Oarsoaldeko Elikadura Estrategia #7

ekonomia — 2018-03-28
Irakurri Offline:

Urte gutxitan, janaria, behar bat izatetik, gure negozioen garapenerako, aisialdirako zein estrategia turistikoak bultzatzeko ardatz izatera igaro da.

Gosea pasatzetik, janari ez osasungarrientzako alternatiba bihurtu diren dieta osasungarrietara igaro gara, ohartu ere egin gabe, apurka-apurka, gure elikadura posible egiten zuen ehun sozio-ekonomikoa desegiten joan dela, egoera kritikora iristeraino.

Gaur egun, lehenengo sektoreak, gure eskualdeko populazioaren %1,05 hartzen du; sektorea zahartua eta maskulinizatua dago oro har. 1980. hamarkadaren amaieratik, %80 murriztu dira nekazal ustiategiak, eta hauen azalera %66 txikitu da. Abeltzaintzak ere bide bera egin du, eta epe berean %37ko murrizketa eman da. Arrantzak ere ezin izan dio ihes egin beheranzko joera horri.

Hirugarren sektorea aldiz, bizibide gisa egonkortu egin da; populazioaren %65 ari da jarduera hauetan, piramide produktiboa erabat irauliz, eta gero eta urbanoagoa den lurraldeak, janaria munduko edozein bazterretan topatzen du.

Kontsumitzaileon kontzientzia handiagoa den arren orain, prezio merkeenen alde egiten dugu oraindik; nekazaritza industrialak soilik eutsi dezakeena, merkatu globalizatu batean, eta banaketaren kostu energetikoen, plastikoaren erabilera abusuaren, eta munduko edozein bazter eta komunitateetan eragiten diren ingurumen kalte handien bizkar.

Ez dakigu kontsumitzen dugun janaria nondik datorren, ezta gu elikatzeko lanean nor ari den ere, baina urtero, 3.300 tona elikagai galtzen dira Oarsoaldean, janaria eskuratzea hainbat pertsonari gero eta zailagoa zaion garaiotan.

Erakundeek, elikaduraren gaia produkzioan eta kontsumoan eragin asmo duten politika eta programen bidez landu dute, baina Europan, elikaduraren gaia modu holistikoan lantzen ari dira jada; landa eremutik edo itsasotik, platerera. Batez ere, etenik gabe urbanizatzen ari diren eremuetan, eta populazio altukoetan ari dira lanean.

Oarsoaldearen Plan Estrategikoan garatu beharreko proposamenak, elikaduraren izaera estrategikoa eta transbertsala du oinarri, zeina motor izan daitekeen, lurralde honen ehun produktiboaren (ber)eraikuntza modu endogeno eta kohesionatuan eman dadin. Era berean, logika eta ibilbide bat proposatzen da, eremu sozial eta ekonomikoan, zein ingurumenari dagokionean:

+ Merkaturatze zirkuitu laburren birdiseinua, lehenengo sektoreari bultzada emateko eta tokiko merkataritza sustatzeko.
+ Elikadura osasuntsuago baterantz trantsizioa babestu, ingurumena gutxiago kaltetuko duena.
+ Prezio justuen azterketari ekin; produkzioa eta elikagaien kontsumoa bideragarri egingo dutenak.
+ Janari hondakinak murriztu, eta elikadura osasungarriaren eskuragarritasuna bultzatu.

Elikadura, beti izan da bizitarako oinarrizkoa. Gizartearen erronkak konplexuak izanik, galdera hauentzako erantzunak emango dizkiguten elkarrizketak eta koordinatutako ekintzak abiatzea premiazkoa dela uste dugu.

Egilea: Eneko del Amo

Irudia: Eneko del Amo

Irakurri Offline: