Sun Tzu I: Informazioa

ekonomia — 2017-10-02
Irakurri Offline:

Estrategia militarren arloan ezinbesteko erreferentzia da Sun Tzu generalak duela bi mila urte baino gehiago idatzitako lana. Gerraren artea teoria militarren arloan funtsezkoa bilakatu zen urteen poderioz. Maisu txinatarraren lanak eragin izugarria izan zuen asiar kulturan eta historian, eta lurralde haietan gerra egiteko estrategietan.

Mendebaldeko aurrez aurreko konfrontazio estrategien aurrean, Clausewitz-en teoriak oinarri hartuz, ekialdeko jeneralaren filosofiak informazioa, engainua eta inteligentzia ditu borroka ardatz.

Gerraren artea mende luzez hango eta hemengo, gertuko zein urrutiko, herrialdeetako arlo militarrean erabilia izan bada ere, azken hamarkadetan politikan, negozioetan zein kirolean aplikatzen ari da.

Arte martzialen borroka filosofiaren eragina duen gerra teoria honek egoera ezberdinei aurre egiteko hamaika klabe ematen dizkigu: egoerak ebaluatzeko, ekintzak martxan jartzeko, garaipen eta porrotak aurreikusteko, beharrezko bitartekoak neurtu eta banaketak egiteko, konfrontazio zuzen edo zeharkakoak diseinatzeko, topologia eta lurraldea aprobetxatzeko, erasoak eta defentsa prestatzeko, informazioa biltzeko eta abar luze bat.

Gaurkoan, borrokan garaipena lortzeko informazioaren bilketak duen garrantziaz Gerraren artea lanak dioena baliagarri zaigu gure herriko, enpresetako zein proiektuetako erronkei aurre egiteko: erronka guztien inguruan ahalik eta informazio gehien ezagutzeak estrategia eta taktikak diseinatzeko balioko baitigu.

Borrokarako informazioaz eta berau lortu eta erabiltzeaz Sun Tzuk ematen digun ikuspegia daukagu gaurkoan iparrorratz.

Norbere burua eta arerioa

Noren edo zeren aurrean aurkitzen gara? Askotan badirudi ahaztu egiten zaigula xake partida batean ez dugula guk soilik jokatzen, aurrez aurre arerio bat daukagula.

Besteak eta zure burua ezagutzen badituzu, ez duzu arriskurik izango ezta ehun batailatan; besteak ezagutzen ez badituzu, baina zure burua bai, bataila bat galduko duzu eta beste bat irabazi; besteak ezagutzen ez badituzu eta zure burua ere ez, bataila guztietan arriskuan izango zara

Erasotzera eta borrokatzera zoazen bakoitzean lehenik etsaiaren zerbitzarien talentuak ezagutu beharra duzu, eta horrela ondoren haiei aurre egin dituzten gaitasunen arabera

Zure arerioen planak gutxiesten badituzu, ezin ditzakezu beharrezko aliantzak egin

Gainontzekoak suarekin nola erasotu jakitea ez da nahikoa, beharrezkoa da besteek zu erasotzea ekiditea jakitea

Lurraldea

Ze joko zelaitan mugitzen gara? Gure inguruaren nolakotasunak guztiz baldintzatzen du maniobra margena.

Lurraldearen egoeraren detaile oro ezagutzen duzunean soilik maniobratu eta borrokatu dezakezu

Lurraldeaz aprobetxatzeko bere aldagai posibleak ezagutzen dituzten jeneralek dakite nola erabili indar armatuak

Informazio bilketa

Zeren arabera hartzen ditugu erabakiak? Espekulazioak, datu zehatzik gabeko hausnarketak eta nahi zein esperantzak izan ohi ditugu askotan erabakitzeko elementu nagusiak. Informazioa da estrategia efektiboak diseinatzeko lehengai nagusia.

Gai bakoitzak aurre ezagutza bat eskatzen du

Informazioa ezin daiteke lortu mamu ezta espirituengandik, ezta antzekotasunagatik, ezta kalkuluen bidez deskubritu ere. Pertsonengandik lortu beharra dago, arerioaren egoera ezagutzen duten pertsonengandik

Inteligenteena espioitzarako erabili ditzakeen jeneral jakintsu edo gobernatzaile bikaina garaipenaz ziur egon daiteke

Espioitza funtsezkoa da operazio militarretarako, eta armadak bere beharrean daude haien ekintzak egikaritzeko. Ez da abantailazkoa izango armadarentzat etsaiaren egoera ezagutu gabe jardutea eta etsaiaren egoera ezagutzea ezinbestekoa da espioitzarik gabe

Teoria zahar bezain freskoak. Azter eta erabil dezagun Sun Tzu jeneralak herenegun idatzitako teoria etziko etorkizuna eraikitzeko. Gaurko lanerako tresna bikaina Gerraren artea maisulana.

Irakurri Offline: