Psikodeflazioaren kronika // Franco «Bifo» Berardi

Etzi Portu Maritimoa-ren avatar

Jatorrizkoa: https://not.neroeditions.com/cronaca-della-psicodeflazione/
Itzulpena: Nagore Vega
Azaleko irudia: Ordos (Txina). Uday Phalgun

You are the crown of creation
And you’ve got no place to go
[Sormenaren koroa zara
eta ez daukazu nora joan.]

Jefferson Airplane, 1968

«Hitza birus bat da. Agian, noizbait, gripearen birusa zelula osasuntsu bat izan zen. Orain organismo parasitarioa da, nerbio sistema zentrala inbaditzen eta hondatzen du. Gizaki modernoak ez du ezagutzen isiltasuna dagoeneko. Ahopeko diskurtsoa geldiarazten saiatzen da. Barneko isiltasuna hamar segundoz besterik ez du esperimentatzen. Organismo erresistente batekin egingo duzu topo, hitz egitera behartzen zaitu. Organismo hori hitza da».

William Burroughs, El boleto que explotó


Otsailak 21

Lisboatik itzultzean, espero ez nuen eszena bat Bolognako aireportuan. Sarreran bi gizaki daude, goitik behera traje zuri batekin jantzita, kasko luminiszenteak dituzte, eta aparailu arraro bat eskuetan. Gailu hori pistola-termometro bat da, prezisio handikoa, argi moreak emititzen ditu alde guztietara.

Bidaiari bakoitzarengana hurbiltzen dira, argi morea kopetan jartzen diote, tenperatura kontrolatzen diote, eta gero joaten uzten diote.

Bihozkada bat: atalase berri bat gainditzen ari gara mutazio prozesu teknopsikopatikoan?

Otsailak 28

Lisboatik itzuli nintzenetik ezin dut besterik egin: hogei bat mihise txiki erosi nituen eta koloretako pinturarekin margotzen ditut, argazki zatiak jartzen dizkiet, arkatzarekin marrazten dut, kedarrarekin. Ez naiz margolaria, baina urduri nagoenean, edo sentitzen dudanean badagoela zerbait nire gorputza bibrazio mingarrian jartzen duena, zirrimarrak egiten ditut lasaitzeko.

Hiria isilik dago, Ferragosto balitz bezala. Eskolak itxita, zinemak itxita. Ez dago ikaslerik inguruan, ezta turistarik ere. Bidaia agentziak eskualde osoak ari dira kentzen mapatik, bidaiak bertan behera utziz. Gorputz planetarioaren azkenaldiko konbultsioek agian kolapso bat probokatu dute, organismoa geldiaraztera behartuko duena, mugimenduak mantsotzera, jendez betetako lekuak uztera, baita eguneroko negoziazio frenetikoak ere. Eta hau bada topatzen ez genuen irteera? Orain epidemia psikiko baten formarekin agertzen zaigu, biovirus batek sortutako birus linguistiko forman.
Lurra sumindura maila estremora iritsi da. Eta gizartearen gorputz kolektiboak estres jasanezina pairatzen du aspaldi: puntu honetan azaleratzen da gaixotasuna, maila txikian da hilgarria, baina sozialki eta psikikoki suntsitzailea da. Lurraren eta gorputz planetarioaren autodefentsa dirudi. Gazteenentzat gripe gogaikarri bat besterik ez da.

Izua probokatzen duena zera da: birusa ezezaguna zaigula, gure jakintzatik kanpo dago, medikuntzak ez du ezagutzen, ezta sistema immunitarioak ere. Eta ezezaguna den horrek, bat-batean, makina gelditu du. Ekonomiaren funtzionamendu abstraktua blokeatu du psikosferako birus semiotiko batek, gorputzak lapurtu baitizkio. Ikusi nahi duzue?

Martxoak 2

Birus semiotiko batek psikosferan makinaren funtzionamendu abstraktua blokeatu du, gorputzen euren mugimenduak moteldu baitituzte, uko egiten diote jarduerari, mundua gobernatzeko nahia eteten dute, eta denborak bere fluxua berreskura dezan uzten dute. Fluxu horretan modu pasiboan egiten dugu igeri, “hilarena egin” teknikarekin uretan bezala. Ezerezak gauza bat bestearen atzetik irensten du, baina bitartean, mundua lotuta mantentzen zuen mundua lotuta mantentzeko antsietatea disolbatu egin da.

Ez dago izurik, ez beldurrik, isiltasuna baizik. Alferrik da errebelatzea, beraz, geldi gaitezen. Zenbat iraungo du koronabirus deitutako obsesio psikotiko honen efektuak? Diotenez, udaberriak birusa hilko du, baina gerta liteke kontrakoa ere. Ez dakigu ezer gaiari buruz. Nola jakin dezakegu zein tenperatura nahiago duen? Ez da garrantzitsua gaixotasuna zenbateraino den hilgarria; eragin apala duela dirudi, eta azkar desagertzea espero dugu.

Baina birusaren ondorio garrantzitsuena ez da zenbat pertsona kutsatzen diren, zenbat ahuldu, edota zein kopuru txikia hil. Birusaren ondorio nagusia da: zabaltzen ari den paralisi erlazionala. Aspaldi bukatu zen munduko ekonomiaren hedatze-parabola, baina ezin genuen onartu geldialdi hori epe luzerako erregimen gisa. Orain, birus semiotikoa laguntzen ari zaigu, mugikortasun ezera garamatza, trantsizio bat da.

Ikusi nahi duzue?

 

Martxoak 3

Nola erantzuten dute organismo kolektiboak, gorputz planetarioak, hiperkonektatutako buruak? Hiru hamarkada daramatzagu konpetentziaren tentsio geldiezinean, hiperestimulazio nerbiosoa jasaten dugu, bizirauteko guda, hirietako bakardadea, tristura, ezin dugu bizitza lapurtzen digun ajetik askatu, estres iraunkor bihurtzen da… Drogamenpekotasuna dugu: drogazale batek bezala, ezin dugu inoiz lortu mutur aurrean dugun heroina hori, eta umiliazioa bizi dugu, desberdinkeria eta inpotentzia.

2019. urteko bigarren erdian hasi zen konbultsionatzen gorputz planetarioa. Santiagotik Bartzelonara, Paristik Hong Kongera, Quitotik Beirutera… milaka gazte kalera atera ziren, milioika, oso haserre. Altxaldiak ez zuen helburu konkreturik, edo hobe esanda, helburuak kontraesankorrak ziren. Gorputz planetarioa espasmoen preso zegoen, baina buruak ez zekien espasmo horiek nola gidatu. Sukarrak igotzen jarraitu zuen 2019. urtearen bukaerara arte.
Eta orduan Trumpek Soleimani hiltzen du, bere herriaren ospakizunean. Esperantza galdutako milioika irandar kalera atera ziren, negar egin zuten, mendeku zalapartatsua hitz eman zuten. Ez da ezer gertatzen, patio bat bonbardatu zuten. Izuaren erdian, zibilez betetako hegazkin bat eraitsi ere bai. Eta orduan Trumpek dena irabazi zuen eta bere ospeak gora egin zuen: estatubatuarrak kitzikatu egiten dira odolarekin, hiltzaileak beti izan dituzte oso gustuko. Bitartean, demokratek hauteskunde primarioei ekin diote, sekulako zatiketa baten erdian. Mirari batek bakarrik egingo luke Sanders adineko gizon ona izendatu, ziur aski lortuko ez duen garaipenaren esperantza bakar gisa.

Beraz, Trumpen nazismoa eta miseria denentzat? Eta nerbio-sistema planetarioaren gainestimulazio hazkorra? Hau da fabularen ikasgaia?

Baina ona hemen sorpresa, bira, saihetsezina denari buruzko edozein hitzaldi zapuzten duen ezustekoa: inplosioa. Gizakiaren gain-kitzikatutako organismoa, azkenean, kolapsora iritsi da; azelerazioa bizitu du hainbat hamarkadatan, hilabeteetan perspektibarik gabeko konbultsioak, amorruz betetako tunel batean egon da preso, oihuez eta kez betetako tunela zen… Laurogei urtetik gorakoak bereziki hiltzen dituen gerontomakia hedatu da, baina blokeatu egiten ditu, piezaz pieza, kitzikapenaren makina, azelerazioarena, hazkundearena, ekonomiarena…

Kapitalismoa axiomatika bat da, hau da: frogatu gabeko premisa batean oinarritzen da (kapitalaren metaketa posible egiten duen mugarik gabeko hazkundearen beharra). Kateamendu logiko eta ekonomiko guztiak axioma horrekin bat datoz, eta ezin da ezer egin axioma horretatik kanpo. Ez dago irtenbide politikorik, ez dago lengoaiarik lengoaiaren kanpoaldea enuntzia dezakeenik, ez dago sistema suntsitzeko aukerarik. Izan ere, prozesu linguistiko guztiak daude axiomatika horren barne, eta ez dago, sistematik kanpo, enuntziatu baliagarririk. Irteera bakarra heriotza da, Baudrillard-ek erakutsi zigunez.

Hil ondoren bakarrik has daiteke bizitzen. Sistemaren heriotzaren ondoren, sistematik kanpoko organismoek bizitzen hasi ahal izango dute. Horretarako, baina, biziraun behar dute, eta ez dago aukera hori frogatzen duen probarik.

Sortzen ari den atzerakada ekonomikoak hil ahalko gaitu, gatazka biolentoak sortu ahal izango ditu, arrazakeria eta guda epidemiak. Ongi dago jakitea. Kulturalki ez gaude prestatuta geldialdia epe luzerako baldintza bezala ikusteko, ez gaude prestatuta eskastasunean pentsatzeko, elkarbanatzean pentsatzeko. Ez gaude prest kontsumoa eta plazera disoziatzeko.

Martxoak 4

Azken aukera da? Ez genekien olagarroa nola utzi alde batera, kapitalaren gorputik nola atera; gorpu horretan bizitzeak denon existentzia kirastu du. Baina orain datorkigun shock-a behin betiko deflazio psikikoaren atarikoa da. Kapitalaren gorpuan derrigortuta ginen gainestimulaziora, etengabeko azeleraziora, orokortutako konpetentziara eta gainesplotaziora (jaisten ari ziren soldatekin). Orain birusak azelerazioaren burbuila airerik gabe utzi du.

Kapitalismoak bazeraman denbora luze geldirik. Baina geu garen karga-animaliak jipoitzen jarraitzen zuen, korrika jarrai genezan, baina hazkundea dagoeneko isla triste eta lortezin bat besterik ez zen.

Iraultza dagoeneko pentsaezina zen, subjektibotasuna nahastuta dago, triste, konbultsioak jota eta buru politikoak dagoeneko ez dauka kontrolik errealitateari dagokionez. Beraz, hona hemen subjektibotasunik gabeko iraultza bat, pasibotasunaren errebolta, erresignazioarena. Erresignatu behar dugu. Bat-batean, honek kontsigna ultrasubertsiboa dirudi. Eta bizitza-kalitatearen okertzea dakar. Literalki: ez dago ezer gehiago egiterik. Beraz, ez dezagun egin.

Zaila da organismo kolektiboa shock psikotiko-biral honetatik ateratzea. Eta ekonomia kapitalista, orain geldirik dagoena, bere bide loriatsura itzultzea. Hondora gaitezke geldialdi tekno-militarraren infernuan (Amazonek eta Pentagonoak bakarrik dute honen giltza). Edo ahaztu gaitezke zorrez, kredituez, diruaz eta metaketaz. Borondate politikoak egin ez duena lor dezake birusaren potentzia mutagenoak. Baina ihesaldi hori prestatzeko posiblea dena imajinatu behar da. Izan ere, aurretik jakin ezin zen honek saihetsezina denaren mihisea arraildu du.

 

Martxoak 5

Burtsa-sistemaren eta ekonomiaren lehen hondoratze zeinuak nabaritzen dira. Ekonomiak adituak direnen arabera, 2008an ez bezala, banku zentralen edota beste finantza-organismoen esku-hartzeak ez dira oso baliagarriak izango.

Lehen aldiz, krisia ez dator faktore finantzarioetatik, ezta ekonomiari bakarrik dagozkion faktoreetatik ere (eskaintzaren eta eskariaren arteko jokotik). Krisia gorputzetik dator.

Gorputza da erritmoa jaistea erabaki duena. Koronabirusaren desmobilizazio orokorra geldialdiaren sintoma bat da, sortzailea izan aurretik ere.

Gorputzaz ari naizenean, funtzio biologikoaz ari naiz, gaixotzen den gorputzaz, arin bada ere – baina horrez gain, eta bereziki, buruaz ari naiz; pasibizazio sakonean sartu da, arrazonamenduarekin loturarik ez duten arrazoiengatik, ezta kritikarekin, borondatearekin edota erabaki politikoarekin lotura duten zergatiengatik ere.

Seinale konplexuegiak prozesatzeaz nekatuta, gain-kitzikatu ondoren etsita, automata tekno-finantzarioaren guztiahaltasunaren aurrean umiliatuta, buruak tentsioa gutxitu du. Ez da buruaren erabaki bat izan: bat-batean erori den tentsioak hartu du erabakia guztiongatik. Psikodeflazioa.

 

Martxoak 6

Argumenta dezakezue esan dudanaren guztiz kontrakoa: neoliberalismoak, etnonazionalismoarekin ezkonduta, jauzi egin behar du bizitzaren erabateko abstrakzio prozesuan. Begira: birusak guztion etxean egotera behartu gaitu, baina ez du blokeatu merkantzien joan-etorria. Eredu tekno-totalitario baten atarian gaude: gorputzak betiko izango dira banatuak, kontrolatuak, urrutira bidaliak.

 

Internazionale-n Srecko Horvaten artikulu bat publikatu dute (New Satesman-en itzulpena). Horvaten arabera, “koronabirusa ez da ekonomia liberalarentzat mehatxu, ideologia horren aldeko giro perfektua sortzen du. Baina ikuspuntu politiko batetik, birusa arriskutsua da: osasun krisi batean etnonazionalismoaren helburuak indar ditzake; mugak indartzeko asmoak, arraza esklusibotasuna, pertsonen zirkulazio librea bertan behera utzi nahia (bereziki garatzeko bidean diren herrialdeetatik baldin badatoz). Hori bai, ondasunen eta kapitalen zirkulazioa kontrolik gabekoa izango litzateke.

Pandemia baten beldurra birusa bera baino arriskutsuagoa da. Hedabideetako irudi apokaliptikoek gorde egiten dute muturreko eskuinaren eta ekonomia kapitalistaren lotura sakona. Birus batek bizirik dagoen zelula bat behar du erreproduzitzeko. Kapitalismoa ere egokituko XXI. Mendearen biopolitika berrira.

Koronabirus berriak dagoeneko eragina izan du ekonomia globalean, baina ez du geldituko kapitalaren zirkulazioa eta metaketa. Are gehiago, laster jaioko da kapitalismo eredu arriskutsuagoa bat, herriak gehiago kontrolatu eta purifikatuko dituena”.

Horvatek proposatutako hipotesia errealista da.

Baina uste dut ez dela guztiz errealista: kolapsoaren dimentsio subjektiboa gutxiesten du, eta ez ditu aintzat hartzen deflazio psikikoak epe luzera geldialdi ekonomikoan izango dituen eaginak. Kapitalismoak 2008ko finantza-kolapsoa gainditu zuen, baldintza guztiak barnekoak zirelako, harremana zuten lengoaiaren, finantzen eta ekonomiaren arteko harremanetan dimentsio abstraktuarekin. Ezingo dio aurre egin epidemiaren kolapsoari, jokoan faktore berri bat sartu dagoelako: faktore estrasistemiko bat.

Martxoak 7

Alexek idatzi dit, nire lagun matematikariak: “Koronaren antidotoa topatzera konprometitu dituzte baliabide superinformatiko guztiak. Gaur gauean ametsa izan dut biobirusaren eta simulatutako birusen azken batailarekin. Edozein kasutan, nire iritziz, gizakia dagoeneko kanpo dago”.

Munduko sare informatikoa infobirusarekin biobirusaren kontra egiteko formularen bila ari da. Dekodifikatzea beharrezkoa da, simulazio matematikoak egitea, teknikoki korona killer-a eraiki, eta gero hedatu.

Bitartean, gorputz soziala uzten ari da energia, eta politika bere egiturazko inpotentzia erakusten ari da. Ez-boterearen lekua da, gero eta gehiago, politika; borondateak ez baitu infobirusaren kontrolik.

Biobirusa ugaltzen ari da gizateria globalaren gorputz estresatuan.

Birikak dira puntu ahulena, dirudienez. Azken urteotan gora egin dute arnas aparatuko gaixotasunek, atmosferara arnastu ezin diren sustantzia gehiago isurtzen joan garen hein berean. Ahultze potentzia hori nerbio-sistemara bideratu duenean etorri da kolapsoa (hedabide sistemarekin topatzean, sare semiotikoarekin lotzean), burmuin kolektibora bideratu du, eta erritmoa gutxitzera behartu du.

 

Martxoak 8

 

Gauean zehar Conte Lehen Ministroak jakinarazi du kuarentenan jarriko dutela Italiako populazioaren laurdena. Piacenza, Parma, Reggio eta Modena berrogeialdian daude. Bologna ez. Momentuz.

Azken egunetan Fabiorekin hitz egin dut, Luciarekin, eta gaur gauean elkartzeko asmoa genuen, afaltzeko. Tarteka egiten dugun plana da, jatetxeren batera joaten gara, edo Fabioren etxean elkartu. Esaten ez badugu ere afari triste samarrak dira. Hirurok dakigu hondakin artifizialak direla, lehengoarekin alderatuta. Lehen astean behin baino gehigotan elkartzen ginen, amarekin elkartzen ginenean.

Bazkaltzeko elkartzeko amaren ohitura (edota, tartean behin, afaltzeko) mantendu dugu, aita hil ondoren izandako gertakari, mugimendu, aldaketen gainetik: ahal genuen guztietan elkartzen ginen amarekin bazkaltzeko.

Ama bazkaria prestatzeko gai ikusi ez zenean bukatu zen ohitura. Eta pixkanaka, gu hiruron arteko harremana aldatu egin da. Ordura arte, nahiz dagoeneko 60 urte izan, ia egunero ikusten genuen elkar modu naturalean; hamar urte genituenean bezala esertzen ginen mahaian, bakoitza bere tokian. Mahaiaren inguruan erritual berdinak errepikatzen genituen. Ama berogailuaren ondoan esertzen zen, horrela janariari adi jarrai zezakeen bazkaltzen ari zen bitartean. Luciak eta nik politikaz hitz egiten genuen, duela 50 bat urte bezala; orduko hartan bera maoista zen eta ni obrerista.

Ama agonia luze honetan sartu zenean bukatu zen hori guztia.

Ordutik antolatu egin behar ditugu agendak afaltzeko. Batzuetan jatetxe asiar batera joaten gara, mendixkan behera dago, Casalecchio-ra doan bidean dagoen teleferikotik gertu; bestetan Fabioren etxera joaten gara, zubi luzea pasatu ondoren dago, Casteldebole eta Borgo Panigale-ren artean, eraikin ezagun baten zazpigarren solairuan. Leihotik erreka iskineko zelaiak ikus daitezke, eta urrutira San Luca mendilerroa; ezkerrean, berriz, hiria.

Duela egun batzuk erabaki genuen gaur gauean elkarrekin afaltzea. Nik gazta eta izozkia eraman behar nituen, eta Cristinak, Fabioren emazteak, lasaña prest zuen.

Dena aldatu da gaur goizean, eta lehen aldiz – orain ohartu naiz – koronabirusa gure bizitzan sartu da. Eta dagoeneko ez da hausnarketa filosofikorako gaia, edota politikari, medikuntzari edo psikoanalitikari dagokiona: arrisku pertsonal bat da.

Lehengo Taniaren deia jaso dut. Luciaren alaba da, Sasso Marconin bizi da Ritarekin.

Taniak deitu dit esateko: jakin dut zuk, amak eta Fabiok elkarrekin afaldu nahi duzuela. Ez elkartu. Berrogeialdian nago nire ikasleetako bat (yoga irakaslea da) Sant’Orsolako medikua delako, eta duela egun batzuk hisopadoak emaitza positiboa eman zion. Bronkitis pixka bat daukat, horregatik niri ere analisia egitea erabaki zuten. Emaitzaren zain nago, eta ezin dut etxetik mugitu. Nire erantzuna nahiko eszeptikoa izan da, baina bera oso argia izan da, eta zerbait harrigarria esan dit, nik orain arte pentsatu ez dudana.

Ohiko gripe baten kutsakortasuna %0,21ekoa da, koronabirusarena, berriz %0,80koa. Argi hitz egiteko: betiko gripearen kasuan, 500 pertsonarekin topatu behar duzu birusa hartu ahal izateko; koronabirusaren kasuan, nahikoa da 120rekin elkartzearekin. Interesgarria.

Taniak informazio asko duela dirudi. Hisopadoa egitera joan zen, eta bertan kutsatu ahal izateko lehen lerroan daudenekin hitz egin zuen. Dioenez, hiltzen ari direnen batez besteko adina 81koa urte da.

Beno, susmoa nuen, baina orain badakit. Koronabirusak adinekoak hiltzen ditu, eta bereziki asma duten adinekoak hiltzen ditu (ni bezalakoak).

Guiseppe Conte pertsona ona iruditzen zait, ia kasualitatez presidente, itxura du ezer gutxi duela ikustekorik politikarekin. Azken agerraldian esan zuen: “Pentsa dezagun gure helduen osasunean”. Hunkigarria, nire papera horixe da, babestu behar den aitonaren paper deserosoa.

Eszeptizismoaren jantzia utzi, eta Taniari esan diot eskertzen diodala informazioa eta kasu egingo diodala gomendioari. Luciari deitu diot, pixka bat hitz egin dugu, eta afaria atzeratzea erabaki dugu.

Lotura bikoitz batesoniano batean sartu naizela konturatu naiz. Afaria bertan behera uzteko deitzen ez badut, izan ninteke bezero fisikoa, eta ni izan nire anaia hil dezakeen birusaren eramailea. Deitzen badut, egiten ari naizen bezala, bezero psikiko baten papera jokatzen ari naiz. Hau da, izuaren birusa zabaltzen, isolamenduarena.

Eta honek asko irauten badu?

Martxoak 9

Arazorik larriena osasun sistemaren gainkarga da: Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) kolapsora iristear daude. Baliteke ebakuntza larri baten aurrean dauden guztiak ez sendatu ahal izatea. Esaten ari dira erabaki beharko dutela nor sendatu eta nor ez.

Azkeneko hamar urteetan 37 mila milioi euroko murrizketa jasan du osasun publiko sistemak; gutxi tu egin dituzte ZIU-ak eta osasun orokorreko medikuak askoz ere gutxiago dira.

quotidianosanità.it atariaren arabera: “2007an emergentziazko 334 departamentu zituen, eta 530 lehen sorospenera bideratuak. Hamar urte beranduago, dieta drastikoa izan da: larrialditako 49 departamentu itxi zituzten (-%14) eta lehen sorospenetarako 116 departamentu ez dira existitzen (-%22). Murrizketa nabarmenena anbulantziek jasan dute. 2017an A motakoak (larrialdietarako) %4 gutxiago dira eta B motakoak (garraio sanitarioa) -52% gutxiago. Aintzat hartzekoa da ere anbulantzietan doazen medikuen kopuruaren beherakada: 2007an anbulantzien %22an zeuden medikuak; 2017an, %14,7an. Erreanimazio unitate mugikorrak ere %37 murriztu dituzte (2007an 329 ziren eta 205 2017an). Murrizketa horiek eragina izan dute zahar etxe pribatuetan ere, eta gainera, horiek beti dituzte ospitale publikoek baino egitura eta anbulantzia gutxiago.

Nazio mailan argi dago oheak ere askoz gutxiago direla, bereziki sistema publikoan. 32.717 ohe gutxiago zazpi urtetan osasun zerbitzu publikoan (2010ean baino 28.832 ohe gutxiago). Sistema pribatuan 4.335 ohe gutxiago dituzte (-%6,3)”.

 

Martxoak 10

«Itsaso bereko olatuak gara, zuhaitz beraren hostoak, lorategi bereko loreak».
Hori diote Txinatik datozen maskarez betetako kaxek. Europak ukatu dizkigun maskara horiek berak.

 

Martxoak 11

Ez naiz joan Via Mascarella-ra, urtero martxoaren 11n egin ohi dudan moduan. Francesco Lorusso-ren heriotza gogoratzen duen hilarriaren aurrean elkartzen gara. Norbaitek hitzaldi motz bat ematen du, loreak uzten ditugu edota Lotta Continua-ren bandera bat (norbaitek beheko sotoan gordetakoa), eta elkar besarkatzen dugu, musu ematen diogu elkarri indartsu besarkatuzj.

Ez daukat gogorik joateko, ez diedalako esan nahi kide ohiei ezin diedala besarkada bat eman.

Wuhan-dik argazkiak iristen ari dira, ospatzen ari dira, baina denak maskara berdearekin. Koronabirusa zuen azken gaixoari alta eman diote horretarako azkar batean eraikitako ospitaleetako batean.

Huoshenshan ospitalean, bisitaren lehen geldialdian, XI-k medikuak eta erizainak goraipatu ditu: “aingeru ederrenak” direla esan du, eta “argiaren eta esperantzaren mezulariak”. Osasun arloan lehen lerroan lanean ari diren langileek hartu dituzte beren gain lanik gogorrenak, Xiren arabera, horregatik esan du “aro berriko pertsonarik miresgarrienak dira, laudorio politenak merezi dituztenak”.

Biopolitikaren aroan sartu gara ofizialki. Dagoeneko presidenteek ezin dute ezer egin, medikuak dira zerbait egin dezaketen bakarrak, eta ezin dute denera iritsi.

Martxoak 12

Italia. Herrialde osoa berrogeialdian. Gelditzeko neurriak baino azkarrago doa birusa. Billi eta biok maskara jarri dugu, bizikleta hartu eta erosketa egitera joan gara. Farmaziak eta janari dendak bakarrik daude zabalik. Baita kioskoak ere, eta egunkariak erosi ditugu. Estankoak (tabako-dendak) ere zabalik daude. Zetazko papera erosi du, baina haxixa gero eta txikiago ikusten da egurrezko kaxan. Laster drogarik gabe egongo naiz, eta Piazza Verdin dagoeneko ez daude ikasleei saltzen dieten afrikarrak.

Trumpel “foreing virus” esapidea erabili zuen [atzerriko birusa].

All viruses are foreign by definition, but the President has not read William Burroughs [Birus guztiak dira atzerrikoak definizioz, baina presidenteak ez du William Burroughs-en lanik irakurri].

Martxoak 13

Facebook badago tipo azkar bat, nire profilean honakoa idatzi duena: “Kaixo Bifo, lana abolitu dute”.

Egia esan, lana batzuentzat bakarrik abolitu dute. Industriako langileak haserre daude beti bezala joan behar dutelako fabrikara, maskararik edo bestelako babes neurririk gabe, bata eta bestearen artean 1,5 metroko distantzia mantenduz.

Kolapsoa. Ondoren, opor luzeak. Inork ezin du argitu nola aterako garen aurrera.

Atera gintezke, norbaitek dioen bezala, estatu tekno-totalitario perfektu baten baldintzen pean.

Black Earth liburuan Timothy Snyderrek azaltzen du ez dagoela egoera hobeagorik muturreko larrialdi egoerak baino erregimen totalitarioak sortzeko, momentu horietan denek bizirautea baitago jokoan.

Hiesak kontaktu fisikoa mugatzea ekarri zuen, eta kontakturik gabeko komunikazio plataformak sortzea: hiesa izeneko mutazio psikikoak prestatu zuen Internet.

Orain pasa gintezke banakakoen isolamendu iraunkorrera. Eta belaunaldi berriek barnera dezakete besteen gorputzen beldurra.

Baina zer da beldurra?

Beldurra dugunean imajinarioa denak imajinazio osoa dominatzen du. Buru kolektiboaren energia fosila da imajinarioa, imajina daitekeenaren muga. Imajinazioa energia berriztagarria da, aurreiritzirik gabekoa.

Ez da utopia, posibleen birkonbinazioa baizik.

Dibergentzia bat existitzen da etorriko den garaian: atera gaitezke egoera honetatik gaur arte pentsaezina zirudien aukera bat imajinatuz: diru-sarreren birbanaketa, lan denboraren murrizketa. Berdintasuna, arintasuna, hazkundearen paradigma alde batera uztea, energia sozialak ikerketan inbertitu, hezkuntzan, osasun arloan.

Ez dakigu nola aterako garen pandemiatik. Bere baldintzak neoliberalismoak sortu zituen, osasun publikoan egindako murrizketengatik, hiperesplotazio nerbiosoagatik. Atera gintezke erabat bakarrik, oldarkor, lehiakor.

Baina, beste alde batean, atera gintezke besarkadak emateko gogo handiarekin: elkartasun soziala, kontaktua, berdintasuna.

Birusak gure buruetan jauzi bat emateko baldintzak sortu ditu, inolako sermoi politikok lortuko ez lukeen moduan. Berdintasuna eszenaren zentro bihurtu da. Imajina dezagun hori dela etorriko den garaiaren irteera puntua.

Iruzkinak