Etzi.pm sortzea pentsatzen ari ginela, behin baino gehiagotan atera zen gure eztabaidetan autopredikzioaren gaia. Autopredikzioa momentu historiko askotan helburu oso ezberdinekin erabili izan den tresna da, lortu nahi diren helburuak egingarriago ikustarazteko, estrategiak bideratzeko edo kontrarioaren jokamoldeak aldatzeko.
Autobetetzen den profezia estrategiaraino iritsi gabe, guk Etzi.pm-tik 2015 urterako gertatuko diren, gertatu daitezkeen edo gertatzea nahi dugun hainbat gairen autopredikzio ariketa egin dugu. 2015 amaieran solstizioarekin batera gaur idatzitakoak aztertu eta kritikatuko ditugu. Komunikazio honen iruzketan, 2015erako zuen autopredikzioak jasotzea gustatuko litzaiguke, gureak osatzeko, eta urte amaieran ere zuenak gureekin batera aztertzeko.
Horretaz gain, 2015, Aiert Goenaga (@aiertgoenaga) Etzi.pm-ko koordinatzaile nagusi berria izango den urtea izango da. Oso pozik gaude, gurekin batera abentura honetan parte hartzeko eskaintza onartu izanagatik. Ziur berarekin etorkizuneko gaiak jorratu nahi dituen hedabide gazte honek, oraindik ere urrunagoko begirada izango duela.
2015 urte eraldatzaile on!
Ekonomia
Partekatze Ekonomiatik Ekonomia Partekatura
Azken urtean ikusi dugu Partekatze ekonomia agenda publikoan ezarri dela, zeresan handia eman duten Uber edo Airbnb bezalako zerbitzuekin. Sektore berria izanik Espainiar Estatuan lobby bezala ere antolatu dira, eta eredu ekonomiko honek aurrera egingo du, naiz eta estatu batzuren aldetik interes ekonomiko konkretuak defendatzeko trabak izango diren, eta eremu ezberdinetatik kritikak jaso, bereziki interesgarria esaten duena Partekatze ekonomiaren atzean Errenten ekonomia gordetzen dela.
Horregatik, eta guretik abiatuta, baina baita mundu mailan, lantzen ari diren eredu post-kapitalistetan jarri beharko genuke atentzioa, eskeintzen zaigun harreman ekonomiko berri asimetrikoak baztertu eta Partekatze ekonomiatik Ekonomia partekatura pasatuz, martxan dauden hainbat proiektu finkatzen ikusiko ditugularik: Coop57, Fiare, Som Conexio, i-Ener, Goiener etab. Kooperatibismoak proposatzen duen demokrazia ekonomikotik, harreman eredu berriak ikusiko ditugu, jabetza eta kontrola partekatu eta komuna erdian jartzen dutenak.
Eredu ekonomiko partekatuak zabaltzen ari diren momentuan, 2015 urtean eremu publiko eta komunaren aliantza berriak ikusiko ditugu, orain arteko publiko pribatu dikotomia puskatu eta demokrazia ekonomikoari dimentsio berria emango diotenak
Energia berrriztagarriak eta sortze eredu banatuak
Eta energiarekin zer? Eredu energetikoa da edozein sistema ekonomikoren oinarri nagusietako bat, eta teknologikoki aurrerapen handiak egin badira ere energia berriztagarrien teknologietan, eredua XX. Mendekoa dugu, bai mundu mailan eta bai Euskal herrian ere. Azken urtean atzerapausoak nabarmenak izan dira Espainiar Estatuko legislazioan, eta pesimista izateko arrazoiak badauden arren, guk uste Tesla handiak irudikatu zuen etorkizuna gero eta hurbilago dago.
Badaude zantzuak erakusten digutenak mundu mailan energia sortu eta banatzeko ereduen demokratizazioa hurbilago dugula, eta enpresa handiak ere hasi dira bide horretarako prestatzen, gainera epe oso motzean zenbait aurrerapen teknologikoek, grafenoaren bidetik, etorkizuneko eredu berria bertan dugula erakusten digute. 2015ean ikusiko dugu? Norbaitek esan zuen: “paradigma eta eredu berriak gure artean ditugu, baina oraindik nagusitu ez direnez ez ditugu ikusten”
Eta bide horretan euskal Herrian izugarrizko aukerak irekiko dira, eta gure kasuan estrategia izango da garrantzitsua, energia burujabetzarako estrategia. Gainera pixkanaka tresnak baditugu, horiek bultzatzea eta egonkortzea guztion lana.
Kooperatibismoa eta komunitate ekonomikoen indarra
Eta guzti hau aurrera eramateko zein ekonomia eta egitura ekonomiko eredu dugu? Datorren urtean ere hainbat “startup” jaiotzen ikusiko dugu, han eta hemen eraldaketa edo berrikuntza eskaintzera datozela erakutsiz, baina “startup” eredua al da benetako ekonomia eraldatzaile sortzeko bidea? Hemendik ikusita eta benetan jendarte justuago bat eraikiko duen ekonomia landu nahi badugu argi dago fokoa beste nonbait jarri behar dugula, jendartea kontuan izango duen ekonomia ereduak ere sortzen ari dira eta 2015ean sendotzen ikusiko ditugu.
Ekonomia eta enpresan pertsonen parte hartzea modan jarri da eta datorren urteko gai zentraletako bat izango da, baina zer da benetako partehartzea enpresan? Kooperatibismoa eta enpresan langileen parte hartzea berriro agendara bueltatuko dira, eta produkzio medioen jabetzaren inguruko eztabaida zentrala bihurtuko da. Hor ikusiko da ere, ekonomia sozialaren baitan eredu ezberdinak daudela: Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta Olatukoop, REAS, Ner Group, Mondragon, Economia del bien Comun. Eztabaida, aliantza posibleak eta izpiritu kritikoa garrantzitsuak izango dira, eredu ekonomiko berriak etorkizuneko tresna eraldatzaile bihurtzeko.
Eredu talken urtea izango da datorren hau, mundu mailan baina baita beste ekonomia justuago bat sortu nahi dugunon artean. Gure esku dago zeinetan parte hartu, zein indartu, baina egitea izango da giltza, egitura eta komunitate ekonomikoak sortu eta burujabetzaren bidea egitea.
Teknologia
Big Data eta OpenData
Erabilera ezagunenak marketing alorrean badira ere, mende honetako Big Brother fenomenoaren tresna garrantzitsuenetakoa dugu. Datu kopuru itzelez betetako datu-base hauek jatorri anitzetatik hartu dezakete informazioa. Interneteko web nabigazio soilean ikus dezakegu gure gainean zenbat begi ditugun. Meta-datu biltzaile erraldoiek etorkizuna asmatzen eta kontrolpean izaten saiatzen jarraituko dute, baina denon eskura dauden Big Data irekiek zientzietan eta beste esparruetan ere lagunduko dute.
OpenData heldutasun puntu garrantzitsu batera iritsi da, esperientzia asko egon ondoren, hurrengo urteetan datu hauen arteko integrazioa, estandarrak, kalitate neurgailuak… martxan jarri beharko dira. Orain arteko datu ireki semantikoen adibiderik hoberena Linked Open Data proiektuak grafo batean erakusten digu.
Euskal Herriak, bere izaeragatik, arazoak izan ditu zazpi lurraldeak barnean hartzen dituen datu biltegi normalizatu bat izateko. Hala ere, badira informazio interesgarri partzialak ematen dituzten atariak Nafarroan eta baita EAEn ere. Estatuek ere badituzte biltegi propioak Frantzian eta Espainian. Euskal Herria oso-osorik kontuan hartuko zuen datu bildumarik ez genuen orain arte, baina Gaindegiak, Udalbiltzaren laguntzarekin, datuak.net ataria sortu zuen. Euskal Herriari buruzko datu fitxategiak modu irekian eta berrerabilgarrian eskaintzeko. Datu biltegi bakarrean ez bada ere, biltegi hauek guztiak bateragarriak egin eta pausoz pauso bada ere estandar irekietan oinarritutako sistemetan sakontzeko ordua ere bada.
Teknologia banatuak
Internetek balio behar badigu, P2P teknologiek aurrera egin beharko dute. Teknologia banatuek izango duten garrantzia Google ekosistemaren garapena aztertuz ikus genezake. Informazioa lortzeko, bere teknologia: poltsikoan, edukien kontsumorako, diru-zorroan, webgune guztietan, komunikazio formatu anitzetan, gure begietan, zeruan, espazioan, errepideetan… edukitzea lortu nahi du.
