Non ote da Espainiako Fronte Nazionala

,
Santi Leoné-ren avatar

Abenduan, Gorka Bereziartuak gogora ekarri zuen bere blogean Slavoj Zizekek bortz urte lehenago Argian egindako oharra: Europan, hauteskundeetan ordura artio ohikoa izana zen ezker moderatuaren eta eskuin moderatuaren arteko tentsio politikoaren ordez, lehia berria sortzen ari zela zioen filosofoak; orain, alde batetik, eskuin muturreko alderdi proto-faxistak ditugu, eta, bertzetik, kapitalismo neutral teknokratikoa gorpuzten duen betiko alderdien koalizio zabala. Zizeken analisia, Bereziartuaren ustez, baliagarria zen Frantziako 2015eko eskualdeetako hauteskundeetarako. Eskualdeetako bozek erakusten zuten hauteskunde presidentzialetan ere Fronte Nazionala arerio zuen nornahi naski garaile aterako litzatekeela (bidenabarkoan erranda, tesi hori erabiltzen du Michel Houellebecqek ere Sumisioa nobelan, bertze helburu batekin bada ere).

Boligorria blogeko sarrera abenduaren 14koa da; akaso orain, abenduaren 20ko hauteskundeen ondotik, zilegi litzateke galdegitea non ote den Espainiako Fronte Nazionala. Zeren, Espainiako hauteskunde sisteman bigarren itzulirik ez denez, egia baita polarizazioa ez dela Frantzian bezain markatua, baina hori bezain egia da kapitalismo neutro baten aldeko koalizioaren ideia –ideologia alde batera utzita, erreformak fundamentuz kudeatuz herrialdeari egonkortasuna emanen liokeen koalizio handi baten ideia– airean dagoela, eta balizko koalizio horrek ere bere mamuak inarrosten ditu bere burua justifikatzeko.

Espainian Frantziako Fronte Nazionalaren tamainako eta indarreko alderdirik ez izanik, “periferiako” nazionalismoek –Kataluniako prozesuak, bereziki– eskaintzen ahal dute koalizioa osatze bidean hondar pausoa emateko aitzakia, baina Podemosen kontrako grina da koalizio horren egiazko akuilatzailea. Espainiako prentsan ezker muturreko alderdi gisa aurkeztuta –ezker muturreko alderdia: Tsiprasen ondorengo Podemosez ari gara, heldutasuna aurkitu duen horretaz–, hainbat kazetariri sinestera, apokalipsi ekonomiko eta soziala ekarriko luke boterera ailegatuko balitz.

Kultura politiko diferenteek amesgaizto diferenteak izaten dituzte. Beren burua justifikatzeko, Frantzian kapitalismoak herritarrek faxismoari dioten beldurra erabiltzen du –eta, horretarako, benetan bizi izandako esperientzia baten memoria hunkitzen du–; erretorika hutsa izanda ere –azken buruan, demokrazia teknokrazia bihurtzea baitu helburu–, Fronte Nazionalaren kontra balio demokratikoak paratzen dira mahai gainean. Espainian, beren burua justifikatzeko, oraingoan etortzen ez bada –baina nik uste dut etorriko dela– fite ailegatuko den koalizio handiak zuzen-zuzenean balio teknokratikoak ekartzen ditu gogora: egonkortasuna, kudeaketa, lasaitasuna, normaltasuna. Horretarako, benetan bizi izandako diktadura faxistaren desmemorian oinarritzen da, eta fantasia hutsa den diktadura komunista baten arriskua –garai batean Herri Batasunak Euskal Herria Albania bihurtu nahi zuen bezalaxe, orain Podemosek Venezuelako sistema ezarri nahi omen du Espainian– astintzen du etengabe hedabideetan.

Kontrastea ezin adierazgarriagoa da: Frantzian, bete egiten da Zizekek proposatutako alternatiba, ohiko alderdien aldeko boto txarra ematearen eta faxismoa berriz ekar lezakeen alderdiaren aldeko boto oso txarra ematearen aldekoa alegia. Paradoxikoa bada ere, demokrazia desnaturalizatzekotan, demokrazia aldarrikatu behar du –erretorikoki bada ere– teknokrazia neoliberalak. Espainian, berriz, egoera aldatu eta demokrazia sakondu nahiko luketenen kontra egiten du, desmemoria lagun, kapitalismo teknokratak. Nonbait, Espainiako herritar normal batendako –eta Hego Euskal Herriko anitz ere kategoria horretan sartzen dira, jakina– statu quo aldatzea baino gauza izugarriagorik ez da.

“Nire ustez, nazionalsozialismoak demokraziaren barnean bizirik segitu izana arriskutsuagoa izan daiteke, demokraziaren kontrako joera faxistak existitzea baino”, idatzi zuen Theodor Adornok gerla ondorengo Alemaniari buruz. Hau da, arriskutsuagoa da sistema barnetik usteltzen dituzten infiltrazioak demokrazian kukututa bizirik egotea, demokraziaren kontra argi eta garbi jotzen duten alderdiak existitzea baino. “Erran daiteke Alemanian sistema demokratikoa onartu dutela AEBn working proposition deitzen dioten horren gisara: funtzionatzen duen eta orain artio prosperitatea ekarri duen zerbaiten gisara. Baina demokrazia ez da biztanleek egiatan bere egin duten zerbait bezala sustraitu”.

Trantsizioari esker, frankismoaren balioek uholdeka infiltratu zuten sistema sortu berria; horrek argitzen du, batetik, zergatik ez dagoen Fronte Nazionala bezalako alderdirik Pirinioetarik hegoaldera, eta, bertzetik, hainbertze herritarrek zergatik lehenesten dituzten frankismoan nagusi ziren balioak –egonkortasuna, gatazkarik eza, aldaketarik eza– bertze zernahiren gainetik. Espainian, teknokraziak, Frantzian ez bezala, ezin du faxismoaren kontrako memoria aldarrikatu bere proiektua justifikatzeko, faxismoaren kontrako memoria toki gutitan ereina izan den eta ura ukatu zaion landarea delako estatu espainolean; diktadura komunistaren fantasiak sortzen duen izua, ordea, aise eraginkorragoa da, eta arrasto sakonak ditu Espainiako hautesle anitzen kontzientzian. Koalizio handia ailegatuko da.

Iruzkinak