Spoti-fire, Stop-ify edo Spoti-fair

Yeray Gascón-ren avatar

Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko gara? Non geratzen da artista? Eta kultura? Zer balio eraman nahi ditugu beste plataforma batera? Zertarako prest gaude? Galdera asko eta erantzun gutxi.

  1. Testuingurua
  2. Kanpaina
  3. Artistaren papera
  4. Enpresei boikota
  5. Plataforma
  6. Eta gero zer?

Testuingurua

Duela aste batzuk Whatsappeko mezu bat jaso nuen ekimen batera atxikitzeko gonbidapenarekin. “Musikariak Palestinarekin” egitasmoak Spotifyetik gure musika kendu eta boikota egitera animatu gaitu euskal artistoi. Daniel Ek Spotifyeko sortzaileak Israelek Palestina erasotzeko erabiltzen dituen droneak ekoizten dituen enpresa batean inbertsioak egin ostean sorturiko ekimena da. Oso hasieran dago kanpaina, eta oraindik lanean ari dira talde gehiago batu eta komunikazio kanal ofizial bat izateko.

Mezua entzuleari ere iritsi zaio, eta sareetan jendea galdezka antzematen da. “Non gehiago dago euskal musika?”, edo “Nola erraztu aldaketa nirekin plan familiarra partekatzen duen jendeari?”.

Gure musika kontsumo ohiturak, eta zehatzago, gure kultura kontsumitzeko eta sustatzeko ohiturak aldatuko baditugu, zein balio eramango ditugu beste plataforma batera? Zeren baitan aukeratuko dugu plataforma hori? Non jarriko dugu eskubideen neurgailua? Nahikoa zaigu plan familiarra izatea? Gure morala eta lasaitasun mentala kontratatzen ditugun zerbitzuetan neurtuko dugu? Edo euskal musikaren ekosistemari buruz hausnartzeko eta artistak babesteko baliatuko dugu? Spoti-fire emango diogu edo Stop-ify egingo dugu?

Kanpaina

Spotifyetik musika ateratzeko eta boikoteatzeko kanpainarekin bat egiten dugu, eta bertatik gure musika kentzeko lanean ari gara. Baina pertsonalki, baditut beste ezinegon eta zalantza batzuk.

Artistak erantzukizun guztia dauka bere musikarekiko, eta ahal duen neurrian non dagoen kontrolatu beharko luke. Agian, entzuleek ez dakite gaur egun distribuzio digital bidez automatikoki plataforma guztietara igotzen dela musika, baita euskal musika ere. Beraz, alternatiba bilatzea oso erraza da, edozein plataforma “mainstreamean” aurkitzen baita euskal musika.

Hala ere, ezin dugu guztia artistaren esku utzi. Plataformak mugitzen duen dirua erabiltzailearena eta iragarkiena da. Artistok katalogoa kentzen badugu ere, jendeak bertan jarraituko badu, ez dugu ezer lortuko. Aldaketa entzulean izatea behar dugu bereziki.

Artistaren papera

Ez dut eztabaida arazo ekonomikoetara eraman nahi, ez du zentzu askorik artistaren ikuspegitik, horrelako plataformek ez dutelako (normalean behintzat) diru sarrera handirik suposatzen. Baina sareetan eman diren eztabaidetan, jendeak artistaren irabazietan ere oinarritu du plataformaren aldaketa. Eta uste dut honi buruz hitz egiteak ikuspegia zabaldu dezakeela.

Artistak egitura juridiko bat behar du diru sarrerak jaso ahal izateko (edo diru laguntza bat eskatu ahal izateko). Musika konposatzea, letrak idaztea, kanta borobiltzea, estudioa kontratatzea, grabatzea, ekoiztea, nahastea, masterizatzea, euskarriak diseinatzea, bideoklipa egitea, diskoa euskarri fisikoan kaleratzea eta plataforma digitaletan jartzea. Prozesu horretan artista baten irabaziak 0€ dira, eta gastuak, berriz, 3000€ eta 10000€ artekoak gutxi gorabehera.

Momentu horretan, kantu edo disko bat kaleratzean, hasi daiteke dirua “irabazten”. Normalean kontzertuetan altak eta bajak ematen dira, eta egun horiek dira kotizatzen direnak. Beraz, diru irabazi (edo galera ezak) izateko aurretik hilabete askotako lana egin behar du, eta diru kopuru handia inbertitu.

Baina ez dut gehiegi dramatizatu nahi. Talde edo bakarlari bakoitzaren egoera oso ezberdina izan daiteke, eta gure kasuan hau dena oso prozesu interesgarria izan da beti.

Egoera ekonomikotik haratago, musikariei edo pertsona esanguratsuei beti eskatu zaie publikoki posizionatzea. Beraien botere mediatikoa hitzez edo ekintzez erabiltzea aldarri bat edo beste babesteko. Maila ezberdinetan, baina ikusi dugu zer gertatu den KKRren udako jaialdi guztiekin. Inoiz baino gehiago, artista baten ekintzak bozgorailu politiko bilakatu dira.

Artista batek jaialdi batean ez jotzeak jaialdia kaltetzen du, bai. Baina artista batek plataforma batetik katalogoa kentzeak ez du apenas eragiten. Aldiz, erabiltzaile askok aldi berean eta koordinatuta plataforma bat utziko balute, enpresek sumatuko lukete diru sarrera horien falta. Oraingoan, artistek baino entzuleek eman beharko lukete pausoa benetan kalte eta boikot bat egiteko. Hala ere, uste dut artistek utzi egin behar dutela Spotify, entzuleek ere utzi dezaten.

Palestinan Israelek egiten duen genozidioa babesten duten enpresak boikoteatuko ditugu ahal dugun heinean. Baina, baliatu dezakegu boikota euskal musikaren osasunaren aldeko jarrera egokiak hartzeko? Entzuleak kontsumo egokira bideratu ditzakegu? Eta musika edo kulturaren kontsumotik haratago zer? Zerbait gehiago aldatuko dugu, edo Spotify uztea modan dagoen trend bat da?

Enpresei boikota

Horrelako kanpainen deialdiak Whatsappez jaso ohi dira, Instagrameko kontu batera bideratuta eta Gmail bat jarriz kontakturako helbide zuzen bezala. Jendeak ahal duena egiten du eskura dituen tresnekin —noski baietz eta eskerrak!— eta ez dugu zertan jakin behar guztiaren atzean zer dagoen. Baina enpresa batzuekin era batera jokatzeak edo ez, agerian uzten du teknologiaren munduan zein galduta gauden.

Googleen eta Amazonen azpiegitura teknologikoa erabili ohi du sistematikoki Israelek Palestina jazartzeko. El Salto hedabideak hau argitaratu zuen aurreko urtean. Eta 2023an METAren zentsurari buruz (Whatsapp, Facebook, Instagram, Threads…), hurrengo hau idatzi zuen Human Rights Watch GKEak, normalean “proyankia” izanik.

Beraz, Palestinak jasaten duen genozidioan kolaboratzen duten enpresen tresnak erabiltzen ditugu, Palestinaren genozidioa sustatzen duen beste enpresa bat kaltetzeko.

Eta koherenteagoak izan nahiko bagenu?

Gure kanpainaren komunikazioa sare libre eta kontrolatuetan egin dezakegu, eta euskaraz:

  • Fedibertsoa.eus-en aurkitu ditzakegun Mastodon, Lemmy, Peertube edo Pixelfed sareak sortu eta horietan ere edukiak zabalduz.
  • Liberaforms bidez atxikimenduak eskatuz edo iritziak jasoz.
  • Domeinu propioa erosiz eta webgune sinple bat eraikiz (WordPress edo bestelako CMS libreen bidez).
  • Domeinu propioko eposta erabiliz.

Gero, Instagram, Whatsapp, Facebook, X, BlueSky eta gure datuekin jolastu nahi duten eta Israelen konplize diren sare guztietan zabaldu, erabiltzaileak gure komunikazio libre eta kontrolatuetara bideratuz. Ez ordaindu publizitatea eta ez sustatu sare hauen erabilera.

Baina gauza gehiago ere egin ditzakegu eguneroko teknologiekin:

  • DuckDuckGo, SearXNG edo beste bilatzaile libre bat erabili nabigatzailean.
  • Firefox, Brave, Chromium edo bestelako nabigatzaile libre bat erabili.
  • Ez erosi Amazonen, ez erabili Instagram, ez erabili Whatsapp, ez erabili Gmail edo Google Appak; gure datuekin irabazten dute dirua.
  • Baina batez ere, ez sustatu teknologia hauek hezkuntza zentroetan.

Koherentzia absolutua izatea oso zaila da. Janzten dugunak, jaten dugunak edo erabiltzen dugunak Israelekin zerikusirik ez duela jakitea ez da batere erraza.

Honela eztabaida handiagoa da, zailagoa, eta agian Spotify uzteko ekintza sinpletik haratago doanez, aldaketarako duen indarra lausotu egiten da. Baina probestu dezakegu Spotifyetik ateratzea beste tresna, enpresa edo ohitura batzuk aldatu eta boikoteatzeko ere. DeSpotify egitetik DeGoogle egitera.

Gure auzoko kanpainak beste era batera eta beste tresna batzuekin antolatzera. Agian zigilu bat asma dezakegu hori komunikatzeko: “Kanpaina honetan ez da genozidioa bultzatu duen enpresaren teknologiarik erabili”. Zer dakit… Hemen garrantzitsuena fokua non jarri erabakitzea da. Musikak zerbait gehiagorako balio badigu, probestu dezagun. Bestela, toki berean bukatuko dugu hasitako bidea.

Plataforma

Irakurri dut sareetan Tidal dela artistari hobekien ordaintzen dion plataforma, baina ez da horrela. Gainera, handia da beste plataforma batera migrazioa egin eta berriro toki berean bukatzeko arriskua. Ongi aukeratu, eta kontuan izan beharko genuke enpresa horrek zein inbertsio eta hornitzaile dituen.

Soluzio bateratu bat, hilabeteko harpidetza eta musika katalogo handia kontsumitzeko aukera eta merkea edo plan familiarrarekin gastuak partekatzeko plataforma bat bilatzen ari bazarete, ez dago artista babestuko duen aukera egokirik. Enpresa guztiek 0.002€ eta 0.02€ artean ordaintzen diote artistari erreprodukzio bakoitzeko. Eta irabazi horiek gero disketxe eta distribuzio digital lanak egiten dituzten enpresekin partekatu behar dira (%100 autoekoizpena denean). Normalean artistak %80 eta besteek %20 jasotzen badute ere, oso ohikoa da 50/50 formula.

Ez da nire intentzioa enpresa baten zerbitzuak edo bestearenak gomendatzea. Eta gainera, oso ondo azaltzen du dena hemen Zonafrankako Frankiek: Spootifyen kakaztea, SLOP musikala eta alternatiba posibleak kontsumitzailearen interesen arabera. Taula ederra sortu du:

Soinu ingeniaria den lagun batekin hitz egin nuen honi buruz. Berak aipatu zidan nola duela 15 urte jada pentsatu zuen zer izan zitekeen Spoti-fair bat, edo justuagoa den plataforma bat. Bere klaseetan antzeko eztabaidak izaten zituzten. Garai hartan ere enpresek musika behar zuten, musikarekin zerikusirik ez zuen helburu bat lortzeko. Beraz, artistari xoxik ez. Ez da asko aldatu.

Aipatuko nukeen plataformetako bat da Bandcamp. Denda baten azpiegitura teknologikoa ematen dio artistari, eta orrialde propio bat diseinatzeko aukera irabazien %20/25aren truke. Pare bat aldiz saldu dute plataforma, eta horrekin ere arazoak izan ditzakegu etorkizunean. Ez baitakigu nork erosi dezakeen.

Nik imajinatzen dut tresna publiko bat izango dugula noizbait kultura sostengatzen laguntzeko. Orain Europako diru-laguntzekin sortutako bideo eta podcast plataforma publikoez betetzen ari gara internet. Momenturen batean iritsiko zaigu musikara ere. Baina ez bada iristen?

Jabetza kolektiboan edo pribatu federatuan bilatuko nuke irtenbidea. Adibide ederra dugu Funkwhale instantzia euskaldunarekin: BaleaFunk. Proiektua fedibertsoan dago eta zure musika igo dezakezu.

Badaude proiektu interesgarriak martxan, Subvert bezalakoa. Bandcamp plataformaren alternatiba kooperatibo bezala saltzen dute. Eta funtsean hori da, kooperatiba bat bazkidetza irekiak dituena eta momentuz sortze prozesuan dagoena. Bazkideentzako itxitako foroetan hartzen ari dira erabakiak, eta beraien roadmap edo aurreikusitako ibilbidea publikoa da.

Edo Resonate, erreprodukzioen arabera ordaintzen duzu, harpidetzarik gabe. Eta parte hartzen duten artista, erabiltzaile eta langileen proiektua da. Pribatutasuna bermatzen dute, eta algoritmoaren gomendioen aurkakoak dira.

Laburbilduz, plataformek ez dute artista babesten. Artista batek diru gehiago irabaziko du bere musika irratiak edo telebistak erabiltzen badu, edo SGAE edo EKKI bezalako erakunde publikoek egiten duten musika erabiltzen duten negozioen rekaudaziotik (tristea bada ere). Eta argi dagoen gauza bakarra hurrengoa da:

Artista bat babesteko era zuzenena, bere kontzertuetara joatea eta bere diskoak erostea da.

Eta gero zer?

Ekintza indibidualetik haratago, ez goaz inora ekintza edo konponbide kolektiborik gabe. Zein soluzio ikusten diogu euskal musikari internet bidez kontsumitu eta partekatzeko, ahalik eta koherentzia digital eta kultural handiena mantenduz, non artistak babestuko diren eta Palestinaren aurkako sarraskia (edo besteren bat) babesten duten enpresei boikota egingo zaien?

Eta testuinguru horretan etorkizun hurbil batean… Zein da imajinatzen dugun kultura eta horrentzako sostengu bizigarri posiblea? Behar dugu? Nahi dugu? Nola nahi dugu? Ordainduko dugu? Edo beste era batera babestuko dugu? Edo zuzenean AA bati eskatuko diogu Esanezin edo MICEren hurrengo kanta asmatzeko?

Agian azken aukera euskal musikariak nolabait batzea izango da. Eskubideak lortzeko sindikatuak edo kooperatiba kulturalak eraikiz. Edo zuzenean Palestinaren aldeko aldarri kolektibo eta kultural baten bitartez. Zeinek daki etzi etorriko dena?

Lehen pausoa behintzat argi dugu: Spotifyetik irten.

Iruzkinak