Berrarmatze eta biziraupen-kit digital pertsonala Yunohost-ekin

Yunohost webgunearen azala
Igor Leturia-ren avatar


Bada, hor bizi ginen gu, lasai eta axolagabetasun osoan, Zumosol-eko lehengusuak babesten gintuela-eta, ustez betirako lagun izango genuen horrek bat-batean “agur, Ben-Hur” esan zigunean. Orduan, ustezko aliatuak xaxatuta zirikatzen aritu ginen etsaiaren beldurrez, hor hasi zitzaizkigun tematzen eta presaka, berrarmatu behar genuela, biziraupen-kita prestatu behar genuela eta nik dakita zer. Eta orain are gehiago, babesle genuena bera bilakatu baitzaigu abusatzaile, eta lehengo gaiztoa baino indartsuago, oldarkorrago eta burugabeago ari da…

Deskonexio digitalaren arriskua

AEBz eta bere lider eroaz ari naiz, jakina, eta bere interbentzio militar, muga-zerga eta besteren mehatxuez. Baina Trump-ek oraindik esplizituki aipatu ez badu ere, gure gainean jar dezakeen benetako Damokles-en ezpata, ez beharbada botoi-nuklearrarena bezain suntsigarria baina bai kirurgikoagoa eta errealagoa, deskonexio digitalarena da.

Izan ere, jar zaitezte pentsatzen zer gertatuko litzatekeen AEBko multinazional teknologikoen tresna eta zerbitzuetarako sarbidea moztuko baligute. Egun batetik bestera ezin izango bagina konektatu Google, Bing, Gmail, Outlook, Drive, OneDrive, PowerBI, Meet, Teams, Zoom, AWS, ChatGPT, Gemini, Copilot, Claude, Chromebook edota Whatsapp-era. Zenbat eta zenbat enpresa (gehien-gehienak, zalantzarik gabe) geratuko liratekeen ez soilik egunero-egunero lanerako behar-beharrezko dituzten tresnarik gabe, baizik eta baita beraien dokumentu eta informaziorik gabe! Goizetik gauera gure ekonomia osoa pikutara joango litzateke.

(Oharra 1: Zer esanik ez Windows, Office, Android eta iOS-ek funtzionatzeari ere utziko baliote, baina hau zailagoa iruditzen zait nahiz eta ziur ezin egon; sistema horietako batzuk martxan jartzeko online autentikatu behar izaten gara gaur egun, edo agian kill switch-en bat ere badute.)

(Oharra 2: Agian faltan bota duzue “sare sozial”-ak –Facebook, X, BlueSky, Instagram…– ez gehitu izana AEBkoak diren eta bidea itxi diezaguketen onlineko tresnetara. Baina batetik, ez dut uste horietarako atzipena inoiz moztuko liguketenik –beraien mezu eta ideologia zabaltzeko tresna ezin hobeak dira; ez dakit zergatik deitzen diegun oraindik ere “sare sozial”, aspaldi ez dira lagunen berri izateko lekua, beraiei interesatzen zaien kaka guri janarazteko inbutuak baizik– eta bestetik, kenduko balizkigukete ez lukete kalterik ekarriko –alderantziz, hobekuntzak besterik ez, maila ekonomiko, sozial zein pertsonaletan–.)

Software libre bidezko alternatiba errealak

AEBk deskonexio hori behartzeak ezinezkoa irudi lezake, baina azken urtean egin dituzten hainbat gauza ez al zitzaizkigun ezinezkoak iruditzen egin zituzten arte? Arrisku horretaz konturatu dira orain zenbait politikari, aditu eta erakunde, eta hasi gara neurriak hartu beharraren inguruko komentario zenbait entzuten. Eta tira, arriskua berehalakoa izan ala ez, egoera kontuan izanik, estatubatuarrekiko dependentzia teknologiko erabatekoari azkenik buelta ematen hasi beharko genuke.

Baina tristea da honelako ataka zail batera iritsi beharra jendea konturatzeko batzuok duela urte asko aldarrikatzen dugun burujabetza teknologikoa ez dela (soilik) idealismoagatik. Eta ulertezina ere bai, zeren eta posta elektronikoan, hodeiko biltegiratze eta ofimatikan, berehalako mezularitzan, bideo-deietan eta enpresek eta erakundeek erabiltzen dituzten beste tresnetan teknologia propioak (edo behintzat lokalak) erabiltzea ez baita hain zaila ere. Izan ere, gauza horiek egiteko ederto dabiltzan software librezko alternatibak aspalditik existitzen dira (Zimbra, Nextcloud, Matrix, Jitsi…) eta erakundeek eta enpresa gehien-gehienek badute jakintza, nahi izanez gero, horiek azpiegitura propioetan edota bertokoetan instalatzeko. Eta badaude, bilatzeko lana hartuz gero, enpresei zerbitzu hori eskaintzen dieten bertoko enpresak, pribatutasuna bermatzen dutenak. Eta alternatiba hauek ez dute zertan garestiagoak ere izan. Orduan, nolatan iritsi gara egoera honetara? Erosotasuna? Zumosol-eko lehengusuarekiko miresmen eta fideltasun itsua? Inkontzientzia? Ez niri galdetu, ulertezina egin baitzait beti.

Tira, beude erakundeak eta enpresak eurenean; teknologikoki burujabe izateko ezagutza eta baliabideak izan arren menpekotasunean eta arriskuan jarraitu nahi badute, hor konpon, Marianton!

Norbanakoontzako, aukera gutxiago…

Baina norbanakoona beste kontu bat da. Nola egin dezakegu gure eguneroko onlineko zerbitzu digitaletan bestelako aukerak baliatzeko? Nola ekidin daiteke Etxe Zuriko maizter eroak bat-batean gure memoria osoa (posta elektronikoak, argazkiak, dokumentuak, mezularitzako elkarrizketak) eta egunero behar ditugun tresnak kolpe batez ezabatzeko arriskua? Bada, ez da erraza.

Nik zinez sinesten dut, gaur egun bizitza digital onlinekoak geuregan duen presentzia eta garrantzia kontuan izanik, posta, onlineko biltegiratzea eta ofimatika, mezularitza eta antzeko oinarrizko tresnak zerbitzu publikoa izan beharko luketela, pribatutasuna bermatuz eta negozio-ereduetatik aparte eta, batez ere, AEBren ia monopolio teknologikotik libre. Baina gure erakunde publikoak ez daude gizarteari horiek bermatzeko prest; gehiago da alderantziz, hezkuntzaren kasuari begiratu besterik ez dago: gure haurrak oso txikitatik jartzen dituzte multinazional harrapari horien eskuetan, digitalizazioa Google edo Microsoft-en tresnen bidez egitera bultzatuz.

Bestelako agente batzuen eskaintzari dagokionez, ez dago asko, egia esan. Puntu.eus-ek posta elektronikoko zerbitzua eskaintzen du, ni.eus. Baina hortik kanpo ez dut besterik ziur ezagutzen.

Eta enpresek ez bezala, jendearen gehiengoak ez du ezagutza nahikorik software libreko tresnak beraien makinetan edo ostatatze zerbitzuetan instalatzeko. Informatikari abenturazaleenok muntatzen ditugu horrelakoak guretzat eta hurbilekoentzat. Baina hori ez da erraza, eta gauza batzuk oso konplexuak ere izan daitezke. Eta, beraz, ez dago edozeinen eskura.

Ni naiz aipatutako informatikari abenturazale horietako bat, eta badira urte asko etxekoontzako posta elektronikoa, onlineko biltegiratzea eta ofimatika eta berehalako mezularitza propioa daukagula, gure zerbitzari batean eta software librearekin muntatuta. Baina hori egin ahal izateko, Linux-eko komando-lerroa ongi menperatu behar da, hori baliatuta instalatu behar baitira zerbitzarian zerbitzuetako bakoitza. Eta zerbitzuetako batzuk instalatzen nahiko errazak baitira ere (adibidez, onlineko biltegiratzeko Nextcloud softwarean hasieran apur bat egin behar da komando-lerroan baina gero beste guztia web interfaze batekin egiten da), beste batzuk zailxeagoak dira (Matrix berehalako mezularitza zerbitzua, esaterako), eta posta elektronikoko zerbitzari bat muntatzea odisea eta amesgaizto artean sailka daiteke, komando-lerroko instrukzio konplexu mordo bat baitira, eta ondoren ere mantenimendua eskatzen du beste hornitzaileek spam gisa sailka ez zaitzaten eta beste gauza batzuk.

