Herri kooperatiben ideia ez da forma juridiko bat, forma ezberdinak har ditzake. Ez da plataforma bat, baina plataformaren ideiatik ere jasotzen du. Ez da zerbitzu publikoak ordezkatzeko tresna bat, baina zerbitzu publikoak ematera bidera daiteke. Herri Kooperatiba Herri/Auzo/Eskualde/Zonalde batek beharrezko dituen zerbitzuak eskaintzeko herri egitura bat da, non era ezberdinetan ekonomia sozialeko agenteak, herritar antolatuak eta instituzio publikoak helburu komun batekin biltzen diren, helburu hori gauzatzeko forma kooperatiboaren baliatuta. Kooperazio mota honi, elkarlan publiko-kooperatibo-komunitarioa deitzen diogu.

Proiektu hauen zailtasuna, komunitatearen beharrak detektatu direnean, jendea bildu eta eragitean egoten da. Eman daitezkeen eztabaiden artean hauek garrantzitsuenak:

Horietaz gain, beti egongo den premisa bat komunitatearen sostenguaren beharra eta proiektutik tirako duen pertsona taldearena izango dira. Biak baturik daude, baina ez dira berdinak. Normalean proiektua sustatuko duen talde eragile bat beharko da eta garrantzitsua da bertan aniztasuna egotea; hau da aipatutako hiru adarretatik norbait egotea edo loturak egotea. Horretaz gain, normalean prozesu parte hartzaile bat ere egon behar du, komunitate osatuko duten pertsonek erabakiak har ditzaten. Horri lotuta, garrantzitsua da definitzea lan-taldea zein izango den. Ez sorreran, baizik eta martxan jartzen denean eta zein izaera izango duen lan horrek (ordaindua, boluntarioa, konbinatua…).

Osagai horiek guztiak garrantzitsuak dira, baina ingurune despopulatuetan edota ekonomikoki bereziki kolpatuetan zailtasun gehigarri bat izaten da, jendea biltzea zaila izaten da. Horregatik ia ezinbestean, kooperatibak izaera zabala izango badu ere, hasteko proiektu estrategiko bat identifikatu eta martxan jartzea ezinbestekoa izan daiteke. Proiektu horrek behar edo nahi garrantzitsu bati erantzutea ere garrantzitsua da.

Helburua da proiektu horren bidez Herri Kooperatibara bazkidetza lortzea. Jendea proiektu hori sortzeko biltzen denean, bazkidetza proiektu horri bakarrik lotuta egon beharrean, proiektu nagusira lotzea beharko luke izan helburu bezala. Horrela, Herri Kooperatibako bazkideak, kooperatibako bazkide izango dira eta informazioa eta parte hartzeko aukera izango dute. Eta aldi berean sortuko diren hainbat zerbitzuren erabiltzaile izan ahalko dira; ez bakarrik batena.

Honek egindako lana berrerabiltzeko aukera ematen du, etorkizunean komunitateak beharrezko dituen beste proiektuak martxan jartzea erraztuz. Kontzientzia lantzeko aukera ematen du, etengabeko informazioa eta parte hartzeko bideak ezartzen dituelako. Eta gainera, ekintzailetzarako erraztasunak ematen ditu, hasiera batean proiektuek kooperatiba horren forma juridikoa baliatu dezaketelako (etorkizunean asko handituz gero edo dinamika propio bat hartzen badute berezitu ahal dira, Herri Kooperatibarekin harremana mantenduz).

Ezinbestean honek Herri Kooperatiba horren izaera eta estatutuen inguruko lanketa espezifikoa eskatzen du. Kooperatiba motaren aldetik, era askotakoak izan daitezke kontsumo, zerbitzu, lan… integralak, mistoak, baina garrantzitsuena ondo definituak egotea eta bere plataforma izaera (irekitasuna) mantentzea. Ezin du bere izaeragatik, kooperatiba honetarako sarbidea zaila izan, izaera irekia izan behar du baldin eta jende guztiari parte hartzeko aukera eman nahi badiogu.

Leire Udabe Aizpurua eta Gorka Julio Hurtado