Dorraoko Katalina eta Unanuko Maria

Galder Gonzalez-ren avatar

Artikulu hau Guaixen argitaratutako kolaborazio bat da.

Mari Domingi, orain Olentzeroren bikote gisa ikusten dugun (begira horri) pertsonaia da. Buru gainean eramaten du tontor edo mengala zuria, behinola euskal emakumeek eramaten zutenaren antzera. Antzera diot, ze orain dela 400 urte mengala eramateko moduak adierazten zuen buru horretan azpiko gorputza ezkondua, ezkongabea edo alarguna ote zen, hemengoa edo hangoa, diruduna edo pobrea. Guretzat esanahi hura galdu du, eta orain sorginekin, mitologia edo folklorearekin lotu ohi dugu.

Halako lau desberdin ikus ditzakegu Gaua filmean. Sorginak dira bertan mengalen eramaileak; akelarre eta guzti, Pierres de Lancrek egin zituen akusazioak hartuta, XX. mendean euskaldunok gure egin genuen sorginaren irudian sakontzen du filmak. Inauterietan Altsasuko kaleak hartuko ditugu barrabil handiak dituen akerra gurtzeko sorginez mozorrotzen garenok. Altsasun saldu ohi dira sudur handi eta Txinan egindako erratzak, Hollywoodeko sorgin kapelak eta beste latitude batzuetan Halloween (orain gau beltza) ospatzeko makillaje setak. Gure inauterietako sorginen iruditegia puzzle izugarria da. Gure egin, eta onartu ditugu, gure arbasoak erreprimitzeko sortutako gezurrak. Paul Urkijok filmaren amaieran dio gezur horiek hartu, anplifikatu eta bota zituztenen aurka egiteko baliatu nahi dituela. Eta horrela egiten dugu Mari Domingi, inauteriko akelarre zein Mitoaroetan. Gure identitatean sartu errepresioa izan zena.

Durangoko Azokatik bueltan erosi dut Leire San Martin Marcosek idatzi eta Katakrakek argitaratu berri duen La caza de brujas en Pamplona liburua. Silvia Federiciren hitzaurrea dakar, eta Kaliban eta Sorgina liburuaren tesian sakontzen du: sorginak ez ziren existitu, sorgin-ehiza Erdi Arotik Aro Modernora pasatzeko beharrezkoa izan zen kapitalaren berrordenatzearen ondorioa izan ziren. Emakumeak, bereziki independenteak zirenak, disidente sexualak, boterearekiko sumisiorik ez zutenak eta lan erreproduktiborako kaltegarriak zirenak deusezteko prozesu erraldoia izan zen. Eta maiz erantzun diogu horri akusazioa bera onartuz, mitoa sinistuz eta anplifikatuz, (gehienbat) emakume haiek sufritu zutena aipatu beharrean.

Liburua erosteko arrazoietako bat (asko baitaude), atal baten izena zen: “Catalina de Torrano y María de Unanoa. Brujas-hechiceras y lesbianas”. Kontakizuna, laburrean, honakoa da: Osinagako Miguel apaizak parroko izateko gogoa zuen, baina beste Miguel bat, Noaingoa, zen Osinagako parrokoa. Osinagakoak erabaki zuen Noaingoa pozoitzea, baina horretarako bitartekari ugari behar izan zituen. Azpirozko Juliana Leitzari eskatu zion pozoi zehatz bat, horrek Arriben bizi zen Graziana Errazkini (ezkontzaz kanpoko harremanean bizi zena) eta hark Dorraon bizi zen Katalinari, Araitzen jaiotakoa. Katalina Lizarrara joan zen, Oteitzako Joanesi erostera. Baina Katalinak susmoa zuen atxilotuko zutela, eta Lizarragara ihes egin zuen. Bertan, Maria Unanuak janaria eramaten zion. Egun batez, atxilotuko zutela uste zuenean, aizto bat lurrean jarri eta bere aurka bota zen, larriki zaurituz bere burua.

Kasua Iruñeko epaileen esku geratu zenean, denetarik zuten aurrean: apaiz batek beste bat pozoitzeko saiakera, adulterioan bizi zen emakume bat, bere buruaz beste egiten saiatu zen bat (bekatu larria) eta, gauzak asko korapilatzeko, Katalina eta Mariaren arteko harreman bitxia. Izan ere, Inkisizioak zein epaitegi zibilek bazekiten gizonen arteko sexu-harremanak bazirela: sodomia gisa zigortzen zen. Baina bi emakume elkarrekin bizitzea… hori bai zela ulertezina. Katalina eta Maria elkarrekin bizi ziren, hamabost bat urte zeramatzaten ohe berdinean lo egiten, eta Mariak bere senarra beste gela batera bidaltzen zuen. Deabruaren ekintza zen hura. Baina gauzak okertu ziren eurentzat: zurrumurruek zioten bazutela tresnaren bat “euren buruaren aurka” aritzeko, eta “euren naturak marruskatzen [escalfándose] zizkiotela batak besteari”. Euren buruaren aurka erabiltzen zutena dildo bat zen, kontsoladore bat. Euren naturak marruskatzea klitoriak elkarri igurztea zen. “[Katalina] eta Maria Unanukoa sorginak [hechiceras] eta bizitza, ohitura eta fama txarrekoak izan dira, eta elkarrekin lo egin dute eta bata bestearekin sarbidea izan dute instrumentu batzuekin, gizon eta emakume izango balira bezala.” Deabruaren lana zen hura, bestela ezin azaldu. Lotsa publiko eta ehun kolpera kondenatu zituzten.

Lesbianak ziren Katalina eta Maria. Ez dago, nik dakidala (eta oxala erratuta banengo), inongo omenaldi, plaka edo errekonozimendu publikorik. Ez dute (oraindik) artikulurik Wikipedian, eta euren izena bilatzaileetan jarrita ez dugu emaitzarik aurkituko. Zor zaien oroitzapenaren ordez, euren aurka esandakoak baliatzen ditugu gure imajinarioa indartzeko, gure identitatea osatzeko, gure mitoa(roa)k indartzeko.

Orain urte batzuk Edinburgoko Unibertsitateak Humanitate Digitalen ikerketa garrantzitsua egin zuen: Eskozian sorginkeriarengatik zigortutako pertsona guztien memoria digitala osatzea. Nongoak ziren, nork salatu zituen, jaso zuten zigorra, zer objektu sorgindu zuten (akusazioaren arabera) eta beste hainbat datu biografiko. Edozein gerra edo gatazkaren biktimekin egiten den bezala, pertsonak ikusteko aukera dugu horrela, datu-base digital libreen bidez. Wikidatan daude datuak eskuragarri (https://w.wiki/Ga3v). Katalanek ere “No eran bruixes, eran dones” proiektua abiatu dute Wikipedian (https://w.wiki/6Fte). Egunen batean Euskal Herrian ere egingo dugu, eta itzuliko diegu Katalina eta Mariari galdu zuten ohorea.

Iruzkinak