Bulldozer VS. Auzo kooperatiboak

,
Karlos Renedo-ren avatar

Orain dela aste batzuk, hirigintzako hitzaldi batean auzoak biziberritzeko eredu ezberdinez aritu zen hizlari aditu bat. Aditua eta aritua egunerokotasuneko arazo urbanistikoetan. Ezaguna da, egun, gure hirietan dugun erronka nagusiena auzo askoen zaharberritzea dela. 1950 eta 1960ko hamarkadetan presaka egindako auzoak, desindustralizazioak utzitako auzo erdi industrial eta erdi erresidentzialak, errebaletan sortutako auzuneak, etab.

Orain arte Bulldozer izan da sendagile nagusia: etxebizitzak eraikitzearen jarduerak kapitala metatzen zuen. Oso errentagarria zen. Hain errentagarria ezen hobea baitzen “tabla rasa” egitea, aurretik zegoena botatzea eta hauts horien gainean zerbait berria eraikitzea. Eta kontuak ez baziren ateratzen, eraikigarritasuna handitzen zen eta listo: dorreak sartu, etxebizitza gehiago egin eta denak pozik.

Auzo horiek erdigunean egonez gero, gentrifikazioa da bultzatuko luketena, naina hori beste egun baterako utziko dugu.

Kontua da aditu hori hasi dela eredu horren gainbeheraz jabetzen. Finantzazioa, etxebizitzen prezioa, salmentak… auskalo! Baina makinaria ez omen dago ondo olioztatuta. Eta horren aurrean zer? Ba horren aurrean gure lagun adituak aditu askok sarritan egiten dutena egin zuen: kanpoko erreferentziak bilatu. Eta hara non eta besteen artean Berlineko hau ekarri zigun: “Holzmarkt” auzoa ( https://www.youtube.com/watch?v=qvKJFDHvcpg ). Azkar azaltzeko, Bilboko Deustuko Erriberarekin antzekotasun fisikoak izan ditzakeen eremua da eta egoera urbanistiko antzekoan dagoena.

Ez dut prozesu horren emaitza hemen goraipatu edo epaitu nahi, baizik eta biziberritze plan hori sortzeko erabili zuten kudeaketa eredua. Auzo horren kudeaketan hiru eragilek parte hartzen dute:

Mörchenpark eV (hiritarrak): Irabazi asmorik gabeko elkartea, non bertako bizilagunak antolatzen diren euren interesak babesteko eta auzoko espazio publikoak kudeatzeko.

Genossenschaft für urbane Kreativität, GuK (Kapitala): Kreditu kooperatiba bat, zeinen zerbitzu finantzarioak balore batzuetan oinarritzen diren: jasangarritasuna, auditoretza soziala, etab. Operazio horretan parte hartzeko baldintza Holzmarkt auzoan eraikiko denaren inguruko erabakitze eskubidea izatea da.

Holzmarkt plus eG (kudeaketa): Espresuki auzoa kudeatzeko sortutako entitatea da. Hemen beste bi eragile nagusiak egoteaz gain, bazkide berriak sartzea ere baimenduta dago. Entitate honek auzoaren kudeaketa urbanistikoa egiten du, gardentasuna bermatzen du, kudeaketa ekonomikoa eta lurzoruen gestioa egiten du, beti jatorrizko printzipioak bermatuz.

Kudeaketa kooperatiboa alegia, non hiritarrak “ekonomia sozialeko” tresna bat erabilita, lurzoruen kontrol/jabetasun kooperatiboa lortu duten, eta horrekin batera, auzoaren kudeaketaren eskubidea eta sortutako plusbalioak auzora itzultzea.

Aditu horrek eredu kooperatibo honi begiratzeak pentsarazi egin zidan. Merkatuek ezin izan dutenean eta administrazioen ezintasunaren edo utzikeriaren aurrean, kolektibitateak lortu du auzoa eraldatzea. Gainera, horretarako baliabide kooperatiboak erabili eta jabego kolektiboa planteatu dute. Eta nahiz eta berak ez zuen logika horrekin azaldu, noski, kasua da jada zenbait adituk adibide horiek mahaigaineratzen ari direla gure ereduari buelta emateko.

Hitzalditik bueltan, etxerako bidean, pentsatu nuen ez ote ditugun guk gertuago adibide kolektiboagoak, ez ote gauden, gure adituek sarritan egiten duten moduan, kanpora begira etxean duguna gutxietsiz.

Zer da, ba, Errekaleor auzoa? 1950eko hamarkadan eraikitako auzo langile bat. Higiezinen makinariak ezin izan dute eraitsi ezta administrazioaren laguntzarekin ere, eta hor zegoen zutunik. Gure ohiko praktika urbanistikotik ezaugarri horietako auzo bat biziberritzea ezinezkoa ez ezik pentsaezina ere bazen. Eta gutxiago diru publikotik euro bat ere xahutu barik. Merkatu logikak ezin izan duen tokian, auzoaren kolektibizazioak, kudeaketa komunitarioak eta auzolanak lortu dute berriro bizitza ematea eta erabilgarria izatea.

Holzmarkt edo Errekaleor ereduak ezagututa, egungo ereduaren krudeltasuna eta agortzea usaintzen dugunok ikaspen ederrak atera ditzakegu. Bulldozer ereduaren lagunek, berriz, behera bota nahi dituzte.

Iruzkinak