Bizitza berreskuratzeko eta berrasmatzeko garaia

Talaios Koop.-ren avatar

Solstizio garai hauetan Jano eguna eta horren aurrekoak markatzen ditugu Talaiosen egutegian. Jano trantsizioen jainko erromatar bat zen, trantsizioak markatzen zituenez, alde banatara begiratzen zuten bi buru edo bi atez irudikatzen zen.

Urtarrila (january) dena gurean, berari eskaintzen zitzaion. Etxanoko ermita erromanikoan adibidez badugu horren adibide bat. Bertan Jano agertzen da, mahai baten bueltan, ospakizun batean, musika eta maskarak tarteko, oparotasuna ospatzen edo hori pentsatu nahi dugu guk.

Janoren tenplua garrantzitsua izan ohi zen, eta hiriaren erdigunean kokatu ohi zen. Tenpluaren ezaugarri nabarmenetako bat bere ateak ziren. Ateek aukera berrietara irekiera eta ziklo zaharren itxiera sinbolizatzen zuten. Tenpluaren ateak gerrako garaian irekita mantentzen ziren, eta horrek adierazten zuen Erroma gatazkan zegoela; aldiz, bake garaian itxi egiten ziren. Ateak irekita zeudenean, Jano aldaketa eta egoera berriak onartzeko prest zegoela uste zen. Aldaketa eta aukeren momentu bat zen. Ateen itxierak bestalde, egonkortasuna eta bakea sinbolizatzen zuen. Erromak lasaitasun eta segurtasunaz goza zitzakeen, mehatxuetatik urrun.

Gerra eta gatazka bereizi nahi ditugu. Eta bai, badakigu gerra egon badagoela, bakea deitzen den horretan ere, eta akaso bereziki hor. Honi buruz ari gara baina gaur, Gerra estatu neoliberalek, kolonialek eta patriarkalek beren azpikoak mobilizatu eta eliteen mesedetan jartzeko eta hiltzeko teknologia den horretaz. Guda horien kontra jarraituko dugu lanean eta espero dugu jende gehiago biltzea ere horren bueltan. Mundura balizko gerra batean hiltzaile ez izateko umerik ekarri ez dituztenak, baina baita hurrengo belaunaldiak mundura ekarri dituztenak, beren haurrak ez hiltzeko esperantzan ekarri dituztela sinesten dugulako. Gure gogoan ditugu bereziki Palestinako eta Kurdistango biztanleak, baita hildako guztiak ere. Eta, Gerrarako prestatuko gara, baina egitura kolektiboak indartzen.

Gatazkak suntsiketarekin batera, produkziotik ere badaukala badakigu eta bestela Jule Goikoetxea jainkosak ere noizean behin gogorazten digu. Gatazkak sortzen, bizitzen eta gorpuzten jarraituko dugu edo gure lema zaharrak esaten zuen moduan sortzen, eraldatzen eta elkarbanatzen. Hori posible egiteko baina, egonkortasun eta bake zikloak ere beharrezkoak ditugu. Horregatik gure sare afektibo, komunitario eta kooperatibo guztiak zaintzen eta bereziki hauek zaintzen dituztenak laguntzen jarraitu nahi dugu.

Errizomak bizi dezan, errizoman bizi gaitezen, lurra zaintzen eta kolektibizatzen dutenekin lanean jarraituko dugu, ezinbestekoa baita, zizare, onddo eta intsektuek egiten duten moduan lurra ongarritzea. Ereiten ere jarraituko dugu, lanaren burujabetza helburu duten proiektu kooperatiboak ereiten. KoopFabrikarekin 8. urte luzez jardun dugu honetan eta aurten 9. izango da, aldundiaren sostengu osoa kentzea erabaki duen arren; inoiz baino autonomoagoa, autoeratuagoa eta kooperatiboagoa izango den interkooperazio sinbiotiko batek egingo du posible.

Aurten beraz, Janoren tenplua irekita edo itxita egon beharko lukeen ez dakigu; eta ondo dago.

[Erreferentzia kuantiko bat erabili genezake hemen, baina aspertuta gaude, uste baitugu hurrengo hype hiperkapitalista hortik ere badatorrela. Aurten gainera, kuantikaren urtea edo Q urtea omen da; guk onartzen dugun Q bakarra Wu Ming-ena da].

Akaso beste erreferentzia bat balia genezake. Jano izeneko ezohiko izar nano zuri bat aurkitu dute, ezohiko ezaugarriak dituena: bi aurpegi ezberdin ditu izar berean. Hemisferio batean hidrogenoa da nagusi, eta bestean helioa. Kosmosean topa daitezkeen aukera aniztasuna islatzen du, denak du tokia, arraroenak ere, eta guk arrarotasunaren aldeko militante izaten jarraituko dugu hurrengo urtean ere. McKenzie Wark jainkosak gure panteoian dantzatzen jartzen ikusi dugu aurten eta ezin dugu burutik kendu, berak lagunduko digu bide horretan hackerrago (aker gutxiago eta oker gehiago akaso) izaten.

Sareak berreskuratzen eta berrasmatzen jarraituko dugu, baina bizitza sareak direla jakitun, artikulu hartan idatzitako azken pasartea ekarri nahi dugu berriro, apur bat moldatua:

«Denontzat bizitza bizigarriak nahi baditugu, desiratzea ez da nahikoa, baina desiratzea ezinbestekoa da. Elkar zainduz eta gozatuz bizitza berriak irudikatu, gauzatu eta egonkortzea lortu behar dugu, diziplinaz. Ez dago alternatibarik!»

Bukatzen joanez (edo berriro hasiz), gorrotoaren kontra, indar kolektiboaz jarduten direnei omenaldia egitea ezinbesteko deritzogu. Faxismoak hartzen dituen forma ezberdinen aurrean, forma anitzekin egin beharko diogu aurre; ez dago sobran dagoenik. Bat ekartzearren baina, Kaleko Afari Solidarioen inguruan sortutakoari garrantzia berezia eman nahi diogu aurten. Doaz beraientzat gure besarkadarik beroenak.

Jarrai dezagun beraz urte bat gehiagoz hackerrarena, piratarena egiten, ozeano eta desertu zabalak zeharkatzen 60 urte beteko lituzkeen Iñigo Muguruza jainkoak gogorarazten zigun moduan. Orain atsedena gaurtik eta urte berriko zazpira arte.

Iruzkinak