Aurkezpena

Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. Gaur egun ordea, dena ezaguna dela iruditzen zaigun garai hauetan, zeinetan batzuk ia historiaren amaiera aldarrikatu duten, etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio zen.
etzi.pm Talaios kooperatibaren proiektu bat da. Bakalhau irlako eztabaidetan eta Talaios kooperatiba sortu genuenetik buruan genuena. Eztabaida hauetan ikusten genuen, etorkizuneko estrategiak hainbat gaietan planteatzerako orduan, etorkizun posible horien inguruko eztabaida eta hausnarketa falta zela Euskal Herrian, eta horregatik egoera konpontzeko gure aportazio txikia egin behar genuela. Horrela 2013 urte hasieratik proiektua lantzen hasi eta urte hartako Durangoko Azokan Kabi@ gunean ideia proposatu eta kontraste interesgarriak jaso ondoren, proiektua gehiago landu eta azkenean argitaratu
genuen.
Edukiak lantzeko talde ederra izan dugu bidean, etengabe aldatzen eta berritzen joan dena, gai eta izaeretan anitza, eta horrexegatik, ikuspuntu ezberdinetatik abiatuta, etorkizun posibleen aukera zabalak bide berri asko erakutsiko dizkigute. Beti izan da zaila ezezagunaren aurrean bidea egitea, eta horregatik karta maritimo zaharretan ezezaguna eta oztopoak irudikatzeko itsas munstroen sinbologia erabili izan da.
Guk sinbolo hori hartu eta Krakena gure ikur bihurtu dugu, beldurrik gabe oztopo eta kontradikzioak eztabaida eta ezagutzaren bitartez gaindituko ditugula erakusteko.