Batere cool-ak behar ez luketen gauzak oso cool direnean: Brandon Sanderson eta fantasia

teknologia — 2017-07-18
Irakurri Offline:

Fantasia ez da cool.

Egia da zonbiak eta dragoiak ohikoagoak bilakatu direla The Walking Dead (soportatzen ez dudan telesail bat aipatzearren) eta Game of Thrones (bihotzez maite dudan bat aipatzearren) bezalako gauzak medio, baina fantasia ez da moloia. Sorry.

Gogoratu, hau ez da Westeros ez eta Essos. Hau Euskal Herria da!

Zientzia fikzioa ere ez da batere errespetagarria noski, nerd eta geek eta frikien gauza izaki, baina badu “zientzia”-ren partetik edo, halako errespetagarritasun kutsu bat. Denbora galtzekotan galdu ezazu robot artean, alaba/semea, ez elfo eta ipotxen artean. Harry Potter hor dago, Lord of the Rings ere bai, bai… baina halako salbuespen mainstream gorrotagarri bezala bizi direnaren sentsazioa dut.

Genero fantastikoak osatzen du frikitasunaren benetako klase zapaldua. Nerdtasunaren proletalgoa.

Eta zentzu horretan norbaitek duela urte batzuk Amerikako Estatu Batuetako misiolari mormoi (bai, benetan, mormoi sinestuna da) baten fantasia lanak erreferentzia gomendagarritzat izango nituela esan bazidan gustura egingo nion barre aurpegira.

Izan ere, begiratu iozue aurpegira:

Gure Brandon. Mormoia. Tripaundia. Ezinbestekoa.

Galdua dut Sandersoni irakurri dizkiodan liburuen kontua.

Elantris izan zen lehena, gogoan dut. Hiri erori haren ipuin zoragarri hori, pertsonaia maitagarriak, gorrotagarriak, maitatzea gorroto eta gorrotatzea maite dituzun pertsonaiak. Fantasia ideien zerbitzura. Epika handiak epika txikien inguruan beti. Eta istorioa, istorioa, istorioa.

Elantris edo “lehen bagenemolan”.

Gero deskubritu nuen Mistborn. Batetik, bilauak dena irabazi eta heroiek dena galtzen dutela hasten den trilogia. Bestetik, abentura liburu zirraragarria, erritmoa, misterioa, erromantzea eta magia sistema sinesgarriak errautsez estalitako mundu bidegabe batean. Eta Kelsier. Eta Vin. Eta Elend. Eta Marsh. Eta Sazed. Eta The Lord Ruler, noski 😀

Gerora jakin nuen “trilogien trilogia” bihurtu nahi zuela, eta bigarren trilogian murgildu nintzen. Eta duela gutxi ezagutu dut The Secret Story of Mistborn, lehenengo trilogiaren beste aldea kontatzen duen nobelatxoa.

Trilogia. Bueno, bi trilogia. Bueno, hiru, gehi historia sekretua…

ONA da Mistborn. Oso ona. Originala, indartsua, oso ondo kontatua. Xumea, eraginkorra, amorragarria… Baina esango didazue, ez da goi literatura! Bien, ados, ez da goi literatura izanen, baina altura interesgarri batzuk erakusten ditu.

Hauek irakurri osterako jada banekien gure Brandon gustuko nuela, eta sorpresa atsegina izan zen The Wheel Of Time entziklopedikoaren azken atalak (Robert Jordan autorea hil ostean) Brandon Sandersonek amaituko zituela jakitea.

Eta badakizue zer? 14 liburuetatik, azken 3ak, gure Brandonek idatzitakoak dira nire uste apalerako onenak. Bizienak. Indartsuenak. Urrunago ailegatzeko grina permanente hori gordetzen dutenak.

14×1.000= Ba bai, 14.000 orrialde inguru, amigos. (Audioliburuak ere badaude, lasai)

Horren ostean etorri zen The Stormlight Archive. Gure Nebraskako mormoi tripontziaren very own Game of Thrones edo Weel of Time edo The Dark Tower izan nahi duen nobelatzar saila, non hiru edo lau urterik behin 1.200 orrialdeko liburukote bat eskaintzen digun non murgildu eta galdu pertsonaia, kosmos, istorio, tragedia, komedia eta drama zoragarritan.

Momentuz bi ditugu: The Way of Kings eta Words of Radiance. Aurten omen dator hirugarrena: Oathbringer.

Maite dituzun bi pertsonaia elkarri ostiaka, klasiko bat Sandersonen munduetan.

Hauek aipatu ditut, baina tartean Brandon Sandersonek gelditu gabe idazten jarraitu du: Legion, Steelheart, Alcatraz… dozenaka gauza ezberdin sortu eta dantzan jartzen dituen jainko jostari eta demente bat dirudi batzuetan, norabide eta norabide guztietan korrika joan nahi duen ume handia.

Baina duela gutxi jakin dut Elantris, Mistborn eta Stormlight (inolako zerikusirik ez duten fikziozko munduak hauek denak) antza unibertso edo kosmos berean kokatuta daudela: Cosmere-a alegia. Eta gure mormoi kabroia sekretuan istorioen atzeko istorioak josten aritu dela irakurleoi pistak utziz bidean. Honen berri jakin daiteke orain arteko liburu guztien spoiler-ez betetako Arcanum Unbounded istorio laburren bilduman, non autoreak Cosmere esperimentuaren lehen trazuak eskaintzen dizkigun

Beraz, laburtuz:

  •  Fantasia behe-genero bat bada, bada kalitatezko behe-generoa egiterik, literaturan.
  •  Bere burua mormoi praktikantetzat duen Nebraskako tipo batek fantasia erabiltzen du erlijioei eta sinesmenei ez ezik munduen metafisikari buruz jolasteko. Dena uste genuena baino arraroagoa da.
  •  Ideien aldetik, fantasiak ez dio zertan inbidiarik izan fikzio zientziari (China Mievillek Red Planets antologia marxistaren amaieran iradokitzen zuen moduan, “we need Red Dragons”).
  •  David Bowie-ren kuriositate sortzailearekin, Michael Moorcock-en anbizio metafisikoz, Ursula Leguin-en ikusmen guztiahaltsuarekin, George R. R. Martin-en zorroztasunarekin eta Stephen King-en abiaduran idazten duen 40 urteko idazle baten aurrean gaude. Berri onak dira.
Irakurri Offline: