Eburniko kattana 1.6: Sua. Aitonensemeak. Zein baina?

Elosuko bentara iritsi den kuadrila ez da nolanahikoa. Bidelapurrak dira Garitanoren bigarren usoaren hartzaileak. Gipuzkoako agintariek aspaldian jarri zuten saripean kuadrilaren buru Guiñi.

Asko sentitu genuen Kaderazarren eta zure semearen heriotzak, agurtu du Guiñik Eder. Ez du inolako erantzuna espero. Aspaldiko ezagunak dira. Ederren familiak izan ez zuten zortea izan zuen Guiñik ataka estu hartan. Gipuzkoako buru-ehitzaileen zeladan.

Garitanoren agindua gordetzen duen tutua helarazten dio Ederrek. Hura irekitzeko kodea Guiñik jaso uso-mezuaren zatia zen. Mezu bana dute tutuaren barruan. Zehatzak eta argiak dira aginduak.

Guiñirentzat: Suediatik Pasaiara iristear den bigarren Elhuyar anaia bahitzea. Baldintza bakarra jarriko du Guiñik, hemendik aurrera banda Ederek lideratzea.

Lazkanok jaso duena: Intxorta mendiak arkanjelen aurkako babesa eraikitzea. Garitanok planoak zirriborratu ditu, Irizarrek eskumuturrean gorde duen hari itsaskorra ekoizteko eta jaurtitzeko modu masiboan.

Irizarrek ere badu zer egin. Ez baga, biga baizik. Ihesean eraman duen fardelean Garitanoren etxean erre Fausto Elhuyarren agiriak haren anaiari ematea. Bat. Bi, Garitanoren memoriak gordetzea: jauntxoek jende xumearen aurkakoak egin eta idatzitakoak bilduak zituen abadeak, “miserableak” izeneko agiri sortan.

Irizarrek orduan gogoratu du udalbatza gelatik hartutako liburua: akta liburua da hura; lege matxinoa Bergaran onartzen zuen akta barne. Liburua Elgetan gordeko du Lazkanok, gertatu denaren testigantza bakarra ia.

Ez da Elosukoa bilera bakarra. Donostiako Aldundiko egoitzan ere bestelako bilera dago. Bergaran gertatu guztiaren berri ematen die Peñafloridak Ahaldun Nagusiari eta Korrejidoreari. Bere erara bada ere: Bergarako jauntxoek matxinoak armaz gelditu dituzte, borrokaldian matxinoek zekarren lehergailu berria eztanda eta denak hilik suertatu ziren. Hori baino lehen, matxinoek sua eman zioten apaizaren etxeari, eta Garitano hil.

Ahaldun nagusiak ez du ezer sinisten. Ez da hori gure informatzaileek kontatu diguten Jaun Kontea. Alabaina… matxinoak desagertu dira. Haiekin zer gertatu den zeini axola? Ahaztu dezagun gaia. Probintzia zeharkatuko duen bide berria egitea da gure kezka nagusia, eta zuena eta zure lagun inbertsoreena hala izatea ere espero dut. Jaungoikoaren pakean joan, inbertsio horiek lotzera.

Diosala egin eta bulegotik irten da. Alde egin ondoren, Korrejidoreak hebillak aipatzen dizkio Ahaldunari, beti modan gizon hori, urrezko hebillak eta guztiz.

Irudia: Gold Belt End. https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Gold_Belt_End_MET_DT205054.jpg

Zabaldu: