna baino, zenbait proiektuek ondoren ere uzten duten emaitzak jarriko dio bakoitzari neurria.

Bideo jokoak:  Aurreikuspena bera, plataforma teknologiko baten ondorioa izango bada ere, bideo jokoak kulturaren barruan sailkatzea ezinbestekoa da; izan ere bideo jokoena kultura bat da.

Spectrum-ari kasetea sartu eta jokoa kargatu bitartean bokata bat jaten zuenak ondo oroituko du plataforma hartatik Atari-ren plataformara eman zen jauziak zer nolako dimentsioa izan zuen. Beste honenbeste esan genezake  Atari hartatik Nintendo Entertainment System eta Segaren Master systemerako jauziaz eta hauetatik Mega Drive edo Super Nintendorakoaz. Ondoren, egungo garaiotan merkatuan nagusi diren hiru plataformetarako jauzia dugu – Xbox – Play Station 1,2,3,4 – eta Wiia. Plataformako jokoen eboluzioaren gailurra askorentzat; jolasgarritasun eta grafikoen aldetik azken muga. Eta muga hori bera jada nabaritzen hasiak dira plataforma jokoetan zaletu diren asko. Call Of Duty, FiFa, ProEvolution, GTA, NBA, zein beste hainbat saga ezagunen jarraitzaileek berrikuntza gutxi aurkitzen dituzte urtez urte edizio zaharretik berrira jauzi egitean bai jolasgarritasunari dagokionez eta baita grafikoen hobekuntzan. Ba beno, plataforma jokoetan berrikuntza baten zain dauden horietako baldin bazara egon lasai; 2016an kaleratuko baitute “Oculus Rift” izeneko plataforma berria. Beno, plataforma hitza inoiz baino egokiago erabiliko da oraingoan ze jokalaria plataforma baten gainean jolastu beharko du. Hiru dimentsiotan 360ºko ikuspegia duten betaurreko batzuekin eta jokoaren akzioa eramaten lagunduko duen ohiko TV edo proiekzio pantaila batekin. Hauxe da bideojokoen etorkizuna. Hasierako prezioa (1.600€ inguru) jaisten ez den bitartean ez ditugu asko ikusiko, baina aurten izango da entretenimenduaren kontzeptuak egundaino emandako jauzi handiena ezagutuko duen urtea. Eta gogoratu, hau ere kultura da.

Komikigintza: Interneti esker euskal marrazkilarien lanak gero eta errazago ezagutzeko aukera dugu eta nabari da sarean hauen presentziaren gorakada. Atal honetan, ezinbestekoa dugu aurten lehen urteurrena beteko duen H28 aldizkariari aipu berezia egitea. Maite zaituztegu!  Eta 2016an askoz gehiago izango dira maiteko zaituztenak. $eguru.

 

Ekonomia

Toki batean baino gehiagotan irakurri dugu 2016a errezesio berri baten urtea izango dela, nahiz eta gobernuek, hangoek eta hemengoek esan errekuperazioa sendotuko den. Baina ze errekuperazioz ari gara, norbaitek uste du krisi sistemikoaren aurreko garaietara bueltatuko garela? Bueltatu nahi dugu? Edozein etorkizun imaginatu nahi badugu, eta horretako eszenatoki ezberdinak irudikatzen baditugu, argi izan behar dugu horrelako eszenatokirik ez dugula izango. Ekonomiak bide asko hartu ditzake, baina ez dago atzera bueltarik.

Ekonomiaren alorrean eztabaida bizi ibili da azken urtean, mundu mailan, baina baita ere lokalean desberdintasun ekonomikoak handitzen ari diren zikloa ari dugu bizitzen, beti izan dira krisiak horretarako momentu egokia, baina batzuk hasi dira horrek sistemarentzat suposatzen duenaz konturatzen. Eztabaida horren erdian izan da Piketty-ren ‘Kapitala XXI. mendean’ liburua, irakurketa merezi duena, besterik ez bada ere jarraituko duen eztabaidaren berri jakiteko. Badatoz ere aurpegi berriak eztabaidara, gurean seguru urte honetan hontaz hitz egingo dela. Zein dira ordea gurean jarraitu beharreko ahotsak, erreferentziak sortzea dagokigu. Feminismoti eta ekologismotik datozen erreferentzien bitartez, Lana vs. Kapitala konfrontazio klasikotik Bizitza vs. Kapitala funtsezko konfrontazioaren aurrean gaudela argiago ikusiko dugu, eta hau determinatea izango da estrategia emanzipatzaile berriak osatzerakoan. Baina badugu neurgailurik maila makro eta mikroan gure ekonomien garapena neurtzeko? BPG indizeak hegemoniko izaten jarraitzen du, baina ez digu balio, ongizatea eta justizia alde batera uzten dituelako, alternatibak badira, IBC onbera baina zentralizatua, edo Just Capital distopikoa. Baina nola jarri Bizitza eta desberdintasun ekonomikoak garapen ekonomikorako neurgailuen erdigunean? Badira nodo bakoitzak egin ditzakeen Balantze Sozialak, baina bada ere GINI indizea. Ondo legoke erabiltzen hasiko bagina, tokiko erakunderen bat orain Aldaketaren Erakundeen sarean dagoen bat hasi daiteke agian, txikitik, baina hasi!

Lanarena izango dugu epe luzean eta motzean ekonomian aurkituko dugun paradoxa handienetako bat. Urte honetan ez da ezer drastikoki aldatuko baina etengabe ikusiko dugu nola teknologiaren garapenak lan mota ezberdinak desagertaraziko dituen. Orain arte desagertarazten zituen lanbideak batez ere lan mekanikoan oinarritutakoak izaten ziren, baina gero eta gehiago lan kognitiboak desagertaraziko ditu. Nola sortu lanpostu berriak egoera honetan, teknologiaren garapena gelditu neoludismoa sustatuz edo teknologia garapen ekonomiko sozialerako sortu eta diseinatuz? Erantzuna da ‘berdina produzitzeko’ lan gutxiago egitea denok, lanaren banaketa erreala eta oinarrizko errenta uztartuz, bide horretan garapen teknologiko eta ekonomikoa jendartearen beharretara bideratuz, eta ez kapital akumulaziora. Gogoratu dezagun oinarrizko kontraesana, eta bizitza eta kapitalaren arteko aukeraketa egin behar dugula, lanaren totema alde batera uzteko gai izango gara, eta bizitza jarriko dugu erdigunean.

Finantzak eta energia izango dira urteko klabeak, positiboan bai, nahiz eta gaur egun bizi ditugun arazo globalen iturburua izan. Finantzak dira kapitalismo globalaren motorra, baina baita ere arazo nagusia, metaketa etengabean kapitalismoa suntsitzeko gai baitira. Egoera horretan autoeraketako finantza tresnek gero eta espazio gehiago dute, eta ekonomia errealaren garapenerako tresna dira, errealitate bat. Gurean Fiare Banca Etica eta Koop 57 kooperatibek zabaltzen jarraituko dute komunitateentzako egitura moduan, eta orain arte askorentzat ikusezin baziren ere, territorioen burujabetzarako tresna klabe bihurtzeko aukera txiki baina erreal bihurtuko dira. P2P finantzek ere garrantzia hartuko dute, baina oraindik eztabaida moduan, adibidez Bicoin vs Faircoin, eta interes berezia jarri beharko dugu digitalizazioak Banka tradizionalaren eremuan eta negozio ereduan sortuko duen disrupzioarekin, Banka tradizionala kolokan egongo da laster finantza tresna moduan, nahiz eta hemen ere eredu berzentralizatzaileak topatuko ditugun.  Crowdfunding edo auzolaguntza ereduak heldutasunera iritsiko dira, gaur egun Goteo edo Karena gure inguruan edo Kickstarter handiagoan errealitate dira eta ehundaka proiektu garrantzitsuren finantzabide bihuru dira. Nola egin hauek ordea puntualetik tresna iraunkor egitera pasatzea, nola egin auzolaguntza finantziazio sare iraunkorrak, badago lantzeko bidea. Energia, kapitalismoa mugitzen duen oinarrizko baliabidean zer izango dugun, ba gerra, baliabide estrategikoen kontrola eskura izateko. Beste aldean, burujabetzaren aldean, proiektu txikien garapen etengabea, sorkuntzan, banaketa distribuituan eta komertzializazioan. Gurean orain arte Espainiar Estatuan izandako blokeoa amaitzera doala dirudi, baina blokeo egoeran distribuzio eta ekoizpen teknologia banatu eta berriztagarrietan gehien inbertitu dutenak konpainia handiak izan dira eta aurten emaitzak ikusiko ditugu. Herritarren indarrak batu eta proiektu kooperatiboak bultzatzea izango da beste bidea, Goienerrek edo sorkuntzan Som Energiak demostratu duten bezala.

Garapen Ekonomikorako Ekonomia Soziala bihurtuko da aurten erreferentzia, Espainiako hauteskundeetako diskurtso askotan atera da, baina horrek kontzeptua bera hustutzeko aukera asko sortzen ditu. Europatik badator Enpresa Soziala konzeptu arriskutsua, eta horrekin batera arriskutsuago izan daitekeen Ekintzaile Sozialaren eredu arriskutsuagoa. Egoera horren aurrean esanahi lapurreta edo hustutzearen aurrean eredu eta ekimen errealak erdigunean jarri beharko ditugu, eta erdigunea defendatu, diskurtso mailan baina baita ere ekimen errealekin, Estarter, Kooperatzen, edo Berrekin bezalakoak egonkortu eta zabalduz.Ekintzailetza eredu indibidualista hegemonikoari kontra egingo diona agertu zaio, Ekintzailetza Eraldatzailea. Horretarako terrenoan dabiltzan Olatukoop edo REAS, hezkunta eta ikerketako Lanki edo GEZKI bezalako eragileen aliantza lantzea beharrezkoa da, baina baita tokiko eragileekin, Udal eta Garapen agentziekin egin beharreko aliantza eta sarea. Alternatiba ekonomikoak sustatu nahi dituzten eragile sozial eta ekonomikoan sujetu politikoa sortuko duen urtea izango da, Alternatiben Herrian ikusi bezala aukera badago, ikusiko dugu nork osatua, eta zein formarekin.

Datorren urte hau esperientzia komunitarioen trinkotzearen urtea izango da gurean, Talaios Kooperatiban, baina baita globalki saretzen ari direnen artean. Horretarako guk badugu zer eskeini hemen, territorioan txertatuz Auzoviet esperientzien bisisibilizazio popularrarekin, Ekonomia Sozial Eraldatzaile sustatuz eredu alternatibo baina zentral moduan, eta jendartearen eta ekonomiaren analisi eta estrategia garapenerako Komunismo Banatuaren ideiarekin.

 

Teknologia

Errealitate birtualen betauerrekoak bideojokoetarako prest egongo dira 2016an. Izango duten prezioa erabakiorra izango da hauek merkatuan nola zabalduko diren jakiteko. Bideojokoen etorkizuna zein puntutaraino baldintzatuko duten ere ikusiko dugu.

Pasa den urtea gogorra izan da P2P sistemak erabiltzen zituzten teknologientzat. Batez ere fitxategien elkartrukea ahalbidentzen dituzten zerbitzuentzako. Zenbat domeinu desberdin erabili dira The Pirate Bay kokatzeko? Aurten badira P2P ekosistema indartu dezaketen proiektuak, baina tamalez, oraindik ere Interneteko hodei famatuak pisu handiagoa hartuko du. Internet of Things gailuek ere, P2P sareen logika erabili ordez, zerbitzu zentralizatuak indartzera datoz aurten.

