Komunismo banatua

komunismo_banatua

[toc]

Azken urteetan, lagun batzuekin, bizi ditugun garai berri hauen inguruan eztabaida interesgarriak izan ditugu. Eztabaidetan askotan termino marxistak erabili izan ditugu eta kezka beti hor dago; nola uztartu gaurko gaiak eta marxismoaren ikuspuntua.

Argi dago teoria marxista jendartea aztertzeko tresna oso garrantzitsua izan dela. Marxen liburuak munduko liburutegi guztietan berriro ere modan jartzeak honen garrantzia azpimarratu besterik ez du egiten. Eraldaketa momentu batean bizi al gara? Zein dira alternatiba posibleak? Nola txerta daiteke Internet eta honek ekarritako deszentralizazioa pentsamendu marxistan? Nola eguneratu beharko litzateke?

Gai potoloak eta oso eztabaidagarriak dira aipatutakoak. Horregatik gure ekarpen txikia egin nahi dugu, gai horiek guztiak aztertu baino, ekoizpen-moduan eta egitura berrien inguruko hausnarketa eginez. Horretarako Komunismo banatuaren eztabaida abiatu dugu, eta gure ikuspuntua azaltzeko hiru blog mezu izan behar zirenak, forma handiagoa hartu dute orain. Hori bai, hasierako izpirituari eutsiz, egin nahi dituzuen ekarpenak, eztabaida irekita dago.

Testuingurua eta komunismo banatua

Krisi kapitalista hau, sistemaren krisi zikloetatik harago doa. Metaketa kapitalistak sortutako krisi ekonomikoari, krisi ekologikoa eta krisi soziala atxikitzen zaizkio. Zizek-ek dioen bezala munduaren akaberan bizi gara, baina horrek aukera berriak irekitzen ditu. Ez neoliberalek askotan errepikatutako “edozein krisi, aukera bat da” esaldi nazkagarri eta maltzurraren zentzuan, baizik eta egoerak aldatzeko gaitasunari dagokionez. Oraingo errealitateetatik abiatuta utopia berriak eraikitzeko aukera aurreikusten delako. Utopia, eraldaketa lortzeko premiatik ikusita, egoera jasanezinaren erantzun gisa.

Oraingoan, krisi ekonomikoa, krisi finantzario batetik eratorria da. Ez batzuek dioten moduan banku batzuek mozkina lortzearren egindako ekintza maltzurren eta gezurtien ondorioz; hori beti izan da horrela. Izan ere, atzean dagoen metaketa logikak bultzatuta, kapital finantzarioak inbertsioak egiteko eskala handiko proiektuak lortzeko zailtasunak daude krisiaren oinarrian.

Inbertsio horiek egiteko zailtasunen aurrean burbuilak sortzen dira eta burbuila horiek lehertzean krisi sakonak eragiten dituzte. Gainera arazoa larriagotzen ari da, zeren kapital akumulazio prozesu berriak sortzeko ezintasun gero eta handiagoek kapital hauek biziarentzat eta jendartearentzat biziraupenerako oinarrizkoak diren esparruetara eramaten ditu, ondorioz, eta beharrezkoa dutenez, sortutako krisiek jendarte osoaren biziraupena bera kolokan jarriko dute.

Mozkinak eta akumulazio prozesu berriak lortzeko ezintasun horren aurrean, klase dominatzaileak konturatu dira estatu demokratiko burgesa ere, beraiek sortua eta mantendua klaseen arteko arazo konponezinak baretzeko, oztopoa dela gaur egun kapitalarentzat espazio berriak bilatzeko. Kleptokraziarekin nahikoa ez eta estatuaren kontrol osoa lortu nahiko dute dute.

Ekonomiaren teknokratak nahi dituzte agintean eta horrekin estatu demokratiko burgesaren askatasunak abolitzea. Estatuen kontrol osoa, beharrezkoa diren produktuen kontrola eta espekulazioa, jabetza intelektuala arautzeko legeak, iraultza biogenetikoaren emaitzak kontrolatzeko grina… Egunero ikusten ditugun albiste eta erreformak horren aztarnak besterik ez dira.

Teknokratak? Teknokrazia bera konstrukto ideologiko bat da eta diskurtso ideologikoa erabiltzen dute, nahi dituzten helburuak lortu ahal izateko. Ez da zientzia bat, beraien helburuak lortzeko ideologia dominatzailea baizik.

Hala ere, esperantzarako garaiak ere badira. Sistemak berak erakusten duen dekadentzia argia da, jada ez du balio, oraingo forman bada. Marxek aurreikusi bezala, sistema berak bere buruaz beste egingo duela pentsatu daiteke. Ikusten diren zantzuak ez dira dekadentziarenak bakarrik, izan ere, sistemaren barnean ikusten den produkzio modu berri baten lehen printzek ere asko erakusten digute.

Inperio erromatarra erortzean, inperioaren periferietan kontrolik gabe gelditu ziren asentamenduek jada ez zuten erromaren beharrik, eta produkzio modu propioak garatzen hasi ziren. Esklaboak askatu eta ekonomia autonomoak garatu zituzten. Feudalismoan ere jauntxo batzuek antzeko gauzak egin zituzten erregearen kontroletik at zeuden lurretan. Ondoren etorriko ziren momentuko sistemen aurkako iraultza eta altxamenduak, baina jada produkzio modu berriak era oso primarioan hortxe zeuden.

Garai bakoitzean etorri behar zen produkzio modu berriaren aztarnak zeuden. Hauek, bere momentuko komunikazio tresnen ondorio ere baziren, baina orain ba al dago produkzio modu berri baten aztarnarik gurean? Goiz bada ere badirudi jabetza komunaren inguruan, komunen, herri-lurren (commonsaren) inguruan behintzat badagoela ezberdina den produkzio modu bat. Software libreak horixe erakusten du lanaren etika ezberdin bat bide, denontzako den jabetza bat osatuz eta birsortuz, gauzak sortzeko gaitasuna dagoela.

Produkzio modu berri hori, jada ez da softwarera mugatzen. Softwarearen kasua lehenetarikoa izango da, kapitalaren dependentzia handirik ez dagoelako ziurrenik, eta etengabeko berrikuntza beharra dagoelako. Esan daiteke produkzio modu berri honetan (baldin bada bere era enbrionario horretan) erabilera balioa, truke balioaren gainean lehenesten dela, hau da, teoria ekonomikoan Urrutiak definitzen duen errenten disipazioa ematen dela. Erabilpen balioa hobesten denez, sortzen den hori behin eta berriz erabili, berritu eta berrerabil daiteke, hobetuz. Horrek etengabeko berrikuntza bultzatzen du eta truke balio soilaz errenta artifizialak sortzeko ezintasuna.

Produkzio modu hori orain arte deskapitalizaturiko arloetara iritsi da batez ere, zeinetan ezagutza eta produkzio baliabideak langileen esku dauden. Baina orain horietatik kanpo ere p2p produkzio modua deituko diogun horren aztarnak ikusten ditugu.

Lehen baino kapitalizazio gutxiago behar duten arloak ikusten ditugu, horrek produkzio baliabideak lortzeko erraztasun handiagoak ematen ditu. Jakintza ere komunek osatzen duten ezagutza publiko biltegi horietatik dator. Gaur egun 3d inprimagailuak, hegazkin txikiak, lurra lantzeko behar diren tresneria mekanikoak, kotxeak… sortzeko behar den ezagutza sarean dago eta publikoa da.

Ez al dira hauek produkzio modu berri baten lehen aztarnak? Gaur egun, “bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera” esaldia errealitate bihurtzen duten ekimen, enpresa, elkarte… giza taldeak dira. Batzuek honetan kapitalismo aurreratu bat ikusiko dute, beste batzuek aldiz post kapitalismo bat, baina ez al da errealagoa esatea sozialismo mota berri baten aurrean gaudela?

Marxek kapitalismoari bere papera ematen zion komunismoaren bidean. Sozialismoa lehenengo eta ondoren komunismoa posible egin ahal izateko kapitalismoaren bidez azpiegitura eta baliabideak sortu beharko ziren. Horiek ziren etorkizuneko gizartea eraikitzeko lehen tresnak. Marxek berak kooperatibak sortzeko beharra ere behin baino gehiagotan aipatzen du bere testuetan. Kapitalismoaren barnean langileek sor dezaketen egituraketa modu bezala.

Oraindik ez dakigu ikusten diren aztarna guzti hauek produkzio modu berri oso baten hastapenak diren, baina arlo batzuetan gertatzen ari den bitartekarien desagerpena ere argia da. Ekoizle-erosle eredua eta bere balio katea hartuta, zenbat dira gaur egun tartean soberan dauden bitartekariak? Digitalizazioaren kasuan argia da, baina prozesua berdina ematen da beste hainbat kasutan ere. Internet eta komunikazio tresna berri eta banatuek bitartekarien beharra txikitu dute eta aldi berean produkzio baliabideak gero eta merkeagoak egin dituzte.

Marxismoak, bere garaiko beste mugimenduek bezala telegrafo eta sare deszentralizatuak ditu beren pentsamenduaren eraikuntzaren oinarrian. XXI. mende honetan sare banatuak eta p2p produkzio moduak oinarri izango badira, eredu banatuetan pentsatu beharko ditugu paradigma guztiak. Marxen teoriei balioa kendu baino, Newtonen ideiak Einsteinen begietatik ikustera behartuta gaude. Ideologia berri honi, utopia berri honi, komunismo banatua deituko diogu.

Kontraesan nagusiak eta subjektua

Testuingurua ezagututa, produkzio modu berria eta komunak erdigunean kokatuta beste galdera pare bati erantzun beharra diogu. Klase borrokaren testuinguru historikoa kontutan hartuta, zein izango dira talka suposa dezaketen kontraesan nagusiak eta zein subjektua?

Kontraesan nagusiak

Ikusi dugun bezala finantzarizazioak eramanda ekonomia finantzarioaren munduan transatlantiko handiak dabiltza. Hauek estatua era batera edo bestera kontrolatzen saiatuko dira, begiko dituzten pertsona eta instituzioak erabiliz. Akumulazio prozesu horretan beren interesak defendatzeko demokrazia burgesa bera eta honek ekarritako askatasunak deuseztatu behar badira ere. Aitzakiak mila izango dira, beraientzako garestiak dira ez termino ekonomikoetan bakarrik baizik eta beraien mugimenduentzako oztopo direlako.

Hori lortzen badute ere transatlantiko horiek dirua metatzen jarraitu nahiko dute. Kasu horretan aukera batzuk irekitzen dira: finantza munduaren kolapsoa edo Islandiako kasua ematen bada finantza transatlantiko hauen desagerpena eta krisi aurreko antzeko egoeratara itzulera, burbuila berri baten (edo gerraren) bidez mozkin berri eta azkarrak lortzen saiatzea, arazoak larrituz, edo dirua ekonomia errealera eraman eta epe laburreko mozkinei (eta beharbada etorkizunekoei) uko egin.

Lehenengo aukera gertatzea zaila dirudi baina ez ezinezkoa. Horretara iritsi aurretik, ordea, bigarren aukera probatuko dute. Bigarrena aukera posibleen artean dago, dudarik ez izan egin dezaketela, basakeria ez zaie arrotza. Hirugarren aukera, aldiz, positiboena litzatekeena, lehen fasearekin bat etor daitekeena, oso zaila izango da inork horretara behartu ezean.

Edozein kasutan gaudela ere talka argia izango da. Herri-lurren defentsan oinarritutako ekonomia batean sinisten dutenen eta botere politiko-ekonomikoa edo hauetatik eratorritako errenta artifizialak sustatu nahi dituztenen artean. Zer egingo dute bigarren hauek sortzen ari den produkzio modu baten aurka?

Argi dago eredua erasotu egingo dutela eta jada horren aztarnak ditugu. Internetek ematen duen komunikaziorako ahalmena gure gizartean eraldaketa posibleago egiten duen tresna izaki etengabeko kontrol neurriak eta erasoak jasaten ari da. Neutraltasunaren amaitzeko saiakerak eta legediak etengabekoak dira. Horren aitzakia errenta artifizialak eta eskasian oinarritutako jabetza intelektualaren eredua erabiltzen delarik. Kontrol neurri horiek jadanik Interneten ematen den oparotasunaren ekonomia kontrolatzea bilatzen dute. Jende guztiak ulertzen du, lehen ez bezala, abesti bat beste bati kopiatzen diodanean biok abesti bera entzun dezakegula.

Horren aurrean, sarean ere eraso horiei aurre egiteko bideak asmatu dituzte. Horien artean garrantzitsuena p2p fitxategi elkartrukea. p2p fitxategi elkartrukearen bidez ez da zerbitzaririk behar. Bakoitzak duen biltegiratze gaitasuna eta Internetek ematen duen komunikatzeko aukerari esker fitxategiak zuzenean elkartrukatzeko aukera dugu.

Eraso eta kontraeraso hauek teknologiaren alorrean eman badira ere, etorriko diren erasoen aztarnak dira. Klase kapitalista eta finantzarioa, ekonomia produktiboarekin harremanik ez duena eta errenta artifizialez elikatzen dena ez dago geldirik. Hala ere, sistemaren baitan erantzuteko aukera dago, beti ere sare banatuen filosofia horrek erakusten dizkigun aztarnetatik.

Honen aurrean ekonomiaren alorrean produkzio modu berri bat eraikitzen hasi behar dugu. Software libreak bere arloan frogatu duen bezala sistemaren barnetik ere eraikitzen has daitekeen eredua izan daiteke, hobea dela frogatzen badu. Horretarako herri-lurrak oinarrian jarrita etengabeko hobekuntza eta oparotasun logika batean oinarritu beharko den modeloa izango da. Hastapenetan sistemaren baitan dauden egiturak baliatuz (kooperatibak, adibidez) espazio ekonomiko bat eraikitzeko gai izan behar dugu. Erasoak egon daitezke, baina lehen fasean konfrontazio zuzenik ez da gertatutako baldin eta ereduak funtzionatzen badu.

Trabak ere egongo dira. Ekonomia alternatibo bat eraikitzen hasten garen momentutik erasoak etengabekoak izango dira, sostengua ematen duten enpresa ereduen aurka, legedi babes-emaileen aurka, moneta ezberdina erabiliz gero horren aurka…

Gure tresna garrantzitsua beraien finantziarizazioa beharrezkoa ez izatean datza. Proiektu txikientzako nahikoa izan daitezke crowfunding (auzo laguntza) eta crowdlending (auzo finantziazioa). Bigarrenaren kasuan konfiantza arazoak egon daitezkeen kasuetan eta proiektu handietan beharrezko izango dira Banku publiko eta meta-komunitatearekin bat datozen Banku etikoen laguntza eta sostengua. Finantza eredu dominatzailetik at egotea eta meta-komunitatean ematen den sostengua dira giltzak.

Subjektu politikoa

Subjektu politikoaren eztabaida ere hor dago eta ez da erantzun erraza duen zerbait. Argi dago herri-lurren defentsan oinarritutako ekonomia batean sinisten dutenen eta botere politiko-ekonomikoa edo hauetatik eratorritako errenta artifizialak sustatu nahi dituztenen artean klase kontraesan argiak egongo direla. Bi talde hauen artean klase interes kontrajarriak egongo baitira.

Beraz, ikuspuntu marxistatik mugimendua nahita nahi ez interklasista izango da bere hastapenetan. Jendartearen sektore batzuek produkzio modu berria bereganatuko dute, beraz, klase ezberdinetako jendea egongo da transformazio fasean. Baina aurrera jo ahala, beste egoera askotan gertatu bezala, interes kontrajarriak baino bateraezinak diren beste batzuk ager daitezke. Horregatik hasieratik ezker-eskuin dikotomiarekin bat ez datozen elementuak izango dira. Ez batzuek pentsarazi nahi diguten moduan “ez dago jada ezker-eskuin”, baizik eta hastapenetan aurretik aipatutako klase zapaltzailea eta beste guztien arteko aldea handia delako.

Aurrerago interes kontrajarriak baino, bateraezinak dituzten bi talde sor litezke. Alde batetik lehen fasea amaitu baino lehen aurreko ereduari zenbait ukitu eginez herri-lurren inguruko diskurtso estetikoak, burutazioetan oinarritutako ekimenak, herri-lur faltsu batzuetan sinisten dutenak… agertuko dira. Horiek guztiek ez dute langileen produkzio baliabideen jabetzarik nahi, herri-lurrak oinarri dituen produkzio modu berri bat sustatu nahi. Horien helburua sistema berri baten aukerak murriztu eta eraberritutako sistema kapitalista batean errenta berriak kaptatzea izango da, aurreko mendeetan klase-ertainak egindakoa jarraituz.

Marxek izendatutako klaseekin korrelazio zuzena egin ezin bada ere, horrelako zerbait izango litzateke banaketa berria:

Klase zentralizatzailea: Lehenagoko botere politiko-ekonomikoa edo hauetatik eratorritako errenta artifizialak metatzen jarraitu nahi dutenak.

  • Botere banatuaren alde baino, botere zentralizatuen aldeko apustua egiten dute, horiek kaptatzeko erraztasun handiagoa eskaintzen dietelako.
  • Herri-lurren aldeko apustuaren aurrean jabetza intelektualaren kontrola ahalbidetzen duten neurrien aldekoak.
  • Neoliberalak, enpresari handiak, estatu aparatuetako politikariak…

Klase deszentralizatua: Lehenagoko botere egituretan zituzten eskubideak berreskuratzeko zenbait aldaketa bultzatu nahi dituztenak.

  • Botere deszentralizatuetan sinisten dute batez ere. Aurreko egitura demokratikoak eraldatzeko prest, baina beti ere ordezkaritzaren ikuspuntu hertsi batekin. Helburua, deszentralizatuagoak badira ere, beraiek gidatzea izango da.
  • Herri-lurren defentsa utilitarioa (herri-lurrak erabili), estetikoa (herri-lurren defentsa estetikoa) edo faltsua (jende askori iristen zaion ezagutza sustatu, baina librea ez dena) egin dezakete.
  • Zenbait liberal, produkzio modu berrian sinisten ez duten enpresari ertain eta txikiak, produkzio modu berriaren bidean egindako aldaketekin nahiko dutela iruditzen zaien pertsonak (asko aurreko klase ertainetakoak izan daitezke).

Klase banatua: Sistemaren eraldaketa osoa burutu nahi dutenak. Produkzio baliabideen jabetza eskuratu eta herri-lurren inguruan produkzio modu berria sustatu nahi dutenak.

  • Botere banatuaren alde egiten dute batez ere, beste botere motei uko egin gabe (zentralizazioa eta deszentralizazioa kasu askotan baliagarriak izan daitezke). Filtro beharrezko ez izatea da hauen helburua. Filtro edo bitartekari izatekotan balio bat ematen dutelako edo meritukraziagatik izango da.
  • Herri-lurren defentsa etorkizunaren defentsa gisa ikusten dute. Beraien etorkizuna herri-lurrei lotzen diete, bakoitzak egiten dien ekarpena izanik beraien balore sisteman garrantzitsuena.
  • Produkzio modu berriaren parte diren edo izan nahi duten klase ertainetako langileak, soldatapeko langileak, langile kooperatibistak, enpresariak, langabetuak, prekarizatuak…

Bitartekarien papera eta jabetzaren talkak

Testuan zehar eredu berri baten aztarnak ikusiditugu. Eredu berri honekin produkzio harreman berriak emango direla ere ondoriozta daiteke. Testu honetan, eman daitezkeen harreman horiek nolakoak izan daitezkeen eta horietan sortuko diren talkak aztertzen saiatuko gara. Horretarako bitartekarien papera aztertuko dugu batez ere. Horrekin batera jabetza mota ezberdinen arteko harremana ere aztertuko dugu. Eremu horretan jabetza pribatu, publiko eta komunaren arteko talkak aztertuz, baina batez ere fase honetan eman daitezken aliantzetan begia jarriz.

Bitartekarien papera

Etorri beharko lukeen ereduak, egitura banatuago bat izan beharko luke. Internet eta horrek erakarritako sare banatuen antolamenduak posible egiten baitute eta horixe da gure jendartea egituratzen duen komunikazio sistema nagusia. Hau da, sinpleki esan daiteke indar produktiboen garapena egokia dela hori gertatzeko. Egoera honetan zenbait arrisku eta aukera azpimarratzea garrantzitsua da, batez ere trantsizio egoera batean, zenbait gauza argi izan gabe edozer gerta daitekeelako.

Aldaketen aztarnak badira jada gure inguruan. Globalizazioaren eskema ikononikoan edozein tokitara joan eta McDonalds batean eroso sentitzeko aukera zen proposatzen zitzaiguna. Aldiz, etorriko den ereduan edozein tokitan gaudela ere bertako senti gaitezke. Alde batetik testuinguru informazio gehiago lor dezakegulako eta beste alde batetik pertsonen arteko sareek lehen eskuratzen zaila zen konfiantza ematen digutelako. Labur esateko, lehen bidaiatzean ziur eta eroso egoteko maila bateko hotel bat bilatuko genuke, orain nahikoa zaigu Internet bidez gomendagarria den hotel, hostal edo etxe pertsonal bat topatzearekin.

Globalizazio neoliberalak harreman sozialak, harreman ekonomikoen bidez ordezkatzea proposatzen zuen. Ezer ezagutu gabe ere, konfiantza eskaintzen ziguten produktu eta zerbitzuak eskaintzen zizkigun diru baten truke. Orain aldiz jada konfiantza hori pertsonen arteko harremanen bidez lor dezakegu eta beharrezko informazio guztia eskuratzeko ere aukera badugu kasu askotan. Konfiantza, sinesgarritasuna, segurtasuna… bezalako baloreak aldatzen ari dira eta horrek gure jendarteko esparru txikienetik handienera eraldatu dezake. Banku eta finantza sistema, finean konfiantzan horretan dago oinarrituta, beraz kolokan jarri daitekeela esatera hel gaitezke. Ez gara hain urruti joango, baina zergatik ez?

Hemen eta orain p2p produkzio molde berri batek ekar ditzakeen harreman berrietan bitartekarien papera aztertzeak berebiziko garrantzia dauka. Bitartekariak egon egongo baitira, baina batzuek urrundu eta beste batzuk bakarrik hurbilduko gaituzte jendarte justuago helburu duen komunismo banatuaren bidera. Horiek aztertzeko hiru faktore hartuko ditugu kontuan: harreman batean arauak ezartzeko aukera, harreman horretatik jasotzen den onura eta harreman hori bukatzean aldeek irabazi edo galdu duten balioa. Bost eredu nagusi bereiz daitezke, baina hiru multzo nagusitan barnebildu daitekez orokortzeko, lehen biak, erdikoa eta azken biak:

bitartekariak

Ordezkatzailea (p2B): Harreman zuzenik ezartzeko aukerarik ematen ez duten bideratzaileak dira, dena ordezkaritza bidez egiten da. Arauak beraiek ezartzeaz gain, onuradun nagusiak ere beraiek dira. Harremana amaituta p-k balio metatu gutxiago dauka, sortutako harremana guztiz desagertzen delako.

Behartzailea (p2B2p): Harremana haien bidez egitera behartzen duten bideratzaileak dira. Arauak beraiek ezartzeaz gain, onuradun nagusiak ere beraiek dira. Harremana amaituta p-k balio metatu gutxiago izan dezake.

Batzailea (p2β2p): Harremana beraien bidez egiteko, erreplikatzen zailak diren baldintzak bilatzen dituzten bideratzaileak dira. Arauak beraiek ezartzen dituzte, baina guztiz ezinbestekoak ez direnez, p-ren onespena behar dute. Onuradun nagusiak ere beraiek dira. Harremana amaituta p-k balio metatu berdina manten dezake.

Bideratzailea (p2b2p): Harremana beraien bidez egiteko, denentzat balioa dakarren zerbait eskaintzen duten bideratzaileak dira. Arauak beraiek ezartzen badituzte ere, prozesua erreplikatzeko edo komunikazio zuzenerako aukera ere ematen dute. Harremana dagoenean onuradun nagusiak izaten jarrai dezakete, baina p-k ere onurak jasotzen ditu. Harremana amaituta p-k balio metatu gehiago eduki dezake.

Parekidea (p2p): Bideratzailea besteen pareen kokatzen da eta harremana zuzena bilakatzen da. Arauak beraien artean ezartzen dituzte, nagusitasunik gabe. Guztientzako onurak dituen harreman bat sortzen da. Harremana amaituta denek balio metatu gehiago eduki dezakete.

Argi dago komunismo banatuaren ikuspuntutik begiratuz gero, azken mota dela p2p produkzio modutik gertuen dagoena. Hala ere, bitartekari horren egituraz gain, izaera ere kontutan hartu beharra dago. Horrek bigarren afera aztertzera eramaten gaitu.

Jabetza talkak

Jabetza moten arteko eztabaidak bitartekarien izaera baldintzatzen du, baina hori baino gehiago jendarte baten izaera bera deskribatzen du. Alde batetik jabetza moten deskribapen labur bat egiten saiatuko gara eta horrekin batera komunismo banatua non kokatzen den definitzen saiatuko gara. Beste alde batetik hemen eta orain hori lortze bidean proposamen bat egiten ausartuko gara. Ausardia ez da faltako, baina eztabaida ireki moduan planteatu nahi dugu hemen agertutako guztia.

Hiru dira gure jendartean dauden jabetza mota nagusiak pribatua, publikoa eta komuna. Azken hau beti egon da bere forma primitiboenean, besteak aldiz historiaren ibilbidean gizakiak sortutakoak dira.

Sistema sozial bakoitzak jabetzarekiko duen harremanaz sailka daiteke. Taula baten bidez erakutsi nahi izan dugu jabetza mota ezberdinen eta hauen arteko erlazioek adierazten duten sistemarekiko harremana:

  Pribatua Publikoa Komuna
Pribatua Liberalismoa Neoliberalismoa Sharing economy
Publikoa Neoliberalismoa Estatismoa Komunismo banatua
Komuna Sharing economy Komunismo banatua Komunismoa

Liberalismoa, estatismoa eta komunismoa besteen aurrean jabetza mota bakar batek gailentzea suposatuko luke. Ez du besteen desagerpen totala ekarri beharrik, baina bai nagusiarekiko azpiratze argia. Jabetza mota ezberdinen arteko harremana aztertzen ari garenez, gure azterketa kokatzeko soilik erabiliko ditugu, hauetan gehiegi sakondu gabe, nahiko aztertuta daude eta.

Neoliberalismoa, Sharing economy eta Komunismo banatua dira jabetza arteko bidegurutzeetan agertzen zaizkigun aukerak. Kurtsibaz jarri nahi izan ditugu azken biak, sortzen ari diren ereduak izaki, aldakorrak, beste batzuekin konfluente… izan daitezkeelako. Bi eremu horietan beste eredu proposamenak ere agertu daitezke eta horiekin lehiatu beharko dute.

Neoliberalismoa, bizi ditugun garaiek definitu izan dute. Jabetza pribatu eta publikoaren harreman estua eta kasu ezberdinak egon badaitezke pribatuaren gailentzea, baina publikoaren onespena edo babes beharrezkoarekin.

Sharing economy bezala definitu den horretan jabetza pribatuaren eta komunaren arteko harremana sustatzen da. Jabetza pribatuaren bidez, komunak diren edo komunaren antza handia duten zenbait ekimen aurrera eramaten ditu. Edota jabetza pribatutik komunarentzako onuragarriak izan daitezkeen praktikak eramaten dira aurrera. Beti ere jabetza pribatuaren existentzia jokoan jarri gabe.

Komunismo banatuan aldiz jabetza publikoaren eta komunaren arteko harremana ematen da. Publikoaren papera komunaren defentsa eta hedapena sustatzean datza. Aldi berean, komunak ez diren baliabide publikoak komunitarizatzen ditu ez jabetza bidez, baizik eta baliabide publiko horien atzipenaren bidez.

Hiru eredu hauek harreman zuzena dute aurretik definitu izan dugun momentuko balizko klase banaketarekin.

Definizio sinplista hauen bidez beraien arteko harremana aztertu nahi izan dugu. Hemen eta orain harreman mota bakoitza defendatzen dutenen artean sor daitezkeen aliantzak aztertzeko.

Argi dago oraingo egoeran Neoliberalismoak markatu izan dituela gure azken urteak. Halere, inperialismoaren produktu berritu honek bere ahuldadea ere erakutsi du azken urteetan. Ezin uka hala ere jabetza pribatuaren bultzatzaileen nagusigoa, bizi ditugun garai hauetan, behintzat arlo ekonomikoari begiratuz gero.

Gauzak horrela, ikusi dugu sistemak berak sortu dituela kondizioak aldaketa bat burutzeko. Gehiago ere esan daiteke, aldaketa hau beharrezkoa izango da era batean edo bestean bide berean sakontzeko edota bere eraldaketarako.

Gure apustua zentzu honetan eremu publiko eta komunaren arteko aliantzaren aldekoa da. Batzuek trantsizio bat bezala ikusiko dute, beste batzuek, aldiz, azken geltoki moduan. Argi dagoena da hemen eta orain aliantza hori eman beharko dela benetako eraldaketa bat nahi bada.

Tentazioa egon daiteke eremu pribatuaren eta komunaren arteko aliantzaren aldeko apustua egiteko eta noski batzuek hori bakarrik burutu nahiko dute. Honek sistemaren aldeko beharrezko duen aldaketa ahalbidetzeko atea ireki ditzake.

Alderatuz gero, bigarren aliantza horretatik ateratako harremanak aurrekoak baino hobeak izan daitezke, baina beste era bateko harremanetarako pausoak ez badira akats larria litzateke horien alde egitea.

Etxebizitza adibide bezala har dezakegu. Demagun, behar erreal baten aurrean jendea bildu eta kooperatiba bat sortzen duela. Kooperatiba horrek, jendartean dauden . Oso ezberdina litzateke ondoren bakoitzak etxe hori jabetza pribatu moduan kudeatzea, hasierako izaera komunala baztertuz edota sostengu publiko baten bidez sortutako izaera komun hori mantentzen saiatzea.

Aldi berean, mezu kontraesankorrak ere entzun ditzakegu: “jabetza txiroen gauza izango da; jendeak gauzak erabili nahi izango ditu ez eduki”. Era honetako baieztapenek, jabetza pribatuaren arbuio bat badirudite ere, jabetza inplizitu bat dute.

Normalean, era honetako diskurtsoen atzean ezkutuan dagoen jabetza mota ez da publikoa edo komuna izaten. Erabiliko den horrek jabe bat izango baitu, pribatua askotan. Era honetako diskurtso faltsuen bidez orain arte herritarrok eskuratutako jabetza eta baliabide txikienak ere errentarako eremu bihurtu nahi izango dituzte.

Honek guztiak, eremu publikoaren aldaketa beharrezko bat ekarri beharko du. Argi dago oraingo egiturek ez dutela aliantza hau posible egiten. Nola, orain arte Neoliberalismoaren sostengatzaile izan direnak bidelagun izan? Hor ere bada zer egin eta berriro ere badira adibide txiki bezain interesgarriak gure inguruan ere. Botere publiko (kaleko hizkuntzan politikariak) guztiak ez baitira berdinak.

Estatu izaera berari ere begiratzen badiogu, proposamenak agertzen hasi dira, horietako bat Partner State delakoa adibidez. Gehiago ere agertuko dira, baina horiek guztiak oraindik asmatu beharreko lanaren parte dira, beraz alternatiba hauen sorreran parte aktibo izatea besterik ez zaigu gelditzen.

Balore berriak

Eredu berri batek, balore berriak behar ditu. Hegemonia hainbeste aipatzen bada ere, gutxi batzuek ulertzen dute hau botere politiko-ekonomikoa eskuratzetik haratago. Hegemoniak balore kultura berriak beharrezko ditu, botere politiko-ekonomikoa eskuratuta erem eraldaketa atzeraezin bihurtzen dituzten baliorik gabe, zaharren berreskuratzea gerta daitekeelako. Hauek dira beste batzuren artean komunismo banatuaren prespektiban nabarmendu nahi ditugun lau balore sorta.

Demokrazia ekonomikoa eta parte hartzailea

Demokrazia ekonomikoa behar ekonomiko eta sozialak ase ahal izateko behar-beharrezkoa da. Enpresa eredu kooperatiboak, langileek jabetza duten ereduak eta merkatuaren aurrean jendartearen interesak lehen tokian jartzen dituzten ereduen aldeko apustua egitea dakar horrek.

Horrez gain, gobernantza ereduari begira, demokrazia parte hartzailea sustatu behar da. Herria osatzen duten komunitate eta norbanakoek beren garapen pertsonala eta kolektiboa lortzeko era aktibo eta zuzenean erabakiak hartzeko aukera ematen dien gobernantza eredua da demokrazia parte hartzailea.

Burujabetza eta autonomia

Autonomia, pertsona edo talde batek bere burua gobernatu eta garatzeko ahalmenari deritzo. Autonomiarekin bakarrik, eraiki daitezke pertsona askeak, beren etorkizunarekin zer egin erabaki dezaketen pertsonak. Autonomia baina ez da prozesu indibidual bat, kolektiboki bakarrik eraiki daiteke benetako autonomia; bata betestearen beharra dugula jabetuz eraikitzen den autonomiak balio unibertsala dauka eta hori da eraiki behar duguna.

Autonomiaz hitz egiten dugunean elkarlanean oinarritutako autonomiaz ari gara. Argi izan behar dugu, burujabetzak eskaintzen duen askatasunetik bakarrik eraiki daitekeela benetako autonomia. Horregatik, burujabetza hori ziurtatuko duten azpiegiturak, baliabideak eta tresnen aldekoa apustua egitea beharrezkoa da.

Herrigintza kultura p2parekidea eta anitza

Jendartean komunitate eta sareen arteko hartu-emanetan oinarritutako kultura aktibo bat sustatzea beharrezkoa da. Sare banatuetan bezala, p2p harremanetan, berdinen arteko harremanetan, oinarritutako herrigintza bat behar dugu; sistemak suntsitu dituen edota harreman komertzial soilez ordezkatu dituen harremanak berriro sortuz.

Aldi berean, bere baitan aniztasuna onartu eta kudeatzeko tresnak eskaini beharko ditu herrigintza eredu honek. Gertuko harremanek, elkar ezagutzak, antolatutako sareek… horietatik kanpo eraikitzen diren gezurrak kontrajarri eta herri kultura berri bat eraikitzeko gaitasuna duten sareak.

Ezagutza librea eta irekia

Espezie gisa eboluzionatzera bultzatu gaituen ezaugarria da ezagutza. Ez da ondasun mugatu bat; aitzitik, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gehiago garatzen da. Horretarako, ezagutza sortzea, ikastea, barneratzea, sistematizatzea, transmititzea eta aplikatzea sustatzen duten baldintza sozial jakin batzuk behar dira.

Ezagutza libreak ondasun publiko gisa ikusten du ezagutza bera, pertsonen berdintasunezko garapena bultzatzen duen ondasun gisa, hain zuzen ere, ezagutzaren sortzaile eta edukitzaile gisa, araudi murriztaileek ez bezala (jabetza intelektualak edo patenteek, esaterako).

Bizi garen ezagutzaren jendartea deitutako honetan, ezagutza komun libre honi ekarpen gehien egiten diotenek eta beste batzuekin batera era irekian elkarrekintzan dihardutenek garapenerako aukera gehiago izango dituzte.

 

Zer egin?

Gaur egun egoera zein den, eta etorkizun hurbilean bide honetan zer egin daitekeen proposatzen saiatuko gara, etorkizun posibleak aurreikusi eta sortzeko asmoarekin. Ezin gara hasi azken urteetan mundu mailan eta gure kasuan Euskal Herrian bizi dugun krisi ekonomikoa aipatu gabe, eta aipatzen dugu oso garrantzitsua delako lantzen ari garen gaia ongi kokatzeko. Krisia luzerako doa, edo behintzat orain arte ezagutu dugun paradigma sozioekonomikoa betiko aldatuko du. Esan daiteke aro aldaketa batean murgildurik gaudela, eta aldaketa hori ondo identifikatu behar dugu etorkizuneko erronkei ondo erantzuteko.

Eszenatoki berria prisma ezberdinak dituen krisiak markatuko du; krisi finantzarioa, ekonomikoa, ekologikoa, energetikoa, zaintzarena, demografikoa ere baden honek, lan honen kasuan 4 esparrutan duen eragina aztertuko dugu, arlo ekonomikoan, jendartean, eredu politiko/instituzionalean eta estrategikoan, alegia. Eraginarekin batera esparru bakoitzak sortzen dituen erantzuteko beharrak ere identifikatzen saiatuko gara, egoera eta beharren diagnostiko batetik instituzioetatik ere jendartearen parte hartzearekin hainbat proposamen identifikatuz.

 

komuna

Ekonomia

Esan bezala, aurrean dugun krisia multidimentsionala da, eta baliteke orain arte kapitalismoan ohiko izan diren krisi ziklikoetatik harago joatea. Krisi estrukturalaren aurrean gaudela dirudi, orain arte ezagutu dugun garapen eredua eta honi lotutako jendarte eredua ere kolokan jartzen ari dela dirudi.

Egoera honetan identifika daitezke zenbait joera ekonomiko:

  • Krisiari erantzuteko errezeta neoliberalak agortzea eta jendartean desberdintasunak handitzea: Aberastasunaren kontzentrazioa, prekarizazioa, desregularizazioa, enpresen deslokalizazioa, gain-produkzioa, eta abar.
  • Finantza kapitalismoaren nagusitasuna, eta kapitalismo produktiboaren gainbehera. Kapitalismoaren krisi estrukturala areagotzen duen egoera.
  • Egitura ekonomiko eta erreproduktiboen erabateko banaketa. Krisi garaian areagotua.

Egoera honetan jendartearen beharrei erantzungo dien ekonomia eredu bat izan beharko da erantzuna, jarduera ekonomikoaren finantzarizazioari, ekonomia errealeko proiektuekin erantzunez; ekonomia justuago bat, desberdintasun sozialei, emakumea baztertzeari… aurre egingo diona. Testuinguru honetan, ekonomia ereduaren dinamizatzaile moduan agertzen da berriro ekonomia soziala, demokrazia ekonomikoa oinarri duena, eta aurrerago aipatu dugun pribatu eta publikoaren dikotomiaren aurrean, komuna erdian jarriz bi esparruen dinamizatzaile izan daitekeena.

Ignacio Ramonetek dioen bezala, “kooperatibagintzak demokrazia ekonomikoa proposatzen du”, eta demokrazia ekonomikoaren printzipioak dira, jendarteak eskatzen duen eta krisiari irtenbideetako bat izan daitekeen ekonomiaren demokratizazioa berma dezaketenak.

Demokrazia ekonomikoan pertsona guztiek dute, berdintasunean, ekoizpen medioetara, erabaki ekonomikoetara, aberastasunera eta garapen aukeretara atzipena; gardentasuna, berdintasuna eta parte hartzea oinarri. Lana eta pertsona erdian jartzen dira, kapitalaren aurretik demokrazia ekonomikoan eta erabakietan “pertsona bat bozka bat” printzipioa betetzen da. Bide hori lantzeko tresnak badira, kooperatibismoak erakusten duen bezala, baina demokrazia ekonomikoan sakontzeko tresnak beharko dira arlo guztietan, ekonomia sozial, pribatu eta publikoan.

Nabarmena da jendartean, instituzioetan eta enpresetan pertsonek ekonomian eta bertako erabakietan izan dezaketen paperarekiko interesa, eta horren erakusgarri da Gipuzkoan bertan gaiaren inguruan antolatutako “Gipuzkoan elkarlanean partaidetza eraikitzen: pertsonak, enpresak, lurralde” jardunaldiek sortu zuten interesa eta ondorengo hausnarketa eta eztabaida.

Jendartean herritarren demokratizazio eskaera handitzen doan moduan, langileek ere gero eta behar handiagoa dute lantoki eta enpresen erabakietan parte hartzeko. Hala ere, “modan” dagoen parte hartzea enpresan ez dadin kontzeptu huts bihurtu eta demokrazia ekonomikoa lortzeko tresna, garrantzitsua izango da herritarren (langileen) eta erakundeen parte hartzea, parte hartze integrala landuko duten tresna eta prozesuak garatzea.

Jendartea

Krisi ekonomikoak jendartean eragin handia izan du, eta orain arte normaltzat ematen ziren hainbat babes eta kohesio sozialeko egitura kolokan ere jarri ditu. Kontsumoan oinarritutako kapitalismoak eragin duen jendartearen fragmentazioak eta pertsonen indibidualizazioak lehenago existitzen ziren hainbat erantzun eta babes kolektiboko egitura ere higatu ditu, eta horrek gogorragoa egin du krisiaren eragina. Egoera honetan, indibidualizazioaren ondorioz, ardurak ere indibidualizatu egin dira eta pertsonek gero eta zailagoa ikusten dute edozein alternatiba posible egitea.

Horregatik bihurtzen da pertsonek jendartean, gizarte zibilean, izan dezaketen parte hartzea bereziki garrantzitsua. Jendarte sareak trinkotzea, oinarrizko parte hartze dinamikak aktibatzea eta kolektibotasun berriak sortzea beharrezkoa izango da, baita garapen ekonomikorako ere, jendarte trinko eta parte hartzaile batek bakarrik betetzen baititu baldintzak egitura ekonomiko demokratikoak garatzeko.

Bereziki kezkagarria da jendarte sareen higatze horretan, eta ardurak indibidualizatzearen ondorioz, kooperatibismoaren ideia kolektiboak berak izan duen higatzea, kasu batzuetan oso interesatua izan dena, baina kooperatibismoak ere, ustezko etengabeko hazkundean murgildurik, kooperatibismoaren sustapenari eta memoria lantzeari beharrezko garrantzirik eman ez diolako ere. Modu horretan gaur egun ekonomia soziala zer den eta izan dezaken eraldaketarako gaitasuna ikusezina da. Badago, kanpotik etorri daitezkeen hainbat eredu eraldatzaileen aurrean ere, euskal jendartean oso txertatuak dauden ereduak berriro sozializatzeko beharra.

Bestetik, jendartean aurkitzen ditugun eragile sozioekonomikoek gaur egungo egoeran kokapen eta funtzioen desplazamendu bat dute, eta kasu askotan ez diete erantzuten jendarteak behar dituen planteamenduei. Horregatik, instituzio, elkarte, garapenerako eragile, sindikatu eta abarren kokapen berri bat beharrezkoa da, etorkizunean ere jendartearen interesen alorrean lanean jarrai dezaten.

Kasu hauetan guztietan aktibazio eta saretze hauek gerta daitezen beharrezkoa izango da herritarrek eta eragileek erakundeekin batera egindako hausnarketa eta lana.

Eredu politiko-instituzionala

Bi krisi batu dira eredu politiko/instituzionala kolokan jarri dutenak: ongizate estatuarena eta estatuaren zilegitasun demokratikoarena. Egoera honetan, herritar eta eragileek gaur egungo sistema politiko/instituzional ordezkatzailea ezbaian jartzen duten moduan, kapitalak ere berdina egiten du, kasu askotan erakutsiz dagoeneko sistema instituzionala ez dela nahikoa bere interesak mantentzeko.

Ongizate estatuaren krisiari dagokionez, XX. mendearen bigarren erdian eredu bezala ezarri zen babes sistema estatala desagertze bidean da, politika neoliberalen presiopean, eta datozen urteetan ere horrela jarraituko duela dirudi, zantzu argiekin:

  • Etengabeko hazkundearen paradigmaren sinesgarritasun eza, orain arteko estatu nazio-estatu babeslearen ideiaren amaierarekin batera. Estatua etengabeko onura sozialen berme izango den egituraren ideia amaitu da.
  • Ongizate estatuaren higadura prozesuak sakontzen jarraitzen du.
  • Ongizate estatuaren egitura administratiboen inguruko zalantza gero eta nabarmenagoa, gaur egungo egoera konplexuen kudeaketa egiteko tresna desegokiak bihurtu baitira.

Honi aurre egiteko beharrezkoa izango da konplexutasunari erantzungo dioten egitura politiko/instituzional berriak ezartzea, eta ongizatearen definizio berriak jorratzean, beharrezkoa izango da estatuaren ongizate tresna publikoen aldean, herritarren eta eredu ekonomiko sozialetan oinarritutako eragileen parte hartzea prozesuetan integratzea.

Ongizate estatuaren higadura nabarmena den testuinguruan, eta politika neoliberalak hegemonikoak izanik, herritarren interesetara berriro hurbiltzeko, beharrezko egiten da estatuaren ekonomiaren planifikazio molde berriak asmatzea eta indartzea, orain, ekonomiaren planifikazioa politikoki kasu gehienetan baztertua dagoenean. Etorkizuneko planifikazio ereduak, ordea, deszentralizatua behar du izan, erabakiak tokiko erakunde eta herritarren artean hartu ahal izateko, tokiko garapenari dimentsio estrategikoa emanez, eta seguruenik, hori bideratzeko egitura berriak sortuz.

Hori gutxi balitz, estatuen eta egitura politiko/instituzionalen zilegitasun demokratikoa gero eta gehiagotan jartzen da zalantzan. Egoeraren arrazoiak asko dira, egitura supra-estatalen dinamika neoliberalak herritarren interesekin zerikusirik ez duten politikak aplikatzea, eta instituzio eta herritarren interesen arteko urruntzea izan daitezke larrienak.

Gainera, orain arte jendarteko eragile eta instituzioetatik kanpo sortzen eta indartzen hasi diren eragile sozialek gero eta pisu handiagoa hartzen dute, eta herritarren interesetik hurbilago kokatuz, legitimitate handiagoa lortu dute. Gaur egun, ordea, ez dago jendartetik sortutako eragile berri hauek eta instituzioak lotzen dituen estrategia eta tresna kontsolidaturik. Hori ere landu beharko da.

Jendartearen demokratizazio eskaera handituz doa, estatuen estrategia neoliberalek eskubideak eta parte hartze politikorako aukerak, hau da, demokrazia politikoa murrizten duten bitartean. Egoera horretan garrantzitsua da herritarren parte hartze kanalak sortu eta kontsolidatzea, arlo publikoan, baina baita ekonomikoan eta herrigintzan ere, jendarte demokratikoa eta parte hartzailea baita herritarren beharretara gehien hurbilduko den paradigma. Hala ere, hori gauzatzea bideratu eta lagundu egin beharko da. Izango dira lidergo sozialak, baina arlo publikoak, jendartearen demokratizazioa bilatzen duten erakundeek, badute paper garrantzitsua prozesu hauen lidergoan.

Estrategia

Eta nola aterako gara krisi anitz hauetatik, identifikatutako beharrei erantzunez, estrategiarik gabe? Nola antolatu arlo ekonomikoan, pertsonen parte hartzean oinarritutako garapen eredu berri bat, orain arte ekonomiaren gorabeherak ekimen pribatuaren edo instituzioetako irizpide aldakorren menpe egon badira?

Hasieratik esan dugun bezala, orain arteko garapen ereduak ez ditu jendartearen beharrak asetzen, eta krisiaren ondorioz paradigma berrien aukerak irekitzen dira. Datorrenaren zain geratzen bagara, ezingo dugu eredu parte hartzaile eta justuagoen alde egin. Beharra, beraz, argi: estrategia bat garatzearena, estrategia helburuak ezarri eta dena eraldatzeko.

Eta parte hartzea bermatzea jendarteak ekonomian eta instituzioetatik hartzen diren erabaki ekonomikoetan estrategikoa da? Bai, inoiz baino gehiago, estrategia egokiak lantzeko beharra eta helburuen identifikazioa oinarrizkoa delako.

Ohituta gauden hazkunde estrategiak alde batera utzi beharko ditugu, ordea, egitura ekonomikoetan ere parte hartzea txertatu nahi badugu, eta horren buru izateko instituzio eta ekonomia sozialeko eragileen elkarlana beharko da; instituzioek garapen ekonomikoa planifikatzeko duten arduragatik, eta ekonomia sozialeko eragileek ekonomia eraldatzailea, kudeaketa eta parte hartze dinamiketan duten eskarmentuagatik.

Baina estrategia hori ere zertan oinarritzen den zehaztu beharko da, eta hor egituren tamainak eta erabakien zentralizazio mailak zerikusi handia izango dute, diseinatzen diren egitura eta harreman sareek baldintzatuko baitute ondoren jendartearen parte hartzearen eraginkortasuna. Egitura handiagoak direnean, parte hartze estrategiak konplexuagoak izaten dira.

Orain, dauzkagun egitura instituzional eta ekonomikoak dauzkagu, eta horietan jendartearen parte hartzea sakondu behar dugu, batetik, baina, bestetik, jar gaitezen etorkizunera begira: sortu behar diren enpresek zer neurri izan behar dute? Ekonomiak behartutako tamaina, hazkundean oinarritua? Edo gure jendartearen beharren araberako hazkunde banatuan oinarritua?

Hazkunde banatua esaten diogu beharren araberako elementu berriak sortu eta sarean artikulatzeari. Kooperatiba eta elkarte txikiak saretuta, ehun ekonomiko parte hartzaile orekatuagoa sortuko dugu, merkatu logikan sortutako erakunde handiekin baino.

 

Eraldaketarako faseak

Komunismo banatuaren teorizazioarekin hasi baino, txikitik handira joan gaitezke.  Hiru fase bereiztea garrantzitsua ikusi dugu, ulermena errazteko, baina ez ditugu gehiegi definitu nahi izan. 5. atalean ekonomiaren alorretik hemen eta orain kokatu nahi izan badugu ere, goazen arlo zehatz horretatik atera eta fasekako begirada orokor bat egitea. Garrantzitsuena, faseak alde batera utziz, komunismo banatua prozesu bat bezala ikustea litzateke. Baina batez ere bere bere lehen fasea, orain eta hemen egin daitekeena. Definizio eza nagusi bada ere ere, lortzeko bide bat markatzea litzateke helburu nagusia.

Testuan helmuga izan behar duen komunismo banatuaren azken fasea bera oso difuminatua aurkezten dugu. Halere, helburuak, guretzat behintzat, ezin du beste izen bat hartu. Ez dugu inorekin komunismo hitzarengatik borrokatuko, baina nola deitu, bere lehen fasetik pertsonen arteko esplotazioarekin amaitu nahi duen prozesu bati?

Egiturari begiratuz gero sistema feudala, sistema zentralizatua zen; Industrializazio garaian, sistema zentralizatua izatetik, deszentralizatua izatera igaro zen; orain berriz sistema deszentralizatu batetik, sistema banatu batera igarotzeko aukera dagoela esan dezakegu.

Aukera diogu, orain arte globalizazioaren proiektuak ez baitu hori burutu eta proiektua bera apurtu dela ematen du gainera. Bere promesa gehienak alboratu ditu, enpresa-estatu handien kontrol zentralizatuagoa ahalbidetuz.

Aldiz, globalizazioa deitu izan zaion honetan, baliabide ekonomikoak dira baliabide garrantzitsuena. Kapitalistei oraindik esfortzu gutxiagorekin errentak lortu eta urruneko kontrol baten moduan errentak lortzeko aukera eman dio honek. Klasikoetan abisu moduan agertzen ziren beldurrak errealitate dira orain. Estatuak osoak, kontrolatzeko ahalmena eskuratu dute eta hauen bidez kontrol ia erabatekoa lortzeko bidea ireki da. Hori orain artekoa, baina zer gertatuko da hemendik aurrera? Zer egin dezakegu orain eta hemen?

Lehen fasea – Ekonomia partekatua (komunitarismoa eta demokrazia ekonomikoa)

Fase honetan komunitate ekonomiko berriak (enpresa kooperatiboak gehien bat) sortzen has gaitezke. Beraien inguruan biltzen den komunitatearentzat sostengua izango direnak. Jada sortuta dauden beste batzuekin sare egituraketa bat egiten joan beharko litzateke aldi berean. Komunitate horiek izango dira barne aldera komunismoaren lehen aztarnak erakusten lehenak.

Bitartean eta paraleloan tamaina handiko enpresa kapitalistak beste eredu posible batzuk lantzen joan beharko dira. Langileak beraien etorkizunaren jabe eta pertsonak erdigunean kokatuko dituztenak. Enpresa horiek aurretik ohiko enpresa kapitalistak edota kooperatiba forma hartzen badute ere bere eskalan egokiak ez direnak izan daitezke. Aplika daitezkeen konponbideak jada gure jendartean aurki ditzakegu.

Bi hauek, beren komunitateen batura suposatzen duen meta-komunitatearekin batera demokrazia ekonomikoa oinarri duen itun bat egin beharko dute. Jendarte hobea lortzeko bidean beraien proiektuak meta-komunitate horren guztiaren sostengu izan behar duela eta meta-komunitate horren parte ahalik eta jende gehien egon behar dela jakitun.

Hori posible egin ahal izateko p2p produkzio modua sustatzeko eta herri-lurrak zabaltzeko ekimenak aurrera eraman beharko dira arlo guztietan. Azpiegitura publiko partekatuak, kontsumo kooperatibak, etxebizitza kooperatiba publikoak… Komunitate eta meta-komunitate horiek sostengatuko dituzten ekimenak hain zuzen ere.

Meta-komunitateari gertuko Instituzioek hori posible egiteko bideak ireki eta lortutakoari eusteko mekanismoak izan beharko lukete. Egituraketa juridikoa deszentralizatzen hasi beharko lukete udalek, udal sareak, mankomunitateak eta hauen arteko federazioak sortuz ez dauden tokietan.

Hau gaur eta hemen egiten has gaitezken zerbait da. Ideia hauek jende askoren “burutazio” moduan agertzen badira ere, koherentzia eman eta etorkizun posibleetako baten hasiera izan daiteke.

Bigarren fasea – Sozialismo banatua

Fase honetan egitura ekonomiko berrien arteko sarea osatuta dago eta konpetentzian oinarritutako eredu baten baitan bada ere herri-lurrak handitzeko eta horiekin gauza berriak eraikitzeko fasean gaude.

Enpresa handiek (kooperatiba edo ez), kooperatiba eta barnera zein kanpora begira demokrazia ekonomikoa errespetatzen dute.

Aurreko faseetan komunitateetan barne komunismoa kanpora ere hedatzen hasi da eta meta-komunitatean komunitate horiek esperimentatutako forma ekonomiko berrien aztarnak ikusten hasten dira.

Meta-komunitateak sustatutako ekimenak berari eta jendarte osoari ekarpenak egiteko moduan daude. Jendartea bere osotasunean meta-komunitatetik harago ekarpenak egiteko moduan eta hori helburu.

Instituzioek fase honetan era banatuagoak hartzen dituzte, aurrekoak zalantzan jarriz. Errepresentatibismotik harago, demokrazia parte-hartzailea eta zuzena egon daiteke jendartearen oinarri bakoitzaren esparruan. Zenbait kasutan eta egitura zaharrek horrela eskatuta erreprensentatibismoaren zantzuak oraindik egongo badira ere.

Hirugarren fasea – Komunismo banatua

Fase honetan komunitateek esperimentatutako komunismo forma hoberenak meta-komunitatean arrakastaz txertatu dira. Etengabeko berrikuntza batean forma berri horiek zabaltzen eta berritzen joango dira. Jendartearen gehiengoa meta-komunitateen parte da eta hortik kanpo daudenek ere sostengatuak sentitzeko arrazoiak dituzte.

Ondorioak

Eztabaida dokumentu bat da hau eta horren ondorioz eztabaidara irekia. Horregatik ondorioak eztabaida baten ostean idaztea erabaki dugu. Baditugu adibidez Zer egin? atalarentzako proposamen zehatzago batzuk ere, baina ez ditugu publikatu nahi izan eztabaida hori eman arte.