Yunohost: web aplikazio mordoa erraz-erraz zerbitzari propioan instalatzeko

Alabaina, duela ez hainbeste Yunohost-en berri izan nuen Mastodon.eus-en, @ederto87-ren bidez. Eta tresna honek izugarri errazten du zerbitzari propioan onlineko oinarrizko tresnen instalazioa. Horren bitartez, esango nuke ia edonork nahiko erraz egin dezakeela berrarmatze digital pertsonala, ia edozeinek eskuratu dezakeela biziraupen-kit digital pertsonal bat, guztiz norberaren kontrolpean izango duena, pribatutasuna guztiz bermatuz eta injerentzien arriskurik gabe.

Yunohost webgunearen azala

Yunohost (ingelesezko y-u-no-host edo “why you no host?”-etik izendatu omen dutena, “zergatik ez zuk zeuk ostatatu” moduko zerbait litzatekeena) Frantzian sortutako software libreko proiektu bat da, herrialde horretan oso zabaldua dagoena –baina beste toki askotan ere gero eta gehiago–. Linux distribuzio bat da, Debian-en oinarritutakoa eta Yunohost softwarea aurreinstalatuta daukana. Hala, gure zerbitzarian Linux distribuzio hori instalatuta edo ostatatutako zerbitzari batean Yunohost aukeratuta (aukera hori ematen badute), ondorengo instalazio eta konfigurazio urrats guztiak web interfaze baten bidez egiten dira. Baldin eta gure ostatatzaileak ez badu aurreinstalatutako Yunohost aukera ematen, Debian aukeratu beharko dugu eta bertan komando-lerroko instrukzio bakarra exekutatu beharko dugu Yunohost instalatzeko, eta ondoko guztia web interfaze bidez. Eta web interfaze hori ikaragarria da. Oso-oso erabilerraza, baina aldi berean ahaltsua. Eta, software libre asko bezala, euskaraz dago gainera!

Yunohost zerbitzarien eskema

Web interfaze bidezko administrazio eroso eta ahaltsua

Yunohost administratzeko web interfazean hiru dira atal nagusiak: domeinuak, aplikazioak eta erabiltzaileak. Domeinuen atalean, gure zerbitzuak instalatuko ditugun domeinua edo domeinuak eta azpidomeinuak adieraziko dizkiogu. Gutxienez domeinu bat hartu behar dugu gure zerbitzuentzat (eta, jakina, .eus izatea onena ;-). Gero zerbitzuetako bakoitza domeinuko azpikarpeta baten helbidean jarri nahi badugu (adibidez guredomeinua.eus/posta) ez dugu besterik egin beharko. Aldiz, zerbitzuetako bakoitza azpidomeinu gisa nahi badugu (posta.guredomeinua.eus, adibidez) horiek guztiak adierazi beharko dizkiogu. Eta atal honen gauzarik onena da esan dizkiogun domeinu eta azpidomeinu guztietarako Let’s Encrypt SSL ziurtagiriak lortzeaz eta zerbitzarian jartzeaz bera arduratuko dela, eta hiru hilean behin egin behar diren berriztatze guztiez ere bai! Horrela, gure domeinu eta zerbitzu guztiak enkriptatutako HTTPS zerbitzuak izango dira guk bestelako ezer egin beharrik gabe. Eta SSL ziurtagirien kudeaketa izan ohi da web zerbitzuak ditugunean egin behar den lan korapilatsuenetako (komando-lerroz egin behar da) eta kritikoenetako bat (kontuz ibiltzen ez bagara, gure ziurtagiriak iraungi daitezke eta gure zerbitzuak arriskutsutzat markatuko dituzte nabigatzaileek).

Yunohost-en funtzionamenduaren eskema

Aplikazioen atala ere izugarria da. 600 web aplikaziotik gorako katalogoa daukate, ia edozein behar asetzeko moduko web aplikazio sortarekin. Horietako edozein instalatzeko, zein domeinu edo azpidomeintutan instalatu nahi dugun esango diogu, eta aplikazioa konfiguratzeko behar diren zenbait datu. Eta beste ezer egin beharrik gabe, zerbitzarian web aplikazioa instalatu eta konfiguratzea Yunohost-ek egingo digu. Software horien konfigurazio-aldaketa guztiak ere web interfazetik egiten dira, eta eguneraketak ere klik bakarrarekin egin ditzakegu. Gauzarik ohikoenak daude Yunohost-en aplikazio katalogoan: posta elektronikoa kontsultatzeko interfazea (Roundcube, Snappymail…), Nextcloud hodei-biltegiratzea, Collabora Online edo OnlyOffice hodeiko ofimatika, Matrix berehalako mezularitza deszentralizatua eta Element bere web interfazea, Jitsi bideo-dei plataforma… Eta baita erabilera pertsonalerako hain ohikoak izan ez arren interesgarriak izan daitezkeen beste gauza asko ere: fitxategi handiak partekatzeko Send zerbitzua (WeTransfer eta horien modukoa), VaultWarden pasahitz kudeatzailea, RSS irakurgailuak, HomeAssistant domotika, I Hate Money kuadrillan egindako egunpasa eta bidaietako diru-kontuentzat, Matomo web-analitikak, Funkwhale musika zerbitzaria edo hainbat multimedia zerbitzari, GitLab software biltegia, MediaWiki wiki zerbitzua, WordPress, Drupal eta Joomla CMSak… Edo Fedibertsoko (sare sozial federatuko) gure instantzia propioak sortzeko Mastodon, Pixelfed, Peertube, Bookwyrm, Lemmy…

Yunohost aplikazioen katalogoaren zati txiki bat

Erabiltzaileen kudeaketa ere benetan harrigarria dauka. Izan ere, posta elektronikoa eta SSO (Single Sign On edo saio hasiera bakarra) integratzen ditu. Hau da, Yunohost-ek berez posta elektronikoko zerbitzaria dakar, eta erabiltzaile bat sortze hutsarekin erabiltzaile horrek posta elektronikoa izango du eta instalatu dugun aplikazio bakoitzerako erabiltzailea. Ez da posta elektronikoaren instalazioaren lan guztia egin behar, ezta aplikazio bakoitzean erabiltzaileak sortzen ibili beharrik ere.

Hiru atal nagusi horiez gainera, beste gauza asko ere baditu Yunohost-en administrazioko web interfazeak: zerbitzariko software paketeen eguneraketak, aplikazioen, zerbitzuen eta sistemaren berrabiarazteak, segurtasun arriskuen eta eguneratu beharren abisuak, suebakia, diagnostikoak, babeskopiak…

Yunohost administrazio interfazea

Beraz, ikusi dugunez, Yunohost-ek benetan asko-asko errazten du ohikoenak diren web aplikazioak gure web zerbitzari propioan izatea. Egin behar dugun gauza bakarra da web zerbitzari bat jarri edo web ostatatze bat hartu IP finko batekin, domeinu bat hartu, DNS erregistro ohikoenak martxan jarri (gehi posta elektronikoaren babeserako beste batzuk), Yunohost sistema eragilea edo Debian sistema eragilea Yunohost-ekin jarri, eta beste guztia erraz-erraz Yunohost-en administrazioko web interfazetik instalatu eta kudeatu. Gauza guzti hauek beharbada ez dira hain oinarrizkoak ere eta jakintza tekniko apur bat eskuratzea eskatzen dute, baina zalantzarik ez izan Yunohost gabe beharko litzatekeen informatika-ezagutzaren eta lanaren ehuneko oso-oso txikia besterik ez dela behar. Eta behar den ahalduntze apur hori beti ongi etorriko da gaur egungo mundu hain digitalean eta bizi dugun egoera geopolitikoan burujabetza teknologikoa izateko eta deskonexio arriskua ekiditeko, ezta?

Iruzkinak