Ziber zaborra eta kutsadura

,
Nora Barroso-ren avatar

Zenbat kontu-elektroniko, blog, argazki-galeria, dokumentu biltzailetan duzu informazio digitala bilduta? Horietatik zeintzuk erabiltzen dituzu edo zein informazioa duzu beharrezkoa? Zenbat zerbitzaritan dago zure informazioa barreiatuta? Zein da horren guztiaren kostu energetikoa?

Gure fitxategiak, argazkiak eta bizitzak sarean daude. Gehienontzat ikusezina ematen duen arren, ziber-hodeia ez da etereoa eta milaka zerbitzari erabiltzen ditu; behar ez ditugun datu digitalak pilatzeak, beraz, kostu energetiko bat dauka. Big Data Take Down proiektuaren arabera, egun, zerbitzarien guneek 30 zentral nuklearren energia behar dute.

Proiektu honek zure aztarna digitalaren karbono isuria kalkulatzen du. Hemen zure posta elektroniko, Twitter edo Facebook kontuarekin erregistratuz gero, biltegiratze beharra kalkulatu eta horrek sortzen duen karbono isuria ematen du. Nire karbonoaren aztarna 13,8GB== 0,19 KG CO2E == 600 mugikor kargatzeko behar den energia == hegazkin baten kilometro bateko ibilbidea. Kalkulurako kontsumitzen den bataz besteko energia erabiltzen dute, hozte-sistemak eta elikatze-erreserba-iturriak barne.

Beharra sortzen da, itsu kontsumitzen dugu eta horrek guztiak inguruarengan eragina dauka. Hodei digitala hodei erreal beltz bat da eta bere tamainaren zati bat ere gure esku dago. Hartu tartetxo bat eta zabor digitala birziklatu!

Etzi gaur da.

Irudia: Eider Eibar “Ziber zaborra eta kutsadura” testuan oinarrituta.

Iruzkinak