Horren aurrean bada berri baten aztarnak erakusten dituen eta hau eraldatzeko indar handia izan dezaketen hiru teknologia: Mesh sareak (sare banatuak), Block chain teknologiak (transakzio banatuak) eta agente autonomoek (erabaki hartze banatua). Orain arten fitxategi elkartrukerako BiTorrent bezalako tekonologiak ezagunagoak, Maelstrom bezalako proiektu berriekin datoz. Hauekin, Bitcoin ezagunaz gain, Agora, Namecoin, Maidsafe, Storj, Monegraph, BitMessage, Twister ere badaude.
Software librearen filosofiaren kutxatze ahalmen agortezina
Software librearen filosofia eta mugimendua zabaltzen hasi zirenek, softwarearen askatasuna mantentzea zuten helburu eta zioa. Seguruenik ez zuten espero, beraien erreferentziak mundu horretatik kulturaren mundura salto egitea. Orain jarrerak, egitero erak, eztabaidak, erabakitzeko moduak… beste arlo batzuetara igaro dira, Flock Society bezalako herrialde baten ereduari buruzko eztabaidak gidatzeraino. Seguru hemendik aurrera ere filosofia honek kutsatu eta eragina izango duela beste leku askoetan ere.
Jendartea
Harreman ereduen krisia, berrien sorrera eta batzuen egonkortzea
Harreman eredu askoren krisia nabaria da eta horrek zenbait harreman eredu berriren sorrera eta batzuen egonkortzea ekarriko du. Pertsona arteko harreman emozionalak eta sexualak, harreman eredu berriak, lotutako eztabaidak eta kritikak adibide argiak dira.
Partaidetza politikoaren alorrean ere, Syriza eta Podemos fenomeno berrien sorrera, EH Bildu eta CUP bezalakoen egonkortzea emango da. Harremanen intermediazioarekin lotutako parametroak: zentralizazioa-deszentralizazioa, behartua-ez behartua, harreman zuzena-bitartekari bidezkoak, erabakiak hartzeko bideak eta algoritmoak… orain arteko ezker/eskuin (eta beheko/goiko eufemismoari) indar berriarekin batuko zaizkio, jendarte egituraketari buruzko eztabaidetan.
Sentsore jantzigarriak eta ingurunearekiko elkarrekintza
Jantzigarriak diren teknologiek gure egunerokotasuna sentsore konektatuez beteko dute, kirola, osasuna eta modatik hasita. Mugikorretan eta gailu berri hauetan dauden sentsoreek, gure ingurunearekin, bereziki hirietako azpiegiturekin duten elkarrekintza eta datuen analisia garrantzitsua izango dira.
Datu eta metadatu berri horiek, pribatutasunaren alorrean erronka berriak ere eragingo dituzte, izaki areagotua eta izaki osoaren arteko eztabaidan kokatuz; teknologiak gizakitik gertuago dauden eredu biologikoekin antzekotasun gero eta handiagoak dituenean.
Hezkuntza eredu tradizionalen porrota, eredu berrien emaitza argien faltan, esperimentaziorako ordua
Online irakaskuntzak heldutasuna lortu du eta MOOC ikastaroen eztandaren ondoren, fenomenoa neurria hartzen joango da. Eredu hibridoak, bakoitzaren berezitasun propioak lantzen dituztenak eta libre dagoen ezagutzan oinarritutako ereduak gero eta ohikoagoak izango dira, esperientzia presentziala oraindik ordezkaezina bada ere. Garrantzitsua horretarako, ezagutza librean oinarritutako hezkuntza baliabide publiko eta komunen benetako puntu neutroak sortzea.
Erabili beharreko gailuen eztabaidan eta datu fidagarrien faltan, iPad-ak geletan sartzeak ez dirudi ideia ona. Irakasleen ezagutza eta rola egokitze fasean dagoela kontutan hartuta are gehiago. Muga argiak dituen gailu baten ordez, edozeinen eskura egon daitekeen gailu libre batek irakaskuntzarako balio handiagoa izan dezake. Aldiz, honekin lotuta, gero eta argiagoa da irakaskuntza gaien artean programazioa, beste zientzia batzuek duten mailara egokitzearen beharra hezkuntza ereduetan.
Extra
Eta noski, ezin genuen bukatu azken autopredikzio garrantzitsu bat egin gabe: 2015. urtea berriro ere errusiarrak Hollywod-eko gaiztoak izatera pasako diren urtea izango da salbuespenak salbuespen. Kontuan izana.
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
#ESE 2015 http://t.co/n5TU2kIKQt @JoneEtxeberria @gauerdikoeztula @edo_zein @OlatuKoop @maleits_ideinis @teketen @Hiritik_AT @otxargorri
RT @birasuegi: #ESE 2015 http://t.co/n5TU2kIKQt @JoneEtxeberria @gauerdikoeztula @edo_zein @OlatuKoop @maleits_ideinis @teketen @Hiritik_A…
Etzi.pm liked this on Facebook.
“α zero: 2015ean datorrena” http://t.co/J5LQqwdvjj
RT @xagra: “α zero: 2015ean datorrena” http://t.co/J5LQqwdvjj
RT @birasuegi: #ESE 2015 http://t.co/n5TU2kIKQt @JoneEtxeberria @gauerdikoeztula @edo_zein @OlatuKoop @maleits_ideinis @teketen @Hiritik_A…
RT @xagra: “α zero: 2015ean datorrena” http://t.co/J5LQqwdvjj
RT @xagra: “α zero: 2015ean datorrena” http://t.co/J5LQqwdvjj
Aupa zuek. Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuet gaur egungo gizartea ezohiko ikuspuntutik aztertzeagatik eta proposamen berriak sortzeagatik; baita gai hauek euskaraz jorratzeagatik ere. Gustura irakurtzen ditut zuen testuak, nahiz eta nire ustez funtsezkoak diren eremu batzuetan bat ez etorri. Hau esanda, sar nadin mamian…
Nire ustez, bizi dugun sistema kapitalistaren aurrean alternatiba sinesgarri bat proposatu nahi duen orok, nahitaez, gakoak diren gai batzuei aurre egin behar die; ez konponbideak aurkituz, noski, baina bai gutxienez argiuneak erakusten dituen bide bat seinalatuz.
Saihestezina iruditzen zaidan gaietako bat, etengabeko hazkundeari aurre egitea da. Hau da, deshazkundea sustatzea. Zuen proposamenetan ez dut horrelakorik aurkitu. Dagoeneko ia guztiok onartzen dugu daramagun bidea talde-suizidio moduko bat dela eta hazkunde neurrigabe eta burugabekoaren kalteak itzelak izango direla. Ez luzatzeko, baliabide naturalen agortzea bakarrik aipatuko dut. Bistakoa da, Euskal Herriari bakarrik begiratuta ere, daramagun martxa ez dela jasangarria. Horregatik, irakurtzen zaituztedanean ekonomia partekatu hori gaur bertan % 100 zabalduta balego ere arazo larri honen aurrean zertan lagun lezakeen galdetzen diot nire buruari. Agente/enpresa autonomoz osatutako sare banatu horrek nola egin diezaioke aurre korporazioek berezkoa duten izaera psikopatikoari?
Proposatzen duzuen bidea hain hurbil ikusten dut anarkokapitalistek edo neoliberal erradikalek bilatzen dutenetik, ezin dudala imajinatu nola lortu litezkeen hain helburu ezberdinak formula hain antzekoarekin: hazkundean mugarik ez, merkatua neutrala izan dadila eta bakarrik erregulatu dadila, estatuek ez dezatela muturrik sartu (ez dituzue agente bezala inoiz ere aipatzen)…
Nola irauliko da mundu osoa funtzionatzeko modua, aipatzen dituzuen ekimen solte, bakan eta murriztuetatik? Nik ere gustuko ditut aipatzen dituzuen ekimen asko eta asko (guztiak ez ditut ezagutzen), baina 2015ean, Etzi edo nahi duzunean, garaile aterako den prozesu geldiezin baten frogak bezala aurkezten dituzue eta ondorio horiek gehiegizkoak iruditzen zaizkit. Kapitalismoa, hazkundea eta industrializazioa bezala, gurean guztiz errotua dago. Izan dira hainbat ekimen indar horiei nola edo hala aurre egiten edo hies egiten saiatu direnak eta zapalduak edo asimilatuak izan direnak. Aipatzen dituzuen ekimen horiek ezberdinak izango dira? Horrela izango ez balitz ere, joera orokor batzuk ikusten dituzue eta eraldaketa prozesu bat bide batzuetatik joango dela aurreikusten duzue. Aurreikuspen horren ezinbestekotasuna da nik ikusten dudana. Nire aburuz, gauzak hortik joan litezke edo justu kontrako bidetik.
Big Data aipatzen duzue, baina horren aurkako ezer ez duzue proposatzen. Niri behintzat ez zait iruditu, Open Datak antzeko izena badu ere, ez baitzait inolaz ere kontzeptu edo mekanismo kontrajarria iruditzen. Beraz, boteredunek gero eta muga gutxiagorekin gizartea masiboki zelatatzea eta informazio hori beraien intereserako erabiltzea ezinbestekotzat hartzen duzue? Hazkundearekin bezala, Big Dataren eraginak gutxiesten dituzuela iruditzen zait. Bestela ez dut ulertzen jarraitzen duzuen argumentuaren haria.
Aho betean kapitalismoaren aurka dauden ekimenak, joerak eta tresnak bururatzen zaizkit (adibidez, luditen sabotajeak eta osoko kooperatibak) baina zuek proposatzen dituzuen batzuk tarteko bidean edo nolabait esatearren irakurketa bikoitza izan dezaketenak dira. Adibidez, software librea (sistema kapitalistak open source deitzen duen gauza bertsua dena) eta kriptotxanponak (mugaezinak eta geldiezinak diren diru fluxuak munduko agente ekonomiko guztientzat).
Barkatuko duzue nire atrebentzia, baina aipatzen dituzuen esparruetan, askatasuna handitzen duen edozer aplikatzea/erabiltzea/indartzea halabeharrez onuragarria izango dela eta gizarte justuago batera gerturatzen gaituela suposatzen duzuela iruditzen zait. Oker nagoela erantzungo didazue, baina orain arte hori iruditu zait. Puzzlea eraldatu ahal izateko, nire ustez ezinbestekoa da lanean dauden indar garrantzitsuenak ezagutzea, oharkabean beraien eraginpean ez jausteko: progresuaren eta hazkundearen ilusioa, patriarkatua, antropozentrismoa, espezismoa, automatizazio txarra, kultura kontsumistaren erosotasuna, lobby ekonomikoek gobernu, erakunde eta mass medien bitartez gugan duten eragin zuzena, eta abar.
Horren adibidea izan daiteke, adibidez, gizartearen eraldaketa hori lortzeko teknologiaren alde egiten duzuen apustu garbia: Internet, P2P sareak, modako telefono modernoak… Eta teknologia horien onurekin batera, nola ez, beraien alde ilun guztiak: zelatatze sistemak, ziberkontrol soziala, Big Data, pribatutasunari erasoak, Internet komertziala, algoritmokrazia, sare sozial korporatiboak, hiper-konektibitatea, azelerazio kognitiboa eta abar.
Baina ez nuke nahi zuhaitzek basoa ikustea galaraztea. Agian, gorago aipatu ditudan indarrak aintzat hartu zenitzakete eta gizateria ikuspuntu antropologiko batetik aztertuz, balaztarik gabeko tren kapitalista honetatik jaisten lagundu gaitzaketen beste aukera batzuk birplanteatu. Bestela bidearen amaierara heldu gintezke oraindik trenetik benetan jaitsi gabe.
Ziur zuen ikuspuntuei buruz egin ditudan hainbat suposaketetan hanka sartu dudala. Barkamenak eskatzen dizkizuet nire hutsengatik eta iritzia era guztiz eraikitzailean eman dudala gogoarazten dizuet. Eskerrik asko.
Lehenik eta behin, esker mila, honelako erantzunengatik, egiten ari garenak pena merezi duela ematen digu aditzera. Oso pertsona gutxirekin sentitzen dut eman daitezkeela horrelako eztabaidak, horietako bat zu zara.
Zuri erantzuten hasteko lehenik esan, hau editore taldeko hiruen arteko komunikazio bat izan dela. Orokorrean hiruok, bertan esaten dena bere ia osotasunean partekatzen dugu. Hala ere, erantzun hau nire ikuspuntutik egindakoa bakarrik izango da, nahiz eta askotan taldearen hitz egin. Erronka zailena nondik erantzutea baita niretzat, elkarrizketa asko taldekoak baitira.
Hasieratik ere, esan nahi dizut komunikazio honen izaera ez dela izan guztiz gure munduaren ikuspuntua bisibilizatzea. Desio batzuk badaude, baita prospektiba ere, baina baita gustatzen ez zaizkigun gauzak. Komunikazioan esaten den bezala “2015 urterako gertatuko diren, gertatu daitezkeen edo gertatzea nahi dugun hainbat gairen autopredikzio ariketa egin dugu”; denak nahastuta agertzen dira testuan, beraz ez bilatu adostasun, desadostasunak askorekin, batzuetan ez bat ez beste izan daitezkeelako esplizituki esaten ez bada ere.
Aipatzen ditugun gaiei eutsiz, lehena deshazkundea litzateke. Nire partetik ulertzen dut askok deshazkundearekin esan nahi dutena eta pertsonalki ados egon naiteke. Hala ere, badira deshazkundearen diskurtsoan gustoko ez ditudan zenbait gauza ere. Ondasunen banaketaren arazo batekin du zerikusia gehiago niretzat, ez hazkundeareakin, horrela orokorrean.
Gauza askotan etengabeko hazkundearekin bukatu behar dela argi dago, gure planetak aspalditik erakusten du muga zeharkatzen ari garela. Hala ere, katastrofismotik ihes egingo nuke, nahiz eta egoera larria izan, diskurtso horrek ez dakit lortu nahi denari laguntzen dion; “peak oilaren” inguruko teoriek bere mugak erakutsi dituzte adibidez.
Beste alde batetik gauza askotan hazkundea eten behar bada, beste askotan handitu beharko litzateke. Argi dago bakoitzak bere errealitatetik begiratzen duela arazoa edo Marxek esan zuen bezala “kontzientzia produktu sozial bat da eta halaber izaera sozialak kontzientzia mugatzen du”. Nik ez dut edozein langile familiaren etxetan ezer asko sobran dagoenik ikusten egia esan; zerbait balego telebista litzatekeela esan zidan lagun batek behin eta horrekin ados nago beharbada, baina ez nuke horregatik ere “kriminalizatuko”. Gero eta garrantzitsuagoa iruditzen zait kritika egiteko garaian, kritikatzen denaz gain, nondik kritikatzen den.
Bakoitzak bere begiekin ikusten du errealitatea, Hedoi Etxartek esango lukeen bezala: kooperatiba txiki bat martxan jartzeaz harro dagoen mila euro kobratzen dituen eta horregatik aberats sentitzen den pertsona bat naiz ni. Askotan entzun izan ditut, honelakoak kritika moduan: “Horrek ez duela dirurik esango du, baina Interneta duen mugikorra dauka”. Beharbada, pentsa beharko genuke, pertsona horri Internet izateak zer suposatzen dion, zer onura ekartzen dizkion, berak beste gauza askoren ordez aukeratu izanagatik.
Ez zait deshazkundeari egiten zaizkion kritika zuzenak ere gehiegi gustatzen, beharbada nire begirada (eta hau bai oso pertsonala) minimalismo existentzialetik gertuago dagoen arren, existentzialismoari nazka nahiko badiot ere arrazoi historikoengatik. Artikulu honetan eta ondorengo eztabaidan oso ondo azaltzen dute esan nahi dudana. Azken paragrafoarekin beharbada ez nago ados “Y tampoco…” horrekin, baina ikuspuntu interesgarri bat dela iruditzen zait. Iruzkinak ere ekarpen interesgarria dira testuan, bereziki azkena. Deshazkundea baino, oparotasunaren aldeko diskurtsoak egin behar ditugula iruditzen zait, software libreak ere hori erakutsi digu urteetan.
Aipatutako azken paragrafo horri helduz eta zure testuko:
Testuan soluzioak baino, proposamenak egiten ditugu, ez nago ados egiten duzun irakurketarekin justu aurkako dela iruditzen zaidalako. Aipatzen diren ekimenak, agente autonomoak izan badaitezke ere, berauek osatzen duten sareetan dute indarra. Hori da indartu nahi duguna eta testuan aipatzen diren adibideek ere hori erakusten dute: Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta Olatukoop, REAS, Ner Group, Mondragon, Economia del bien Comun. Batzuk, beste batzuk baino arrakasta gehiagorekin, erabatera edo bestera, baina denak pertsonen bizitza eta duintasuna jartzen dute erdigunean.
Kooperatibagintzak, Ekonomia Sozial Eraldatzaileari lotuta bada bereziki, demokrazioa ekonomikora gerturatzen gaituela uste dugu eta hori oso urrun dago esaten duzu korporazioen berezko izaera psikopatikotik. Begira adibidez, sinpleak badira ere OKoop oinarri irekiak edota Coop57ren oinarriak.
Badakigu, sistema kapitalista eta merkatua, orain dena izaten jarraitzen duen bitartean, bertan parte hartzen duten agenteek elkarrekintza behartu batean egongo garela. Hala ere, kontraesanak zaldunkatzeko prest gaude, uste dugu amaitu dela praktikarik gabeko teoriaren garaia, horregatik jendea bultzatu nahi dugu Ekonomia Sozial Eraldatzailean parte hartzera. Sistemaren barnean, beren ordenaren kontra edo behintzat guztiz alde ez, eraikitzen diren beste logika batzuk sortzen baditugu, eraldaketa posibleago izango dela uste dugu.
Ez dugu soluzio osorik, ez eskatu kapitalismoak berak eman ezin duena, gu bezalako pertsona talde bati. Kapitalismoak miloika pertsonentzako ez du soluziorik, gutxi batzuren mesedetan eta gehiengoaren aurkako sistema bat ez da soluzio oso bat, nahiz eta hegemonikoa izan.
Saretze maila handia lortu behar dugu eta horretan erabat ados gaude, ez dut uste inongo momentuan gure ekimen indibiduala kolektiboaren gainetik jarri dugunik. Leku guztietara begiratzen dugu, baita Kooperatiba integralera noski, bertatik ere ikasteko eta desikasteko ere balio digu. Lan handia egin beharko dugu, isolatutako proposamen soil bat ez izateko eta jendarteak benetan dituen arazoei erantzun posibleak emateko. Nahiago dugu beste askorekin batera sareak eraikitzeari ekin, gure burua “soluzio oso” bat bezala aurkeztea baino, benetan soluzio integral bat ez dugunean oraindik. Momentuz gu ta gure ingurukoekin hasi gara, jendartea ahaztu gabe beti ere.
Honelako ezer ez dugu esan. Lehen esan bezala, testuaren motibazioa ere ez zen hori, baina halere erantzun posible batzuk hurrengo lerroetan. Merkatua lehen faseetan behintzat existituko dela argi dago, halere beste mota bateko merkatua izan dadila nahi dugu, merkatu sozialago bat adibidez. Merkatu kapitalista hortxe egongo da, errealitate beldurgarri moduan, baina halere gauzak egin daitezkeela uste dut. Jordi Garcíak Donostian eman zuen hitzaldi batean bide posible batzuk behintzat zertzelatu zituen. Helburuak oso argi eduki behar dira, hori bai.
Erregulazioaren beharra ere argi da, ez dugu kontrakorik esan. Jendartearen gehiengoaren beharretara bideratu behar da, gauza da nola. Erronka handia da, FMI, Banku Mundiala eta sortu den makinaria guzti hori nola deuseztatu. Hortxe adibidez ekarpen interesgarria da Katu Arkonadak egindako hau maila teorikoan “Derrotar e incorporar en el proceso boliviano; una lectura de la hegemonía desde Lenin y Gramsci“. Praktikan, Ekuadorren ematen ari diren Flocksociety-ren inguruko prozesuak ere oso interesgarriak dirudite.
Instituzioen papera oso garrantzitsua da eta testuan argi uzten dugula uste dut:
Besterik gabe gure kasuan, instituzioei itxaron baino, gure bidea egitea erabaki dugu, posible denean jendarte osoarentzako soluzio demokratikoagoak posible egiten laguntzeko. Ez diogu, ez guk behintzat, horri uko egingo.
Bereziki dibertigarria iruditu zait halere anarkokapitalista edo neoliberal erradikalekin konparatzea. Dibertigarria batez ere, gure erreferentzia gehienak ezkutatzen ez ditugulako, eta horietatik asko komunismoarekin zerikusia dutelako. Ez genuen testu politikoegia egin nahi, baina erreferentzia ideologikoren bat behar izanez gero, BakalHau kolektiboan idatzitako hau da gure erreferentzia nagusia: Komunismo banatua.
Big Data eta Open Data ez dira kontrajarriak, ez genuen behintzat hori adierazi nahi, gaizki azalduko genuen, baina bi joera paralelo besterik ez dira. Egiten dituzun kritika askorekin erabat ados gaude eta guk ere ikusten ditugu eta kezkarekin bizi batzuk:
Software libreari egiten diozun erreferentzia gehiegizkoa iruditu zait, baina ulertu dudala uste dut. Badakit batzuek “Open Source” termino eta filosofiarekin ezkutatu nahi izan dutela, software librea utilitarismora eramanez, baina ez dute lortu software libreak zuen eta duen biraltasun askatzailea gelditzea. Esanahiak suntsitzeko gaitasun handia duen makina da kapitalismoa eta hala ere software librea, erabiltzen den bakoitzean, indartuta ateratzen den mamu(t) bat ere bada.
Espero honekin egindako interpretazio, matizazio eta gure azalpen kaxkarrak konpondu izana. Zoragarria da horrelako eztabaidak eduki ahal izatea. Bukatzeko, CCCen Comite Invisibleak egindako konferentzia baten esandakoa irakurtzeko gonbitea egin nahi dizut, baita besteoi ere. Uste dut, testu labur bezain argi horretan, gure bizitzan agertzen zaizkigun kontraesan asko ondo deskribatzen direla, bertatik:
Aquí las nuestras 9+1 http://t.co/YRSexRonNo @lasindias @P2P_Foundation @mbauwens @GuerrillaTrans @CoopIntegral @fileaesir
RT @teketen: Aquí las nuestras 9+1 http://t.co/YRSexRonNo @lasindias @P2P_Foundation @mbauwens @GuerrillaTrans @CoopIntegral @fileaesir
@iontelleria @garanet Guk gure 2015 irakurketa ere egin dugu http://t.co/n5TU2kIKQt
RT @etzipm: α zero: 2015ean datorrena http://t.co/48k1JVXSBZ
RT @birasuegi: @iontelleria @garanet Guk gure 2015 irakurketa ere egin dugu http://t.co/n5TU2kIKQt
2015ean gerta ahal diren beste bazuk: MT: “@birasuegi: Guk gure 2015 irakurketa ere egin dugu http://t.co/VYHhmiD1JJ”
RT @iontelleria: 2015ean gerta ahal diren beste bazuk: MT: “@birasuegi: Guk gure 2015 irakurketa ere egin dugu http://t.co/VYHhmiD1JJ”
RT @iontelleria: 2015ean gerta ahal diren beste bazuk: MT: “@birasuegi: Guk gure 2015 irakurketa ere egin dugu http://t.co/VYHhmiD1JJ”
RT @birasuegi: @iontelleria @garanet Guk gure 2015 irakurketa ere egin dugu http://t.co/n5TU2kIKQt
RT @birasuegi: @iontelleria @garanet Guk gure 2015 irakurketa ere egin dugu http://t.co/n5TU2kIKQt
[…] urtearen hasieran urterako baliagarri izango zitzaigun autobetetzen den profezia bat idatzi genuen, ‘α zero: 2015ean datorrena’ txosten forma hartu zuena. Esan beharra dugu Talaios Kooperatibako kideok, autobetetzen den profezia hau txosten estrategiko […]
[…] ezezik (kirola egingo dut,alemaniera ikastera noa, azkenean irakurriko dut Kapitala…) auto-profeziak ere geureganatzearen aldeko pentsamendu korronte bat suma daiteke orbita hauetan. Thomas Müntzerren […]