Urte oparoa izango da Internet of Things gailuetarako. Hemendik aurrera ere geroz eta errazagoa izango da hauen inplantazioa. IoT munduan etxeak adimentzeko gailuak ezagunenak dira. Nahiz eta gailu hauek ez duten etxea erabat adimendu bilakatzen, inplantatzen dituztenek hasi dira gailu hauek eskaintzen duten erraztasunak nabaritzen. Bizi kalitatea hobetzeaz gain, denbora eta dirua aurrezteko balio dute gailu hauek. IoT gailuen artean energia aurrezten duten sistemak oso azkar ugaltzen ari dira. Ez soilik gure etxeetan; energia gastatzen den edozein enpresa, industria edo administrazio publikoetan sistema hauek behar beharrezkoak bilakatzen ari dira. Baina efizienteki gastatzea ez da nahikoa. Efizienteki produzitzea ere ezinbestekoa izango dugu. Energia produzitzeko orain arte bezala kutsatzen jarraitzen badugu, aldaketa klimatikoa indartu besterik ez dugu egingo. Egoera honi buelta emateko energia berriztagarria sortzeko teknologiak ardatz izango dira. Gero eta efizienteagoak dira energia berriztagarriak sortzeko bideak, eta lehen etxebizitzetan osagarri moduan erabiltzen zirenak, gaur egun kontsumoaren gehiengoa produzitzeko balio dute. Etxean energia produzitzen badugu, etxean bertan energia gordetzeko bateriak ere beharko ditugu. Teslak egin bezala, gero eta gehiago dira energia gordetzeko arazoei irtenbideak ematen ari direnak. Hego Euskal Herrian indarrean ditugun eta Madriletik inposatutako legeekin ordea oso zail dugu aurrera egiten. Burujabetza energetikoaren aurka, legeak ez ezik, interes pribatu asko dago energiaren sorkuntza, distribuzio eta salmentan. Norabide honetan ere Goiener kooperatibak egindako lanarekin jarraitu eta haratago joan beharko dugu, energiaren oligopolioarekin bukatu nahi badugu.

Segurtasuna eta pribatutasuna pil-pilean dauden gaiak dira. Kezka hauek hedatzen ari da arlo politikotik harago, merkataritza jarraipenaren alorrera, eta erabiltzaile kezkatuak neurriak jartzen hasiak dira. Informazio balizak agertzen dira, Bluetooth edo RFID bidez informazioa zentzu bakarrean bidaltzen duten gailuak erronka berriak ekarriz.

Splinternet batzuk (zentsura politika, kontrol neurri edo egitura ezberdineko Interneten parte diren sareak) sortzen hasiak dira. Horren aurrean Guifi.net bezalako ereduak eta Eticom bezalako zerbitzu enpresa komunitarioak sustatzea ezinbesteko bihurtuko da hurrengo urteetan.

TensorFlow, Big Sur, SystemML… Oraindik ere ezezagunak zaizkigun teknologiak badira ere, hurrengo urteetan erabateko garrantzia izango dute. Teknologia horiek guztiak inteligentzia artifiziala garatzeko erabiltzen dira eta zuzeneko eragina izango dute gure bizitzan. Egoera nahiko larria da, benetan irekia eta publikoa den horrelako ekimenik sortzen ez badugu gure etorkizuna enpresa horien esku egongo da, etorkizuna bera sortu, moldatu eta erabakitzeraino. Gizakiok gure izaera ahaztu ez dugula gogoratzeko garaiak izango dira, ahazteko arriskua ere badago eta.

 

Extra

Bukatu da etorkizun negatiboetan pentsatzeko garaia, entzun! Etorkizuna nolakoa izango den pentsatzea gero eta zailagoa dirudi askorentzat. Edozein hondamendi sinesgarriago egiten zaigu etorkizun positibo bat baino. Aldaketa klimatikoak, ekaitz solarrak, lurrikarak… fenomeno naturalez gain, gizakiak sortzen dituen arazo larriak, desorekak, gerrak… etorkizun distopikoetan pentsatzeko besterik ez dute balio. Genero berriak behar ditugu eta Solarpunk-a da horietako bat.

Genero berri honek, Cyberpunkaren ondorengo izenda badaiteke ere, etorkizun positibo bat markatzen digu. Energia berriztagarriak, komunitate lana, jasangarritasuna ditu oinarrian. Lan horietan agertzen den etorkizunean gizakiok era positiboan eragin dezakegu, ez soilik negatiboan. Hau ez bada, beste bat, baina etorkizuna pentsatzen laguntzen diguten ideiak sortu behar ditugu eta ea hor bigarren erronka. Narratiba berri hauek guztiak gurean ere hedatu beharko genituzke eta teknologia baliatuz, ikus-entzunezko, idatzizko, ahozko… tresna berriak sortu eta sortzaile berriei aukerak eskainiz. Muga bakarra, espazio zabala da eta berriro hara begira jarriko gara urte honetan.

#EguzkiaGaraile!

EguzkiaGarailePortadako Irudia: Xu Bing, Phoenix

Irakurri Offline: