Konputazioa eta Politika

jendartea — 2016-04-26
Irakurri Offline:

Ordenagailu arruntek argi-indarrak kable bat zeharkatu ala ez egiten dute lan; bat edo zero: sistema bitarra“. Hitz hauek dira Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak kazetari batek konputazioari buruz egindako galdera bihurri bat erantzuteko erabilitako lehenak. Politikari batek teknologiaz oinarrizkoak jakin eta komunikatu ahal izate hau izugarri txalotu da azken egunetan, batez ere, ohituta ez gaudelako. Gogoratu bestela kazetari batek Patxi Lopez lehendakariari ea Arkimedesen printzipio ezagutzen zuen galdetzean honek erantzun zuen perla.

Edonola, badatorren politikari belaunaldi berri batentzat teknologia ez da alor arrotz bat izango. Bereziki konputazioa. Eta zehatzago konputazio soziala. Sare sozialetan informazioa da argi-indarra eta erabiltzaileok egiten dugu etengailu lana. Atsegin dut edo ez. Bertxioa edo isiltasuna. Sare-soziala informazioa prozesatzen duen ordenagailu erraldoi bat bihurtuz.

Obamaren bigarren kanpainan, 2012an, sare-sozialetan eragiteak emaitzetan garrantzi erabakitzailea izan zuela inork gutxik jartzen du zalantzan. Gaur egun, pauso bat urrunago joanda, oihartzun geroz eta ozenago batek dio politikariek sare-sozialen analisia erabiltzen dutela programa politikoak osatzeko. Ideiaren erakusgarri izan daiteke fikziozko House of Cards telesaileko azken denboraldian Underwood politikari makiavelikoaren arerio errepublikar berriak bide honen erabilera onartzea.

Horrelakoek, begi bistan uzten dituzte sare-sozialen mugak. Alde batetik, sare hauen datsegitearen kulturak erabiltzailea sinplifikatzea baino ez du bilatzen, erabiltzailea bera konputagarri bilakatzea eztabaida sakonagoen kaltetan. Eta bestetik, sare-sozialetan asimetria izugarri bat dago erabiltzaile arruntaren eta sarearen ikusgarritasun osoa duten Facebook edo Twitter bezalako konpainia berzentralizatzaileen artean. Datu kantitate handiak oparitzen dizkiegu beraiek negozioa egin dezaten. Gu bihurtzen gara beraien ordenagailuko transistorea.

Erantzuna blogak eta sare-sozial propioak direla esaten badaramagu denboratxo bat Euskal Herrian, oihartzun politiko txikiarekin.

 

Irakurri Offline: