Ramon Etxezarreta: "Akritikotasunaren erreinua da gure aberria"

jendartea — 2019-08-07
Irakurri Offline:

Etzi eta Pitz (XVI): Ramon Etxezarreta.

Idazlea, itzultzailea eta politikaria da Ramon Etxezarreta (Urrestilla, Gipuzkoa, 1954). Itzultzailea ofizioz. Erretiroa hartua du, baina ez dago geldirik. Euskadiko Ezkerrako kide ohia. 1995tik 2007ra Donostiako Udaleko zinegotzia izan zen PSE-EErekin. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea ere izan zen, baina tarte laburrez. Duela gutxi utzi ditu zutabegile lanak ere. Harro sentitzen da Donostian sortu zuten udal liburutegi sareaz —Etxezarretaren eta beste batzuen ekimenez aberastu zena—.

Zer iritzi duzu PSOEren eta Unidas Podemosen artean egon den akordio ezaz? Norekin gobernatuko du PSOEk Espainiako Gobernuan?

Akordio ez guztiak porrota dira, politikagintzaren desprestigioa, bizitza demokratikoaren erosioa. Egokiena PSOEk bakarrik gobernatzea litzateke Unidas Podemosekin hitzartutako akordio ardatz batekin, eta zentsura mozioan bidaide izan ziren talde politikoekin osatuz zenbait erabaki. Baina ez dakit posible izango den.

Aurreko batean, pareta batean “sozialismoa” hitza. Alabak galdetu zidan “zer da sozialismoa?”. Nola azalduko zenioke 10 urte haur bati zer den sozialismoa?
Esango nioke, nazionalismoa herriez bezala, nazioez, sozialismoa pertsonez, herritarrez arduratzen dena dela. Beharrezkoa dela guztion berdintasunaren kontzientzia izatea eta praktikatzea. A! Eta paretara begira egote hori nor bere hautua denean… ba, agian hobea da horizonte zabalera begiratzea.

Zer moduz bizi zara erretiroa hartu ostean?
Halako hark esaten zukeen bezala, ondo; hobeto, sesiorako. Dena den denborak azkarregi korritzen du, eta bizi ditugun eta gaituzten tristurak ikusteko askoz ere aldarte gehiago ez dut. Gazte jendeak guk baino hobeto bizi beharko luke eta aldrebes gertatzen ari da: ez da hau sozialismoa.

Egunkarietako iritzi zutabeak utzi izanak ez dizu penarik eman?
Zergatik ukatu? Bai, pena… baina ezin denean ezin da. Ariketa zibiko exijente samarra da zutabegintza, hotz eta bero, hatz punta eta ipurdia, biak, beti agerian eramatera behartzen zaitu. Telebistako izarrek eta gisakoek esaten duten bezala esan beharko dut. Zutabigelook ez gaituzte ondo asesoratu Ogasunaren aurrean.

Zein zutabegile irakurtzen dituzu gustura gaur egun?
Trueba, Moncó, Erro, Azua… eta beste asko, bai eta Pilar Rahola ere

Iritzi emaileen maila jaitsi egin dela esango zenuke?
Bataz bestekoz baietz esango nuke, baina asko direlako, ez beste ezergatik, eta mitoak, iraganeko mito guztiak, oroimenaren lausoan, mitoago bilakarazten ditugulako. Edadean aurrera gauza, gai eta jende on eta onargarri gehiago ikusten duzu baina, oso, oso-oso on gutxiago edo batere ez.

Donostia turistez beteta dago, are gehiago udan. Hogei hotel baino gehiago eraiki dituzte azkenaldian. Ez al da gehiegi?
Bai, bai. Asko gustatzen omen zaie donostiarrei Parisera, Marokora, Herbeheretara, Txekiara, Kubara, Vietnamera, Tailandiara, Txinara eta bazter gehiagotara ibilian joatea eta, pasadizoz, haietako identitateak ezagutu eta klima beroketari gutako bakoitzari dagokigun ekarpena egitea. Eta zer esango dizut Donostian etxebizitzaren prezioak berotzen dabilen adina urolatar, goierritar eta gainerako gipuzkoarrez? Ni zinegotzi sartu berritan Parte Zaharrean euskararen kale erabilera behera zihoala esaten zuten, nigatik eta. Nafarroako autobidea abian jarri zenez, etortzen ziren nafarrengatik. Neurketa horrek hor jarraitzen du, perfekzionatua diotenez. Nik ez dakit hotel gehiegi ala gutxiegi zenbat diren. Dakidana da gizarte exhibizionista bat, bere burua saltzea beste helbururik ez duen gizarte bat, ez dudala gustuko. Baina aurreiritziak irentsi eta irentsarazten dizkiguten pentsakerak ez zaizkit batere gustatzen. Turistek eragindako gogaikarritasunaz hizketan hasi eta, beste ñabardurarik gabe egiten baduzu, badakit non bukatzen duen kontuak. Ez nago ados. Ez dut gogoko turismo gehiegikeraz ñabaradurarik gabe hitz egitea.

EAJ eta PSE daude Donostiako udal gobernuan. PSE jaitsi egin da azkeneko hauteskundeetan. Baduzu susmorik zergatik gertatu den hori?
PSE-EEk arazo larria dauka Euskal Herri osoan. Nazionalismoaren alternatiba bezala beharko lukeen sinesgarritasuna ikaragarri murriztu zaio. Herritarrek EAJren bidaide bezala, morroi bezala, ikusten gaituzte eta nagusiaren gehiegikeria balizkoentzako galga egoki kontsideratzen gaituzte. Hortik aurrera ez digute eskaintzeko handirik somatzen. Donostian, zehazki, fribolitate aireak somatu ote zaizkion esango nuke. Gainera EAJri asko eskertzen dio jendeak Kataluniakoaren antzeko zurrunbiloetan murgilik ez egiteko erakusten duen gogoa.

Nola gogoratzen dituzu Donostiako Udalean zinegotzi lanean aritu zinen urteak? Hamabi urte izan ziren, ezta?
Urte latzak izan nituen, gogorrak, inork merezi ez dituen bezalakoak, neuk eta etxekoek. Aldi berean urte horietako eginkizunak asetzen ninduen, oroimen ederra dira urte haiek. Ilusiorik ez nuen galdu inoiz, bizitzarako indarra proiektuek eta asmoek ematen zidaten. Bizipozik ez nuen falta izan. Ez nindutela, inondik ere, zoriongabe bilakatuko egin nuen zin. Erre egiten nuen, erre gelditu gabe, harrapatzen baninduten ere nahikoa erreta izan zedin, fumatuta.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Eusko Jaurlaritzako karguan zer lanetan aritu zinen?
Hizkuntza Politikako Sailburuorde izan nintzen. Patxi Baztarrika, gure sailburuorde natural eta berezkoaren ondoren. Haurdunaldi bat iraun nuen.

Zergatik eman zenuen dimisioa?
Ez nintzen ni horretarakoa, besteenganako konfidantza faltagatik onartu nuen kargua, nahiz eta ez nuen halakorik nahi eta neure buruari aginduta neukan ez nintzela aukera horretaz baliatuko inoizkoan eskaintea jasotzen banuen ere. Hizkuntza Politikak ez luke Kultura Sailean egon behar, baina nola EAJk azken urtetan hor eduki zuen eta gutakoei aldaketarik ez zela egin behar otu zitzaien han egon nintzen. Ni Kultura Saileko sailordetza batera joan nintzen, ustez Donostian hamalau urteko lanean atzemandako arazoei irtenbide egokiak bideratzen laguntzera, nire esperientziari balioa ematera. Arazo bat nintzen hango lantaldean, ez nuen bat egiten ezta torlojuz lotu eta itsatsita ere. Bakea ematea erabaki nuen, Donostiara itzultzea nire funtzionario lanpostura. Txantxa ematen du baina Gasteizek, ez izatekotan, ez dauka ibairik ere: bulegoko leihotik nuen paisaiak deprimitu egiten ninduen, mutikotako internatu denborak bururatzen zitzaizkidan, marka uzten zidaten. Donostian lanera itsasertzetik oinez joan ahal izateak ez du preziorik, ez eta, nik bezala, bizkarzainekin egin beharreko esperientzia ezin umilatzaileagoan eginda ere.

Patxi Lopezen Jaurlaritzak zer ekarpen egin zuen zure iritziz?
Euskal Herri osoak ezinbestean beharrezko zuen normaltasun keinu bat izan zen. Zantzu horretan ez daukat gobernukide izan izanaren damurik. Ez zuen euskarak atzera egin, ez zen autonomiarik murriztu, krisi ekonomikoa gaitasunez kudeatu zen, abertzaleen egonezin iraingarriaren aurrean duintasuna erakutsi zen. Ez abertzaleoi herri honetan aitortu behar zaizkigun eskubideak, ez beste inorenak baino gehiago, aldarrikatu eta gauzatu ziren.

Euskadiko Ezkerrak betetzen zuen espazio politikoa gaur egun umezurtz dagoela iruditzen al zaizu?
Nahiz eta konbergentzia egin zen eta siglek Euskadiko Alderdi Sozialistaren logoan dirauten, elkartze hori ez zen osorik, ez eta gutxiagorikere, gauzatu. Ez dakit espazio politikorik dagoen egun, zalantzak ditut, baina bai PSE-EEk saiatu behar luke espazio politiko zabalagoa bereganatzen. Hor legoke EErena, oraindik ere beharrezko den EErena, nahiz eta bere garian ezertarako aintzat hartu nahi izan ez zutenek ere hain faltan botatzen duten EErena.

Kargu publikoa zinela, bizkarzainarekin bizitzea nolakoa zen?
Bizkarzainekin bizitzea gogorra dela guztiek esaten dute. Hainbeste eta hain modu erretorikoan esanda merezi duen sinesgarritasuna galtzen du kontuak. Entzun egin behar da Donostiako alkate ohi batek nola aurpegiratzen zidan ederki bizi nintzela ni, edo nola, obszenitate osoz, intsinuatu ohi duen biktimak bere kondizioagatik abantaila eske ibili zen jende multzo bat zirela. Beti esan dut hobea dela bizkartzainekin bizi beharra, beldurra izatea baino; hau da, hezurretarainoko beldurra, minutuz minutu bizi arriskuan egon beharra, eta bizkartzainik gabe bizitzea baino. Baina bizimodu horrek eragindako umiliazioa eta sortutako min zorrotza, nekez samurtu edo leuntzen dira.

Zer pentsatu zenuen 2011ko udazkenean ETAk esan zuenean armak uzten zituela?
Zahartu ederra hartu nuela, bazela garaia. Kosta behar zitzaiela majo desarmea politikoki sinesgarri egitea.

Orduz geroztik, egoera politikoa zertan aldatu da?
Hitz egiteak ez dauka ondorio fisiko larririk. Badirudi herritarrek politika armatu bat baino nahiago dutela harreman transbersalak dituen gizarte bat. Oraindik ez da ordea balantza guztiz erabaki.

Presoak ez dituzte Euskal Herrira hurbildu. Laster gertatuko denaren itxaropenik baduzu?
Presoak. Pertsegituekiko eta biktimekiko sentiberatasuna. Iraganaren irakurketa eta kontaketa egiati eta ondradu bat, errespontsabilitatearen asuntzioa… gauza asko daude, oraindik, bere osotasunean Euskal Herrira hurbiltzeko.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Kataluniako independentisten epaiketari buruz zer iritzi duzu?
Europako edozein herrialdetan bezalaxe gauzatu da prozedura. Ezin daiteke esan auzipetuek auzi baterako beharrezko diren bermeak falta izan dituztenik. Beste kontu bat da salaketa, ez nago ados sedizio eta errebeldia akusazioarekin, baldin eta zigor ondorioek eskatzen diren proportziokoak izan behar badute. Ez daukat zalantzarik legea behin eta berriro urratu zutela, eta jakin jakinean gainera, eta hori demokrazia batean zigortu beharrekoa dela. Ez dakit nola baina, nik, inhabilitatu egingo nituzke. Dena den esan beharko da ba, ozen, Puigdemontek ez duela batere lagundu behin behineko espetxealdia laburtu edo ezabatzen.

Pedro Sanchezen gobernuak elkarrizketarako bidea hartuko du Katalunian?
Ez daukat zalantzarik, elkarrizketarik gabe ez dago aterabiderik han. Dena den Amen Jesus esatea ez da elkarrizketa, alternatiba bakarraren inguruan aritzea ere ez. Aldebakarreko politika egin eta erabakiak hartu behar direla dioenak elkarrizketa ukatu eta eragotzi egiten du.

Zer diozu Vox, Fronte National eta ultraeskuineko alderdien indarraz?
Benetako ikara, ikara larria eragiten didate. Beldur naiz paisaiako gertaera bitxi bezala ez ote diogun begiratzen fenomeno horiei. Brexit-a, Salvini, Kataluniakoa nola babesten den Europako eskuinik muturrenean inor ikaratu gabe eta inoren atentziorik erakarri gabe. Zezenak, xenofobia, ehiza, homofobia… hain gertuko, hain etxeko ikusten ditut, …pribatu zaletasuna, nortasuna, jatortasuna. Etxe etxean ikusten ditut eta denek Espainia eta abarrak aipatzen dituzte. Sentiberatasun falta daukagu hemen fenomeno hoiekiko, besteren artean, beste larru batez estalita, antzeko otsoak dauzkagulako gure artean; euskaldunen artean, esan nahi dut.

Kultur gaiak ere aipa ditzagun. Zer irakurtzen zabiltza?
Euskarazko narratibako azkenak eta beste hainbat, nahasian, Limonov, Wolfe, Kataluniako literatura…

Euskarazko zein liburu gustatu zaizkizu azkenaldian?
Beñat Sarasolaren Deklaratzekorik Ez eta Amaia Apalauzak itzulitako Han Ez Banengo Bezala.

Itzulpengintzarako diru gehiago beharko luke euskarak?
Baietz esango nuke. Baina beti zenbat eta gehiago honetan ez dakit horrek gehiago irakurtzea ekarriko lukeen. Inoiz galdetu beharko diogu geure buruari egiten dugun guztia ondo egin ez egotearen aukeraz, baina nagi gara horretarako. Nahiago dugu asko eta borondate onez, gero eta gutxiago sinesten dudan borondate onez aritzen garela esatea, egiten dugunak ezertarako balio ez izan edo kalterako izan daitekeenik pentsatu ere egin gabe. Akritikotasunaren erreinua da gure aberria.

Argazkilaria: Iratxe Arrozpide

Hamar urte barrru, nola ikusten duzu zure burua?
Adios esaten ala esanda, baina beti gauzak hobetzeko afanean, bai eta erremediorik gabe ikusita ere.

Eta hamar urte barru, Euskal Herriko egoera nolakoa izango da?
Identitate egarriz, espejismoan, suizidio demografikoan, errelatoa idatzi nahian, nekatua, apaldua, normaldua. Pintxopote handi bat trikiti aireekin.

Elkarrizketa hau hamar urte barru errepikatzen badugu, non egingo genuke?
Zahar etxean, inguruan zaintzaileen lan protesten zaratak entzumena eragozten digutela, itsutzeko beldurrez, liburutegia non dagoen galdezka. Bernardo Atxaga bizi ote den jakin nahian.

Irakurri Offline: