Kontrol soziala

Lezoko Zeorri aldizkarian argitaratutako artikulua

George Orwell-en 1984 urtetik 37 urte pasa diren arren, ez gara iritsi Georgek irudikatu zuen egoera horretara. Gaur egun bizitzen ari garen distopia honetan estatuak edo alderdiak ez dira hain “Anaia handia”. Egun, kontrola Amazon, Apple, Google, Microsoft… bezalako enpresek dute.

Kontrol soziala izugarri hasi da pandemiaren aitzakian. Poliziak ikusi ditugu euren guda taktikak probatzen eta herriak gerra laborategiak izango balira bezala erabiltzen.

Hala ere, kontrol soziala lehenago ere bagenuen. Ez estatuek, ez multinazional basatiek, ez zuten beraien kontrol soziala gehiago hazteko behar berezirik, baina egoerari etekina ateratzen jakin dute, dudarik gabe.

Konfinamendu garaian gure ohitura eta komunikatzeko erak asko aldatu dira. Lehenago ere tresnak hor genituen baina jabego anitzagoa zuten, ez zeuden enpresa baten esku. Hor dago gakoa, eguneroko ekintza soiletan sortzen ditugun datu-multzo kopurua asko hazi da baina tresnen jabetza zentralizatu egin da. Datu asko ekoizten ari gara. Gero eta gehiago. Orain bideo-dei gehiago egiten ditugu, mezu gehiago bidaltzen ditugu, ikasketako edo laneko dokumentuak hodeian ditugu…

Askotan egiten dugun akatsa gure datuak gutxiestea da. “Niri berdin zait zer dakiten nitaz”, “Nork nahiko ditu nire datuak?”, “nork nahiko ditu nire argazkiak edo elkarrizketak?”

Zure datuak, izen abizenekin, ez dituzte nahiko seguruenik, baina zure inguruan bizi diren beste milaka pertsonen datuekin batera aztertu baditzakete, orduan bai, nahiko dituzte. Datu agregatuek ematen diete balioa gure datuei.

Horregatik dira hain garrantzitsuak zerbitzu bat erabiltzeko onartzen ditugun erabilera baldintzak. Duela gutxi hautsak harrotu ditu whatsappek erabilera baldintzak aldatu izanak. Bertan, facebook aplikazioarekin informazioa partekatzea espresuki baimentzen da.

Dena den, datu hauek ez dute zertan txarrak izan, Arazoa zera da: noren eskuetan dauden, nork erabili ditzaken, non jasota eta zertarako erabili ditzaken. Denon eskubidea izan beharko luke datu gure datuak zertarako edo zeinek erabiliko dituen erabaki ahal izatea. Norberaren datuak osasun ikerketa bati eskaintzea erabaki dezakegu. Baina ez ditzatela guk era inkontzientean emandako datu horiek gure kontra erabili. Adibidez, mugikorrean bateria gutxi dugula eskari bat egin nahi dugunean prezioak garestitzeko edota GPS bidez lortutako informazioarekin sedentarismoa neurtu eta seguru medikua garestitzeko.

Beraz, datuen burujabetza denoi dagokigun gai bat da. Kontziente izan behar dugu gure erabakiek gizartea norabide batean daramatela. Norabide hori zein den aukeratzen hasi behar dugu.

irudia: Datacenter-telecom_edit.jpg

Zabaldu: