Eburniko kattana 3.6: Fisika. Lafitte. (Season Finale)

Denbora luze joan da Pasaiatik ateratzen zirenetik. Ez da hau pentsatzen zuten bidaia. Ez dago Eder, ez dago Dumas. Lezo bigarrengotz akabatu behar izan dute… Alabaina, ez dute Pasaia helmuga, Hendaia baizik. Han hartu du egoitza Abadia jaunak orain. Saguzar mezulariek esandakoaren arabera.

– Zea… ziur al zaude hortik pasa behar dugun? Arando harriak baino estuagoa da pasabide hori. Galdetu du Elhuyarrek Danba harriei begira.

– Eztakit. Zientifikoa zu zara, ala?

Egia. Estua Danba harrien artekoa… hala balitz. Harrien artekoa holograma bat da. Harrietako batean dagoen “haize-arrosa” osatzean desagertu egiten dena. Saguzarren mezuei esker haize-arrosan falta den adreilua bere tokian jartzen du Lafittek. Harri erraldoi bixkiak desagertu egin dira. Abadiaren ontziralekua eta Olaso dorre txiki uzten duen gaztelua geratzen dira agerian.

Elhuyarrek ez du ontzia amarratu arte itxoiten, uretara egiten du salto, Abadiarengana:

– Kontseilu osoa bildu behar duzu. Azkar.

– Ni ere pozten nau zu ikusteak… Zuen zain dago bilduta jada.

Etxerako bidaian diseinatu dituen planoak erakusten ditu Elhuyarrek plenarioaren aurrean: “San Juan” eredua hartuta, eguzkia da motore berri horietan indarra sortzen duena.

– Eta horrela jaun andereak, eguzkiaren teknologia otso-harriaren teknologiarekin uztartuta, gure indarrek aurre hartuko diote inperioko armadei.

Txalo zaparradaren erdian hartu du hitza Abadiak:

– Hauxe izango dira zuen hurrengo helburuak: Zumalakarregi; zu Waterloora joango zara, Mary Talbotek zuzentzen duen erasoan parte hartzeko. Garibaldi; Etiopiarantz joango zara, ikazkin konpainia batekin; Nasrin, zu Ekialdeko Mediterraneorantz abiatuko zara; Prudentzi Aiala, zu…

Agurtu gabe egiten du alde Lafittek. “Torreatze”ra igo eta itsasoratzen da.

Londonen egin du lehen gelditzea. Lezoren hatzatik erantsitako sigilua lepotik zintzilik darama. Horrek irekitzen dizkio First National City Bankeko ateak; Lezok han gordetzen duen diruaren jabe da orain.

Bigarrena, Anburgoko San Pauli auzoan. Taberna batean. Elbaren gaineko zubi erraldoiari begira.

Ondoan, bi gazte daude.

– Orduan, bakoitzak bere ahalmenaren arabera eman behar duela uste al duzu Karl?

– Bai, Alionor. Eta, era berean, beharren arabera jaso ere.

Solasaldiak Lafitteren arreta bereganatzen du.

– Barkatu gazteak, baina nire ahalmenaren arabera botil ardo hau jartzen dut zuen mahaian; nire beharrean arabera, ordea, zuek entzutea nahiko nuke.

– Ongi etorria izan bedi zure ardoa; baita zure konpainia ere. Alionor eta Karl gaituzu. Inperioa desegitear den honetan, mundu berria nola eraikiko den asmatu nahi genuke, jauna.

Horretarako lehenago mundu berria ulertu beharko dugu, ezta? Erantzuten du Lafittek.

– Hain zuzen ere! (biak)

– Topa egin dezagun orduan! Jaiotzear dagoen mundua eta hura ulertuko dutenen alde. Oparotasuna! Bota du Lafittek.

Gaua luzatzen da botilen eta saltxitxen artean. Egunsentian Alionor eta Karl mahai gainean lokartuta daude. Botilen ondoan diruz beteriko zorro bat, ohar bat iltzatuta: “mundua ulertzeko ikertzen segitzeko, nire ahalmenaren arabera oraingo honetan KAPITALA nire kontu”.

Irudia: Das Kapital manuskript. Philip Sauvain Picture Collection. https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Kapital_manuskript.jpg

Zabaldu: