Teknologien Faroa #3

teknologia — 2018-07-20
Irakurri Offline:

Aurreko alean korporazio pribatu handien inguruko kezkak hor darrai, baina hauek eraisteko momentua iritsi dela diotenen ahotsak entzuten hasi dira. Internet banatuaren ideiatik aldendu ginen, baina bueltan etorriko da; etorri behar du.

Facebook-ek inoizko arazorik handienak pasatzen jarraitzen du, bere erabiltzaileen datu ihesaren ondoren, gehiegizko datu jasoketa, inteligentzia artifiziala publizitatea bideratzeko erabiltzea, sarekoak ez diren erabiltzaileak ere jarraitzea eta orain aurpegi errekonozimenduan sakontzeko baimen eske etortzeak ez du ez hanka ez bururik. Beno bai, enpresa hauek gure datuak jasotzen eta ustiatzen jarraitu nahi dutela erakusten du soilik.

Eskandalu berri artean, — Youtube-k adin txikikoen datu bilketari buruzkoak edota Grindr harreman pertsonaletarako sareak datu pribatuak banatu izana adibidez –. Enpresa askok beren erabilpen baldintzak moldatzen ari dira, behintzat Europan. Legislazio berriekin, gardentasun printzipioak aplikatu nahi omen dituzte, jakinik ez dutela benetako kontrol bat suposatuko.

Estatuek ere kontrol neurriak indartzen ari dira. AEBetan sarrera bisatu bat eskatzen dutenei, dituzten (edo izan dituzten) sareen informazioa eskatuko diete. Teknologiaren inguruko asmakuntza askoren erabilera militarra ere beldurtzekoa da. Australian, estatistika institutuak, telefono konpainien datuak erabili ditu, beren hiritarrak, jakinaren gainean egon gabe zelatatzeko eta egiten dutenari buruzko informazioa izateko;  guztien interesekoa izan daiteke, baina orduan zergatik ezkutuan egin? Gure datuak babesteko proposamen erradikalagoen ordua iritsi dela dirudi.

Ingurugiroari dagokionez asko hitz egiten da eta orain arte gutxi batzuen alternatiba zirudien Agroekologia adibidez, diskurtsoetan zabaltzen doa espero ez zen tokietan ere. Energiaren inguruan ere, gero eta argiago dago erregai fosilekin bukatu behar dugula. Batzuek soluzio teknologikoek konponduko dutela uste badute, hori ezinezkoa da! Danimarkak bide interesgarriagoa irudikatzen du; 2050 urterako erregai fosilekin amaitu nahi dute han. Tartean emisioak gutxitzeko bideen artean, garraio publikoa doan jartzea ere badago Europako zenbait hirietako agendan ere.

Garraioari buruz ari garela, berrikuntza alor nagusietako bat berau da. 3D inprimagailu berezietan egin daitezkeen kotxeak agertzen hasi dira. Errepideetan ere, berrikuntzak badira, kotxeak martxan izanik ere kargatzeko esperimentuak adibidez.

Aplikazioen munduan ere, Cabify bezalakoek, kotxeez gain, motoak ere kontuan hartzen hasi dira beraien negozioetan. Bitartean, azken kilometroetako garraioan gertatzen ari da aldaketa handiena eta arrakalak irekitzen ari dira, erregulazioak iritsi baino lehen. Deliverook galera izugarriekin jarraitzen du, modeloaren akatsak argi erakutsiz. Glovok, gertuko bidalketak egiteko beste enpresa batek, farmazietako medikamentuak etxeetara eramateagatik salaketak jaso ditu bitartean. Amazonek, berriz, beren bezeroen kotxeko maleteroan banatu nahi ditu paketeak.

Dena mugitzen ari den beste alor bat turismoa da. Turistifikazio eta masifikazioaren aurrean, hiri batzuk antolatzen ari dira SET sarean. Teknologiek zein paper joka dezaketen ez dago argi, batzuek turismo sostengarri bati lagundu diezaioketela uste dute, baina aldi berean AirBnBren inguruan ere turismo sostengarriaren inguruko diskurtsoak entzuten dira. Azken hauek, kontrako zentzuan jokatzen dutela frogatu dago eta ez da urrun joan behar hortaz jabetzeko. Parisko udalak etxebizitzak alokairu turistiko bezala ez identifikatzeagatik ere salatu du enpresa eta Palmakoak zuzenean debekatu ditu era honetako alokairuak.

Etxebizitzen prezioan ere eragiten ari da turismoaren eta alokairuaren gaia. Alokairuaren burbuila batean bizi garela dirudi, baina pisuak jabe gutxi batzuen esku gelditzen ari direla dirudi, prezioak gora egiten duten bitartean. Aldi berean soluzioak, mugatuak badira ere bilatzen hasi dira, edifizio batzuk etxebizitzetarako okupatu edo etxebizitza eta oinarrizko zerbitzuak zuzenean doan ematea aztertzen hasi dira. Ikea hiri masifikatuetarako eta “diruzorro argaletara” egokitzen ari dela argitzeak, ez du etorkizun oparorik irudikatzeko aukera gehiegirik ematen.

Ekonomiaren alorrean eta teknologiari lotuta badirudi gauza interesgarri berriak ere hasi direla agertzen. Teknologiaren olatuan nabigatzen ikasteko, Interneten izaerara egokitutako, ekonomia kooperatibo bat sustatu nahi dutenak eta ezkerretik ere erronka-arrisku binomioan ere ideia berriak. Arlo ekonomikotik ere, burujabetza teknologikoaren ideiaren bidean, azelerazionismoa eta kooperatibismoak paper garrantzitsu bat jokatu behar dutela ere irudika daiteke.

Etorkizuna etortzen da, baina etorri baino, ekartzeko, pedagogia futuristak eta etorkizuna sortzeko mekanismoak behar ditugu orain. Enpresa handiei  gure hirietako ekosistemak oparitu edo gure Silicon Valley propioaren ametsak alboratu eta gureak eraikitzea tokatzen zaigu. Zientzia fikzioak, gugan gero eta eragin gehiago izateak alde positiboa dauka, behintzat AnsibleFest moduko ekimenak sortzen baditu inguruan.

Iturri originala: http://www.azkuefundazioarenegunkaria.eus/teknologien-faroa-3/

Irakurri Offline: